AZKEN 10 SARRERAK

2021/03/16

OLANOKO HAITZAK EGINOTIK: PD/II. 2021/03/07

Olanoko Haitzandia.

Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

"Planak ongi ateratzea gustatzen zait" esaten zuen Hannibal Smithek, 80garren hamarkadan ospetsua egin zen "A taldea" telesailaren koronelak. Esaldi honek kronika honetako ibilbidearen laburpen perfektua da. Mendira joaten garen bakoitzean motxilan "B" plan bat eramaten dugu, edozein ezustekoaren aurrean "A" plana bertan behera gelditzen bada martxan jartzeko. Gehienetan "B" plana motxilatik atera gabe etxera itzuli eta etorkizunerako gordetzen dugu. Ibilbide hau motxilatik aspaldi atera gabeko "B" plan horietako bat da.

Eginoko edozein eskalada amaitzerakoan, hormaren ertzera iristearekin batera Olanoko haitzak parez-pare azaltzen dira, elorri guztien gainetik, zeruertzari desafio eginez. Bi haitzek osatzen dituzte Olanoko haitzak: Olanoko Haitzandia (1.083 m) eta Olanoko Haiztxikia (1.058 m). Haitz hauetako handienari Olano deitu izan bazaio ere, Olano haitzen inguruko saroia da, hortik "Olanoko haitzak" izena. Eginotik ikusita mendi ikusgarrien itxura ez dute eta inguruan dauden beste gailur eta haitzen artean oharkabean gelditzen dira. Hala ere oso bisitatuak izaten dira eta beti izan dugu bi haitzetako tontorretara igo eta hain bisitatuak zergatik diren jakiteko kuriositatea: "50 cumbres más bellas eo holako liburu baten azaltzeittuk" esan izan digu Lekuk haitz hauen ondotik pasatzen ginen bakoitzean.

Baina azken urteetan, eskalada bakoitzaren amaieran Eginora jaitsi eta etxera itzultzeko nahia eta indarra handiagoa izan da mendi hauetara igotzeko kuriositatea baino, eta "Usoa" eta "Aztorea"-ren jaitsierako bidea hartuz, bizkarra eman diegu beste batean igoko genituen promes antzua eginez.

- Xabi, eguerdion. Bihar ze ingoyeu eskalada o pateo? Aukeran eskalada - zioen Lekuren whatsapp mezuak.
- Eskalada primeran!!! Ebie ai badik nahibaek Olanoa igo gaitezke.
- Kategorin

Astebururako plana egina zegoen: "A" plana "Susi" bidea eskalatzea izango zen, "B" plana aldiz, iragarritako eguraldia bete eta harkaitza bustia bazegoen, Olanoko haitzetara igotzea.

IBILBIDEA

Haitzetako gailurrera iristeko, liburu eta interneten irakurri daitezken azalpenek "Leze"-an dute irteera eta amaiera. Kronika honetako ibilbidea zirkularra da, Eginon hasi eta amaitzen dena. Igoeran, "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetatik jaisteko jarraitzen den ohiko bidetik igotzeak ibilbideari xarma berezia ematen dio, eskaladatxo motz eta erraz batzuk burutuko ditugulako.

Igoeran, harkaitza bustia badago kontu handiz igo beharko dugu, erraza bada ere hainbat lekuetan erorketa bat oso larria izan daitekeelako. Honegatik, haurrekin edo eskalatzera ohituak ez dauden pertsonekin igotzeko asmoa badugu, 20 metro inguruko soka fin bat eta segurtasun mosketoi bat eramatea gomendagarria izan daiteke. Jaitsieran aldiz, "Lezea" bisitatzeko aukeraz aparte, Eginoko eskalada eskola ia bere osotasunean ezagutzeko aukera izango dugu.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere)  debekatuta dago.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 8 kilometro.
- Punturik baxuena: Egino, 565 metro.
- Punturik altuena: Olanoko Haitzandia, 1.083 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 770 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: Ibilbidearen zailtasuna "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen mendebaldeko bidean dago. Bertan II zailtasuneko lau hormatxo eskalatu eta ageriko zeharkaldi bat zeharkatu beharko ditugu. Kontuz harkaitza bustia badago.
- Ura: Eginoko eta "Leze"-ko iturrietan ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Olanoko haitzetara doan ohiko bidetik "Leze"-ra eta bertatik, Eginoko monolito guztiak bisitatuz, Eginora.
- Eramandako materiala: Guk ez genuen material berezirik eraman baina haurrekin edo eskalatzea ohitua ez dagoen bakarren batekin joanez gero 20 metro inguruko kordel bat eramatea gomendagarria izan daiteke, ageriko zeharkaldirako batez ere.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Etzegarateko mendatean haizetako-garbigailua batera eta bestera mugituz aritu zen, ur tantak bi aldeetara bultzatuz. Egino aldiz lehor zegoen, kilometro batzuk atzerago zegoen eguraldi kaskarraz jabetu gabe. Zerua gris kolore iluneko hodei astunek estaltzen zuten, edozein momentuan gordetako euria askatuko zutela mehatxatuz.

- Ze esatek? - galdetu zidan Lekuk.
- Etzekiat ba, eztiat argi ikusten... - erantzun nion -, lurre lehorra zeokela emateik baña pareta auskalo...

Lekuri erantzuten nion une berean, haizeak Araiatik ekarritako laino zuri batek Eginoko horma osoa estali zuen, eskalatzen hasiz gero edozein momentuan bustiko gintuela ohartaraziko bazigun bezala: "Bufffffff!!!". Ez genuen seinale gehiagorik behar izan "B" plana motxilatik atera behar genuela erabakitzeko. Eskaladako materiala kotxean utzi, mendiko botak jantzi, eta eguneko lehen ke zuria zerien harrizko etxeen artean martxan jarri ginen.

Eginoko kaleetan hodei zuria haizeak eraman ondoren.

Azken etxeak atzean utzi eta zakur bakarti baten zaunkak isildu zirenean, herriko ur-deposituraino zuzentzen den porlanezko pistaren hasieran dagoen langaren parean musukoak kendu genituen. Musukoaren berotasunik gabe aurpegiak berehala freskatu zitzaizkigun, izan ere kotxea gradu bakarrarekin utzi genuen.

Langara hurbiltzen.

- Oain zetorreken maldan berotuko gaittuk... - esan zidan Lekuk musukoa motxilan gorde zuenean.
- Dudik etzeukeat, jejeje.

Lekuren susmoa egi bihurtu zen. Ur-depositura iritsi ginenerako abiadura jaitsi behar izan genuen, fundamentuzko eta ulergarri izan zitekeen hizketaldi bat mantentzea kosta egiten zitzaigun eta. Esaldi oso bat gelditu gabe amaitzeko kapaz izan ginenean porlanezko pistaren amaierara iritsi eta basoan zuzen jarraitzen duen lurrezko pista jarraitzen hasi ginen.

Ur-depositura iristen, parean lurrezko pista.

Lurrezko pistaren amaieran dagoen zelaigunera iritsi ginenean, askotan egin izan dugun moduan, haritzen artean sartu eta hormara zuzendu ginen, "Xabier" bidea eskalatzera joango bagina jarraituko genuen bide bera jarraituz. Goroldio berdearen gainean neguak haritzei kendutako hosto marroi eta hilak zapalduz metroak arin irabazi genituen: kras-kras-kras-kras...

Pista basoarekin urtzen den lekuan.

- Eskalautaukek? - Galdetu zidan Lekuk "Xabier" bideak igotzen duen horma seinalatuz.
- Aspaldi anaie ta Josukin - erantzun nion - bide earraek, 6a+ paso bat zeukik baña tranpeatzeik bazeok.

"Xabier" bidearen nondik norakoak azaltzen nizkion bitartean, bidea hasten den haritz nabarmenera iritsi aurretik mendebaldera jo eta "Usoa"-ra zuzendu ginen.

- Bakik apiriletio abuztuarte ezin dekela igo behar gaittuken lekutio igo?
- Ze ba? - erantzun zidan Lekuk.
- Txoringatio, kartelak jarrita zerek, bat hortxe ta beste bat "Matices" biden ondon - erantzun nion egurrezko kartel orlegi bat seinalatuz.

"Usoa"-ra zuzentzen, argazkiaren eskuinean apirilak 1etik abuztuaren 31ra bertatik pasatzea eta eskalatzea galerazten duen karteletako bat ikusi daiteke.

Hormek osatzen duten kareharrizko zirku honetan eskalatzaileen "reuniónnnn!!!",. "libreeeee!!!", "nahizunennnn!!!", "sokaaaa!!!" oihuak entzutea ohikoa izaten da, harkaitz grisa kolore bizietako arropa eta sokaz koloreztatuz. Gaurkoan dena isil-isilik zegoen, munduaren amaiera iritsi izan balitz bezala. Gure pausuek mugitutako harri txikien mugimenduaren gainetik ez zen besterik entzuten, ezta txorien goizeko kanturik ere. Zirraragarria da mendiaren isiltasuna entzutea.

"Gure pausuek mugitutako harri txikien mugimenduaren gainetik ez zen besterik entzuten... "

"Usoa" mendebal aldera pixkanaka inguratuz gindoazen heinean hormak lehorrak zeudela ikusi genuen.

- Igual "Susi" arazoik gabe eskalatzeik izango geniake...
- Bai, baña plan haure eztek bate txarra - erantzun zidan Lekuk.
- Ez, ta gañea lehen aldie dek hemendio igo behar neokela...
- Baita nik e, mila alditan jaitsita neok baña igota sekula ez.

"Usoa" eskuinean utzita, honen mendebaldean dagoen bidexkara iristen.

Konturatu ginenerako bideak duen lehen zailtasunera iritsi ginen, 2-3 metro inguruko harkaitz plaka tente bat, II zailtasunaren baitan egongo dena. Leku aurreratu, eta gelditu gabe, erabakitasunez, harkaitz-plakatxoa eskalatzen hasi zen.

Harkaitz-plaka eskalatzen.

Harkaitz-plaka eskalatuta, bideak eskuinean dagoen hormatik gertu mantenduz jarraitzen du, ibilbide osoko pasagune ikusgarri eta arriskutsuenera iritsi arte: amildegiaren gainean egiten den ageriko zeharkaldi bat.

Zeharkaldira iristen.

Zeharkaldiak teknikoki zailtasunik ez dauka eta 30 zentimetroko zabalera eskasa duen erlaitz estu baten gainetik 12-15 metro inguruko tartea betetzea besterik ez du eskatzen. Teknikoki erraza bada ere zeharkaldiak ez du akats edo estropezurik onartzen, ezkerrean dugun amildegira eroriz gero istripu larri bat izateko puntu guztiak ditugu eta. Zeharkaldiaren amaieran harkaitz-zubi batetik kordel bat pasatuta dagoenez, leku hau aproposa izan daiteke segurtasun mosketoi bat jarri eta korapilo dinamikoaren bidez atzetik sokarekin lotuta datorrenari aseguratzeko, batez ere haurra bada edo honelako pasaguneetan ibiltzeko ohiturarik ez badu. Kontuz zeharkaldia bustia badago.

Ageriko zeharkaldia bere osotasunean.

Zeharkaldia zuhurtzia osoz atzean utzi, eta bidexkan metro batzuetan oinez egin ondoren, ibilbideak duen hirugarren zailtasunera iritsi ginen, miter baten ezkerrean dagoen 3 metro inguruko harkaitz-plaka tente bat. Harkaitz-plaka honek ere zailtasun handirik ez dauka, II/II+ inguru, eta gainera miterraren enborretik zintzilik soka finko bat dago igoera laguntzeko.

Soka finkoa dagoen pasagunean.

Harkaitz-plaka atzean utzi, eta zeharkaldi bat egin ondoren, "Usoa" eta "Aztorea"-ren mendebaldean dagoen hartxingadira iritsi ginen. Parean, "Aztorea"-ko hego-mendebaldeko gandorra azaldu zen, gandor ikusgarri bezain ederra, 1982 urtean Juanito Oiarzabal, Atxo Apellaniz eta Angel Rosenek irekitakoa. Beharbada jende askok ez daki Juanito telebistako pertsonaia izan aurretik zortzimilakoen munduan buru belarri aritu zela (oxigenorik gabe zortzimilako guztiak igotako hirugarren alpinista da) eta honen aurretik eskalatzaile handia izan zela, Euskal Herrian nahiz Pirinioetan eskalada bideak irekitakoa gainera. Berea da, besteak beste, Ziordiako ezproiko irteera zuzena.

Hartxingadira iristen, gainean "Aztorea"-ko hego-mendebaldeko gandorra.

- Hoi zemuzkoaek? - galdetu zidan Lekuk gandorra seinalatuz.
- Ondo jaritako kintomasa dek ta gañea katxarrok eraman beharra zerek, segurun arteko tartea majoa dek eta... - erantzun nion.

"Aztorea" eskuinean utzi eta pixkanaka behean gelditzen zen heinean, sigi-sagan, ezerosoa den hartxingadiari metroak irabaziz jarraitu genuen. Bitartean, hodeiek tarteka estaltzen zuten Egino azpian geldituz zihoan, tarte motzean altuera handia irabazten den ibilbidea dela baieztatuz. Giroa hotza bazen ere epel gindoazen, poliki baina gelditu gabe igotzearen ondorio atsegina.

Hartxingadian gora.

Argazki batzuk egiteko gelditu nintzen batean Leku ibilbidearen laugarren zailtasunera iritsi zen, 8-10 metro inguruko harkaitz-plaka inklinatu bat. Orain arte bezala, gelditu gabe, harkaitz-plaka eskalatzen hasi zen.

Harkaitz-plaka eskalatzen.

3 metro inguru eskalatu ondoren (II), erdi oinez, metro pareko zeharkaldia eskuinera egin behar da.

Zeharkaldian.

Amaitzeko, lau metro gehiago zuzen eskalatuz (II) harkaitz-plaka eskalatuta izango dugu.

Harkaitz-plakaren azken metroetan.

Harkaitz-plaka eskalatuta, metro gutxi batzuetan oinez ibili eta hiru metro inguruko hormatxoa eskalatu genuen, eskuinean bi paraboltez rappelatzeko puntu bat muntatuta duena.

Hormatxoa eskalatzen.

Rappelatzeko puntua eta hemendik gora jarraitu behar den bidea seinalatzen.

Rappelatzeko puntua eskuinean utzita ibilbidearen azken zailtasunari aurre egin genion, 4-5 metro izango dituen helduleku oneko harkaitz-plaka tente bat (II).

Ibilbidearen azken zailtasunean.

Kuriosoa da noranzko berean beti jarraitu den bideak kontrako noranzkoan jarraitzen denean zein sentsazio ezberdin senti arazten dituen. Bide berri bat igotzen ariko bagina bezala sentitzen ginen. Bide bera, bi noranzko ezberdin, bi sentsazio ezberdin. Egunerokoan ez al da antzerako zerbait gertatuko? Ez al dira liskar asko sortuko bi pertsonek bide bera kontrako noranzkoan jarraitzen ari direlako? Bide bera bi noranzkoetan jarraitu eta zein sentsazio sortzen dituen biziko bagenu ez al genituen liskar asko ekidingo? Ez dut imajinatu nahi bideak noranzko asko dituenean gertatu litekeena, jejeje...

Bidearen noranzkoaren inguruko hausnarketan murgilduta nengoela, ia konturatu gabe igoeraren amaierara iritsi ginen.

Igoeraren amaieran, azpian "Aztorea".


- Bista earrak zeuzkeau, jejeje - bota zidan Lekuk irribarretsu.

Elorrien gainetik lanbro zuri eta lodi batek, lumazko neguko maindira baten moduan, ikusmira estaltzen zuen. GPSari begiratu eta Lekuk eskuarekin adierazten zidan mendien kokalekua baieztatu nion:

- Igual goien garbie zeok, jejejeje - erantzun nion.

Lehenengo metroak hormaren ertzetik gertu bete genituen, "Leze"-ra doan bidea jarraituz.

Ertzetik gertu...


Baina mendien kokalekua identifikatua genuenez, aukera izan genuen lehenengoan "Leze"-rako bidea utzi, eta erdi ezabatutako bidexka bat jarraituz, elorriek osatutako labirintora zuzendu ginen.

Elorriek osatutako labirintora zuzentzen...

Hemendik aurrerako helburua ahalik eta garbien izan zitekeen bide bat jarraitzea izan zen, sastraka eta elorriek osatutako oztopoetan erori gabe, etorkizunean bakarren batek GPS-ak grabatutako ibilbidea jarraitu nahiko balu ezusteko desatseginik ez hartzeko. Honetarako, bidexka ezberdinak jarraituz, elorriek osatutako sare zeharkaezinean zelaigune ezberdinak lotuz jarraitu genuen.

- Han laño arten ikusteeken zuhaitz karakteristiko harta jun beharra zeukeaula esango nikek - bota zidan Lekuk lanbro artean ikusten zen enbor bertikal bat seinalatuz.

 Enbor bertikala seinalatuz...

- Goazen ba!!! - erantzun nion GPS-a begiratu eta aukera txarra ez zela ikusi nuenean.

Zelaiguneetako bat zeharkatzen. Argazkiaren eskuinean, lanbroak erdi estalita, enbor bertikala ikusi daiteke.

Hemendik aurrera jarraitutako bidearen azalpen zehatza oso zalantzazkoa izan daitekeenez, denbora osoan bi erreferentzi jarraitu genituela esatera bakarrik ausartzen naiz: hasieran Lekuk adierazitako zuhaitz berezia; geroago aldiz, pantailan "Leze"-tik Olanoko haitzetara doan bidea azaldu zenean, GPSa. Denbora osoan biderik garbienak jarraituz joan bagina ere, puntu bakarren batean elorrien artetik pasa behar izan genuen.

Denbora osoan biderik garbienak jarraitzen saiatu ginen...

Nahiz eta leku bakarren batean elorrien artean pasatu behar izan genuen...

"Leze"-tik Olanoko haitzetara doan ohiko bidetik gertu geundela zuhaitz berezi batera iritsi ginen:

- Zuhaitz haure erreferentzi earraek, beste bateako kontutan hartzeko - esan zidan Lekuk bertara iritsi eta argazkia egin zidanean.

Zuhaitzaren ondoan...

Bat batean lanbroaren artean pertsonen ahotsak entzuten hasi ginen. Ahotsetara hurbildu eta bi mendi-korrikalariekin topo egin genuen, erabakitasunez metroak irabazten ari zirenak. Galduta ez dabilenaren itxura zutela ikusi genuenean poztu baginen ere, poztasuna biderkatu zen jarraitzen ari ziren zalantzazko bidea albo batera utzi, eta GPSak adierazten zigun bidea jarraituz, mugarriak ikusten hasi ginenean. Mendian bakoitzak bere bidea egiteko duen askatasunaren adierazle izan bazen ere, bi korrikalarik gure atzetik hainbat metroetan izan genituen mugarriak ikusi zituzten arte, jejeje.

Lehenengo mugarriak.

- Dauneko bide normalen... - esan nion Lekuri GPS-a ehungarrenez kontsultatu eta jarraitzen ari ginen bidexka bide bihurtu zenean.
- Hau egiña zeok!!!

Bidexka bide bihurtzen den lekuan.

Hemendik gora, mendiari metroak irabazten genizkion heinean mugarrien kopurua ugarituz joan zen, bidea erraz jarraitzeko aukera emanez. GPSa ere ez genuen gehiago kontsultatu behar izan. Olanoko Haitzandiko azken maldara iritsi ginenean, gailurra lanbroaren gainetik geldituko zenaren itxaropenak alde egin zuen, zeru ilunean ez baitzen inongo argitasunik somatzen.

Olanoko Haitzandiko azken maldaren magalean dagoen muguarrietako bat.

Elorrien babesik gabe, haize eta langarraren mende gelditu ginen, bilutsik, berokiak goraino lotu eta gorputzak uzkurtzera behartuz. Gailurraurre bat atzean utzi ondoren Olanoko Haitzandira belar bustia zapalduz iritsi ginen.

Olanoko gailurraurrea eta gailurra.

Leku Olanoko Haitzandiko gailurrean, postontzi moduan jarrita dauden prismatikoetatik begira

- Zemuzko bistak? Jejeje - galdetu nion umoretsu.
- Pena dek ba ezer ez ikustea... - erantzun zidan -, bista earrak omen zerek eta.
- Bakik, beste egunen baten itzuli beharkoiau...

Olanoko Haitzandiko gailurrean.

Eguraldia ikusita zalantzan izan ginen Haiztxikira jarraitu ala ez. GPSan begiratu eta zuzenean 200 metro inguru besterik ez zeudela ikusi genuenean animatu egin ginen: "behin honea etorrita hobe diau bi puntak igotzea...jejeje".

Bi haitzen artean dagoen lepora iristeko egin genuen jaitsiera ez zen oso trebea izan, eta harrigarriena, denbora osoan GPSak adierazten zigun bidearen gainetik joaten saiatu ginen. Jakina da GPS aparatuek metro gutxi batzuetako errorea izaten dutela eta errua horri bota genion. Harkaitza bustia egoteagatik eskuak erabiliz egindako pare bat jaitsieren ondoren lepora iritsi ginen.

Eskuak erabili genituen jaitsieretako batean.

Behin lepoan, belarrez estalitako malda gozo bat igo ondoren Olanoko Haiztxikiko gailurrera iritsi ginen.

Leku Olanoko Haiztxikian

Olanoko Haiztxikian

Argazki pare bat azkar-azkar egin ondoren Olanoko Haitzandira itzuli ginen. Oraingoan ordea, mugarriak jarraituz, jaitsieran jarraitu behar izan genuen bidearen gainetik inongo zailtasunik ez genuen pasa prismatikoetara iristeko.

- Etxea iristen neokenen GPS-ko bidetio jatxierako bidea bide honta muittukoiat... - esan nion Lekuri gailurrera iristear geundela.

Bi haitzen arteko bide egokiaren gainetik. Argazkian jaitsieran ikusi ez genuen mugarrietako bat ikusi daiteke.

Haizearen eraginez okertutako zuhaitza. Harrigarria da naturak egoera aldakorretara egokitzeko duen modua.

Haitzandiaren gailurrera lehen aldiz iritsi ginenean izan ginen denbora eskasa izan bazen, bigarren aldian bertan pasatako denbora ahalik eta eskasagoa izan zen. Argazki pare bat egin ondoren, haize hotz eta langarragatik ihes eginez, beherako bidea hartu genuen.

Olanoko Haitzandiko prismatikoetatik berriro begiratu arren, Lekuk oraingoan ere ez zuen ezer ikusi, jejeje...

Jaitsieran, Olanoko Haitzanditik hegoaldera behatz luze baten moduan luzatzen den gandorra jarraitzea erabaki genuen.

Gandorraren zatirik "teknikoena" hasten den lekura iristen. Argazkian mugarri bat ikusi daiteke.

Gandorrak zailtasun berezirik ez dauka, eta harkaitza bustia egoteagatik, pare bat lekuetan kontuz mugitu baginen ere, metroak erraz galdu genituen.

Kontu handiz ibili ginen tartean...

Metroak galtzen genituen heinean lanbro eta langar geruza atzean geldituz joan zen azpian genuen ikusmira piskanaka luzatzearekin batera. Konturatu ginenerako "Leze" atsedelekuaren inguruan dauden eraikinak desagertzen zen lanboraren artean azaltzen joan ziren.

"Konturatu ginenerako Leze inguruko eraikinak azaltzen joan ziren"

- Ze ingoiau Lezeko iturrira eo Lezea zuzenen jun? - galdetu nion Lekuri.
- Nik ude bazeukeat, aukeran hobe zuzenen Lezera juten bagaittuk.
- Earki, hola "tuboko" sektoreko bidek ikusikoizkiau.

"Leze" atsedenlekura iristen, "Berakaitz" arrakala ikusgarriaren ezkerretik jaisten..

"Berakaitz" arralakalaren oinera iritsi ginenean, ezkerrera hartu eta askotan harkaitzarekin jolasean aritu garen "El Tubo" sektoreko bideen azpitik pasa ginen, "Leze"-ren sabeletik jaiotzen den Artzanegi errekara zuzenduz.

"El Tubo" sektoreko bideak atzean utzi ondoren...

Artzanegi errekaren harkaitz irristakorren gainetik fede-jauziak eginez "Leze"-aren ahora hurbildu ginen.

Artzanegi errekaren gaineko fede-jauzietako batean.

"Leze"-ra hurbiltzen naizen bakoitzean ahozabalik gelditzen naiz. Isilik gelditu eta arima irekitzen dela sentitzen dudan leku magiko horietako bat da, gurtza erlijiosorako diren lekuetan gertatzen zaidan bezala. Oraingoan ez zen ezberdin izan. Zeruraino irekitzen den zulo ilunari behetik gora poliki begiratzen nion bitartean, duela lau urte eta erdi Luca, Mara, Marta eta Corradokin bertan pasa genuen eguna gogora etorri zitzaidan. Aste hau bereziki gogorra izan da, sekula ahaztuko ez dudana, urte askotako borrokaren ondoren Lucaren gorputzak arimari ateak ireki eta atseden hartu duelako. Eta aspaldi ez bezala lehortzeraino negar egin dut, negar Lucagatik, negar Mara, Marta eta Corradogatik, negar barreneraino sartu zaidan min urratzaile eta tristuragatik, negar bizitzaren alde gordinagatik, negar Lucari idatzi nion azken gutunagatik. Denbora beharko dugu zuk utzitako aulki hutsari minik gabe begiratu arte, denbora beharko dugu zuk utzitako hutsunera ohitu arte, onartu arte. Bidai on eta ikusi arte...

"Leze"-a

Argazki makinarekin begi urtsuak estaltzen nituen bitartean argazki pare bat egin, eta malkoak lehortu ondoren, atzean zerbait uzten nuen sentimenduarekin martxan jarraitu genuen, "Leze"-ko atseden lekua eskuinean utzi eta aparkalekutik monolitoetara zuzentzen den harrizko pistara iritsiz.

Pistara iristeko zeharkatu behar den langa.

Mendian, askotan aldapa guztiak amaitu direla uste denean, ezustekoan, ezerezetik aldapa berri bat azaltzen da, abiadura jaistera behartu eta buru makurtzea behartzen zaituen horietakoa. Bidea ezagutu arren, hori bera sentitu eta bizi izan genuen pistan gora oinez hasi ginenean.

Pistaren lehen metroetan.

Lekuk partekatu zituen arto erreak ito gabe jan ahal izateko abiadura egokitu ondoren gustura hartu genuen monolitoetara doan bidearen bidegurutzea.

Monolitoetara daraman bidegurutzera iristen. Argazkian, zuhaitz artean lehen monolitoa ikusi daiteke.

Eginoko monolitoak belar artetik zerura jaiotako betortz ikusgarriak dira, jentilek eraikitako trikuharri ikusgarriak bailira. Urteetan Euskal Herriko eskalatzaile sutsuenen jomuga izan dira (eta dira) eta bigarren monolitoan Pou anaiek irekitako "Mendeku" bidean (9a zailtasunekoa) nazioarteko eskalatzaile handienek indarrak neurtu dituzte.

Lehenengo monolitoaren azpian.

Bizia harkaitzean bidea irekitzen duenean, bide gogorrenak gutxi errepikatzen direnaren seinale.

Monolitoen arteko ibilbidea egitea Euskal Herriko eskaladaren historiari eskeinitako museo bati bisita egitearen parekoa da, monolito bakoitzak bere historia baitu, eta adi entzuten badugu, monolito bakoitzak istorio ezberdinak kontatzen dizkigulako. Banaka-banaka, poliki-poliki, monolitoak atzean geldituz joan ziren...

Azken monolitoa atzean utzi ondoren.

Azken monolitotik Eginora itzultzeko biderik nabarmen, zuzen eta arginena hariztian barneratzen den bidea bada ere, guk hartxingadia zeharkatzen duen bidexkatik jarraitu genuen, "Barraskiloen gandorra", "Placas del Pájaro Loco", "Hasiberriak", "Eneko Alonso" eta "Matices" bideek jarraitzen dituzten gandor, horma eta monolitoen azpitik pasatuz eta bertan egindako eskaladak gogora ekarriz.

Eginora goizeko hamaikak eta erdi pasatxoan itzuli ginen, ibilbidea hasi eta hiru ordu eta erdi ingurura:

- Bide earra, eh?
- Bai, izugarri gustau zaiak - erantzun nion -, ta gañea igoerako trepadak bere xarma ematen ziok.
- Hala dek, sekula ingo ez geniean igoera tipikoa dek - erantzun zidan -, pena bistak, jejeje.
- Dena ezin dek, jejeje...

Trasteak kotxearen barruan sartzea kostatu zitzaigun abiadura berean kotxean sartu eta etxerako bidea hartu genuen: "Planak ongi ateratzea gustatzen zait!!!!".

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Gil García J.A. Montes de Araba-1 (Cantabrica, Gorbeia, Llanada), Guía montañera, 62-63. Bilbo. Sua Edizioak, 1994.
- Muñoyerro I, Pérez F.J. A través de la montaña, Araba, 24-25. Bilbo. Diario El Correo, 2004.
- Mendikat web orria. Aitzandia (1.083 m). 15/02/2021. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/104


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina