AZKEN 10 SARRERAK

2012/06/24

EGINO, UDABERRI BIDEA, 250 m. 5c (5a behartua)

Osakidetzarako oposaketak direla eta azken sei hilabeteotan behin bakarrik eskalatu (Txema bidea egin genuenekoa) eta mendi irteerak alde batera utzi ondoren, ekainaren 17an oposaketa egin (espero dut egiten dudan azkena izatea) eta ekainaren 18tik aurrera paretan lehen saiotxoak egiten hasi nintzen arkaitzarekin berriro sentsazio onak berreskuratu asmoz. San Juan eguneko asteburua gainean genuela eta Josu eta Lekuk Piriniotako planak zituztela ikusi ondoren, Ikerrek eta nik Egino aldera joateko plana egin genuen azken urteotan ekipatutako bideetako bat egiteko asmoarekin: Udaberri bidea. Esan beharra dago azken urteotan Antxon Gorrotxategik inguru honetan ekipatu dituen bideak izugarriak direla, esker ona besterik ez dugu eginiko lanagatik. Bide hauetatik Elmer, Susi eta Udaberri eginak ditugu eta erabat gomendagarriak dira, luze bat baino gehiagoko bideetan lardaxkatzen hasteko. Bide hauen informazio zabala eta elegantea Eskalatzen blogean topatu daiteke. Eskerrak Xabier Larretxeari baita ere blog zoragarri honegatik, ziur naiz eskaladan erreferentziko euskarazko bloga bihurtuko dela.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Hala ere, nahiz eta ez erabili, baga, friend eta fisurero batzuk eraman genituen luze batzuetan txapen arteko tartea handia da eta.
Bidearen ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi.
Orientazioa: Hego-mendebaldea, komeni da ura eramatea beroa eginez gero bidea luzea egiten da eta. Gainera behin Egino herritik atera ezkero ez dago inon urik.

BIDEAREN KROKISA

Lehen esan bezela, Xabier Larretxearen eskalatzen bloga erreferentzitzat hartu behar da bide hauen informazio zabala lortzeko. Udaberri bidearen informazio zehatza hemen topatuko duzue.

Bidearen krokisa (Eskalatzen blogetik ateratakoa).


Krokis zehatzago bat. Krokis hau Xabier Larretxeak egina da eta bere "Eskalatzen" blogean ikusi daiteke.


OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


DESKRIBAPENA

Goizeko zortzi t'erdietan gelditu ondoren, Egino herritik 9:00ak aldera atera ginen. Hasieran eguraldiarekin zalantza handiak izan genituen, Goierri bailara erabat lainotuta zegoen eta. Dena den, askotan pasatzen den bezela, behin Altsasura ailegatu ginenean Gasteiz aldera eguraldia hobea zela ikusi genuen.

Bidera hurbiltzeko: Paretarainoko bidea hemen daukat deskribatuta.

Egino herritik irteten.

Herriaren amaieran dagoen langara ailegatzen.

Zementuzko pistaren amaieran dagoen ur depositora ailegatzen. Zementuzko pista amaitzerakoan jarraituko dugun pista parean ikusi daiteke.

Pista jarraituta bidegurutze batera ailegatuko gara, guk eskuineko bidea hartuko dugu, argazkian ikusten den bezela.

Eskuineko bidea hartu ondoren, hormara ailegatuko gara zuzen-zuzen. Argazkian ezkerrera hartuz gero, Xabier bideruntz joango gara, guk eskuinera hartuko dugu.

Eskuinera hartuz gero hormaren azpitik doan bidexka bat jarraituko dugu errekatxo bat zeharkatu arte. Argazkian Iker errekatxoa gurutzatzen ikusi daiteke.

Errekatxoa gurutzatu ondoren bidexka jarraitu (oraingo honetan ezkerrerako joerarekin eta 200 metro ingurura Udaberri bidearen hasiera topatuko dugu). Hasieran hito bat eta izena duen txapa bat jarrita dago. 

Kotxetik bidearen hasierara gutxi gora behera ordu erdi ibili ginen. Aspaldian mendian ibili gabe eta, nahiz eta ordu erdi eskas ibili, izerditan ailegatu ginen bidearen hasierara.

Lehen luzea, 40 metro, 5a. "Ni hasiko naiz" esan nion Ikerri, "horrela hirugarren luzeari, 5c-koa nik ere emango diot ea burua egiten dudan". Traste eta txintxilikario guztiak gainean jarri ondoren, goruntz abiatu nintzen. Nahiz eta lehen txapa urruti xamar egon (6-8 metro inguru), ondo ailegatzen da bertara helduleku onak dituen plaka batetik gora. Behin lehen asegurutik gora horma tentetu egiten da, dena den oin nahiz eskuentzat helduleku onak aurkitzen dira. Aspaldian eskalatu ez izana somatu nuen, soltura falta, aseguruen arteko tartea batzuetan handia (normalean aspaldian eskalatzen ez denean aseguruen arteko distantzia metroetan baino ia kilometroetan neurtu daiteke), luzearen amaierako arkaitzaren kalitatea ez oso bikaina, etab. Bilgunea arkaitz handi batean jarrita dagoen parabolt batean jartzen da. Badaezpada bilgunea bi soka lazoekin ere babestua dago. Aseguratzeko lekua oso erosoa da.

Luzea hasteko prest.


Lehen luzeko plaka gunea amaitzen.

Lehen bilgunetik behera ateratako argazkia.

Iker lehen bilgunera ailegatzen.

Bigarren luzea, 20 metro, 4a. Luze honetan ere lehen asegurua urruti xamar dago baina ez lehen luzean bezain beste. Dena den luze honen bereizgarririk nagusiena luzean zehar dauden arkaitz eta harri solteak dira. Luze honi Ikerrek eman zion eta igoeran zehar hainbat harri bota zituen, beraz, nahiz eta erraza kontuz ibili beharreko luzea da. Bilgunea zuhaitz batzuen gainean dagoen plaka batean dago bi paraboltez osatua. Nahiz eta Ikerrek bilgunea bertan jarri, nik beste bilgune bat zuhaitzak aprobetsatuz jarri nuen zutik egoteko erosoagoa iruditu zitzaidan eta. "Zer luze motza ez?" esan nion anaiari, "ba bai" erantzun zidan. "Hala, emaiozu hurrengoari baita ere" komentatu nion. Hortzen artean irrifartxo bat zuela anaiak hirugarren luzeari emateko prestatu zen.

Lehenengo bilgunean.


Iker luzeari emateko pronto. Luzea gainean ikusten den zuhaitzean amaitzen da. Zintzilik daramagun trasteak ikusita badirudi Capitan-eko Nose egin behar dugula, je, je.


Bigarren bilgunera ailegatzen.


Iker bigarren bilgunean bilgunetik irteteko prest, nik nire bilgunea jarri ondoren.


Hirugarren luzea, 40 metro, 5c. Hau da printzipioz bidearen luzerik zailena eta bideari gradua ematen diona. "Lehen txapa han urrutian ikusten dena da?" Esan zuen Ikerrek, "hala dirudi, bazpare kontuz ibili, bestela zerbait sartu nunbaiten" erantzun nion. Hemen ere, bide osoan bezela, lehen txapa urruti xamar dago, beharbada gehiegi. Lehen eta bigarren aseguruen arteko tartea ere handia da (10 metro inguru) nahiz eta tarte nahiko erraza izan, "burua egiteko" propioa.

Iker bigarren asegurua txapatu ondoren. Lehen asegururarte dagoen tartea eta lehen eta bigarrenaren artekoa ere ikusi daiteke. Kontutan izan argazkian ikusten den lehen expresa bilgunean jarrita dagoela.


Lehen bi aseguru hauen ondoren sabai batera ailegatuko gara. Sabai hau behetik dirudiena baina errazagoa da eta helduleko ederrak dauzka. Gainera oso ondo dago aseguratua. "Hau da 5c-ko pausua?" Ikerrek, "ez, deskribapenen adherentzikoa dela jarten du" erantzun nion.

Iker sabaiarekin borrokan...


...eta sabaia igo ondoren. Pausua erraza da.


Sabaiaren ondoren luzeari gradua ematen dion itsasgarritasunezko gunea dator. Lehen metroak ongi egiten dira hormaren eskuin hertzari helduta, baina gero ezker aldera hartu behar da fedezko pausuren bat baino gehiago eginez. Dena den, gune honetan aseguruen arteko distantzia murrizten da eta hestuasun handia izanez gero A0-an ere atera daiteke.

Iker itsasgarritasunezko pausuaren hasieran. Hemen izerdiren bat edo beste bota genuen.


Pausu honen ondoren horma berriro ere tentetzen da eta indarra erabili behar da, nahiz eta helduleko oso onak izan. Pausu honen ondoren bi parabolt-dun bilgunera ailegatuko gara.

Iker azken tartean.


Hirugarren luzea bere osotasunean, luze ederra benetan.


Bi anaiak hirugarren bilgunean.


Laugarren luzea, 25 metro, II-III. Hirugarren bilgunetik gora joko dugu eta parean dugun arista ezkerretik (zuhaitz baten ondotik) edo eskuinetik pasa daiteke (eskuineko pausu honetan aseguru bat dago). Aristatxo hau pasa ondoren diagonalean ezkerreruntz joango gara bidexka antzeko batetik leku zabal baterarte. Hemen bi arkaitz zubietan bi sokakin eginiko bilgune batera ailegatuko gara. Guri zertxobait kostatu zitzaigun, baina azkenean bilgunea topatu genuen.

Laugarren bilgunea.


Bosgarren luzea, 25 metro, 4b. Luze hau azpitik dirudiena baino errazagoa da eta oso polita, oinekin igotzen den horietakoa. Lehen metro batzuk zuzen hartu eta lehen asegurua txapatu ondoren ezkerrera joko dugu ur tantaz osaturiko paretatik gora igotzeko. Ur tantak amaitzerakoan, pausu arraro bat egin eta gero ezkerrera hartu behar da hormatik irteteko. Ondoren zuzen hartu zuhaitz artean doan arkaitz batetik gora. zuhaitzen artean dagoen arkaitz batean bosgarren bilgunea topatuko dugu.

Bosgarren luzea bere osotasunean. Aseguruak non dauden markatu ditut.


Iker laugarren bilgunean, atzean hirugarren bilgunetik gora zeharkatu behar den arista zatia eta zuhaitza ikusi daiteke.


Ur tanten gunean.


Luzea "reverso"ren ikusmiratik.


Ur tanten tartea amaitzeko prest.


Ezkerrerako trabesia egiteko prest.


Bosgarren bilgunearen argazkia.


Seigarren luzea, 25 metro, 5a. Bilgunetik irten eta hamar metro inguruan erdi horizontalki trabesia bat egin behar da ezker aldera (aseguru bat jarria dago). Behin trabesiaren ondoren luzea bertikal bihurtzen da. Beste hamar metro inguruan helduleko txiki baina onetatik gora jo beharko dugu arkaitz zubi batean dagoen soka baterarte. Puntu honetan erabat horizontalki ezkerrera joko dugu metro pare batean, beste bi-hiru metro zuzen igo ondoren bilgunera ailegatuko garelarik. Bilgune hau Elmer bidearekin elkarbanatzen da.

Seigarren luzea.


Trabesiaren ondoren pareta bertikal bihurtzen den puntua hasteko prest. Iker dagoeneko seigarren bilgunean dago.


Gertuago... Ikusten den azken express-ean arkaitz zubian dagoen soka ikusi daiteke.


Iker seigarren bilgunean.


Seigarren bilgunearen ondoren bi luze falta dira bidea amaitzeko. Bi luzen hauek topatzeko seigarren bilgunetik irten eta 100 metro inguruan eskuinaldera ibili behar da sasi-bidexka batetik. Metro hauen ondoren hormaren azpian dagoen kobazulo batera ailegatuko gara. Kobazulo honetatik gora bi luze ikusikoditugu. Ezkerrekoa Berta bidearen bosgarren luzea da, "Udaberri" berriarena aldiz, eskuinekoa.

Berta bidearen bosgarren luzea hasten den kobazuloa.


"Berta" bidea eskalatu genuenean nahi gabe Udaberriren azken bi luzeak eskalatu genituen, honegatik, kronika honetako amaiera egun horretakoak izango dira, "Udaberri" bide osoaren deskribapena izateko.

Zazpigarren luzea, 35 metro, 4b. Lehen asegurua urruti xamar dago (dena den harkaitz zubi bat dago bere aurretik), baina plaka etzan erraz batetik gora doa.

Iker lehen aseguruan.


Plaka etzanaren ondoren horma bertikal bihurtzen da, baina helduleku paregabeak dituenez erraz egiten da.

Iker horma bertikal bihurtzen den zatiaren hasieran.


Zatirik zailenean...


Nahiz eta horma bertikala izan erraz egiten da.


Pausu bertikala gainditu ondoren.


Pausu honen ondoren bilgunera ailegatzeko eskuineruntz hartuko dugu trabesia bertikal bat eginez. Bilgunea zuhaitz baten ondoan dago eta bi paraboltez dago babestua.

Ni luzearen hasieran...


Zati bertikalean...


Leku zati berean.


Nik zati bertikala amaitu ondoren eta eskuinerako trabesia hasteko prest. Bilgunean non dagoen ikusi daiteke.


Leku zati bertikalaren azken pausuan.


Zortzigarren luzea, 40 metro, 4b. Bideari amaiera hasi bezela eman genion, hau da, nik bidea irekiz. Luzea bilgunetik gora zuzen doa. Lehen asegurua oso urruti dago, 15 metro ingurura, baina bertara ailegatzeko zatia erraza da. Dena den, zati honetan arkaitz solte asko dago eta kontu handiz igo behar da. Iker eta Leku igo zirenean nahigabe arkaitz handi bat bota zuten, eskerrak inor atzetik ez zetorren.

Lehen asegurutik gora horma tentetu egiten da, baina helduleku onak daude.  Argazkian ikusten den tontortxoa atzean uzten denean luzeari gradua ematen dion itsasgarritasunezko pausua dator, erraza, baina kontuz ibili beharrekoa.


Iker luzearen lehen metroetan.


Lehen asegurua atzean utzi ondoren.


Itsasgarritasunezko pausuaren ondoren bilgunera ailegatuko gara. Bilgunea bi paraboltez babestua dago.

Seigarren bilgunean zailtasun guztiak amaitu ondoren.


Seigarren bilgunea jaso ondoren oraindik trepadatxo batzuk egin beharko ditugu mendiaren gainera iritsi arte. Udaberri bidean pasatzen den bezela, hemen ere hito batzuk daude mendi gainera ateratzeko. 13:30ak aldera bidearen amaierara ailegatu ginen, oso zoriontsu baina beroaren eraginez oso nekatuak ere.

Azken trepadatxo errazetan.


Bidea amaitzen den lekuan, jaitsierarako prest.


Jaisteko, bide hauetan gertatzen den moduan, Aztorea eta Usotik jaisten den bidea aukeratu genuen.

Jaitsieran.


Talde argazkia.




2 iruzkin:

  1. Aupa artista! zeuk ere ohitura galdu gabe. Ia neuk ere denbora pixkat ateratzen dudan, azkenaldian lan askorekin nabil eta. Ondo segi motel! Erreportaia ederra betikolez.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Milesker artista!!!! Bi jilabete baino gehiago eskalatu eta sei hilabete inguru ibili gabe somatzen dira. Hurrengo egunean kristoneko agujetak nituen je je

      Ezabatu