AZKEN 10 SARRERAK

2013/02/26

IRAULE (1511 m), ORRATZEKO KANALAREN IRTEERA ZUZENATIK 2013/02/23

Joan den asteburuan Aratz mendian lardaxkatzen aritu ondoren, astean zehar elur pixkat bota zuen Aizkorri aldean. Asteburuari begira, asteburu osoan zehar ipar polotik datorren haize eta ekaitz hotz baten menpean izango ginela iragarri zuten, baina larunbataren eguerdi-arratsaldetik atzera helduko zenez, larunbat goizerako zerbait egiteko denbora izango genuela pentsatu eta honen inguruan planen bat egiten hasi ginen.

Leku, Iker, Josu eta niren arteko telefono dei, mezu eta Whatsapp batzuen ondoren, hasiera batean Aratz aldera itzultzeko asmotan egon ginen, baina eguerdirako kotxean izango ez ginelakoan Irauleruntz joatea erabaki genuen. Bertan, elurraren kalitatearen arabera, zein irteera hartu erabakiko genuen.

IBILBIDEA

Esan bezela, kotxea hartu eta Nardasakonen azpian dagoen bordaruntz abiatu ginen, kanaletara sartzeko gure ohiko lekua. Kotxea utzi eta momentu batez zalantzan aritu ginen  Nardagaizton sartu hala Nardasakonen sartu. Azkenean, Irauleko orratzaren kanalean sartzea proposatu nien, "elurre ona badau irteera zuzenetik aterako gea, eta bestela, irteera normaletik edo Sakonaunditik" komentatu nien. "Gañea, kriston egualdi txarra hastebada kotxetik gertugo gare" esan zuen Ikerrek.

Jarraitu genuen bidea askotan jarraitutakoa izan zen: Nardasakonetik gora abiatu eta Irauleko orratzaren kanalean sartu ginen. Orratzaren ondoan dagoen bilgunean bide normaletik atera beharrean, bide zuzenetik ateratzea erabaki genuen.

Argazki honetan urdinez igoerako eta gorriz jaitsierako bideak markatu ditut.



DESKRIBAPENA

Irauleko orratzaren kanala hemen deskribatuta dudanez, errepor honen deskribapena azaletik pasatuko dut astuna egin ez dadin.

Kotxea aparkatu eta trasteak prestatzen.


Traste guztiak prestatu ondoren, goizeko 7:55tan kotxetik abiatu ginen, elur pixkat botatzen ari zela. Tenperatura nahiko hotza, bordaren ondoko iturria izoztua zegoelarik (Josuren atzean ikusi daiteke).


Iturriaren egoeraren gertuagoko argazkia.


Bordaren ondoan dagoen pinudian gora. Pinudian lehen aldiz elurra oso gogorra topatu genuen lehen aldia izan zen bertatik gora oso erraz egin genuelarik.


Pagadira iritsi ginenean elurra gehiago botatzen hasi zen, haizearekin batera. Honegatik, pagaditik atera baino lehen, bere babesaz aprobetsatuz, kranpoiak jarri, pioletak atera eta arropa gehiago jartzea pentsatu genuen.


"Sekula ez dizkiau kranpoiak hain azpitik jantzi ezta?" Galdetu zuen Lekuk. "Nik dakidala ez behintzat" erantzun zion Ikerrek.

8:30, Nardasakonen oinean, hau da aurretik genuen panorama.


Bideo honetan ikusiko duzuenez bezela, kanalaren hasieran topatu genuen elurra primerakoa izan zen.


Nardasakonetik gora. Beti esaten dudan bezela, hemendik gora igo ezkero komeni da bere eskuinetik igotzea (pagoen artean egiten den pasabidetik gora) elurjausietatik babestuta dago eta.


Gora joan ahala, elur eta haizetea pixkanaka indartzen joan zen.


Elurjausien ondorioz erdi eroritako pagoa pasatzen...


Lehen metro hauek, oraindik pagoen babespean, oso erraz egin genituen.


Leku pagadiaren amaierara hurbiltzen...


... Baita gu ere.



Bideo honetan Josu, Iker eta hiruoi ikusiko gaituzue pagaditik ateratzen. Dagoeneko haizea indar gehiagorekin jotzen hasi zen.


Pagaditik atera eta Nardasakonetik desbideratzen hasi ginen, ustez orratzaren kanalera zuzen joanez. Eguraldiaren egoera ikusita Ben Nevis mendi eskoziarrarekin gogoratu ginen, ikusiko duzuen bezala.


Baina nahigabe uste baino eskuinerago (goranzko norantzan) desbideratzen hasi ginen, momentu batean, bideoan ikusiko duzuen bezela, ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egin genuelarik.


Zeharkaldiaren ondoren, denok berriro elkartu ginen nora joango ginen erabakitzeko.


Gertuago... Oraingoz, nahiz eta haizea gogor astindu, Josuk dioen bezela, dena ongi doa.


Nora joko genuen erabaki ondoren, Lekuk taldearen burura pasa zen.


Iker ere abiatzeko prest.



Bideo honetan hirurok azaltzen gara, eta ikusiko duzuenez, erabat garbi ez genuen nondik sartu, ez baitzen gauza handirik ikusten.


Hala ere, nahiko ongi orientatu ginen, di-da batean orratzera eramango gaituzten erresalteetara iritsi ginelarik.



Haize hotzaren eraginez, matrail hezurra ere izozten hasi zen, garbi hitz egiteko ematen dituen arazoekin. Honen adibide bideo hau. Bideoan lehen erresaltera ailegatzen ikusiko gaituzue.


Lehen erresaltea gainditzen...


"Elurre de puta madre zeokkk" Oihukatu zuen Lekuk haizearen zarataren gainetik. "Pioloak earki sartzen dittuk" erantzun zion Ikerrek "ea bigarren erresaltea zemuzkoa zeoken".

Iker bigarren erresaltera sartzen.


Josu eta ni bigarren erresaltera eramango gaituen erresaltetxo erraz bat eskaltzen.



Bideo honetan Leku bigarren erresaltea gainditzen ikusi daiteke.


Josu bigarren erresaltean eta orratzaren sarrerara hurbiltzen. Ikusiko duzuenez, elurra gogor-gogorra topatu genuen, eta honelakoetan, ederki gozatzen da.


Josu orratzaren kanalaren sarreran.


Argazki honetan behin sarreran sartzen garenean gora joateko ditugun bi aukerak markatu ditut. Zuzen jarraituz gero (nahiz eta argazkian ezkerreruntz hartu behar dela iruditu) irteera zuzena dugu parez-pare, eskuinera hartuz gero aldiz, irteera "normaletik" aterako gara.


Argazkian ikusten den bezela, orratzaren sarreran laurok berriro ere elkartu ginen. Parean irteera zuzena ikusi daiteke.


Orratzaren sarrera hau ez da munduko lekurik erosoena lau pertsona egoteko eta hala nola jarri ginen elkarri enbarazurik ez egiteko. Gainera haizea kanalizatzen den leku horietako bat da, eta sentsazio termikoa oso baxua zen.

Ikerrek di-da batean soka atera, arnesera lotu eta irteera zuzenaren azpira zuzendu zen. Josu bitartean orratzean dagoen bilgunean lotu eta soka jaso ondoren Iker aseguratzen hasi zen.

Irteera zuzena lehen metroetan bi ormen artean doa erresalte bertikal baterarte. Erresalte honek 4-5 metro izango ditu eta, gure uste xumean, IV-IV+ zailtasunaren baita egongo da. Erresaltea gainditu arte iltze eta spit bana sartuta daude baina elurraren egoeragatik Ikerrek bakarrik lehenengoa topatu genuen.

Bideo honetan Iker lehen iltzea txapatzen ikusten da, baita Josu bilgunean ere. Egia esan izugarri kostatu zitzaion mosketoia iltzearen burutik sartzea, oso hestua baita, eta halere ez zen oso ongi gelditu. Josu gero komeritan arituko zen mosketoi hau ateratzeko.



Beste bideo honetan Ikerrek erresaltea gainditzen ikusiko duzue.


Iker erresaltea gainditu ondoren, egia esan oso erraz atera zuen.


