AZKEN 10 SARRERAK

2021/02/04

TXINDOKI, LARRUNARRI EDO ÑAÑARRI: ZEIN DA EUSKAL CERVINOA IZENDATZEKO MODURIK EGOKIENA?


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Urteak etxeko atariaren parean, urteak leihotik euskal Cervinoari begira, urteak zalantza berarekin: zein da mendi hau izendatzeko modurik egokiena? Txindoki? Larrunarri? Ñañarri?

Nik, eta nik bezala beste askok, "Txindoki" deitu izan diot beti, “ohituragatik, beti horrela ezagutu dudalako eta mundu osoan izen horrekin delako ezaguna” argudiatuz. Izan ere, blogeko kroniketan "Txindoki" ez den beste izenik ez dut erabili.

Beste batzuek “Txindoki” ipar ekialdean dagoen izen bereko txabolatik datorrela diote (kronika honetan bisitatu genuena), "Ñañarri" bezala izendatu behar dela aldarrikatuz. Imanol Goikoetxeak idatzitako "Montañas de Gipuzkoa" liburuan jasota dagoen moduan, inguruko artzainek gailurrari “Txindokiko punta” deitu izan diote, txabolari erreferentzia eginez (Imanol Goikoetxea, "Montañas de Gipuzkoa", 437 itinerarios, Ed. Txertoa, 1990, 92. orrialdea). "Txindoki" hitza “tximista” eta “toki” hitzen arteko elkarketa izan daitekeela iradoki izan da, baina ez dut honen inguruko daturik inon topatu.

Baina bada “Ñañarri” izenak gailurrak osatzen duen harkaitz-kaskoari bakarrik erreferentzia egiten diola esaten duenik, mendi osoa izendatzeko modurik egokiena Larrunarri dela defendatuz.


Zalantza hau argitu nahian duela egun batzuk Pyrenaica aldizkariko zuzendaria den Luisa Alonsori zuzendu nintzaion. Luisak Pyrenaicako kronikak argitaratu aurretik mendien toponimia Euskaltzaindiako kide den Patxi Galé-kin kontsultatzen dutela erantzun zidan, onomastikan aditua dena. Patxirekin harremanetan jarri eta bere erantzuna bidaliko zidala hitz eman zidan.


Misterioa ez zen asko luzatu, eta Euskaltzaindian jasota dauden datuak kontsultatu ondoren, Patxiren erantzuna egun batetik bestera iritsi zen. Kontsulta honen emaitzaren arabera, mendiari izendatzeko izenik erabiliena "Txindoki" da, bai mendiaren inguruko eskualdeetan (Tolosaldea eta Goierrin), baita urrunagoko mendizaleen artean ere. "Txindoki" toponimo "nagusia" izango litzateke, mendia kokatutako ingurunetik kanpo ere izen horrekin ezaguna delako.

Hala ere, Patxiren hitzetan, gauza jakina da "sinesgarritasun handiko" eta toponimian "aditu ilustratuak” ez direnen artean (artzainak, ingurua ezagutzen duten "herrikoiak", etab.), mendia Larrunarri eta Ñañarri bezala ere ezagutzen dela.

"Larrunarri" izena, Patxiren ikerketaren arabera, XXI. mendera arte erabiltzera iristeaz aparte, dokumentatu zen lehen izena ere izan zen. Isastik, 1625ean, Aralarren “Larun Arri” izeneko haitz oso altua aipatzen du (Euskal Entziklopedia Handiaren edizioa, 1972, 1850ekoaren faksimilea, 231. orrrialdea). Testu berean, bitxikeria gisa, "Udalacha, un cerro alto en la jurisdicción de Mondragón” aipamena ere egiten du.

"Txindoki" izena ez da XX. mendea baino lehen dokumentatua azaltzen, beraz ez da "Larrunarri" bezain tradizionala, eta toponimian, tradizioa toponimoaren (ez erabiltzailearen) existentziaren urteetan neurtzen da.

"Ñañarri" izenari dagokionez, ez da inon dokumentatua topatu, nahiz eta izen hau mendiaren inguruan bizi direnen artean ahozkoan erabiltzen den. Agian "Larrunarri" izenaren ahozko aldaera desitxuratu bat izan daiteke, baina ez izen honen jatorria ez da topatu.


Datu hauek eskuan, Patxik ondorioztatzen duena da mendiaren izenik serioena Larrunarri izango zela. Txindoki, "alonimo" bat (leku bera ezagutzeko izen ezberdin bat) izango litzateke, baina ez hain tradizionala. Azkenik, Ñañarri, tokiko "ezizen" moduko bat bezala utzi beharko litzateke.

Beraz, lehentasunez Larrunarri eta bigarren postuan Txindoki izenak erabili beharko genuke, “Tontorren Katalogoan” jasota dagoen moduan.


Lekuetako berezko toponimia modu egokian erabiltzearen defendatzaile sutsua naiz, honegatik, blogean “Txindoki” izenari ehunka erreferentzia eginak badizkiot ere, kroniken izenburuetan “Txindoki” izena “Larrunarri (Txindoki)” izenaz aldatu dut dagoeneko, baita azken hiru kroniketan “Larrunarri” izena soilik erabili ere.

Amaitzeko, milesker Luisa Alonsori zalantza argitu ahal izateko aukera emateagatik, eta nola ez, milesker Patxi Galé-ri erantzun serio eta dokumentatuagatik.



4 iruzkin:

  1. Erantzunak
    1. Milesker Lekuuu!!!!
      Kronika honek meritu handirik ez dauka, Patxik bidalitako mezuan oinarrituta dago eta.

      Ezabatu
  2. Very good post i learned many thing about this topic !
     pinel

    ErantzunEzabatu
  3. Thank you! I 'm glad the article was useful for you.

    ErantzunEzabatu