AZKEN 10 SARRERAK
arrastrakulos etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
arrastrakulos etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/03/20

ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: ESKUINEKO KANALAREN ESKUIN ADARRETIK, 200 m, PD/M2/II+. 2023/02/25


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Baina mendira joaten zarenean beti joango zara norbaitekin, ez?
- Ez, bakarrik joatea ere gustatzen zait.
- Eskalatzera ez, ezta?
- Eskalatzera ere bai.
- Eta zerbait gertatzen bazaizu?
- Bakarrik edo lagunekin, mendian zerbait gertatu behar zaidala pentsatuko banu ez nintzen mendira sekula joango, ez duzu uste?

Ez dituzue inoiz mota honetako elkarrizketak izan?

Mendia bakarka modu intimo batean bizitzen da, modurik intimoenean ziurrenik. Eta ez naiz eskalada bakarti batetaz bakarrik ari. Egunsenti batez gozatzeko basoaren ilunpean bakarka ibiltzea bizipen liluragarria da. Zentzumenak zorrozten dira eta inguratzen zaituenari arreta berezi bat jartzen diozu, baita sentitzen duzun guztiari ere, oraina intentsitatez bizitzera eramanez. Eta intentsitate hau erabatekoa izatera iritsi daiteke arriskuaren mamua, txikia bada ere, zure inguruan dantzan badabil, zentzumenak are eta gehiago zorrozten direlako. Muturreko egoeratan, gorputzetik kanpoko esperientziak izan dituzten alpinisten kontaketak ugariak dira. Muturreko egoera hauek izan daitezke behar bada modurik sakonena mendia bakarka intentsitate osoz bizitzeko. Ez gaizki ulertu, ez naiz muturreko egoerak bakarka bizitzearen aldeko apologiarik egiten ari, mendia modu indibidualista batean bizitzearen aldeko apologiarik egiten ari ez naizen bezala. Bakarkako bizipena intimoena izan daiteken arren, partekatua denean aberastu egiten da, bizipen bera beste batzuekin bizi izan bada batez ere; horren zalantzarik ez daukat eta hori da mendiak irakatsi didan gauzetako bat.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriko gailurraren arteko hormak aukera ederra eskaintzen du negu giroan bakarkako eskaladak egiteko, hemengo bideak, oro har, bertikalak ez direlako eta piolet eta kranpoiekin belar eta lurrean trakzionatzeko aukera ematen dutelako.

Erlabeltzeko Puntako Eskuineko kanalak “Y” erraldoi baten itxura dauka, Ausa Gaztelutik begiratzen dugunean oso nabarmen ikusten dena. Bere oinera hurbiltzerakoan aldiz, “Y” hau ez da hain nabarmena; izan ere, eskalatzen den bakoitzean, kanalak “Y”-ren ezker adarra (edo adar nagusia) eskalatzera eramaten zaitu, bietatik nabarmenen eta mehartuena hau delako.

Urteak ziren “Y” horren eskuin adarra eskalatzea amesten nuela eta amets hau are eta gehiago handitu zitzaidan “Hurbidea” bidea eskalatu nuenean, zeharka begiratzen joan bainintzaion izan zitezkeen zailasunak neurtu nahian. Egun hartan ikusi nuena ikusita, izango nuen lehen aukeran eskuin adar hau eskalatzen saiatuko nintzela zin egin nion nire buruari.

Otsailaren azken larunbata argitu zenerako Aralarrek eta Aizkorrik elur geruza berri bat zuten, egun pare bat lehenago pilatutakoa. Aizkorrin elurra oraindik eraldatu gabe topatuko nuela pentsatuz, nire itxaropen osoa Larrunarrin jarri nuen, zain nengoen aukeraren unea iritsi zela pentsatuz. Gainera, oraingoan Leku eta Asierren konpainia izango ez nuenez, aukera paregabea izango nuen bakarkako esperientzia berri bat bizitzeko.

Larrunarri 2023ko otsailaren amaieran. Itxura ederra zuen, etxetik ikusita behintzat.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro inguru Erlabeltzeko Puntako gailurrera arte. Adarrak luzera honen erdia izango du gutxi gora behera.
- Luze kopurua: Sokarik gabe eskalatu nuen.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik aurkitu.
- Zailtasuna: PD/M2/II+.Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera iristeko bere ipar-hormara pasatzea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eskas Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera lau ordu inguru lasai ibilita eta atsedenaldiak zenbatuz.


BIDEAREN KROKISA

Igoeraren kokalekua eta nondik norakoak (puntu gorriz). Puntu urdinez, Eskuineko kanala.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

A zer nolako ezuste tristea kanalak dauden hormara hurbildu nintzenean eta elurra eskasa eta biguna zegoela ikusi nuenean. “Arrastrakulos” kanaleko irtenguneetako belarra agerian zegoen, elurrik gabe biluzik, baita bere eskuin eta ezker adarrak ere.

Hormaren egoera tristea.

Eskuineko kanalera gerturatu nintzenean egoera ez zen hobetu; elur eskasak bigun jarraitzen zuen: “joerrrrrrrrrrr!!!!!!”.

"Eskuineko kanalera gerturatu nintzenean egoera ez zen hobetu...".

Zer egin pentsatzen hasi nintzen: goraka jarraitu? "Tximista" bideraino joan eta bertatik igo? Zalantza une hauek ez ditut gogoko, erabaki bat hartzen den bitartean denborak aurrera alferrik jarraitzen duela iruditzen zaidalako; eta honek, negu giroan behintzat, eragin handia izaten du, elurra elementu aldakor bezain ezegonkorra delako. Azkenean piolet eta kranpoiak atera, kaskoa jantzi eta igotzen hastea erabaki nuen, Eskuineko kanala bai elurrarekin baita elurrik gabe ere behin baino gehiagotan igota nuenez, baldintzak edozein izanda ere goitik ateratzeko arazo handirik izango ez nuela pentsatuz.

Aurreko argazkia gertuago. Puntu gorriz eskuineko adarra ikusi daiteke, puntu zuriz aldiz, Eskuineko kanala.

Eskuineko kanalaren lehen metroetan elurra biguna zegoen arren, ez nuen arazorik izan hasieran dauden irtengune motzak igotzeko. Nire preokupazio bakarra tarteka topatzen nituen harkaitzekin kranpoietan arrastorik ez egitea zenez, igoera patxada osoz hartu nuen, piolet eta kranpoien puntak non eta nola jarri ongi erabakitzeko denbora lasai hartuz.

Eskuineko kanalaren lehen irtenguneak. Puntu gorriz, jarraituko nuen ibilbidea.

Berehala iritsi nintzen eskuin adarretik jarraitu nahi banu hartu behar den bidegurutzera, pitzadura zabal batez bitan erdibituta dagoen harkaitz handi bat, ezkerretik jarraituz gero Eskuineko kanalaren lehen irtengune tentea osatzen duena. Zalantzen dantza hasi zen martxan berriro ere: bide ezagunetik? Bide ezezagunetik? Oraingoan ez nengoen prest denbora alferrik galtzeko eta, hartuko nuen erabakia hausnartu gabe egia esan, harkaitzaren azpian dagoen belar arrasto estuaren gainean oreka mantenduz, Eskuineko kanala utzi eta eskuin adarra eskalatzen hasi nintzen, ausardiaz baino kuriositatez betea.

Argazkian ikusten den pitzadura zabaleko harkaitz-plaka hori da bidegurutzea adierazten duena. Eskuinera doan elur-arrastotik jarraitu nuen.

Lehen metroetan atentzioa deitu zidana harkaitz-plaken artean dagoen belar eta lurraren azpian harkaitzik ez topatzea izan zen, eskalada asko erraztuz. Igoera ere, tentea izanda, espero nuena baino etzanagoa zela iruditu zitzaidan lehen metro hauetan.

Eskuin adarrean topatu nuen lehen irtengunea. Harrigarria dirudien arren, belarraren azpian ez nuen harkaitzik topatu.

Metroak irabazten nituen heinean elurraren baldintzak zertxobait hobetu ziren, baita elurraren azpiko lurraren gogortasuna ere, piolet eta kranpoien puntekin egindako trakzioa hobetuz. Hasierako kontzentrazioa galdu gabe eskalatzen nindoan, lehen metroetan bezala, atentzio osoa piolet eta kranpoien puntak jarriko nituen lekuetara eramanez. Kontzentrazioa mantentzeko, eskalada jolas matematiko baten modura hartu nuen: puntek harkaitza topatzen ez bazuten puntu bat, puntek harkaitza topatzen bazuten aldiz, -1 puntu. Konturatu nintzenerako adarraren erdia baino gehiago eskalatuta nuen jada.

Konturatu nintzenerako adarraren erdia baino gehiago eskalatuta nuen jada.

Irtengune motz eta erraz bat eskalatu ondoren (M2/II+), ziurrenik adarrak duen irtengunerik tenteena, adarraren amaiera adierazten duen ezproi nabarmenaren oinera iritsi nintzen.

Azken irtengunea eskalatu ondoren behera egindako argazkia.

Adarren amaieratik gora egindako argazkia. Ezkerrean ezproi nabarmena ikusi daiteke.

Hemendik gora, “Hurbidea” eskalatu nuenean gertatu zitzaidan bezala, ezproiaren itzaletik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu nintzen, bertan baitzegoen elurrik gogorrena.

Ezproiaren itzaletik mantentzen.

Eguzkiak bigundutako elurretik ihes egin nahian, ezproiaren gainetik ezker aldera zeharkatu eta, berriro ere itzalpean, ahal izan nuen tarte luzean elur gogorrenetik igotzen jarraitu nuen, eguzkiak osorik argitzen zuen gandorrera iritsi nintzen arte.

Eguzkira irten aurretik behera egindako argazkia. Ezproia dagoeneko oso behean geratu da.

Elur bigunak estalitako zulo batzuetan estropezu egin ondoren Erlabeltzeko Puntako gurutzearen azpira iritsi nintzen, zeinari gauean sortutako izotz arrasto fin batek eguzkiaren indarrari desafio eginez oraindik eusten zion.

Erlabeltzeko Puntako gurutzea.

Oraindik ez nekien, baina ordu erdi eraman zidan kanalaren oinetik Erlabeltzeko Puntara iristea. Kontzentratuta eskalatzeak daukana horixe da, denboraren nozioa erabat galtzen dela. Begiak itxita, eguzkiaren izpiei aurpegia zuzenduz, berdin zitzaidan zein ordu zen, baita Larraitzera itzultzeko zenbat denbora beharko nuen ere. Dugun denbora izan daiteke partekatu dezakegun altxorrik preziatuena eta gure erabaki eta eskubidea izan beharko litzateke non eta norekin partekatu nahi dugun bizitzeko eman zaigun denbora mugatu hau. Azken finean denbora partekatzen dugun bakoitzean bizitza ere partekatzen dugu eta, denbora da hain garrantzitsua, lanean aritzen garen denboragatik dirua jasotzen dugula.

Neguan Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorretik eskalatzen jarraitzen dudan bakoitzean, zeharo ezberdinak diren bi munduen arteko mugatik murgiltzen ari naizen sentsazioa izaten dut; argitasun eta iluntasunaren mundua, Eros eta Thanatos, Yin-a eta Yang-a. Eskuineko oina eguzkiak bigundutako elur hezea zapaltzen zihoan bitartean, ezker oina itzalpean mantentzen zen konpaktatu gabeko elur hautsa zapaltzen zihoan. Eta honek beti gogorazten dit Larrunarriko gailurrera iritsi arteko hamabost minutuetan kontzentrazioa ez dela sekula galdu behar, ipar horma aldera eroriz gero tamalez azken erorikoa izan daitekelako.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorrean. Argazkian ireki nuen arrastoa ikusi daiteke.

Berriro ere piolet eta kranpoien puntak ongi kokatzeko kontzentrazioa mantenduz ez nuen zailtasun handirik izan Larrunarriko puntara iristeko eta, mendi honetan beti gertatzen zaidan moduan, gailurrera iristearekin batera bakardadea eta ixiltasuna amaitu ziren. Honetaz aparte, beti irribarre eragiten didate gailurrean dauden batzuen begiradak, zeintzuk espaziotik etorritako astronauta bati moduan begiratzen nauten, bi piolet eta kranpoiekin bat-batean agertu den tipo hori galduta egongo balitz bezala, jejeje.

Gailurrean argazkiak egiteko punta okupatzen zutenen intimitatea errespetatu nahian, puntaren izkina batera joan eta eskaladako trasteak jasotzen hasi nintzen. Barratxo energetiko bat jaten ari nintzela, eskuin adarra Eskuineko kanala baina errazagoa dela iruditu zitzaidan, belar eta lur gehiago duenez, piolet eta kranpoien trakzioa errazten delako. Pena topatu nituen baldintzak.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorra Larrunarriko gailurretik ikusita.

- ¿Cómo estaba la nieve? – Galdetu zidan hurbildu zitzaidan bikoteko mendizaletako batek.
- Muy blanda – erantzun nion -, pero por lo menos he podido hacer algo.
- Nosotros estuvimos la semana pasada en el Aitzgorri y muy bien.

“Aitzgorri” hitza entzun nionean tentsioa igotzen hasten zitzaidala sentitu nuen, baita begietako batean dardara bat ere: “Jesus, Maria eta Jose, oraindik Aitzgorri hitza erabiltzen duenik badago?”, pentsatu nuen arnasestuen artean:

- Nosotros también anduvimos por allí y muy bien también – erantzun nion iktus bat eman aurretik, jejeje. Arnasa sakon hartuz, gailurra berehala utzi nuen.

Urrun ikusten nituen Aizkorriko kanalei begirik kendu gabe jaitsi nintzen "Tximista" bidetik. Ez nuen Larrunarrira etortzearekin asmatu eta beharbada Aizkorrin elurraren baldintzak bestelakoak izango ziren. Baina hori hurrengo asteburura arte ez nuen jakingo, igandetik hasita egun batzuetarako eguraldi aldaketa iragarrita zegoelako, elurte berri bat tarteko. Mendiaren egoera zorionez ez dago gure esku eta baldintzak datozen moduan ahalik eta hobekien onartzean datza gakoetako bat, bizitzan gertatzen zaizkigun egoera askorekin gertatzen den moduan.

"Tximista" bidean behera, Ausa Gaztelu eta Aizkorriko kanalak.


2023/03/09

ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: "HURBIDEA" BIDEA, 100 m, PD/M2/III-. 2023/02/04.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Larrunarriko hego-mendebaldeko horma jolastoki ederra da negu giroan piolet eta kranpoiekin jolasteko, horren adibiderik garbiena Mikel Saez de Urabain ordiziar alpinistaren “non stop eskalada” blogean azaldutako zailtasuneko bideak, Eskoziako Ben Nevis mendia gogorarazten gaituztenak. Zailtasuneko bide hauetatik aparte, sasi-eskalatzaileak garenok badugu gure txokoa ere, Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriko gailurraren arteko horman batez ere. Hemengo bideak, oro har, ez dira hain bertikalak baina bai nahikoak alpinista izan nahiaren gosea asetzeko.

Honen adibide “Hurbidea” bezala izendatu dudan bidea. Bide honi begia botata nion aspaldi, baina era berean errespetua nion, bertan zer topatuko nuen ez nekielako. Hala ere, Mikelen blogean bide honen inguruko erreferentziarik ez dagoenez, bide “erraza” izan zitekela uste nuen. Baina zenbaterainoko erraza? Eskalatzen saiatzen ez banu ez nuen sekula jakingo.

Izena bidea ia bere osotasunean tapizatzen duten zuhaitzengatik (hurritzak horietako batzuk) bururatu zitzaidan “ur” eta “hur” (hurritzengatik) hitzen arteko jolasa egin nahian.

OHARRA: Bideak hain nabarmena izanda beharbada beste izen bat izango du; hala izango balitz eskertuko nuke esatea, nik emandakoa gustu handiz dagokion izenagatik aldatzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro inguru bidearentzat. Erlabeltzeko Puntara iristeko beste 100 metro inguru izango dira.
- Luze kopurua: sokarik gabe eskalatu nuen bidea da.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu baina litekeena da aurretik eskalatuta egotea.
- Zailtasuna: PD/M2/III- kanalaren amaiera arte. Kanalaren amaieratik Erlabeltzeko Puntara arte eskalatu nuen horma inklinatuaren zailtasuna PD inguruan dago. Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera iristeko honen ipar-hormara pasatzea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera bost ordu inguru lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu urdinez,Arrastrakuloskanala, puntu orlegiz aldiz "Eskuineko kanala".

Krokis zehatza, puntu zuriz "Eskuineko kanala".

DESKRIBAPENA

Larraitz behe-laino itxi eta astun batek estaltzen zuen, Larrunarri ezkutatuz. Kotxetik irten nintzenean iragarritako hotzik ez zegoela iruditu zitzaidan. Zalantza argitzeko, kotxera sartu berriro ere, kontaktuari eragin eta termometroaren pantaila ilunean 4 gradu adierazten zuten argitxoak piztu ziren: “Vaya por Diossss”, pentsatu nuen atsekabez. Termometroa ikusita eta zalantzak izan ondoren, azkenean kranpoi eta pioletak hartzearen alde egin nuen: “elurre ondo ez badau, gutxiñez pisuarekin bueltatxo bat emateko aprobetxatuko det”. Ez dut uste Larraitz atzean utzi nuenean laino artean dozena erdi bat kotxe baino gehiago aparkatuak egongo zirenik.

Izoztu gabeko lokatz busti batek bidea tapizatzen zuen; bidearen ertzean zegoen elurra aldiz, arroz aleen moduan askatzen zen, belar artean sakabanatuz. Hau gutxi ez bazen, behe lainoak ez zidan ezer ikusten uzten.

- Arropagatik pentsatu det zu izango ziñela!!!

Ahots ezezagun batek pentsamendu positibo eta eraikitzaileetatik atera ninduen. Begirada altxatu nuenean Iraitz Lazkanorekin egin nuen topo, sare sozialek eman didaten "lagun birtual" bat. Iraitzek “Arrastrakulos“ kanala eskalatzetik zetorrela esan zidan, baita baldintza oso onean topatu zuela ere. Bihotzez eskertu nuen bere informazioa, "Tximista" bidetik igotzea baloratzen hasita nengoelako.

Iraitzek arrazoi zuen. Behe lainoak marrazten zuen muga horizontaletik irten nintzenean, irabazten hasi nuen metro bakoitzeko elurra gogorragoa zegoela iruditu zitzaidan. Konturatu nintzenerako elurrari ostikoak ematen ari nintzaion igotzen jarraitu ahal izateko. Honelako egoeratan konturatzen naiz zein gutxi behar dudan mendian zoriontsu izateko.

Hormara hurbiltzen nintzen heinean, bazirudien “Arrastrakulos“ ez zela jarraitutasuna izango zuen kanal bakarra. Baina momentu hartan ikuskizuna ez nuen aurrean, atzean baizik.

Argazkian puntu gorriz marraztuta jarraituko nuen lerroa.

Behe-lainoak sortutako itsaso gris eta itxiaren gainetik, Aizkorrik zeruertza harkaitz eta elurrez mugatzen zuen. Eguzkiaren lehen izpiek urre-kolore ahulez koloreztatzen zituzten kanalak, eder, erakargarri, desafiatzaile erakutsiz. Zenbat amets ditudan oraindik ere han betetzeko!!!

Aizkorriko mendilerro elurtua lainoaren gainetik.

Aizkorriri bizkarra eman nionean ikusi nuen: "Plaka Gorriak" sektorearen ezker hormaren ertzetik, elurrezko diagonal perfektu batek zuhaitz batzuen artean zerura zuzentzen zen, elur jarraitutasuna zuen lerro zuri bat marraztuz. Begia botata nion lerro honi aurretik ere, baina baldintza onean topatzeko zorterik izan gabe. Iraitzek esandako aintzar hartuz “Arrastrakulos“ egoera onean bazegoen, gaur aukera ederra izango nuen lerro zuri hori eskalatzeko.

"Plaka Gorriak" sektorera hurbiltzen.

..."Plaka Gorriak" sektorearen ezker hormaren ertzetik, elurrezko diagonal perfektu batek zuhaitz batzuen artean zerura zuzentzen zen...

Mendian bakarrik ibiltzeak duen gauzarik onenetakoa denbora zure gustura maneiatzeko aukera duzula da. Honegatik, diagonalaren azpira iritsi nintzenean, ez aurretik ezta atzetik ere inor ez nuela ikusirik, eskalatzen hasteko prestaketa lasaitasun osoz hartu nuen, denbora mugagabea izango balitz bezala. Prestaketa lasai honek behe-lainoaren gainean eguzkiaren lehen izpiek sortzen duten efektu eder bat ikusteko aukera eman zidan. Lainoen gainean proiektatutako Larrunarriko itzalaren punta Brocken espektru batek koroatzen zuen bere osotasunean, ostadar koloreko begi erraldoi bat izango balitz bezala. Espektruari ergel baten moduan ahozabalik begiratzen nion bitartean, eskalatzen hasi aurretik argazki batzuk egin ahal izan nizkion.

Brocken espektrua Larrunarriko gailurraren inguruan.

“krak-krak-krak”; kanal estuaren lehen metroetako elurraren hotsak zirraratu ninduen, gogorra zegoelako; “krak-krak-krak”.

"Hurbidea"-ren lehen metroak.

Baina zirrara honen iraupena udaberrian eroritako elurraren iraupenaren parekoa izan zen. Kanalean dauden lehen zuhaitzetara iristeko igo behar den irtengune motza pioletekin zuhaitzen enborretatik tira eginez igo behar izan nuen, elurra bat-batean bigundu zela zirudielako. Zuhaitzen adarren artetik motxila ez trabatzeko kontu handiz pasatuz, igotzen jarraitu nuen.

Lehenengo zuhaitzak atzean geratu ondoren.

Izoztu gabeko belarrez estalitako irtengune motzak eta zuhaitzez betetako tarteak tartekatuz eta, noizik eta behin elur gogorra topatu nuen arren, gehienetan elur biguna zen nagusi, zuhaitzak zeuden lekuetara iristen nintzenean batez ere, elurra zuhaitzen azpiko adarretan modu faltsuan pilatuta baitzegoen.

"Irtengune motzak eta zuhaitzez betetako tarteak tartekatuz...".

Metro asko zuhaitzen adar eta enborretatik tiraka irabazi nituen, soka batetik tiraka ariko banintz bezala. Momentu batean kanaltxoaren ezkerrean dagoen harkaitz-plaka zimurtsura igo eta bertatik eskalatzen jarraitzea ere bururatu zitzaidan, baina ideia hau berehala baztertu nuen: "kanala igotzera etorri banaiz, kanaletik igo beharra dauket!!!".

Eskerrak elurretatik irteten ziren zuhaitzen adarretatik tira egitea erosoa zela.

Bat-batean zuhaitzen adarren artean, ez oso urrun, irtengune bertikal bat ikusi nuen. Orain artekoa ikusita, ez nengoen oso itxaropentsu bertan topatuko nituen baldintzetaz eta, badaezpada, irtengunea nondik ekidin nezaken begiratzen hasi nintzen. Honetan ari nintzela, nire eskuinean denborak eta eguraldiaren gordinak zahartu eta okertutako bi hagin zahar ikusi nituen, sustrai zaharrek hormari lotuz bizitzari eusten ziotenak. Haginen moduan sentitu nintzen, punta metaliko batzuekin besterik ez lurrera lotua, eta honek bizitzaren iragankortasuna gogorazi zidan. Gaur, orain, lekurik onenean nengoen baita unerik onenean ere, aprobetxatu beharra nuen beraz; elurra ez zegoela baldintzarik onenean? Bizitza beti baldintzarik onenean egoten al da? Haginek bizitzak ekartzen dizkigun gauzak ekartzen dizkigun moduan hartu eta zukurik handiena atera behar zaiela gogoratu zidaten, hormari lotuta mantentzen dieten sustrai zaharrek urteetan egin duten moduan.

Haginak...

Irtengune bertikalera hurbildu eta, zentimetro eta helduleku bakoitzari zukurik handiena ateraz, ez nuen arazo handirik izan bere 2-3 metroak eskalatzeko (M2).

Irtengune bertikala goitik ikusita.

Irtengune bertikaletik gora, kanala inklinazioa galduz doa, amore ematen hasiko balitz bezala. Zuhaitzez betetako azken tarte bat zeharkatu eta belar hezez estalitako pare bat irtengune erraz eskalatu ondoren kanalaren amaierara iritsi nintzen.

Irtengune bertikalaren gainetik kanalaren amaiera aldera egindako argazkia.

Kanalaren amaieratik behera ikusmira honelakoa da.

"Hurbidea"-ren misterioa argituta nuen jada, eta hau oso zoriontsu sentitzeko nahikoa izango balitz ere, sentimendu gazi-gozo bat nuela sentitzen nuen, beharbada elurraren baldintzak eragindakoa. Sentsazio hau iraultzeko asmoz kanalaren ezkerrean dagoen ezproi harritsura zuzendu nintzen, oraindik ere itzalpean jarraitzen zuena, honen eskuineko horma inklinatua eskalatzeko.

Ezproi harritsura arte egindako zeharkaldia eta honen ondotik egindako igoera.

Harkaitz-plakez eta belarrez osatutako horma inlinatu honetan nuen jarrita elur ona topatzeko azken itxaropena.

Horma inklinatuaren azpian.

Horma estaltzen zuen elurretan lehen pioleta sartzerakoan entzun nuen "krok" hotsak irribarre bat piztu zidan; bigarren pioletaren "krok"-ak aldiz, mendian zoriontsu izateko gauza handirik ez dudala behar berriro ere gogorazi zidan, irribarrea biderkatuz. Ez nuen bitan pentsatu ere egin elur gogorrean sartutako bi pioletei argazki bat egiteko.

Ez nuen bitan pentsatu ere egin elur gogorrean sartutako bi pioletei argazki bat egiteko.

Erlabeltzeko puntara arte luzatzen den horma inklinatu hau heriotza zigorrera kondenatua dagoenaren azken bazkaria izango balitz bezala gozatu nuen, elur arrasto bakoitza azkeneko mokadua izango balitz bezala biziz.

Horma inklinatuan gozatzen.

Konturatu nintzenerako, eguzkiaren epeltasuna aurpegian nuen eta Erlabeltzeko Puntako gurutzearen distirak hormaren amaierara iritsi nintzela ohartarazi zidan: "Earraaaaaa!!!!"

Erlabeltzeko Puntako gurutzearen distira.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarri lotzen dituen gandorrean betiko legez zuhurtzia eta buru hotza mantentzea izan zen nire zereginik handiena, igoerak sortarazitako euforiaz harrapatua izatea ez nuelako nahi. Mendian, neguan batez ere, kotxera iritsi arte adi egoteari ezin zaio utzi. Tirriki-tarraka, burua hotza mantenduz eta heldulekuak ongi aukeratuz, Larrunarriko gailurrera iritsi nintzen.

Eta Larrunarriko gailurrera iritsi eta egindako bideari begiratu nuenean han jarraitzen zuen goizean ikusitako Brocken espektru ikusgarria, oraindik itxia jarraitzen zuen behe-lainoaren gainean pelikula zahar baten moduan proiektatua.

Brocken espektrua Larrunarriko gailurraren inguruan.

Askotan ikusita nuen Brocken espektrua, baina sekula ez hain handia. Txundituta nengoen, ahozabalik, parean nuen ikuskizunari gailurrean geundenen artean begiratzen zion bakarra nintzela iruditu zitzaidalako. Iristen ari ziren mendizaleak gailurrean argazkiak egiten zituzten bitartean, nire argazki-kamerak Erlabeltzeko Puntako gailurrera eta Larrunarriko itzalera apuntatzen zuen.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren itzala gainean Brocke espektrua duela.

Gertuago...

Bizitako une magikoaz oraindik txundituta, materiala pazientzia eta lasaitasun handiz itzuli nuen motxilara, bi piolet, kaskoa eta kranpoiak jantzita edukitzeagatik arraro begiratzen ninduten begiraden artean. Mendi batera ohiko bideetatik igotzen ohituta zaudenean zaila izaten da igotzeko beste aukera batzuk egon daitezkela irudikatzea. Baina beste aukera hauek dastatzen dituzunean mendiak begirada berri batekin ikusten hasten zara eta, lehen harkaitz eta elur arrastoak bakarrik ikusten zenituen lekuan, igotzeko lerro posibleak ikusten hasten zara.

Jenderik gabe geratu zen une labur batean, orain metalezko mendizalerik ez duen gailurrari argazki bat egin nion beherako bideari ekin baino lehen. Azkeneko urteotan Larrunarriko irudi bihurtu zen metalezko mendizale txikiaren desagerketa misterio bat da oraindik ere, inork ez dakielako (edo ez duelako esan) zer gertatu den. Elurrak ihes egiten duenean agertuko delakoan nago.

Mendizalerik gabeko gailurra.

Jaitsiera, betiko moduan, hausnarketarako aprobetxatu nuen: ondo egindakoak, egindako akatsak, topatutako zailtasunei aurre egiteko modua, bizitako emozioak, intentsitate handiz bizitako uneak, haginek irakatsitakoa, Brocken espektrua... Honetan guztian pentsatzen ari nintzela Larrunarriko hego-mendebaldeko aurpegiari azken aldiz begiratu nion, baita eskalatzeke ditudan lerroen zuritasuna behetik gora jarraitu ere, nire irudimenean horma lerro zuriz bete nuen arte.

Espero dut indarra eta zortea falta ez izatea lerro horiek guztiak eskalatu ahal izateko.

Larrunarriko hego-mendebaldeko horma.


2023/02/23

ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: "ARRASTRAKULOS" KANALAREN EZKER ADARRETIK, 200 m, PD+/M3/III. 2023/01/29


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Urte batzuk pasa behar izan dira norbaitek elurra sortzen duen makina konpondu, martxan jarri eta Gipuzkoako mendiak gogoz zuritu dituen arte.

Geroz eta ezohikoago bihurtzen ari diren egoera hauetan, elurra urtu baino lehen, mendiak trineo, eski, erraketa, piolet eta kranpoiez armaturiko mendizale hordez betetzen dira. Honen isla izaten dira sare sozial eta komunikabideetako berriak betetzen dituzten mendi zuri, familia zoriontsu, eskiatzaile gazte eta mendizaleen argazki, bideo eta erreportaiak, mundua astintzen duten benetazko arazoak ahaztu arazten gaituztenak. Eta gu, sistema kapitalista honen aurka borrokatzen duten iraultzaile sutsuen modura, beste mundu bat posible dela aldarrikatuz etxean geratzen garela esatea gustatuko litzaidake, baina aitortu beharra daukat mendi elurtueetatik iristen zaizkigun lamien doinuei ezin izaten diogula ezetzik esan.

Neguko igoera eta eskaladak Larrunarrin hasteko ohitura dugu, elurra Aizkorrin baino azkarrago eraldatzen eta urtzen delako. Zuri koloreko urre preziatu eta galgarri honi ahalik eta zukurik handiena ateratzeko, Asier eta biok Larrunarriko hego-mendebaldeko hormara zuzentzea adostu genuen, begia botata diogun neguko eskalada bati saialdi bat egiteko asmoz. Niretzat, berriro ere Asierren konpainiaz gozatzeko aukera izango zen; Asierrentzat, aldiz, azken hilabeteetan eskaladatik kanpo utzi duen sorbalda mindua probatzekoa.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro, Erlabeltzeko puntara arte.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzerik egin.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu baina igoera hau asko eta aspalditik errepikatzen den igoera da.
- Zailtasuna: PD+/M3/III. Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera honen ipar-hormara pasatuz iristea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera bost ordu inguru lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa. Puntu zuriz, "Arrastrakulos" kanala, puntu orlegiz aldiz, bere eskuin adarra.

DESKRIBAPENA

Iluntasunean iritsi ginen arren, eguna argitzearekin batera kotxetik irten ginen, kopetako argirik gabe. Termometroak 3 gradu “besterik ez” zituen adierazten; elurra gogortzeko nahikoa? Berehala jakingo genuen. Mendizale goiztiarrenak dagoeneko igotzen hasiak zeuden eta, noizik eta behin, oraindik piztuta zeramatzaten kopetako argien distira elorrien artetik iristen zitzaigun. Berehala izango ginen distira horien atzetik.

Larrunarriko gailurra eta Larraitzeko aparkalekua arrasto nabarmen, zapaldu eta gogor batek lotzen zituen; bide-ertzean pilatutako elurra aldiz, bigun eta lehor jarraitzen zuen, erori berria bezala. Hau ikusta, igoera lasai hartzea erabaki genuen, aurretik pasatako mendizaleen oinatzetik atera gabe. Gure itxaropena hormetan itsatsitako elurretan zegoen, gogorra egongo zela uste genuen eta.

- Rayotik igoko gea? – Proposatu nion Asierri, - Hola altura errexago irabaziko deu.
- Bidetik kanpoko elurre nola daun ikusita igual hobe – erantzun zidan – ta gañea gutxigo nekauko gea.

Oria iturrira iristen.

“Tximista” bidea elurrezko txirrista erraldoi bat zirudien, inurri batzuen moduan, sigi-sagan, hainbat mendizalek igotzen saiatzen ari ginena. Ipar-haize gogorraren eragina nabarmena zen, aldapa mendiari lapurtutako elurrez estalita zegoelako..

"Tximista" igotzen.

Oinatzetik atera gabe metroak eroso irabazten genituen heinean, maldaren erdian dagoen elorri berezi bat hartu genuen erreferentzia bezala eta, bere parera iritsi ginenean, bidea utziz bertara zuzendu ginen.

"Tximista"-n dagoen elorri bereziaren ondoan.

Goitik zetorren ipar-haize gogorrak itsatsitako elur eta izotzaren eraginez elorria koral handi baten itxura zuen, arrainontzietan jartzen diren koral zuri horietako baten itxura. Bere atzean, Ausa Gazteluk paisaiari ukitu polar bat ematen zion.

Elorri berezia koral zuri bat bihurtua.

Arrastoa utzi genuenean, hortik aurrera zer topatuko genuen argi geratu zitzaigun: haizeak pilatutako eta trinkotu gabeko elur pila; arrastoa irekitzeko behin baino gehiagotan belaunetatik gora sartzea behartuko gintuena. Ordura arte isuri gabeko izerdiak “Arrastrakulos” kanaletik banatzen gintuzten 500 metro eskaseetan isuri genituen.

Arrastoa utzi ondoren bidean pasa genuen bigarren elorri baten ondoan. Argazkian bi mendizale ikusi daitezke "Tximista"-n gora.

Eta eskerrak metro batzuetan zehar azpitik zetozen Arkaitz eta Ibonek irekitako arrastoa aprobetxatzeko zortea izan genuela!!! Arkaitzek esan zigunez, Joseba Iztueta ere inguruan zebilen, lagun batekin bideren bat eskalatzeko asmoz. Hiru taldetxo ibiliko ginen Larrunarriko ekialdeko horman jolasten, bakoitza eremu ezberdin batean, bakoitza proiektu ezberdin batekin. Gurea “Arrailakulos” bezala izendatu nuen arrail nabarmena eskalatzea zen, eskalatu nueneko ibilbide bera jarraituz.

- Nola ikustezu? – Galdetu zidan Asierrek Arkaitz eta Ibon laino artean galdu zirenean.
- Goien elurre hola badau ez dakit igotzerik izango deun – erantzun nion, elur sakonari metroak irensten saiatzen nintzen bitartean.

Arrastrakulos” kanala lanbro itxi eta heze batek estaltzen zuen, ikusgai zegoen horma apurrari itxura beldurgarri bat emanez. “Mailenka” eta “Petrel” bideek partekatzen duten bilgunea eta bilgunea kokatutako erlaitz zabala haizeak hormatik amildutako elurrak osatutako kono handi batek estaltzen zuen. Hau ikusita, berehala baztertu genuen nik eskalatu nuen lehen luzea eskalatzea. “Arrailakulos” arrailaren oinera iritsi nahi bagenuen  “Arrastrakulos” kanalaren ezker adarra ia bere osotasunean igo beharko genuen. Eta horretarako elur bigunarekin borroka polita izango genuen aurretik.

Izterretatik gora elurretan sartuz metroak poliki irabazten hasi ginen, batzuetan pausu bat aurrera egiteko bi pausu atzera eginez. Elurraren egoera kaskarra ikusita piolet eta kranpoiak ez jartzea erabaki genuen; ezker adarraren lehen irtengunearekin topo egin genuen arte.

- Seguru nau hemengo resalte guztik belarra dutela – esan nion Asierri elurra zapalduz erlaitz txiki bat eraikitzen nuen bitartean -. Hemendik gora piolet eta kranpoiekin ez det uste arazo haundirik izango deunik.

Leku faltagatik, Asierrek beherago beste erlaitz bat eraikitzen hasi zen. Ez ginen motel ibili kaskoa eta pioletak motxiletatik atera eta kranpoiak jartzeko, baina bai nahikoa ipar haizeak hormatik erraztatutako elur finez estalita geratzeko, arroparen zirrikitu guztietatik sartzeraino.

- Izoztuta nau – esan zidan Asierrek elurra gainetik astinduz –. Ez dakit igoeran izerditu naizelako, baina izoztuta nago.
- Jarraitzeko modun?
- Ez dakit, orain pixkat mareatuta nau.
- No jodas, jaistea nahi dezu? Nere aldetik arazorik gabe, eh?
- Ea buelta ematen diodan – erantzun zidan jaioberri baten modura uzkurtuz, sortzen ari zen bero apurra ahalik eta gehien gordetzeko ahaleginean.

Asierrek hotzak eragindako momentu txarra pasatzen zuen bitartean, motxilan neramatzan eskularru potoloenak atera eta utzi nizkion eskuak berotu ahal izateko. Ni hozten hasi nintzenerako Asierrek jarraitzeko moduan zegoela esan zidan.

Lehen irtengunea eskalatzea ez zen erosoa izan, ezta arriskutsua ere. Elurra irina zirudien eta pioletek ez zuten inon heltzen, ezta elur geruza handiaren azpian agertzen zen belar apurrean ere. Irtengunearen eskuin aldean dagoen harkaitzari ahal izan genuen moduan helduz eta, tarteka elurretan gerriraino sartuz, azkenean lortu genuen irtengunetik ateratzea (60º inguru).

Asier lehen irtengunea eskalatzen.

Asierri argazki bat egin eta, gehiago hozten jarraitu aurretik, igotzen segi nuen “Arrastrakulos“ kanaletik banatzen gintuen ezproiaren ondotik mantenduz. Metroak zailtasunez irabazi genituen, bigarren irtengunearen azpira iritsi ginen arte:

- Arrailako elurre hola badau ez det uste metro asko igoko ditugunik – esan nion Asierri “Arrailakulos” seinalatuz – ta gainera egiten dun hotzakin, aseguratzen deun bitarten izoztuta geratu behar gea.
- Ni oraindik ez naiz berotu – erantzun zidan besoak astinduz.
- Ba ordun hobe degu igotzen jarraitzea!!!

Bigarren irtengunearen oinean.

Bigarren irtengunea, 3-4 metro eta 65º inguru izango dituena, lehenengoa baino errazago eskalatu genuen, beharbada ia bere osotasunean osatzen duen harkaitz plaka batek piolet eta kranpoien puntak zimurdura batzuetan jartzeko aukera eman zigulako, edo beharbada gorputzak epeltzen hasi zitzaizkigulako.

Bigarren irtengunean.

Hemendik gora, elurra pixkanaka gogortuz joan zen, haizeak trinkotu gabeko elurra eraman eta azpiko elur gogorra agerian utzi zuelako. Kanala goitik ixten duen hormara iritsi ginenerako izoztutako elur geruzaz osatutako tarteren bat eskalatzeko aukera ere izan genuen.

Bigarren irtengunea eskalatu ondoren.

- Orain ea leku on bat topatzen deun Arrastrakulosera pasatzeko – esan nion Asierri hormatik zuzen jarraitzea arriskutsu zegoela baieztatu genuenean.

Lainoaren ondorioz ongi ikusi ez genuen saialdi antzu baten ondoren, harkaitz-plaka batetik "zintzilik" zegoen inklinazio handiko erlaitz estu bat kontu handiz zeharkatuz “Arrastrakulos“ kanalera iristera lortu genuen. Zeharkaldi honek ere bere xarma izan zuen, Asierri kranpoi bat askatu zitzaionean batez ere, jejeje. Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak bere blogean behin baino gehiagotan idatzi duen bezala, “Arrastrakulos“ kanalera iristeko egin behar den zeharkaldiak kontu handia eskatzen du, eroriz gero min handia hartu daiteke eta. 

Zeharkaldiaren hasieran, kranpoia botatik irten aurretik.

Zeharkaldiaren amaieran, kranpoia bere lekura itzuli ondoren.

Metroak irabazten genituen heinean eta, inklinazio handiko lekuetan elurra gogorragoa zegoela ikusita, “Arrastrakulos“ kanala irteera zuzenetik amaitzea erabaki genuen; eta asmatu genuen, irtengunea tapizatzen duten belar eta landare multzoa izoztuta topatu genituelako.

Arrastrakuloskanalaren irteera zuzenean.

Irteera zuzenetik ateratzen.

Asier irteera zuzenaren oinera iristen.

- Hemendik gora nundik dijo?
- Errazenen ikusten dezun lekutik – erantzun nion pasatzen utziz -, dena harkaitz-plakez osatuta dago.

Harkaitz-plaketara zuzentzen.

Gorputza epeltzen hasi ondoren, bazirudien Asier indarberrituta zihoala. Ni aldiz, telefonoarekin argazkiak egitearen ondorioz, eskuetako behatz-mamiak hotz-hotzak eta gogor-gogorrak neramatzan. Asierren martxa jarraitzen hasi nintzenean ez zen denbora luzea pasatu behar izan behatz-puntetan mina sentitu eta berriro ere berotzeko.

Harkaitz-plaken arteko tarte batean.

Erlabeltzeko Puntara arteko bidean lanbroak eragindako ikusmira eskasa, elur bigunez estalitako zuloak "ezkutuak" eta haizeak behin eta berriz aurpegira botatzen zigun elurra izan ziren protagonistak.

Argazki honetan elurraren egoera nolakoa topatu genuen sumatu daiteke.

Puntan dagoen gurutzea ere, haizearen mende, itsas hondoan urperaturiko gurutze zahar bat zirudien, urteetan zehar alga eta lurrez estalitako gurutze beldurgarri bat.

Erlabeltzeko puntan.

Argazki bat azkar-azkar egin eta ahal izan genuen denborarik luzeena Larrunarritik banatzen gintuen gandorraren ertzetik jarraitu genuen, tarteka, haizearen indarragatik, hegoaldera pasatzera behartuz.

Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorran.

Larrunarriko gailurera iritsi baino lehen dagoen mendi-lepo estu eta nabarmenean ipar hormara pasa ginen, negu giroan bertatik igotzen jarraitzea aukerarik seguruena izaten delako. Azken irtengune tente bat igo ondoren gailurrera iritsi ginen.

Larrunarriko ipar-horman, gailurrera iritsi aurretik dagoen irtengunea eskalatzen.

- Gaur hotza pasa det – aitortu zidan Asierrek zerbait jaten genuen bitartean -. Momentu baten mareatzen hasi naiz.
- Gaur giro eskozesa izan degu bai – erantzun nion -, gutxienez jaitsieran arrastoa izango deu ta berotzen jungo gea.

Gailurrean geundela Asierren ezaguna den Jose Garcia-kin topo egin genuen, baita Larraitz arte bere konpainiaz gozatzeko zortea izan ere. A zer nolako bizitza-lezioa eman zigun eta a zer nolako adore eta umorea duen bizitzari aurre egiteko. Eta gu hotzagatik kexatzen!!! Milesker Jose irakatsitako guztiarengatik!!!

Larraitzera epel-epel iritsi ginen, pasatako hotzak ahaztuta. Eguraldi eta elur baldintzegatik irteera gogorra izan zen, mendia maitatzera edo gorrotatzera eramaten zaituen horietakoa. Kotxera iritsi ginenerako proiektu eta amets berriez hizketan geunden jada, beraz, gure kasuan, irteerak mendia gehiago maitatzera eraman gintuela esango nuke. Ez al duzu uste, Asier? Jejejeje

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. 2023/01/02. Larrunarri, "Txema - Petrel" sektorea: "Arrailakulos" arraila, 70 m, IV. 2022/11/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/01/larrunarri-txema-petrel-sektorea.html
- Smithyren bloga. 2017/12/08. Erlabeltzeko Punta eta Txindoki neguan: "Arrastrakulos" kanaletik, 200 m, M3, 2017/12/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/12/erlabeltzeko-punta-eta-txindoki-neguan.html