 Nahiz eta Iker nahiko erraz eta azkar erresaltea atera, oraindik bilgunera jarri gabe zuen eta dagoeneko hotza gure gain eragina egiten hasi zen. "Ostia, hanka puntak txingurritzen ai zaikiak" esan zidan Lekuk. "Ni oaingoz etzeukeat hotzik" erantzun nion "Gañea oandik Josu igo beharra zeukik, ta gu ateatzeako denbora dexente itxoin beharko diagu". "Etzekiat ba, irteera normaletik ateratzen bagaituk?" Galdetu zidan. "Nigatik etzeok problemaik, bestela hemen izoztu eingo gaittuk" erantzun nion.

Erabakia hartu ondoren, Leku orratzaren kanaletik gora abiatu zen ahalik eta azkarren kresteriora ateratzeko, bideoaren amaieran ikusiko duzuen bezela.


Ni izkutuko kanaletik atera baino lehen, buelta hartu eta Josuri galdetu nion: "Dena ondo?", "bai" erantzun zidan. "Nahi dezu ni billeran gelditzea zu abitzeko?" "Ez, lasai, ondo nago" esan zidan. Josuk hotzarekin izaten dituen arazoak kontutan izanda, ondo zegoela entzuteak lasaitu ninduen eta goruntz jotzear nengoela goitik Ikerren oihua entzun nuen: "REUNIONNNNN!!!!" Buelta hartu eta Josuri ere "Reuniónnnn" oihukatzearekin batear gora abiatu nintzen. "Honela goitik argazkik aterako dizkiet" pentsatu nuen.

Lekuk niri izkutuko kanalean egindako argazkia.


Ertzarako irteerara ateratzeko pasabidearen azpian eskuetako behatz puntetan hotzagatik mina sentitzen hasi nintzen. "Leku segizak goraño, nik motxilan zeuzkeaten guante lodik jarri behar dizkiat" esan nion. Lekuk gora jo zuen bitartean, motxila kendu, eskularru potoloak jantzi eta orain arte erabilitakoak motxilan sartu nituen.

Eskularru potoloak jarri ondoren, motxila berriro ere jantzi eta irteteko prestatu nintzen.


Honela topatu genuen irteera normala, ia elurrez estalita, bukaeran metro eskaseko erresaltetxoa zuelarik.


Irteerarako erresaltetxoa. Elur asko dagoenean bakarrik topatu daiteke modu honetan.


Bitartean Leku Ikerren parera ailegatu zen, argazkian ikusten den bezela. Bilgunea, bi pioletak, friend bat eta iltze bat aprobetsatuz jarri zuen.


Denbora gutxira ni iritsi nintzen, bideo hau grabatuz. Eguraldiaren egoera latza sentitu daiteke.


"Mitz, bagaik baukezu?" Galdetu zidan Ikerrek. "Zeba?" Nik, "eske bilgunea ustet ez dela oso fidagarrie ta nahiago det gorago bilgune sendogo bat jartzen bazu" esan zidan. Lekuk segurtasun mosketoi bat zuen baga bat pasa zidan eta arkaitz baten inguruan pasa nuen.

Nik baga harkaitzaren inguruan pasa ondoren.


"Mitz!!! Baukezu beste segurtasun mosketoi bat?" Esan nion anaiari. "Bai, itxoin ta pasako dizut" erantzun zidan. Arnesetik mosketoi bat kendu eta negoen lekura bota zidan.

Iker mosketoia pasatzeko prest. Behean Josu ikusi daiteke.


Behin segurtasun mosketoi hau pasa zidanean bilgunea eta reversoa ongi jarri, pioletak harkaitz artean ongi finkatu eta Ikerri soka pasatzeko eskatu nion. "Josuuuuuu!!!! Eroso zareeeee!!!!!" oihukatu zion Ikerrek Josuri, "Baiiiii" erantzun zion. Josu lasai zegoela ikusita orain arte jasotako soka bildu eta nire ingurura bota zidan. Piolet baten laguntzarekin soka jaso, reversotik pasa eta Ikerri oihukatu nion "Listooo!!!! Aseguratuta zareteeee!!!!"

Nik bilgunea jarri eta soka reversotik pasa ondoren.


Behin soka tentetu nuenean, Ikerrek bere reversoa askatu eta bai bera eta baita Josu ere nire babespean gelditu ziren. Bideoan Josuren irteera ikusiko duzue.


Josu nire parera iritsi zenean hotzagatik oso ongi ez zetorrela ikusi, zortziko korapiloa askatu eta babes baten bila joateko eskatu nion. Josu joan eta Iker di-da batean ailegatu zen. Momentuko besarkaden ondoren berari ere babes bila joateko eskatu eta bilgunea eta soka jasotzen gelditu nintzen.

Soka jaso ondoren Josuri hipotentsio baten hasieran zegoeal konturatu nintzen. Normalean, hotz handia egiten duenean, Josuk dexente sufritzen du eta hipotentsioak izaten ditu. Bost-hamar minutuetako gauza izaten da, baina denbora horretan latz sufritzen du. Kasu honetan dirudienez, lehenengo iltzean zegoen mosketoia ezin askatu aritu zen eta azkenean eskularruak kendu zituen mosketoia askatu asmoz. Saiakera batzuen ondoren, mosketoia ateratzen ez zela eta eskuak izozten hasten zitzaizkiola ikusita, mosketoia bertan utzi eta goruntz abiatu zen.

Josu zegoen lekura ailegatu nintzenean, bere eskularru bustiak eta gore-tex txamarra kendu, nire eskularru eta Primaloft lehorrak jantzi, Primaloft-aren gainean berriro bere gore-tex txamarra jantzi eta bere eskularruak jantzi nituen. Azkenean, bere eskuak nire besapeetan sartu eta zertxobait ibili eta, batez ere, te beroa edan ondoren egoera buelta eman eta beherunzko bidea hartu genuen.

Lekuren argazkiak bertan zegoen hotzaren adierazgarri ona da...


... Baita Ikerrena ere.


Argazki honetan Ikerren motxila eta arropa izoztuak garbi ikusi daitezke.


Josuk izandako ezustekoaren ondoren, denok te pixkat edan eta beherunzko bideari ekin genion.

Bideo honetan Nardasakoneko irteeratik ateratzen zen haize eta elurra argi ikusiko duzue.


Nardasakonen irteeratik behera...


Bentiskarako betaurrekoak ez genituenez, erdi-itsu elurrari begira Nardasakonetik behera joan ginen pagadirarte haizetearen menpe egon ginelarik.

Behin pagadira iritsi eta bere babespean sartu ginenean lasaitasun ederra hartu genuen, lasaitasun hau pinudian sartu ginenean ahalik eta handiagoa izan zelarik.

11:00etan berriro ere kotxera itzuli ginen, sekula baino azkarrago, eta kotxea modu honetan topatu genuen.


Taldeko azken argazkia.Lortu diagu!!!!!!!!!




Amaitzeko, azkenaldian egiten dudan moduan, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet Ikerren ikuspuntutik. Espero dut gustukoa izatea.

IRTEERA ZUZENAREN BESTE IGOERAK

- 2018ko apirilaren 1ean Josebakin batera egindakoa.


3 iruzkin:

  1. Uohooooooooooo!!!!

    Hoi duk hoi eguraldi ederra!!!

    Hipotentsioa tentsioa jaistea da ez??? Eta ziplo erortzen ahal da??? Zer pasatzen zaio??? Arriskutsua izan daiteke gero jaisteko arazoak izan baititzake ez??? Gainera, eguraldi horrekin hipotermia bat izateko arriskua ere badu!!!

    Aupa zuek artistakK!

    ErantzunEzabatu
  2. Kaixo Estebe,

    Eguraldia? Frexko xamar, besterik ez, je,je,je.

    Josuri hotz handia dagoenean batzuetan tentsioa jaisten zaio eta erdi zorabiatua gelditzen da gauza gutxi egiteko gai dela. Bost-hamar minutu pasatzerakoan gorputzak buelta eman eta berriro ere ongi jartzen da. Hotzarengatik odol zirkulazioan ematen den erreakzioaren ondorioz gertatzen zaio, eta momentu horretan ahal dugun moduan berotu eta likido beroak ematen dizkiogu gorputzak buelta lehenago eman dezan.

    ErantzunEzabatu
  3. Ongi ongi!

    Hori da sokakide onak izatea. Konfiantza arras garrantzitsua da holako momentuetan. Segurtasunagatik batez ere.

    Hori da hori infernua, ez naiz harritzen horrelakoak gertatzea. Hotza gauza bat da, baina haize puta hori! Sofan goxo-goxo ikusteko bideo aproposa!!!

    Segi horrela eta ea eskiak janztera animatzen zaren noizpait!!!

    Aupa hi!!!

    ErantzunEzabatu