AZKEN 10 SARRERAK

2016/01/19

MALKORRI (1369 m.), GAÑETA (1323 m.), BELEKU (1253 m.) ETA KILIXKETA (1201 m.) INTXUSTITIK: NEGU GIROAN (2016/01/17)

Azkenean aurtengo neguko fundamentuzko lehen elurtea iritsi eta inguruko mendiak zuriz jantzi dira. Bazen garaia!!!
Asteburu traketsa iragarrita bazegoen ere eguraldiko adituek iganderako zeruan ostarteak nagusitu eta haizea baretuko zela iragarri zuten. Hau honela ezin genuen aukera galdu eta bi anaiok mendi ibilaldi bat egiteko gelditu ginen. Hasieran oso tentatuta ibili ginen Aizkorriko kanalen batean sartzearekin baina elurra oraindik oso bigun egongo zela uste genuen. Gure usteak erabat uxatu ziren Ikerrek larunbata arratsaldean bere lankide Mendia eta Garagarza goizean kanaletan elur dexente eta biguna zegoela esan ziotenean. Honen aurrean ez genuen bitan pentsatu ere egin: "Aralarra jungogea".

Txindoki etxeko salatik ikusita. Aralar horrela egonda, nola ez ginen ba mendira joango? Jejeje.


Baina Aralarren nora joan? Aukera ezberdinak baloratu ondoren azkenean kronika honetan azalduko dudan ibilbidea egitea erabaki genuen: Desnibel eramangarriko ibilbidea eta haizearen eraginez elur pilaketak saihesteko aukera ematen duena. Honegatik ere, nahiz eta hasieran erraketekin joateko ideia izan, elurretan korrika egiteko zapatilekin joatea pentsatu genuen, noizik eta behin, hauspoak uzten zigunean noski (jejejeje) korrika saiotxoren bat eginez.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ibilbidea Intxustiko iturria atzean utzita langa baten ondoko "aparkaleku" txikian hasi genuen, Eniriotik gertuago. Aparkaleku honetara iristeko, Ataungo San Martin auzoan, Bittor jatetxearen ondoan dagoen bidegurutzea hartuko dugu (bertan “Arrateta” izena duen seinale bat dago). Errepidean gora egin ahala, gure ezkerrean pare bat bidegurutze utzi eta “Aralar”-a joateko markatzen duen bidegurutzea hartuko dugu. Hemendik gora galtzeko arriskurik ez dago, eta bihurgune itxi batzuen ondoren, Aralegi baserrira iritsiko gara. Hemendik aurrera malda leundu, eta errepidea tarte batean porlanezkoa bihurtzen da, Aralegiko leporaino. Hemendik aurrera zementuak lurrari bidea eman eta kilometro erdi inguruan, inongo zailtasunik gabe, Intxustiko iturrira iritsiko gara. Iturritik gora pista maldatsuagoa bihurtu eta tarteka zuloren bat edo beste ere azaltzen da, baina ia urte osoan kontu handiz ohiko kotxe batekin igo daiteke (neguan elurrarekin ez). Intxustiko iturritik kilometro eta erdira gutxi gora behera, giltzarrapo batez itxita dagoen langa bat topatuko dugu. Puntu honetan, pistaren alde batean nahiz bestean dagoen zabalgunetxoan (nik "aparkaleku" izena eman diodana) kotxea uzteko aukera izango dugu. "Aparkaleku" honetan guztira zortzi kotxe inguru sartuko dira.

Kotxea uzten den lekutik pista jarraitu genuen maldan behera egin ondoren zeharkatzen den errekatxo batera arte. Hemen mendian zuzen sartu eta Enirion dagoen aerodromaren gainean atera ginen Oidui bordetara eramaten duen bidegurutzera iritsiz. Hemen bi aukera ditugu: lehenengoa Oiduiko bordak atzean utzi eta hemendik gora ehunmilak eta g2h ultratrail frogek jarraitzen duten ibilbidea kontrako norabidean jarraituz Malkorrira iristea da. Aukera hau oso ona da erraketa edota eskiekin egiten badugu, ibilbideak zeharkatzen duen lautadatxoan inguruko ertzetatik elur asko pilatzen baita. Aukera hau ihaz jarraitu genuen Malkorri eta Uarrain Lizarrustitik erraketekin igo genituenean (erreporrra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue).

Bigarren aukera hartzen badugu lehenengo aukerako bideak zeharkatzen duen lautadatxoaren eskuineko ertzetatik igotzen joango gara bertan elur gutxiago topatuz. Enirio haizetsua den leku bat da, honegatik normalean ertzak elur gutxikin eta lautadak elurrez beteak izaten dira. Baina honek ere bere arriskua izaten du, Uarraindik Kilixketara dauden mendietan elur-erlaitz handiak sortzen dira eta. guk bigarren aukera hau hartu genuen Malkorriren gailurreraino iritsiz.

Malkorritik Kilixketara haizeak elurrez erraztutako ertzetatik joan ginen, tartean Gañeta eta Beleku mendiak igoz. Kilixketatik, hegoaldeko norabidea hartu eta, ahalik eta zuzenen Esnaurreta bordetara jaitsi ginen, bide batez Blokeri bisitatxo bat egiteko aprobetsatuz.

Josebaren Esnaurreta I bordatik aparkalekura itzultzeko bien arteko ohiko bidea jarraitu genuen, ihazko ibilbide honetan deskribatuta dagoenaren alderantzizko norabidean.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 10 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Langa ondoko aparkalekua, 700 metro inguru.
- Punturik altuena: Malkorri, 1369 metro.
- Desnibel positiboa osora: 600 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4.
- Ura: Pasatzen den bordetan, irekita daudenean, ura hartu daiteke baina badaezpada hobe da ura eramaten badugu.
- Zailtasuna: Bideak ez dauka zailtasun berezirik, baina behe-lainoarekin galtzeko arrisku handia izan daiteke.
- Eramandako materiala: Guk ez genuen material teknikorik eraman, baina elur asko badago erraketak edota eskiak ongi etorriko dira.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 2 ordu eta 10 minutu atsedenaldiak kontutan izanda. Tarte batzuetan korrika txikian ere aritu ginen, beraz, ibilbidea oinez egiten baduzue kontutan izan.

Bidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

09:20. Aparkalekua, 700 metro inguru. Kotxea utzi eta zapatilak jantzi ondoren martxan jarri ginen.

Aparkalekutik ateratzen.


Goian azaldu bezala, ibilbidean egin genituen lehen metroak Eniriora doan pista jarraituz egin genituen. Tarte honetan malda handirik ez dagoela aprobetsatuz korrikan egin genuen pistan zapaldutako elur gogorrak pausuak emateko modua behartuz.

Pistak behera egiten duenean errekatxo batera iritsiko gara. Hemen bi aukera genituen: pista jarraitzea (aukera luzeagoa) Enirion dagoen aerodromoa zeharkatuz, edota bertan ezkerrera hasten den bidean metro batzuk egin ondoren mendian sartzea (aukera motzagoa baino maldatsuagoa). Guk bitan pentsatu gabe bigarren aukera hartu genuen.

Pistan korrikan. Urdinez jaitsieran jarraitu genuen bidea eta gorriz igoeran jarraitutakoa.


Pista utzi ondoren, eskiatzaile eta beste mendizaleen arrastoak jarraituz.


Aken finean hartutako bigarren aukera hau aurrekoaren bidezidor bat besterik ez da eta mendian zehar metro batzuk igo ondoren pistarekin topo egin genuen.

Aerodromoa atzean utzita (igo ginen lekutik ez da ikusten) Oiduiko bordetara doan bidegurutzera iritsi aurretik.


Metroak irabazten genituen ehinean gure inguruko "mendi altuak" azaltzen hasi ziren.

Beriain ikusgarria benetan...


...Baita Aizkorri ere.


Oraingoan Malkorrira Oidui bordetatik igo beharrean (g2h ultratrail lasterketak jarraitzen duen bidea), Oiduira doan pista hartu gabe pista jarraitu eta elurra gutxiago zegoela ikusi genuen leku batean (pista maldan behera hasten zen lekuan) pista utzi eta mendian gora hasi ginen ezkerrean Oiduitik Malkorrira doan ohiko bidea utziz. Zergatik? Hemendik igota elur haizearen eraginez elur gutxiago topatuko genuelako, edo alderantziz esanda, Oiduitik Malkorrira doan bidea elurrez pilatzen delako, lautadatxo batean dago eta.

Argazki honetan urdinez elurrik ez dagoenean Oiduitik Malkorrira doan ohiko bidea margotu dut. Oraingoan gorriz margotutako bidea jarraitu genuen elur gutxiago zegoela aprobetsatuz.


Mendiaren ertzetik jarraitu eta 10-15 zentimetroetako elurra zapalduz metroak erraz eta arin irabazten joan ginen harkaitz eta harriak hasten diren puntura iritsi ginen arte.

Elurrak estalitako hagina, aurrean Malkorri eta Gañeta.


Hemendik aurrera, untxi baten moduan harkaitzetik harkaitzera salto eginez jarraitu genuen, tarteka harkaitzen arteko zuloetan pilatuta zegoen 30-40 zentimetroetako elur bigunean oinak sartuz.

Ahalik eta elur gutxiena zapaltzen, atzean Aizkorri.


Malkorriraino jarraitu genuen bidea. Ikusten denez elurra ahalik eta gehien saihestu genuen.


"Beida beida axerieee!!!" Oihukatu zidan anaiak goraka begiratzeko keinua eginez. Gora begiratu eta azeri bat elurrarekin "borrokan" ikusi genuen, baina nahiz eta poliki zihoanaren sentsazioa izan, argazki kamera prest nuenerako gure bistatik aldegin zuen.
Azeria oraindik buruan Malkorriraren gailurreraino daraman azken maldara iritsi eta gure zorionerako, haizeak eramaterik izan ez zuen 5-10 zentimetroetako elur geruza bat topatu genuen, zapatilekin igotzeko primerakoa.

Malkorrira doan azken maldan.


Abiadura dexente motelduz inongo eragozpenik gabe Malkorriren gailurrera iritsi ginen.

Iker gailurrera iristen.


10:25, Malkorri, 1369 metro. Haizerik ez zegoela aprobetsatuz (hemengo haizeteak ikaragarriak izaten dira) argazki batzuk egin eta atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen.

Malkorriko buzoia: haizeak nondik jotzen du? Jejejeje


Aizkorri Malkorritik.


Ganbo (ezkerrean) eta Uarrain (eskuinean) ikusgarriak benetan. Zaila izaten da bi mendi hauen gailurretan mendizalerik ez topatzea.


Bertako ikusmiraz gozatu eta Gañetako bidea hartu genuen. Bide hau mila aldiz jarraitu izan dugu, bai neguan baita udan ere eta zailtasunik ez dauka. Malkorri eta Gañetaren arteko lepora jaitsi eta hemendik gora, ahalik eta elur gutxien zegoen lekutik, Gañetaren aurretik dagoen bigarren mailako gailurra gure ezkerrean utzi eta di-da batean gailurrera iritsi ginen.

Gañeta eta honen aurretik dagoen bigarren mailako gailurra.


10:30, Gañeta, 1329 metro. Beti atentzioa deitu izan dit Enirio gaineko mendiek Txindokiren altuearen inguruan izanda ere zenbat belar duten edo, beste modu batera esanda, zein harkaitz gutxi. Mendi hauek neguan esne-gainez eginak diruditen bitartean Txindoki Pirinio edota Himalaiako mendi ikusgairria dirudi.

Gañetako gailurrean.


Gañetako buzoia.


Txindoki esne-gainez estalitako mendien artean jejeje.


Gailurraren ondoan zeuden mendizale batzuk agurtu, atseden motz bat egin eta bidearekin jarraitu genuen.

Gañeta eta Belekuren (gure hurrengo helburua) arteko tartea behin baino gehiagotan azalduta dudanez, ez dut honen inguruko zehaztasun handirik emango eta bi mendiak nolabait lotzen dituen ertza jarraitu genuela besterik ez dut esango, hori bai, ahalik eta elur gutxiena zapalduz jejeje.

Gañetatik behera.


"Hau da gozadea!!!" Esan nion anaiari elurretan plof-plof korrikan ari ginela. "joe baietz" erantzun zidan "nork esango zigun oaindela hiru urte hola ibiliko giñenik, ta gañea disfrutatzen jeje".

Inongo eragozpenik gabe Belekura arin-arin iritsi ginen.

10:45, Beleku, 1253 metro. Belekun hirugarren argazki saioarekin hasi ginen.

Belekuko buzoia.


Hemendik Aizkorri ikusgarri zegoen. "Ea elurrek irauteun ta hurrengo asteburun bertan gean" esan zidan anaiak. "Joer, ba bai. Bauket gogoa elurretan lardaxkatzen aitzeko".

Belekun. "Hurrengon horrea jungo gea?"


Aizkorri ikusgarria benetan, baina elurra oraindik bigunegi kanaletan sartzeko.


Gertuago... Goierriko Telera txikia, jejeje


"Hemen eonda Joseban bordara jatsi eta Blokei bisitaxoa inbeharkoiu, ez?" Galdetu zidan anaiak. "Klaro baietz" erantzun nion. Hasieran zalantzan izan ginen Belekutik behera zuzen jaitsi edota lehenik Kilixketara igo. Azkenen, "hortxe bertan dauta" argudioarekin anaia konbentzitu eta Kilixketara joan ginen, orain arte bezala, bi mendien arteko elur gutxiko tarteak aprobetsatuz.

Belekutik Kilixketara egin genuen bidea, eskuinean Txindoki.


10:50, Kilixketa, 1201 metro. Gailurrera iritsi ginenean "buzoiaren" bila hasi ginen, ez baikenuen ikusten. Aurretik esan beharra dago Kilixketan buzoirik ez dagoela, plaka bat baizik, baina elurrak estalia zegoela uste genuen. Hainbat harkaitzei elurra kendu ondoren azkenean plaka topatu eta argazkia egiteko aukera izan genuen.

Kilixketako "buzoia" topatu ondoren.


Txindoki Kilixketatik, pena hemengo elurrak horren gutxi (eta hain bigun) irautea.


Argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Kilixketan behera Esnaurreta bordetara egin genuen bidea.


Jaitsieran Iker Karrera mendi lasterkariarekin topo egiteko aukera izan genuen. Harritu gintuen korrikan ez ikustea eta bi makulu eta motxila batekin oinez zihoan. Pentsatzen dut 2015ean izandako lesioaren tuneletik irtetzen arituko dela. Dena den badaezpada ez genion galdetu ere egin nondik zetorren, jejejeje.

"Aupa" batekin elkar agurtu eta bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen. Kilixketatik beherako bidea azkar-azkar egin genuen, tartean "Aranzadi" izena duen trikuarria bisitatuz. Hasieran harritu gintuen Aranzadi zientzia elkartearen izen bera izatea, baina gero etxean, Imanol Goikoetxearen Aralar mapan begiratu eta baieztatu nuen trikuharriaren izena Aranzadi dela.

Aranzadi trikuharria.


Trikuharria bestaldetik ikusita.


Trikuharritik behera bidea nahiko zuzen jarraitu genuen, 2015ean leku honetan egindako mendi-garbiketaren ondorioz oterik ez dagoela aprobetsatuz. Lehenengo metroak zalantzarekin hasi genituen, irrist egingo genuenaren beldurrez, baina zapatilek ederki eusten zutela ikusita frenoa kendu eta ziztu bizian (gure ziztu bizian noski, jejejeje) jaitsi ginen, Esnaurreta I bordara di-da batean iritsiz.

Josebaren bordara iristen.


Bordaren sarrera.


11:05, Esnaurreta I borda, 800 metro inguru. Josebaren bordan (Esnaurreta I) eguneko azken atsedena hartu genuen, baita luzeena ere. Motxilak kendu barratxo bana jan eta eguzkiaz disfrutatzen izan ginen. Bide batez, beti egiten dugun moduan, Blokeri bisitatxoa egin eta bere inguruko istorioak kontatzen aritu ginen, ezinbestean hunkituz.

Iker Blokeren oroimenez landatutako pagoaren ondoan.


Blokeri "gero arte" esan eta itzulerako bidea hartu genuen. Itzultzeko Intxustitik honaino datorren ohiko bidea jarraitu genuen, baina kontrako norantzan. Bide honen azalpenak hemen irakurri daitezke.

Honela, ibilbide eder bat eginez korrika txikian berriro ere kotxera 11:30tan iritsi ginen. Traste guztiak jaso, kotxean sartu eta etxerako bidea hartu genuen, elurra denbora luze baterako iritsi ote denaren esperantzarekin.

Txindokiri jaitsieran egindako argazkia.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina