AZKEN 10 SARRERAK

2024/07/10

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "MOLE" BIDEA, 145 m, V, V/A1. 2024/06/30

"Mole" bidearen hasiera adierazten duen kordela.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Udaren hasiera udaberriaren tankerakoa izaten ari da, freskoa eta euritsua. Hau dela eta, azkenaldian behin eta berriz ari gara euririk egingo ez duen tarte baten bila eguraldia iragartzen duten aplikazioetan. Honela gertatu zen “Mole” eskalatu genuenean ere:

- Aupa Antxon, badirudi bihar goizean euririk gabeko tregua bat izango dugula Eginon eta Asier eta biok “Mole” bidea frogatzeko geratu gara (ia informaziorik ez duen 2020an irekitako bide bat). Apuntatzen zara?
- OK, “pakete” moduan eramaten banauzue, jejeje.

Luca” irekitzen ari ginela, “Barraskiloen gandorra”-en eskuinean dagoen gandor txikiago batek atentzioa deitu zigun. Ibilbide estetikoa zuela zirudien eta, paretik ikusita, ez zirudien teknikoki zailtasun handikoa. Zailtasun serio bakarra gandorraren amaieran dagoen horman izango zuela zirudien, horma oso makurtua eta leuna zirudielako. “Gakoa” hormaren eskuinean dagoen ezproian edo ezproi honek hormarekin osatzen duen diedroan egon zitekeela pentsatu genuen. Egunen batean soka hormaren gainera lotu eta, bertatik zintzilikatuz, enigma honi erantzuna ematen saiatuko ginela adostu genuen.

Shantik bidali zidan "Mole" bidearen krokisa, Aiaraldea komunikabide faktorian argitaratu zena.

Ekainak 20an Shantiren mezu bat jaso nuen, Ihabarko “with friends” ireki zutenetako bat. Bertan, “Barraskiloen gandorra” eta “Luca”-ren artean bide berri bat deskubritu zuela esaten zidan, “Mole” izenekoa. Bidali zidan krokisa ikusi nuenean berehala ohartu nintzen Asierrek eta biok ikusi genuen gandor txiki hura zela: “dagoeneko misterioa argituta!!!” Pentsatu nuen. Krokisarekin batera, "Mole"-ren istorioa kontatzen duen artikulu bat ere partekatu zidan. Artikulu hau Aiaraldea komunikabide faktoria aldizkarian argitaratu zen eta, honen arabera, bidea lan istripu batean hil zen Aitor Molero “Mole” gazte laudioar eskalatzaile eta lagunaren omenez ireki zuten Alfredo Hernandez eta Joxe Blanco laudioarrek 2020ko maiatzak 31 eta ekainak 10 artean. Eskalada-bide guztiek eta hauen izenek istorio ezkutu edo intimo bat izaten dute atzean. "Mole"-ren istorioak hunkitu ninduen: “Ze detaile ona!!!!”, pentsatu nuen.

Asierri berehala eman nion “Mole”-ren berri eta euriak aukera bat emango zigun tarteetako batean saialdi bat emango geniola adostu genuen. Eta tarte hau ekainaren azken egunean iritsiko zenaren itxaropenez etxetik irten ginen Antxon jasotzea.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 145 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Alfredo Hernandezek eta Joxe Blancok 2020ko maiatzak 31 eta ekainak 10 artean.
- Zailtasuna: V, A1/V. Luzez-luze: 1ºL: IV (55 m), 2ºL: V (40 m), 3ºL: V/A1 (20 m), eta 4ºL: III (30 m). Bide osoan iltze bat (bigarren luzean) eta bi espit (hirugarren luzean) topatu genituen. Lehenengo eta hirugarren bilguneak harkaitz-zubi batetik pasatako kordel edo zinta bat eta iltze batekin muntatuta daude.
- Orientazioa: Ekialdea. Arratsaldetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketaren arabera, Eginoko edo Lezeko iturrian.
- Hurbilketa: Hurbilketa “Luca” bidearen hasieratik gora doan bidexka jarraituko dugu leze nabarmen baten ezkerrean dagoen monolito triangeluar baten oinera arte. Bidea, monolito honen ezkerrean dagoen horma inklinatuaren oinean hasten da, “Barraskiloen gandorraren” bigarren bilgunera arte luzatzen den erlaitz belartsu batean. Bidearen hasiera harkaitz-zubi batetik pasatako kordel zahar batek adierazten du
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdinetako 12 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, friend eta artaka-trabagailu sorta eta estribu bat hirugarren luzerako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez moleztatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

"Mole" bidea (gorriz, 2 zenbakia duena) kokatzeko krokis orokor bat. Bertan, blog honetan azaldutako beste bide batzuk ikusi daitezke.

"Mole" bidearen nondik norakoak. Ezkerrean puntu zuriz "Barraskiloen gandorraren" ibilbidea adierazita dago, baita bide honen bigarren bilgunea ere, erreferentzi bezala hartzeko. Argazkia handituz gero bidean jarritako aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.

Krokis zehatza. Hemen ere argazkia handituz gero bidean jarritako aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.


Hirugarren luzearen krokis zehatza. Luzean dauden bi espit-en kokalekuak ikusi daitezke.

DESKRIBAPENA

Azkenaldian Eginoko eskalada-bideen oinera iristen garen bakoitzean badirudi egun bera bizitzen ari garela behin eta berriz: zeru motelak, bide eta bidexkak ur-tantaz estalitako belarrez hartuak, hezetasun itogarri bat airean, zapatila eta galtzerdiak bustiak eta arropa izerditan blai. Eskerrak hain positiboak ez diren aspektu hauen gainetik motibazioa eta eskalatzeko eta abentura berri bat bizitzeko gogoa gorenean izaten dugula, bestela ez ginen ohetik jaikiko, jejeje.

Kosta zitzaigun eskaladaren hasiera adierazten duen kordela aurkitzea, bidea ireki zutenek utzi zuten testigu isila, denborak kolorea kendu diona harkaitzarekin mimetizatuz. “Barraskiloen gandorra”-ren bigarren bilgunera arte luzatzen den erlaitz belartsu eta inklinatu batean dago “Mole”-ren hasiera, “Luca”-n eskalatzen den ezproiaraino luzatzen den xendatik gertu.

Asier bidearen hasieran. Kordela ez da ikusten bere atzean dagoelako.

Kordel finaren gainetik begiratu nuenean belar bustia besterik ez nuen ikusi:

- Katuk lehorrak eramatea kostako zaigu – esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena bete-betean asmatuz.
- Pentsatzen dut hasieran bakarrik ibili beharko garela arretaz – erantzun zuen Antxonek – goiko zatian harkaitza bakarrik dagoela dirudi.

Kordelatik gorako ikusmira.

- Lehenengo luzea, 55 metro, IV. Kordelaren gainetik eskalatzen hasi eta metro gutxi batzuetara dagoen harkaitz-bloke handira zuzendu nintzen (II+), belar bustia ahal izan nuen neurrian ekidinez. Katu-oinetako zolak bustiak daudenean lehenengo metroak izaten dira arriskutsuenak, irrist egiteko aukera handia delako. Lehen metro hauetan, euriak asfalto lehorrerako gurpilak aldatu ez dituen F1-ko pilotu bat harrapatzen duenean bezala sentitzen zara, mugimendu guztiak kontu eta zuhurtzia handiz egitera behartua.

Harkaitz-blokearen parean.

Harkaitz-blokea ezkerretik eskalatu (III) ondoren, harkaitz-plaka trinko baten eskuin ertzetik jarraitu nuen. Lasai nindoan, seguru, konfiantzaz betea, baina Antxonetik urruntzen ninduen tartea oso luzea izatera iristen ari zela ikusi nuenean horman dauden harkaitz-zubietako batean luzearen lehen asegurua jartzea erabaki nuen (III): “Eskalatzaile eta alpinista profesionalak ez dira pasagune zailetan hiltzen” izaten da gure artean maiz errepikatzen dugun esaldia “gehienetan pasagune errazetan hiltzen dira, sokaz lotu gabe daudenean”.

Lehen asegurua jartzen.

Harkaitz-plakaren amaierara iritsi nintzenean, belar tarte txiki bat gurutzatu eta amaieran lehenengo bilgunea duen gandor triangeluar zabalera igo nintzen. Katu-oinak bustiak nituen berriro ere, honegatik errazenetik jarraitu nuen eskalatzen, tarteka harkaitz-plaka sendo batetik (IV-). Eskalada atsegina iruditzen ari zitzaidan nahiz eta noizik eta behin kolokan topatu nuen harriren bat (bakarren bat tamaina handikoa) kendu behar izan nuen.

Gandor triangeluarraren lehen metroetan.

Une batean, horma tentetzearekin batera harkaitz-plaka trinkoa bihurtzen zela ikusi nuen. Harkaitz-plaka hauek argi eta itzalak dituzte: harkaitza oso ona izaten da eskalatzeko baina aseguruak jartzeko aukera gutxi izaten dute. Harkaitz-plakaren amaieratik hiru metro eskasera nengoen baina bertatik eskalatuz gero IV-tik gorako zailtasuna aurkituko nuela kalkulatu nuen, harkaitzaren kalitatea ezin hobea bazen ere. Hau ikusita, beste irtenbide baten bila hasi nintzen:

- Ezkerren kanal antzeko bat dau – esan zidan Asierrek -. Hortik errexago dela emateo.

Asierrek adierazi zidan lekura begiratu nuenean bertako harkaitz hauskorrak ez zidan konfiantzarik eman, baina ez nuen alternatibarik hobeagorik ikusi. Honela ba, harkaitz-plakak ezker ertzean osatzen duen arrailan friend bat sendo sartu ondoren ezker aldera mugitu eta arrail hau aprobetxatuz harkaitz-plaka ezker ertzetik eskalatzea lortu nuen, bertan topatu nituen harkaitz solte batzuk kentzen nituen bitartean (IV).

Kanal itxurakoan.

Hemendik gora harkaitz-plakak trinkoa izaten jarraitzen duen arren heldulekuak oparoak dira. Hormaren amaiera arte eskalatu behar diren azken metro hauek zoragarriak iruditu zitzaizkidan (IV-).

Hormaren amaieran.

Nire aurretik pixkanaka inklinatuz zihoan gandor etzan bat agertu zen.

- Zenbat soka geratzen da? – Galdetu nien.
- 10 metro eskas – erantzun zidan Antxonek.

Eskalatuak nituen metroak kontutan hartuta bilgunea ez zen urrun ibiliko. Gandorraren ezker aldera pasa eta, metro batzuk oinez ibili nituen. Belarrez estalitako erlaitz batera iritsi nintzenean iltze eta kordel batez osatutako bilgunea topatu nuen. Kordela bidearen hasiera adierazten duenaren tankerakoa zela ikusi nuenean, jarrita dagoen harkaitz-zubitik zinta-uztai bat pasatu nuen iltzea indartzeko:

- Reuniónnnn.

Lehen bilgunean. Nire gainean hirugarren luzeko arrail makurtua ikusi daiteke.

- Luze polita, ez? Gozatzekoa eta IV-ko zailtasunean egonkor mantentzen dena – Esan zuen Antxonek bilgunera iritsi zenean -. Garbiketa sakon bat emanez gero luze oso ona geratuko litzateke.

Antxon azkena zetorrenez, parean topatu zituen harkaitz askeak kentzeko aprobetxatu zuen.

Antxon luzearen azken metrotako harkaitz zoragarriaz gozatzen.

- Bigarren luzea, 40 metro, V. Asier bilgunetik gora zuzen irten zen, gandorraren ertzean dagoen harlauza nabarmen batera arte (III-).

Harlauzaren parean.

Harlauzaren gainetik gandorra harkaitz hauskorrez tapizatuta dagoela ikusi zuenean, honen ezkerrean dagoen harkaitz-plaka sendora pasatu zen, gandorrak osatzen duen branka itxurako ezproira zuzenduz (III).

Tentagarria bada ere, ezproia ikusi genuenetik ertzetik eskalatuko ez zela iruditu zitzaigun, honen ezkerretik doan kanal inklinatu eta belartsu batetik baizik. Izan ere, gero ikusiko genuen moduan ezproiaren gainean dagoen harkaitz-plaka erraldoia azpitik pitzatuta dago eta ez zitzaigun iruditu ezproira lotua zegoenik.

Asier kanal belartsura igo eta, belar bustia ez zapaltzeko kontu handia hartuz, metroak pixkanaka irabazten joan zen (V-), edozein momentuan branka erortzeko arriskua egongo balitz bezala.

Kanalaren lehen metroetan.

- Hemen iltze bat dau!!! – Oihukatu zigun zuhaixka baten parera iritsi zenean.
- Ondo!!! – erantzun nion -, Bide onetik goazen señale.

Kanala amaiera arte eskalatu zuen, kontu handiz, Asierrek ematen zien ukabilkadei konfiantzarekin erantzuten ez zieten harkaitz asko daudelako ezproian (V). Honelakoetan presio psikologikoa handia izaten da, eroriz gero jartzen joan zaren aseguruak trabatutako harkaitzek bere lekuan eutsiko ote duten argi ez duzulako izaten. Honegatik, hauen sendotasuna neurtzeko, harkaitzak kolpatzen ditugu ukabilarekin behin eta berriz.

Kanalaren amaieran, ezproiaren ertzera igotzeko prest.

Kanalaren amaierara iritsi baino lehen, kontu handiz ezproiaren ertzera igo zen. Baina bat-batean:

“BROOOMMMMMMMMM!!!!!”

Antxonek eta biok instintiboki gora begiratu genuen Asierrek istripuren bat izan ote zuen beldurrez. Baina ezproiaren ertzean zutik zegoela ikusi genuenean lasaitu ginen:

- Ertzen harri sueltok dare ta haundi bat bota det – esan zigun.

Ezproiaren ertzean.

Ezproiaren ertzetik lehenengo bilgunera egindako argazkia.

Burrunba handi honi beste txikiago batzuk jarraitu zioten. Asier garbiketa lanetan ari zen bitartean ezproiaren ertzetik jarraitu zuen punta batera iritsiz (III+). Lehenengo punta honen ondoren bigarren bat dator baina eskuinetik saihestu zuen metro batzuk gorago dagoen harkaitz-plaka arraildun eta trinko batera iritsi zen arte (III-):

- Bigarren reunioa nun montatzen da?
- Krokisaren arabera hirugarren luzeko fisuraren azpin – erantzun nion.

Ezproiaren amaieratik hirugarren luzearen hasiera arte 20 metroko oinezko ibilbidea dagoela ikusita, nahiago izan zuen hiru friend erabiliz bertan bilgune sendo bat muntatzea.

Eskaladan zehar topatu genituen harkaitz askeak kentzen saiatu ginen arren, bigarren luzean ere garbiketa bat faltan bota genuen, estetikoa eta ederra delako. Errepikatzen ez diren eskalada-bideek izaten duten madarikazioa da hau; denboran ahazten diren heinean naturak berreskuratzen dituela, hasieran zuten itxura basatia itzularaziz.

Antxon lehenengo punta atzean utzi ondoren.

Bigarren bilgunea.

Asierrek eta Antxonek bilgunea jasotzen zuten bitartean hirugarren luzea hasten den lekura hurbiltzen hasi nintzen, bigarren “bis” bilgunearen bila.

Asier eta Antxon bigarren bilgunean.

Bi punturen arteko tartea harri askez, lurrez eta belarrez estalitako erlaitz zabal eta inklinatu bat da. 20 metro inguru ibili ondoren, zuhaixka batzuen artetik igaro eta horma-hobi baten ertzera igo nintzen.

- Hemen bi espit ikusten die!!!! – Oihukatu nien lehenengo espit-a seinalatuz.

Lehenengo espit-a seinalatzen.

- Hirugarren luzea, 20 metro, V/A1. Belarretan ibilitako metroengatik berriro ere katu-oinak blai eta lurrez zikinduta nituen. Hau gutxi izango ez balitz, bidea eskalatzearen giltza duen laugarren luzea bustita zegoen.

- Dena alde dugu, jejeje – esan nien irribarretsu nire ondora iritsi zirenean.

Asier ni aseguratzeko horma-hobiaren azpian dagoen harlauza handi baten ondoan kokatzen zen bitartean, Antxonek altxor bat bezala gordetzen duen estribu bat pasa zidan lehen espit-etik zintzilikatzeko.

- Estriboekin igotzeko trukoa mailatan oinak gurutzatuz sartzea da – argitu zidan Antxonek -, bestela batera eta bestera mugituko zara egonkortasuna galduz.
- Oraingoz ea bigarren espitera iristeko gai naizen – erantzun nion -, ze oso altu daula emateu.

Eskaladan estribuak erabiliko nituen lehen aldia zen. Duela urte asko zinta-uztai bat erabilia nuen Alanoen mendilerroko "Mengual-Picazo" bidean maila bezala, baina ez zen konparagarria pausu isolatu bat izan zelako. Antxonek ematen zizkidan argibideei jarraituz ezker oina ahal izan nuen mailarik altuenean sartu eta, gorputza altxatu nuenean, eskuin-oina atzeko horman dagoen koska txikietako batean jarri nuen oreka mantentzeko. Postura honetan, horma-hobitik gora doan arrailan friend bat sartu nuen bertatik A0 moduan tira egiteko asmoz.

Friend-a sartu ondoren.

Express zintari tiraka, gorputza altxatzen jarraitu nuen, sokak eta arnesa lotzen dituzten "zortziko" korapiloak express zintaren mosketoiraino iritsi ziren arte:

- Eutsiiiiii!!!

Bigarren espit-era “iristen”.

Bigarren espit-etik zintzilik, hurrengo mugimendua aztertzen hasi nintzen.

- Hemendik gora seguro gehio ez dare – esan nien.
- Ta aseguratzeko?
- Juxtu gainen arbustillo bat dau – erantzun nien -, ta eskubiko fisuran igual fisurero bat jartzea lortuko det.

Arrailean artaka-trabagailu bat sendo trabatzea lortu nuenean, bertatik aseguratu eta, express-zintari tira eginez, gorputza zertxobait altxatzea lortu nuen gainean ikusten nuen zuhaixka estuaren enborrean zinta-uztai bat, express-zinta berri bat eta sokak pasatzeko. Mugimendu honekin ezker oina bigarren espit-etik zintzilikatutako zinta-uztaian sartzea lortu nuen, hormari beste metro bat irabaziz (V/A1).

Artaka-trabagailua trabatu nahian.

Arnasestuka nengoen arren, oraingoz eskalada ez zihoan hain gaizki, Asierrek esan zidan moduan, eroriz gero espit batetik zintzilik geratuko nintzelako. Hurrengo metrotan pasa nuen beldurrik handiena, arraila bustita egoteaz gain bertan dauden harriek ez zidatelako konfiantzarik eman. Ahal izan nuen moduan artaka-trabagailu berri bat trabatu eta bertatik tira eginez arraila pixkanaka eskalatzen jarraitu nuen, edozein unean oin batek irrist egin edo eskuekin eusten nuen harkaitzen bat askatu ondoren eroriko nintzen beldurrez (V). Geroago Asierrek esango zidan bigarren artaka-trabagailu hau askatu egin zitzaiola.

Sendotasunik ez duten harkaitz batzuek osatutako sabai batek arraila ixten zuela ikusi nuenean, berehala baztertu nuen bertatik eskalatzen jarraitzea. Eskuineko horma begiratzen hasi nintzen orduan, itxura sendoa duena: “luze honi kinto menos ematen badiote seguro hemen helduleku onak daudela” pentsatu nuen. Asierri keinu bat egin ondoren, arrailaren eskuinera pasatu eta kontu handiz horma honetara igo nintzen. Nolako lasaitasuna hartu nuen harkaitz sendoan helduleku onak agertzen hasten zirela ikusi nuenean. Ez nuen asko behar izan horma hau eskalatu eta bere gainean dagoen erlaitz horizontal batera iristeko (IV+).

Bidearen pasagunerik zailena eskalatuta nuela ikusteak izugarrizko poza sentitarazi ninduen. Baina bilgunea aurktu beharra nuen oraindik. Honetarako, erlaitzetik 2-3 metro igo eta ezkerrera pasa nintzen, belar artera, iltze batez eta harkaitz-zubi txiki eta zuhaixka batzuetatik pasatako zinta-uztai batez osatutako bilgunea aurkitu nuen arte. Doña Eusebiako horma paretari parez pare begiratuko bagenio, bilgune hau “Barraskiloen gandorra” amaitzen den erlaitz belartsu eta zabalaren eskuin muturrean dago kokatuta.

- Enkadenatu dezu? – Galdetu nion Asierri hormatik irten zenean.
- ke baa – erantzun zidan -. Tiraka aritu naiz denbora osoan.
- Nik bai!! Jejejeje– erantzun zigun irribarretsu zetorren Antxonek txantxetan –. Gainera hemen ere garbitzen aritu gara.

Bilgunera iritsi aurretik Asierrek eta Antxonek arrailaren gaineko sabaian kolokan zegoen harkaitz handi bat kentzeko aprobetxatu zuten, hortik Antxonek esan zidana.

Asier eta Antxon zailtasun guztiak amaitu ondoren.

- Laugarren luzea, 30 metro, III. Azken luze hau hormaren punturik altuenera iristeko transiziozko luze bat dela esan daiteke. Asier bilgunetik gora eskalatzen hasi zen, gandor etzan eta erraz bat igoz (III-).

Gandor etzanaren amaieran. Argazkian hirugarren bilgunea ikusi daiteke.

Oinezko tarte motz baten ondoren tenteagoa den ezproitxo txiki bat eskalatu (III) zuen jarraian, “Mole”-ri amaiera emanez.

Ezproitxo txikian.

- Hemen hito bat dau!! – esan zigun hormaren gainetik -. Pentsatzen det bidearen amaiera señalatzeko izango dela.

Batera eta bestera begiratzen aritu ondoren, hormaren gainean dauden harkaitz-zubietako batzuk aprobetxatuz muntatu zuen azken bilgunea.

Azken bilgunea muntatu ondoren.

- Hau egina dago!!! – bota nion Antxoni luzearen azken zailtasuna eskalatzen ari zenean.
- Ez nuen espero euriagatik libratuko ginenik – erantzun zidan -. Goiza alaitu didazue.

Zorte handia izan genuen eguraldiarekin, nahiz eta une batez hodeiek mehatxatu gintuzten gordeta zuten ura gure gainera isurtzearekin. Harkaitza ere lehorra topatu genuen, hirugarren luzean izan ezik.

“Hau egina dago!!!”.

Eguraldiagatik zortedunak izan arren eta “Mole” amaitzeagatik zoriontsu ginen arren, tristura puntu txiki batekin amaitu genuen eskalada eta ez bidea ez zitzaigulako gustatu. Tamalez, "Mole"-k askotan errepikatu ez izanaren prezioa ordaindu behar izan du eta garbiketa on bat eginez gero gehiago errepikatuko den bide bat izango dela ziur gaude. Honez gain, hirugarren luzean aseguru finkoren bat gehiago bota genuen faltan, beharbada horma bustia aurkitzearen eraginez. Baina, jaitsieran komentatu genuen moduan, igotzeko gai izan baginen esan nahi du ez legokela zergatik aseguru bat gehiago jarri behar, jejeje. Gure txikikeri kapritxoso hauen gainetik, bidea ederra da, estetikoa eta, estribuekin eskalatu beharrak xarma berezia ematen dio. Hasieran idatzi dudan moduan, omenaldi paregabea Alfredok eta Joxek “Mole”-ri egin diotena. Eskerrik asko opari eder honegatik!!!!

"Marea urdina" bidearen amaieran.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Aiaraldea komunikabide faktoria. 2020/06/14. Aitor Moleroren omenezko eskalada bide berria zabaldu dute Eginon. Eskuragarri: https://aiaraldea.eus/laudio/1592070931183-aitor-moleroren-omenezko-eskalada-bide-berria-zabaldu-du-eginon


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina