AZKEN 10 SARRERAK

2020/02/09

LEZITZA EDO LEZIZAGOA (1.350 m) ETA BERIAIN (1.493 m): GAANDURDIA PAXA ETA LEZITZAKO HEGO-HORMAKO IRTEERA ZUZENETIK, III. 2020/02/02

2014. Lezitza edo Lezizagoa mendiaren gailurrean, atzean Beriain. Hego-horma bertikala ikusgarria da.


Beriaingo hego-horma osatzen duten paxa nagusietatik Gaandurdia zen ibili eta inbestigatzeko falta zitzaidan bakarra. Paxa hau alderik alde zeharkatu nahi nuen Beriaingo lautadan amaitu zitekeen irteera zuzen baten bila. Arrazoi hau gutxi ez bada, Akerregiko paxan gora eta behera ibilitako batean, azpian duen Gaandurdia paxara zuzentzen zen "couloir" itxurako bat ikusi nuen: korridore honek beheraino jarraitutasunik izango du? Izan zen sortu zitzaidan galdera.

Gaandurdira zuzentzeko bi arrazoi nituen dagoeneko: batetik, korridorearen misterioa argitzea, bestetik, paxa alderik alde zeharkatu eta bertatik Beriaingo lautadara irteera zuzenen bat eskalatzeko aukerarik zegoen inbestigatzea. Arrazoi nahikoak ziren bisita bat egiteko. 

Onartu beharra daukat kronika honetan azaldutako ibilbidea kasualitatearen fruitua izan zela, Unanutik irten nintzenean non eta nola ibili eta non eta nola amaituko nuen argi ez nuelako. Eta etxetik idazteak ematen duen distantzia eta epeltasunetik esan beharrada daukat lortutako emaitzarekin oso gustura nagoela: ibilbide luzea, paisaia ederrekoa eta mendi baten gailurretik oso hurbil amaitzen dena. Baina baita ere esan beharra daukat, kronikan irakurriko duzuen bezala, irteera zuzena eskalatzen espero baino estutasun gehiago pasako nuela. Dena den, irteera zuzen hau ez dago halabeharrez eskalatu behar Lezitzara igotzeko; paxaren azken metroetan Ergoiena bailaratik datorren ohiko bidearekin bat egiteko aukera dugu, igoera oinez egiteko aukera emanez.

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi nuen. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz, Iturtxiki iturrira iritsi eta, metro batzuk gorago, Beriaingo ohiko bidea utzi nuen, Lezizagoako bidean gora hasteko. Egurrezko langa bat atzean utzi eta 80 metro ingurura, pagadian sartu eta Gaandurdi bidea jarraituta, Lurgorri harritza nabarmena ezkerrean utzi ondoren Gaandurdiko pokala harritzara iritsi nintzen.

Harritza zuzen igotzea badago ere, eskuinean duen pagaditik igo nuen, Gaandurdia paxaren altuerara iritsitakoan eskuinera pasatu eta eta pagadia uzteko. Hemendik aurrera paxa alderik-alde zeharkatu nuen Lezitza mendiaren hego-hormara iritsi arte.

Irteera zuzena Lezitzaren ekialdean gelditzen da. Lehen metroetan harkaitz oneko horma bertikal bat eskalatu (III) eta lur eta harri askez estalitako horma inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen (II+), bigarren horma bertikal batekin topo egin arte. Bertan eskuinera bota eta, ageriko pasabide bat zeharkatuz (II), belar eta harkaitzez estalitako kanal zabal batera iritsi nintzen. Hormatxo etzan bat eskalatu ondoren (II), goiko lautadara ateratzeko bi aukera daude: eskuinetik oinez edo ezkerrean dagoen tximini estu bat eskalatuz. Nik bigarren aukera hartu eta, tximinia eskalatu ondoren (II+), Lezitza edo Lezizagoaren gailurrera iritsi nintzen.

Lezitzatik Beriainera mendiaren alde honetatik doan ohiko bidea jarraituz iritsi nintzen.

Jaitsiera Eguterako bidetik egin nuen. Jaitsiera honen inguruko informazio zehatza kronika honetan irakurri dezakezue.

Ibilbidearen nondik norakoak. Zuriz, igoeran oinez egindako bidea; gorriz, irteera zuzena eta orlegiz jaitsierako bidea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 15,7 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.230 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: III zailtasuneko hormatxo bat. Zailtasun handirik ez badu ere, harkaitzaren kalitatea dela eta, kontu handiz ibili beharreko ageriko pasabide bat dauka. Goiko lautadara iristeko eskalatutako tximinia (II+) eskuinetik oinez ekidin daiteke.
- Ura: Unanun eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Beriaindik Eguterako bidea jarraituz ordubete pasatxoan (arin ibilita) Unanura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Paxaren inguruan eta gainetik ardi eta putre asko ibili eta noizik eta behin harriak botatzen dituztenez, kaskoa eramatea gomendagarria izan daiteke. Honetaz aparte ez nuen material gehiago eraman baina 30 metroetako soka bat eta autobabeserako material pixkat eramatea ez litzateke gaizki etorriko irteeraren zatirik tekniko eta agerikoena nolabait aseguratzeko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Bost ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Lezitza edo Lezizagoako hego-hormako irteera zuzenaren krokisa.


DESKRIBAPENA

"Candelaria hotz, negua motz; Candelaria bero, negua gero" bota zuen irratiak Unanuko bidean nindoala. Eta ez zen gutxiagorako: Etzegarate mendatearen gainan kotxearen termometroak 15 Cº adierazten zituen bitartean, Unanuko elizaren ondoan 8 Cº zeuden. Esaera hitzez-hitz hartzen badugu, negua oraindik iristear dagoela baieztatu genezake, jejeje.

Goizeko zazpirak eta erdi ziren Unanu erdi ilunpean utzi nuenean. Noiz itzuliko nintzen jakin gabe, lehen pausuak itxaropentsu eman nituen, Gaandurdia paxako zirrikituren batean irteera eder bat topatuko nuela ziur nengoelako.

Azkenaldian sarritan ibilitako bidea pilotu automatikoa piztuta igo nuen, inguratzen ninduenari harreta berezirik jarri gabe, Iturtxiki iturrira iritsi nintzen arte. Bertan, hego-haize goxoak eragindako beroaren eraginez, ur freskoa edateko tarte bat hartu, txamarra kendu eta manga motzetan gelditu nintzen. Nork esango zuen otsailaren hasieran mendian manga motzetan ibiliko ginela!!! Irratian Candelaria egunari buruz entzundakoa gogora etorri zitzaidan...

Iturritik gora, pilotu automatikoa berriro ere piztu eta Lezizagoa pistan gora jarraitu nuen, ezertan pentsatu gabe, ezertan arreta jarri gabe, Gaandurdi bidearen amaieran Gaandurdiko pokala kanalarekin topo egin nuen arte (bertara iristeko bidearen azalpen zehatza hemen irakurri dezakezue).

Oraingoan ez nintzen kanala zuzenean igotzen hasi. Bertako harritza alde batera utzita, eskuinera bota eta pagadian gora metroak arin irabazi nituen, basoaren mugara iritsi aurretik, eskuinera jo eta Gaandurdira iritsiz.

Gaandurdira iristeko pagaditik jarraitutako bidea. Pagadiaren atzean, argazkian ez da ikusten, Gaandurdiko pokala kanala dago.


Eguzkiak, zeruertza osatzen duten mendien atzetik ateratzearekin batera, pareko ikusmira itsutu zidan, eguzkitako betaurrekoak jartzera behartuz. Metroak pixkanaka irabaziz, txamarra gorri eta zahar bat arantzen artean harrapatuta duen elorri bakarti batera iritsi nintzen.

Txamarradun elorrira arteko bidea.


Helburuetako bat paxa honetatik gora irteera zuzen bat aurkitzea zenez, Akerregiko paxatik amiltzen den hego-hormatik gertu mantentzea erabaki nuen. Ganga itxurako sakonune bat atzean utzi ondoren, azpian, pagoen artean, Gaandurdipetako kaskailluaundia izeneko harritza azaldu zen.

Gaandurdipetako kaskailluaundia pagadiaren erdian.


Harritzaren gainetik dagoen kanal itsurakoak paxan sakonune zabal bat osatzen du bidea oztopatuz. Batera eta bestera begiratu ondoren, aurrera jarraitu ahal izateko, sakonunearen goiko ertzetik doan pasabide estu bat zeharkatu nuen, kanalak sortutako amildegia eskuinean utzita.

Pasabide estura iristen.


Aitortu beharra daukat hain paxa zabalean honelako pasabide estu bat ez nuela espero. Pasabideak ez dauka zailtasun handirik, baina eskuinera eroriz gero zartako galanta hartu daiteke. Kontu handiz, oreka mantenduz, pasabidea atzean utzi eta argazki bat egin nion.

Pasabide estua atzean utzi ondoren. Zailtasunik ez dauka, baina bertan erortzea ez da komeni.Argazkian Lizarraga herria itzalpean ikusi daiteke.


Hemendik aurrera zailtasunak desagertzen dira. Beraingo hego-hormari egindako argazki bat erreferentzi bakartzat, noizik eta behin begirada bat botatzen nion erreferentzia baten bila. Argazkian paxaren erdian dauden bi pago berezi identifikatuak nituen. Pasabide estua atzean utzi eta metro gutxietara bietako lehenengoa azaldu zen.

Lehenengo pagora iristen, atzean bigarrena ikusi daiteke.


Pagoaren ondora berehala iritsi nintzen. Argazki bat azkar-azkar eginez, ia gelditu gabe, aurrera jarraitu nuen.

Lehenengo pagoa. Uste nuena baino askoz handiagoa zela iruditu zitzaidan.


Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko mapa toponimikoaren arabera, bi pagoen arteko tartean paxak Zapargorri izena hartzen du, baina zehazki non den ez nekien. Tarte honetan abiadura moteldu eta, paretik zetorrenari baino, ezkerreko hego-hormari arreta gehiago jarri nion, bila nenbilen "couloir" hura bigarren pagora iritsi aurretik zegoela nekielako, hormaren erdian nabaria den zulo zuri batetik gertu. Hau dela eta, "couloir"-era iristeko giltza izango zutelakoan, paxatik gora ikusten nituen erlaitzetara igotzen hasi nintzen, batetik baino gehiagotik jaisteko eskuak erabiltzera behartuz.

Igotako erlaitzetako batetik atzera egindako argazkia. Urdinez, erlaitzera igo gabe jarraitu daiteken bide erosoa.


Goiko argazkia egindako erlaitzetik jaisteko eskuak erabili behar izan nituen hormatxoa. Urdinez, zailtasunik gabeko bidea.


Hego-horma goitik behera begiratzen banuen ere, bertikaltasunari ez nion inongo ahuldaderik aurkitzen. Horman dagoen zulo zuri nabarmenaren azpira iritsi nintzenean,"Couloir"-era iristeko bide bat topatzearen itxaropena, kafe berora botatako azukre-koxkorra bezala, urtzen hasi zen.

Zulo zuri nabarmena.


Gainean neraman argazkiaren perspektibak engainatu ninduela pentsatuz, "couloir"-aren bila aurrera jarraitu nuen, paxako bigarren pago nabarmena atzean utzi nuen arte.

Bigarren pagoa atzean utzi ondoren. Atzean, laino artean, Aizkorri. Zulo zuri nabarmenaren kokalekua ere ikusi daiteke.


Hormaren bertikaltasunean irteerarik ez topatzea etsipen sentimentua sortu zidan. "Couloir"-a ikusi nuenean, azpitik goraino eskalada eder bat egitearen aukera berehala irudikatu eta amestu banuen ere, zaplazteko bat jaso izan banu bezala sentitzen nintzen, seinale baten zain egongo banintz bezala, iritsiko ez zen seinale baten zain. Begirada lurrera zuzendu eta loratzen hasitako lili horien artean galdu nuen, indargabe, infinituari begira.

Metro gutxietara hegan hasi zen putre baten hegoen zaratak etsipenetik esnatu ninduen. Zain nengoen seinalea ote? Bat batean paxa honetara etortzearen bigarren arrazoiaz gogoratu nintzen: "ea hemendio gora ateatzeko bide zuzenen bat topatzeten". Hormari tristuraz azkenekoz begiratu eta, berriro ere animatuz, martxan jarri nintzen.

"Ea hemendio gora ateatzeko bide zuzenen bat topatzeten". 


Akerregiko paxaren irteera atzean gelditu eta niretzat ezezaguna zen mundu batean sartu nintzen. Paxak osatzen duen muino bakoitza gogotsu igotzen nuen, honen atzean amestutako irteera zuzena topatuko nuela itxaroten nuelako. Baina muino guztien atzean horma bertikala besterik ez nuen topatzen, itxaropena hurrengo muinoan jarriz.

Igotako muinoetako batetik egindako argazkia. Itxaropen osoa hormak osatzen zuen sakonune bakoitzean jartzen nuen.


Hormak osatutako sakonune bakoitza goitik behera arakatuz, metroak irabazten joan nintzen, besteak baino handiagoa zen muino baten gainera igo nintzenean aurretik nuen paxa zatia bere osotasunean ikusi nuen arte.

Zur eta lur gelditu nintzen. Hormaren bukaeran, betortz baten moduan, oso urrun, Lezitza ageri zen.

"Hormaren bukaeran, betortz baten moduan, oso urrun, Lezitza ageri zen".


"Hauntzaño jun beharkoet?" Pentsatu nuen, etsipenaren itzala berriro ere luzatzen hasten zela sentituz. Une batez buelta hartzearen ideia burutik pasa zitzaidan. Batetik, pereza handia ematen zidan paxa alderik alde "alperrik" zeharkatzea, baina bestetik irteera eder bat galtzearen ideiak amorratzen ninduen. Batera eta bestera begiratu ondoren, gogoak buruari irabazi eta aurrera jarraitzea erabaki nuen, aurretik ikusten nituen erreferentzia ezberdinak bata bestearen atzetik utziz: harkaitz handi baten ondoan jaiotako pagoa, eroritako hesi bat, zuhaixka berezi bat... Fuentefria baltsa parean ikusi nuen arte. Paxari dagokionez, eta beti ere Nafarroako Gobernuko SITNA web orriko mapa toponimikoa oinarri hartuta, paxaren zati ezberdin gehiago zeharkatu nituen: Futreko abeta, Otabeltz, Arrondo, Lezizagoko arrondoa...

Harkaitz handi baten ondoan jaiotako pagoa ...


... eroritako hesi bat...


Atzera begirada...


"... Fuentefria baltsa parean ikusi nuen arte".


Fuentefria baltsatik gertu Ikerrekin pasata nengoen, 2014an Lizarragako mendatetik Beriainpunta arte joan etorria egin genuenean. Txarrenean banekien baltsara iritsi gabe Lezizagoko ohiko bidetik, Ergoiena bailaratik datorrena, Beriaingo lautadara zailtasunik pasa gabe igoko nintzela. Ohiko bidera iritsiko nintzenaren ideiak geroz eta pisu handiagoa hartzen zuen bitartean, hormaren oinetik ahalik eta gertuen mantentzea erabaki nuen, bide honetara ahalik eta goienen iristeko asmotan.

Lezitzaren gailurretik paxaraino erortzen den ezproi itsurakoa inguratu ondoren, bat batean buruan nituen asmo eta ideiak desagertu ziren.

Lezitzatik behera doan ezproia inguratu nuen lekua. Argazkian tentea ikusten bada ere, ez dauka inongo zailtasunik eta oinez arazorik gabe pasatzen da.


Hormak lehen aldiz ahuldade bat agertzen zuen. Orratz bertikal baten ezkerrean kanal zabal bat zirudiena irekitzen zen. Bertara iristeko eskalatu beharko nuen horma bertikala ez zela ikusteak animatu egin ninduen. Baina, nondik igo? Hormaren eskuin aldea hagin-zuhaixkek hartua zuten bitartean, ezkerraldean, belar eta harkaitzez estalitako zati tente baten ondoren, eskuin aldera kanala arte iristen zen zeharkaldi nabarmen bat zegoela zirudien.

Kaskoa jantzi nuenean orain arte baloratu gabeko zalantza bat piztu zitzaidan: horma eskalatu ondoren, kanalak goitik irteerarik ez badu? Hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatzearekin batera kaskoa berriro ere kendu nuen.

Une batez zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Telefonoa poltsikotik atera eta estaldura nuela ikusi nuenean, "a tomar por sako, txarrenen MATekoi guatxapa bidali ta goitio soka bat botakoiate" pentsatuz, kaskoa berriro ere jarri eta hormara zuzendu nintzen.

Horma, azpitik dirudiena baino bertikalagoa bada ere, nire harridurarako, lehen metro bertikal hauetan harkaitz on eta sendoa topatu nuen. Metro bertikal hauek eskalatu ondoren (III), ezkerrera bota eta belar eta harriz estalitako tartera atera nintzen. Bertako lehen harriari heldu eta eskuan gelditu zitzaidanean alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bat batean orain arteko segurtasun eta konfiantza osoa galtzen hasten nuela sentitzen hasi nintzen. Arnasketa eta bihotz taupadak azkartzen ziren heinean belar zati hau eskalatu (II+) eta bidea mozten zidan horma bertikalaren oinera iritsi nintzen, zeharkaldia hasten den lekuaren ondoan.

Zeharkaldia nolakoa zen ikustera hurbildu nintzenean, gauzak ez ziren hobetu. Parean, harri zalantzakorrez estalitako zeharkaldi estu eta agerikoa nuen, azpitik zirudien zeharkaldi nabarmenetik urrun zegoena. Orduan, paxara nola jaitsi pentsatzen hasi nintzen. Eskalatutako horma zen aukera bakarra, baina belarrez estalitako zatia jaistea arriskutsuegi zela pentsatu nuen.

Behera begiratzeak ez zidan lagundu eta azpiko paxa geroz eta beherago ikusten hasi nintzen. Aurretik nuen pasabidearen zailtasunak baino istripu bat izateak beldurtzen ninduen, bakardade sentsazio desatsegin bat nagusituz, horman geroz eta txikiago sentituz. Bertatik ateratzeko aukera bakarra nuen, aukera honi heltzea zen falta zitzaidan gauza bakarra: "Smithy, aurrea jarraitzea besteik eztau" animatu nintzen, arnasketa kontrolatzen saiatzen nintzen bitartean.

Zeharkaldiaren gaineko horma aztertzen hasi eta eskuentzat sendoak ziruditen pare bat helduleku topatu nituen. Arnasa sakon hartuz, helduleku hauetara eutsi eta, oinak zeharkaldia estaltzen duten harkaitzetan jarri nituenean, gorputzaren pisua eusten zutela ikusi nuen. Eskuentzat pare bat helduleku gehiago aurkitu, oinak arrautzekin estalitako lur gainean mugitzen ariko banintz bezala mugitu eta, arnasari ahal izan nion moduan eusten, zeharkaldiaren 3-4 metro estu eta agerikoenak atzean utzi nituen. Pare bat metro gehiagoren ondoren, hagin-zuhaixken gainetik ibiliz, zeharkaldia atzean utzi nuen (II).

Irteera zuzenaren lehen metroak kanalera iritsi arte. Beharbada hagin-zuhaixkak dauden lekutik eskalada seguruagoa izan daiteke.


Ageriko zeharkaldia bertatik pasatu eta gero.


A zer nolako lasaitua hartu nuen kanal zabala itsuraz lautadaraino iristen zela ikusi nuenean!!!

Adrenalinak uzten duen arnasestua eta garratz zaporea ahoan oraindik nituela, argazki batzuk egin eta kanalean gora jarraitu nuen.

Kanala zeharkaldiaren amaieratik ikusita.


Zeharkaldian pasatako estutasunaren ondoren, kanala eskalatzen jarraitzea luxua iruditu zitzaidan. Belarratik igo beharrean harkaitzaren gainetik eskalatzen jarraitu nuen (II) kanalak horma baten kontra talka egiten duen lekura arte.

Kanala goitik ikusita.


Kanalak, inongo zailtasunik gabe, hormaren eskuinetik Beriaingo lautadaraino jarraitzen badu ere, begirada hormaren ezkerrean dagoen tximinia estu batera joan zitzaidan.

Zuriz, kanalak jarraitzen duen bidea, oinez Beriaingo lautadaraino eramango gaituena. Gorriz, tximiniara zuzentzeko bidea.


"Earra izangozan bidea tximinie eskalatzen bukatzea" pentsatu nuen. Minutu batzuk lehenago pasatako estutasuna gogoan, tximinian berriro ere estutzen hasteko gogo handirik ez nuen. Hala ere, tximinia zer nolakoa zen inbestigatzea ideia ona izan zitekela pentsatu nuen.

Irteerako tximinia.


Tximinia zirudiena baino tente eta estuagoa bazen ere, bertako harkaitza nahiko sendoa zela ikusteak animatu ninduen. Honez gain, eroriz gero istripu larria izateko arriskurik ez zegoela iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe eskalatzen hasi nintzen. Azken eskalada hau lasai hartu nuen, eutsi aurretik helduleku bakoitza sendoa zela ziurtatuz. Konturatu nintzenerako, tximiniaren 5-6 metroak eskalatuak nituen, Beriaingo lautadara iritsiz (II+).

Tximiniaren gainetik egindako argazkia.


Lautadan topatu nuen lehen harkaitz zabalean eseri eta, azken minutuetan lehen aldiz arnasa lasai hartu nuen. Kaskoa kendu eta haize goxo batek aurpegia freskatzen zidan bitartean, begiak itxita, eskalada errepasatu nuen. Ez dakit hagin-zuhaixkek estaltzen duten hormaren eskalada seguruagoa izango den, baina kontutan hartzeko aukera izan daiteke. Trago bat ur edan, kaskoa motxilan gorde eta Lezizagoaren gailurrera zuzendu nintzen.

2014an egindako argazki honetan tximinia eta bertatik gailurrera dagoen bidea argi ikusi daiteke.


Gailurrera iritsi nintzenean denbora nahi baino azkarrago zihoala ikusi nuen. Telefonoa poltsikoan gorde eta, gailurrean argazkirik egin gabe, ibilbidearekin arin jarraitu nuen, Beriainera ahalik eta azkarren iristeko asmoz.

Lezitzatik Beriainera gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Berrogeita bost minutu beranduago, hankak nekatzen hasita, jendez betetako Beriaingo gailurrera iritsi nintzen. Jendearen artetik pasatu, buzoiari argazki bat egin eta, ia gelditu gabe, gailurra atzean utzi nuen.

Beriaingo buzoia eta Lezitza (Lezizagoa) mendia.


Jaitsieran, gailurrera jendetza zihoan. Honelakoetan, mendizaletasuna mendeetan oinarritu duten balore eta idatzi gabeko arau eta ohiturak ahultzen (edo aldatzen, nork daki) ari direla iruditzen zait. Batzuk ez dakite igotzen ari denak lehentasuna duela; beste batzuk, azpitik jendea igotzen ari dela kontutan hartu gabe, harrikaran behera korrika hasi eta harriak bota ondoren txantxak egiten dituzte; azkeneko batzuk aldiz, zaborra ez dute jasotzen... Zorionez, balore hauei oraindik ere eusten dieten mendizaleekin ere topo egin nuen.

Ia egun osoan bakarrik ibili ondoren, ezeroso sentitu nintzen hainbeste jendearen artean, garai bateko mendizaletasuna bizitzeko modutik bizirik dirauen mendizale bakarti baten moduan. Honegatik, oraingoz hain masifikatua ez dagoen Egutera bidetik jaistea erabaki nuen, baita asmatu ere. Bost ordu eta erdiren ondoren Unanuko kaleetan nengoen berriro ere, nekatuta, baina zoriontsu.

Kotxearen maletategian eserita, mendiko boten zolari lokatza kentzen nion bitartean, burua eskalatutako irteerara joan zitzaidan. Ez da irteera garbi eta elegantena, baina bai Beriaingo hego-hormako paxa baxueneko irteera posibleetatik erraz eta zuzenena. Horma eskalatzen nuen bitartean beldurra pasa nuela ez dut ukatzen, baina beldurrari aurre egin eta onik ateratzearen ikasketa askoz handiagoa izan zen. Eta ikasketa hau izan zen motxilaren barruan etxera eraman nuena. Azken finean, mendiak, ispilu baten moduan, gure beldurren aurrean jartzen gaitu, gure gogo eta ametsen aurrean, gure izatearen aurrean, gure zaurgarritasunaren aurrean. Gure esku dago ispiluan ikusten duguna ukatu, onartu edo, aurre eginez, aldatzea. Baina, beti ere, etxera itzuli beharra dugula ahaztu gabe. 

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina