AZKEN 10 SARRERAK

2012/11/26

MENDIAN GERUZEN BIDEZ JAZTEKO SISTEMA: HIRUGARREN GERUZA

"Hiru geruzetako sistema"-ren xehetasunekin amaitzeko hirugarren geruzaren nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz.

Hirugarren geruza, jantzita eramatea beharrezkoa denean (garrantzitsua da hau kontutan izatea) lehen edo/eta bigarren geruzen gainetik doa eta bere funtziorik nagusiena ingurunetik isolatzea izango da, euri, elur eta haizeari iragazkaitza izango delarik.

1994ko negua. Aizkorri mendiaren gailurrean egoera hotz, haizetsu eta elurtsu batean. Jantzita izan nuen lehen GoreTex® produktua daukat. Oraindik ere noizik eta behin erabiltzen dut.


Eskematikoki jarriz, bere funtzioak hauek izango lirateke:
  • Urari iragazkaitza barruko geruzak busti ez daitezen.
  • Haizeari iragazkaitza gure gorputza hoztu ez dadin.
  • Gure gorputzak sortutako hezetasuna kanporatzea, hau da, transpirazio handikoa izatea, gure hezetasunarekin barrutik busti ez gaitezen.

Hiru geruzen funtzioen eskema: Hirugarren geruzak (urdina) gorputzaren hezetasuna kanporatu eta euri nahiz haizeagatik babestuko gaitu.


MINTZAREN KONTZEPTUA.

Hirugarren geruza osatzen duten produktuak "mintza" (espaineraz "membrana" izango zena) izena ere jasotzen dute. Mintzaren definizio "serioa" hau izango litzateke: elastikoa izan daiteken xafla edo orri forma duen produktua, bi ingurune ezberdin ezberdindu, babestu eta tentsio eta esfortzu normalak jasango dituena. Merkatuan mintza marka pila bat daude: GoreTex®, SympaTex®, Textrem®, Precip®, PowerTex®, MemBrain®, Conduit®, TriplePoint®, H2NO®, Ozone®, OmniTech®, HyVent®, MP+®, Novadry®, InnerPlus®, etab.

MINTZAK EGITEKO JARRAITZEN DIREN PROZESUAK

Mintzak egiteko prozesu ezberdinak jarraitzen dira, baina funtsean hiru dira nagusienak, jarraitutako prozesuaren arabera mintzak izen bat edo beste bat jasoko duelarik:

Mintza laminatu edo xaflatuak

Mintza hauek egiteko bi prozesu jarraitzen dira: Lehenik xaflak (laminak) sortzen dira eta gero xafla hauek produktuaren azalean joango den ehunari itsasten dira. Modu honetan eginiko produktuak gogorrak izaten dira eta bere propietateak inguruko tenperatura eta presioak ez ditu aldatzen.

Produktuaren azalean doan ehunak kanpotik etorri daitezken urratu eta indarren aurrean (sasiak, arkaitzak, motxilaren trakzioa, etab.) babesa emango du batez ere, baina beste berezitasun batzuk ere izan ditzazke: elastikotasuna, gogortasuna edota urari iragazkaitz izatea, honetarako produktu batekin tratatzen delarik. Dena den, produktuari urari iragazkaitasun gaitasuna xaflen artean duen mintz iragazkaitzak emango dio.

Mintza laminaturik ezagunena Gore Tex® mintza da.

GoreTex® mintzaren berezitasunak. Ikusten denez, hiru xafla ezberdin laminatuta daude, nahiz eta GoreTex® geruza erdikoa izan.


Transfer mintzak

Gutxien erabiltzen diren mintzak dira eta laminatuen barnean ere sartu daitezke. Hauen fabrikazio sistema ulertzeko adibide erraz bat jarriko dut: gogoratzen al zarete plantxaren beroaren bidez galtzetan itsasten diren "rodillerak" edota partxeak? Ba transfer mintzen fabrikazioa antzera egiten da.

Fabrikazio sistemak bi pausu ditu: Lehenengo pausuan, produktua osatzen duen azaleko ehunaren adhesiboa beroarekin aktibatzen da eta bigarren pausu batean, berriro ere beroa aplikatuz, aktibatu dugun azaleko ehuna laminatura itsasita geldituko da.

Mintza induzituak

Sistema honetan, ehun bat iragazkaitasuna emango dion produktu batez "bustitzen" da mintza sortuz. Ikusten denez, prozesu hau oso xinplea da.

Mintza induziturik ezagunena Triplepoint® mintza da.

Triplepoint® mintzaren berezitasunak. Mintza berez urdinez margotutakoa da..


Mintza laminatu eta induzituen arteko ezberdintasunak kontutan izatea komeni da:
  • Mintz induzituak laminatuak baino iraunkortasun luzeagoa dauka.
  • Mintz induzitua laminatua baino merkeagoa da, prozesu bakarrean egiten da eta.
  • Transpirazio maila berean, induzituak ur zutabe txikiagoa jasaten du laminatuak baino.
  • Induzituak -10Cºtik behera bere propietateak alteratu daitezke. Laminatuak aldiz, -240Cº eta 250Cº artean propietateak mantentzen ditu.
Mintzak fabrikatzeko jarraitzen diren prozesuetatik aparte, mintzak duten geruzen kopurua eta egitura mirkoskopikoaren arabera ere sailkatu daitezke.

MINTZA MOTAK GERUZA KOPURUAREN ARABERA

Mintzak orokorrean bi edo hiru geruzetakoak izaten dira:

Bi Geruzetakoak

Mintza azaleko ehunari laminatzen zaio. Mintza barrukaldetik (gorputzera doan aurpegitik) kaltetua izan ez dadin forro fin bat eramaten du, normalean sare forma duena.

Hiru Geruzetakoak

Mintza barne eta kanpo ehunen artean laminatzen da modu honetan ehun bakarra denaren itsura emanez. Mota hontako produktuak duela urte batzuk arropan hasi dira erabiltzen, baina betidanik mendiko oinetakoetan erabili den sistema izan da produktu iraunkorrak sortzen ditu eta.

Hiru geruza dituen GoreTex® produktu baten marrazkia. bi geruzetakoa izango balitz, ziurrenik barruko geruza babesgarria sare formako ehun bat izango litzateke. GoreTex® geruza ez baita zuzenean gorputzaren kontra joaten.


Zer alde dago bi bi eta hiru geruzetako produktuen artean?
  • Trasnpirazioa: Bi geruzetako produktuek duten transpirazioa hiru geruzetakoek baino %30 altuagoa da, geruza bat gutxiago dute eta.
  • Pisua: Hiru geruzetako produktuek orokorrean pisu handiagoa dute, nahiz eta gaur egun hiru geruzetako produktu oso arinak egiten ari diren. Nik orain dudan GoreTex® txamarrak hiru geruza eta 270 gramu besterik ez ditu, duela ia 20 urtetik dudan bi geruzetako GoreTex® txamarrak (artikuluaren lehen argazkian jantzita dudana) aldiz ia kilo bateko pisua du.
  • Gogortasuna. Hiru geruzetakoak gogorragoak dira pisu bereko bi produktu alderatzen baditugu. Orokorrean, 500 gramutik gorako produktuek izaten dira sendoenak, eta beraz, eskalatzeko onenak, ez baitira erraz urratuko.
  • Txamarra irekita eramaten badugu, bi geruzetako produktuak barrutik lehenago lehortzen dira hiru geruzetakoak baino.

MINTZA MOTAK EGITURA MIKROSKOPIKOAREN ARABERA

Mikroporoez osatutako mintza edo mintza "mikroporosoa"

Mintz hauek mikroporoz osatuta daude. Mikroporo hauen tamaina ur tanta bat baino askozaz txikiagoa (kasu batzuetan 20.000 aldiz txikiagoa) da baino ur lurrun tanta bat baino askozaz handiagoa. Modu honetan kanpoko euria ez dute pasatzen uzten baino kanpoko hezetasun eta lurruna kanporatzen dute. Mintza urari iragazkaitz eta modu berean transpirazioduna izango da.

Mikroporosoa den mintzaren funtzionatzekomodua: gure hezetasun tantak irteten uzten ditu (marroi kolorekoak) baina ur tantak (urdinak) ezin dira sartu.


Mota hauen artean Goretex® eta Triplepoint® mintzak daude.

GoreTex® mintzaren argazki mikroskopikoa.



Molekula hidrofiliko eta hidrofobikoez osatutako mintzak edo mintz polimerikoak

Mintz hauek bi molekula ezberdinez osatuta daude:
  • Molekula hidrofilikoak. Molekula hauek gorputzaren barruko hezetasuna xurgatzen dute. Behin ura xurgatu ondoren kontaktuak daudenez, ura molekula hidrofobikoei pasako die. Molekula hauek hidrofobikoek xurgatu duten ura kanporatuko dute, prozesua berriro ere hasiz. Modu honetan, gorputzak sortutako hezetasuna etengabe kanporatua izango da.
  • Molekula hidrofobikoak. Hauek, aurreko prozesuan ikusitakoa ez ezik, urari erabat iragazkaitzak direnez, kanpotik datorren uratik babestuko gaituzte.
Mintz hauen artean Concuit®, Textrem® edo Menbrain® mintzak aurkitu daitezke.

Conduit® mintzaren funtzionatzeko modua. Molekula hidrofilikoek (zuriak) gure hezetasuna kanporatzen dute eta molekula hidrofobikoek (ilunak) ez diote urari sartzen uzten.


ZER IZANGO DUGU KONTUTAN HONELAKO PRODUKTU BAT EROSTERAKOAN?

Produktuari emango diogun erabilera

Nire ustez hau da puntu guztietatik garrantzitsuena eta argien eduki beharra duguna. "Mendiko materiala: benetan behar duguna erosten al dugu?" artikuluan honen inguruan aritu nintzen (artikulua irakurtzeko hemen klik egin).

Anaiak eta biok hirugarren geruzaren funtzioa betetzen duten bi produktu ditugu: haizeagatik babesteko bakarrik pentsatuta dagoen 120 gramu eskaseko txamarra (nahiz eta txirimiri fin bat ere jasateko ahalmena duen) eta 300 gramu eskas dituen euritarako txamarra (honek haizegatik ere babesten du, noski). Nahiz eta bi txamarrak beti motxilan eraman lehenengoa ia beti jazten dugu (gainera, urari erabat iragazkaitza ez denez, transpirazio handiagoa dauka), bigarrena aldiz, ez dugu ia jantzi. Zergatik diot hau? Beharbada, eramango diogun erabileran oinarrituz, ez duelako megatxamarraTex bat erosterik merezi.

Bisaurin-era eramaten duen aristan. Argaki honetako txamarra ia mendiko irteera guztietan jazten dugun haizerako txamarra da.


Erabileraren kontuan produktu hauek duten limitazioa ere kontutan izan beharko dugu, adibidez, arropa asko azpitik jarrita badugu eta aktibitate handia egiten badugu izerdiaz blai eginda amaituko dugu.

Mintza mota

Dagoeneko goian azaldutakoa.

Mintzaren azaleko geruza osatzen duen ehuna

Laminatuaren prozesuan, azaleko ehunak errepelentzia tratamentu bat jasotzen du. Tratamentu honen eraginez, ura tantatan desegiten da. Hau neurtzeko, produktua euriaren efektua egiten duen aparatu batean sartzen da eta ondoren leku bustiak dauden hala ez begiratzen da. Froga honen emaitza 100 bada, produktu osoa bustitzen ez dela esan nahiko du (hau da, produktu osoak urari errepelentzia dio). Datu on bat 80-20koa da. Zer esan nahi du honek? Produktuaren %80ak urari errepelentea dela 20 garbiketa zikloen ondoren. Honek mintzarekin ez dauka inongo zerikusirik fabrikatzaile bakoitzak bere produktu propioa eta errepelente produktu propioa erabiltzen baitu.

Urari errepelente izatea zer den adierazten duen argazkia.



Produktuak euriari dion iragazkaitasuna

Forro polarren inguruko artikuluan azaldu nuen bezela (artikulua irakurtzeko hemen klik egin), iragazkaitasuna PSI eta ur zutabeetan neurtzen da. Zenbat eta PSI eta ur zutabe altuagoa izan geroz eta iragazkaitasun altuagoa ere izango dugu.

Dena den, orokorrean mintzaren iragazkaitasuna faktore hauen menpean izango da:
  • Konposizioa: Poliuretano, poliester, teflon (azken hau Gore tex®-ak erabiltzen du).
  • Funtzionamentua: Fisiko edo kimikoa
  • Fabrikazioa: Induzitua, laminatua edo transfer
  • Ur zutabea.
Produktuaren transpirazioa

Bigarren geruza-ren aritkuluan transpirazioa RET-etan neurtzen dela komentatu nuen. Zenbat eta RET gutxiagoa ahalik eta transpirazio altuagoa izango dugu, ISO 11092 arauak dioenez, produktu bat transpirakor bezela izendatua izateko 20 RET baino gutxiago izan behar dituelarik.

Hala ere, RET datuetatik aparte, nik ez dut sekula izan (ez merkea ezta garestia ere) urari iragazkaitasun handia emanik oso transpirablea den produktu bat, eta fabrikatzaileek nahi dutena esango dute, baina gaur egun bi propietate hauek modu perfektuan egiten duen produkturik ez dago.

Honetaz aparte, egoera errealista batean, kontutan izan beharra dugu transpirazioa bi inguruneren arteko hezetasuna (laborategian neurtzen dena), tenperatura eta presioaren arteko ezberdintasunean oinarritzen dela, eta faktore hauek laborategian lortzea oso zaila da. Hau gutxi ez bada, pertsona bakoitza oso ezberdinak gara, produktu bera bi pertsona ezberdinetan portaera ezberdina izan dezakelarik.

Amaitzeko esan, orokorrean, produktuak gehiago transpiratuko du kremailerak irekita ditugula beste edozein modutan baino.

Produktuak haizeari dion iragazkaitasuna

Haizeari iragazkaitasun edo erresistentzia CFM-tan (Oin kubikoak minuturo) neurtzen da. 0-ko CFM-a izatea, haizeari erabat iragazkaitz dela esatea da, hau da, jasaten duen haizearen %100-a mozten duela.

Produktuaren iraunkortasuna

Produktua hotzean flexionatzen denean ihesbide batzuk sortu daitezke produktuaren kaltetan. Flexio hauen ondorioz ehuna ere hausi daiteke, batez ere izozte tenperaturak denbora luzean ematen direnean.

Iraunkortasuna neurtzeko fabrikatzaile bakoitzak bere frogak egiten ditu. goreTex-ek egiten duen frogari kontrakzio froga deritzaio. Froga honetan, orduetan gore tex produktuak uzkurtu eta zabaltzen dira muturreko tenperaturak aplikatuz. Produktuek froga gogor honen ondoren beraien propietateak mantendu beharra dituzte.

GoreTex® mintzaren kontrakzio frogaren argazkia.


Urradurei erresistentzia

Honetarako abrasimetro deitzen den aparatua erabiltzen da. Aparatu honek artilea edo lija batekin, presio handia eginez ehuna igurzten du behin eta berriz. Lortu nahi den emaitzaren arabera, igurtzi hau ordu edo egun batzutakoa izan daiteke.

Abrasimetroa.


Produktuaren talla

"Hau da hau gauza ebidentea" pentsatuko duzue. Tallaren asuntoa garrantzitsua da hirugarren geruza beste geruzen gainetik joango da eta, eta, nork daki, egoera larri batean beharbada, plumiferoaren gainetik ere joan daiteke. Honegatik komeni da faktore guzti hauek kontutan izatea talla aukeratzeko garaian. Honelako produktu bat erosterakoan bazpaere azpitik jantzita eramango dugun guztia jaztea komeni da gorputzean ondo gelditzen den hala ez edota uzten digun mugikurtasuna ikusteko.

Axier Monte Perdido mendiaren "Escupidera" jaisteko prest. Daraman txamarra handia iruditu arren, hotz handiko egoera batean azpitik plumiferoa jarri nahi bada tamainan egokia da.


Produktuaren inguruko beste xehetasun batzuk

Hemen kremailera motak, bentilazioa, mangen loturak, babesgarriak, lepoko xehetasunak, txapela, poltsikoak, joskurak etab, sartuko lirateke. Xehetasun hauek guztiak forro polarren artikuluan jorratu nituen (artikulua irakurtzeko hemen klik egin).

Goian azaldutako xehetasunen sailkapenean emandako datu  guztiak, produktua erosteko garaian orientazio gisa hartu beharrekoak dira. Dena den, kontutan izan behar da aborategian egiten diren frogak nahiz eta intentzio guztiarekin egin, ez dutela mendian topatuko ditugun egoera guztiak kontutan izaten, honegatik, antzeko kalitatea duten bi produktuen artean onena zein den esatea oso zaila da.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina