AZKEN 10 SARRERAK

2017/08/22

AKETEGI ERPINA, "PDM" IRTEERA, AD+, III+, 2010/03/19

Azkenaldian bloga hankaz gora dago. Argazkiak gordetzen ditudan Photobucket zerbitzaria dela eta artikulu guztietako argazkiak zerbitzari honetatik “jaitsi” eta zerbitzari berri batera igotzen ari naiz. Photobucket-ek hartutako erabaki baten arabera, abendutik aurrera bertan gordetako argazkiak beste nonbaiten (blogean , adibidez) txertatu eta ikusi ahal izateko urtero 400 dolarreko kostua duen kontua kontratatu beharko dut, orain kontratatua dudan kontua baino zortzi aldiz gehiago. Hau dela eta, horrenbesteko dirutza ordaintzeko prest ez nagoenez, abendua iritsi baino lehen, argazki guztiak zerbitzari berri batera igo eta bertatik banaka berriro ere kronika guztietara txertatzen ari naiz.

Honek duen alde txarra dakarren lan handia da, blogean 11.000 argazkietatik gora daudelako. Alde onik ere badu, logotipo zahar edo berriarekin “sinatu” gabeko argazkiak sinatzeko eta Aizkorriko kanaletako argazkien toponimia eguneratzeko denbora hartzen ari naizelako. Lan handi hau hartuta, gutxienez ahalik eta hobekien egin beharko dut. Hori bai, nahiz eta tentatua izan, kroniken testuak bere horretan utzi ditut, aldaketarik egin gabe, idatzi zireneko azalpen, akats gramatikal eta ortografikoak mantenduz.

Eguneraketa honetan ari naizela, nahigabe duela egun batzuk duela zazpi urte Andoitzekin egin genuen irteera bateko argazkiak topatu nituen. Argazki hauek topatzearekin batera begiak itxi eta atzera begirada egin nuen: Aizkorriko kanalekiko maitasun harremana 2005ean Iralarrainardea lehen aldiz igotakoan hasi bazen ere, kanaletako sukarrak 2010 eta 2011 urteen artean kutsatu gintuela esango nuke, epealdi honetan kanal nagusi guztiak igo eta Aketegi eta Aitzabal arteko gandorra zapaltzeko zirrikitu eta irteera ezberdinen bila hasi ginelako. 2011tik gaur egunera urtero-urtero bide ezberdinak aurkitzen saiatu gara, gehienak zailtasun baxu edo ertainekoak, blogean partekatu eta, bakarren batek errepikatuz gero, izandako sentsazioak gurekin elkarbanatzeko asmoarekin.

Aizkorriko kanalekin dugun harreman estua kontutan izanda, anaia eta biok Andoitzekin egindako ibilbide hau blogean partekatu gabe izatea harritu ninduen, elurraren egoera kaskarra dela eta, elurretik kanpo irteera original, estetiko eta polita egin genuenaren oroitzapena nuelako. Memoria zazpi urte atzera bota eta, bi anaiok irteeraren nondik norakoak gogoratzen hastearekin batera, kronika hau prestatu eta zazpi urteren ondoren partekatzea erabaki dut. Musikarien hizkera erabiliz, argitaragabeko kronika izango litzateke.

IBILBIDEA

Ibilbidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "PDM" irteeraren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea. PDM “Peña De Malkasko”-ren akronimoa da, haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroa pasa nuen auzoari erreferentzia eginez. Ez dakit nori bururatu zitzaion baina malkaskotarrok behin baino gehiagotan “PDM”-koak garela esan izan dugu harro.

Ibilbideari hasiera eta amaiera Itzubiagako bordan egin genuen. Aketegi Erpineko ezkerreko kanaletik igotzen hasi eta kanal honetatik eskuinera zuzen zuzen diagonalean doan adarra jarraitu genuen, kronikan eskuineko bariante bezala izendatu dudana. Kanalaren amaierara iritsi eta, Aitzabal eta Aketegi arteko gandorrera iristeko, gerora “Txarantsa” irteera emango genionaren ezkerreko (Zegamatik begiratuta) monolitoa eskalatu genuen, 25 metro eta III+ zailtasun inguruko soka luze bat eginez.

Jaitsiera, Aketegiko gailurraren iparretik egin genuen, kronika askotan azaldutako zeharkaldi luzearen ondoren Nardasakonera iritsi eta hemendik behera Itzubiagara itzultzeko.

Aketegi Erpineko ezker kanalaren inguruko azalpen zehatzak hemen irakurtzeko aukera dagoenez, ez dut honen inguruko azalpen eta zehaztasun teknikorik emango.

Ibilbidearen krokisa


Krokisa Zegamatik ikusita.


ERAMANDAKO MATERIALA

Eskaladarako materiala eraman genuen: 60 metroetako soka bat, Alien semaforoa eta Lincam gorri eta horia, zinta edo baga batzuk, 6 express zinta, arnesa, pioletak, kranpoiak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

Aizkorriko 2010eko martxoa oparoa izan zen, ia astebururo kanalen bat eskalatzeko aukera izan genuelako, irteera berri batzuk ere eskalatuz: Martxoaren 6an Aketegi Erpineko ezker kanalaren oinera nola iritsi “aurkitu” eta “Bakarka” irteera bakarrik eskalatu ondoren, egun bat beranduago, Josurekin batera, kanal bera jarraitu eta “Babatxiki” irteera eskalatu genuen, irteera eder eta oraindik errepikatu ez duguna. Josurekin “Babatxiki” irteera eskalatzerakoan, gerora “Txarantsa” izena emango genion irteera aurkitu eta hurrengoan irteera hau eskalatzen saiatuko ginela adostu genuen.

“Ez daude hiru bi izan gabe” esaerari jarraituz, aste pare bat beranduago, martxoaren 20an hain zuzen ere, nahiz eta elurra dezente murriztu, Aizkorri oraindik zuri jarraitzen zuen. Hau iksuta, Ikerri Josurekin aurkitu nuen irteera berria eskalatzeko proposatu eta baiezkoa esan zidan. Orduan hartzen hasita genuen kanalen sukarraren berotasunarekin, Andoitzekin hitz egin eta, gure berotasunaz kutsatzen utzi ondoren, bera ere gurekin etorriko zela esan zigun, modu honetan Aizkorriko kanaletan bataiatuz.

08:35. Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Kotxetik motxilak jaso eta martxan hasi ginenean Andoitzen motxilak atentzioa deitu zigun. Mendian eskarmentua izan arren, eskolara joateko edota polikiroldegian kirola egiteko eramaten diren kremaileradun motxila horietakoa ekarri zuen: pioleta barruan sartuta zuen eta, noizik eta behin gelditu beharra zeukan kremailera ixtera, mugimendu eta pioletaren pisuaren eraginez kremailera irekitzen baitzen. Andoitzen motxila dela eta, Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidea uzten den argiunera arte adarra jotzeko aukera elegantea izan genuen.

Andoitzen motxila.


09:00. Zegama-Aizkorri maratoiaren bidea uzten den argiunea. Eguraldiaren aldetik ez zen egun hotza eta noizik eta behin zapaltzen genuen elurra ere oso bigun zegoen. Hala ere, goian elurra gogorrago egongo zenaren itxaropenean jarraitu genuen.

Ehiza postuen ondotik pasatzen.


Argiunetik gorako ehiza postuek egiten duen lerroa atzean utzi eta kanalaren oinera iritsi bitarteko trepadatxoetan Andoitz oso eroso ez zebilela ikusi genuen.

Orratzaren eskuinetik egiten den lehen trepadatxoan.


Trepadaren amaieran.


Iker zailtasunak amaituta.


Eskalatzera ohituta ez dagoen mendizalea, harkaitz, belar eta zuhaitz adarrez jositako II-III zailtasuneko eskaladatxoetan lotuta joan gabe ezeroso ibiltzea normala da, ahalik eta gehiago motxilatik antena moduan irteten zen pioleta zuhaitzen adar guztietan kateatu eta motxila irekitzen zitzaionean.

Bigarren trepadatxora iristeko orratzaren atzetik egiten den zeharkaldian.


Bigarren trepadatxoan, Andoitzek erdiko zuhaitzaren adarrak pasatzeko nahiko lan izan zituen.


Andoitz trepadaren azken zatian Iker zaindari duela.


Nahiz eta soka gainean eraman ez zitzaigun burutik pasa ere egin soka atera eta Andoitz aseguratzea eta, anaia eta bion artean heldulekuen kokalekuak non zeuden adierazten joan ondoren, bi eskaladatxoak nahiko garbi egin zituen, nahiz eta kanalaren oinera iritsi ginenean bere aurpegiak mesfidantza begirada bat bota.

Bigarren trepadaren amaieran: "nundio sartu behar nazuela?"


09:40. Aketegi Erpineko ezker kanalaren oina. Kanalaren elurra oso murriztuta zegoen eta normalean estalita dagoen lehen irtengunea belarretatik tiraka pasa behar izan genuen elurra zapaltzen hasi ginen arte.

Irtengunea eskalatzen.


Elurretan egoera aldatu egin zen: kranpoiak jantzi, pioletak atera eta, nahiz eta elurra bigun izan, erosoago igotzen hasi ginen. Aurreko bi irteeretatik banekien ezkerreko kanalaren eskuinean diagonalean doan bariante batetik igotzerik bazegoela, honegatik, eskuinerako joera hartu eta, elur-jauziek erraztutako pagoen artean pasa ondoren, bariante hau igotzen hasi ginen.

Kanalean gora.


Metroak irabazten genituen heinean elurraren kalitatea ez zen hobetzen joan eta, Itzubiagan genuen itxaropena, eskuartetik galtzen joan zitzaigun hondartzako hondarra izango balitz bezala. Bariantea 40-45 gradu inguruko malda bat igotzea besterik ez da. Tarteka, elurraren egoerak behartuta, belarretan pioletekin trakzioa eginez tenteagoak ziren metro eskas batzuk igo genituen, estutasunik pasa gabe.

Andoitz eta biok aurreratu eta Iker atzeagotik etorri zen, erritmo lasaian baina elurraren egoeraz kezkatuta.

10:20. Eskuin bariantearen amaiera. Bariantearen amaierara iritsitakoan parez pare, gure gainetik, Josurekin aurkitutako irteera agertu zen, gerora “Txarantsa” irteera izango zena. Ni oso urduri nengoen bi asteren buruan hirugarrenez gandorrera irteera berri batetik iristeko zortea izango nuelako.

Kanalaren irteeratik egindak argazki honetan "PDM" irteera nondik doan ikusi daiteke.


Iker bariantearen irteeran.


Bariantearen irteeratik malda gogortu (45-50 gradu inguru) eta, ehun metro inguru zuzen igo ondoren irteeraren oinera iritsi ginen.

"PDM" irteerara hurbiltzen.


Iker iritsi zenerako irteerari saiakera pare bat eginak nituen, biak antzuak, elurra oso bigun egonda, honek ezkutatzen dituen zuloetan sartzen nintzelako. Bera ere pare bat aldiz saiatu arren azkenean amore eman zuen. Gandorretik 20-25 metro eskasera geunden eta ezin ginen bertara igo. Elurraren egoera ikusita, gainean genuen monolitoaren ezkerreko irteera bertikala eskalatzea erabat baztertu genuen. Orduan, zer egin genezake?

Hasiera batean behera egin eta beste nonbaitetik ateratzea pentsatu genuen arren, azkenean gainean genuen monolitoari begiratu eta, eskalatzeko modukoa zirudiela ikusita, bertatik ateratzea adostu genuen. Ez dakit hemendik ateratzea nori bururatu zitzaion baina erabakia hartzeko garaian ez genuen inongo momentuan Andoitzen eskalatzeko maila kontutan izan eta, soka gainetik izanda erraz eskalatuko zuela pentsatu genuen.

Orduan Andoitzek kaskorik ekarri ez zuela esan zigun. Ezusteko honi erantzuna emateko Ikerren kaskoa (Iker aurretik joango zelako) berak jantzi eta biok kaskoarekin eskalatuko genuen, errazagoa baitzen Ikerrek edota gutako batek harriren bat botatzea Ikerren gainean harriren bat erortzea baino.

Txarantsa” bidea eskalatu genuen eguneko argazki honetan "PDM" irteeraren kokalekua  hobe ikusi daiteke. Gorriz doan bidea “Txarantsa” da.


Ikerrek soka atera, erdian “zortziko” korapiloa egin, arnesera lotu eta beharrezko materiala arnesean zintzilikatu ondoren, goizeko hamaikak eta erdi aldera eskalatzen hasi zen.

Eskalada berez ez da oso zaila, III+ inguruan ibiliko da baina eskalada zaildu zuena harkaitzaren egoera izan zen, Aizkorrin nekez topatzen baitira harkaitz sendo eta trinkoz osatutako plakak. Honetaz aparte tarte batzuetan denborak gogortutako haginen enbor edo belarrei tira egin behar zaie psikologikoki estutzen zaituen eskalada eginez.

Iker monolitoa eskalatzen, eskuinean “Txarantsa” irteera.


Zailtasunak zailtasun, Ikerrek luzea maisuki eskalatu zuen, harkaitz trinkoetan friend aseguruak sendo jarriz eta harririk bota ez zuen 25 metroetako eskalada garbia eginez. Gandorrera iritsi eta bestaldean topatu zuen bloke handi baten inguruan bilgunea muntatu zuen. Gandorretik Aizkorri izateko harkaitza nahiko dezentea topatu zuela esan zigun.

Friend bat jartzen.


Ikerri azpitik argazkiak egin ondoren, Andoitzi goitik argazkiak egiteko luzea eskalatzen bigarrena ni izan nintzen, Andoitz behean bakarrik utziz. Eskalatzen nindoan heinean heldulekuak non zeuden esaten nion, baita nondik igo ere, harkaitz eta plakatxo trinkoen kokalekua adieraziz. Hala ere, argazki batzuen trukean, eskalatzen esperientzia gutxien zuena bakarrik utzi nuen. Luzea amaitu nuenean gandorraren ertzera hurbildu eta, argazki kamera eskuetan, Andoitzi nahi zuenean eskalatzen hasteko esan nion.

Eskalada hasten.


Lehenengo pausuak...


Monolitoak dituen lehen metro errazen ondoren, eskalada “psikologikoa” bihurtzen den lekuan estutzen hasi zen.

Luzea zailtzen den puntura iristen.


Eskalatzen esperientzia gutxi, modu alpinoan eta gainera mendiko bota handiekin!!! Estu egoteko osagai guztiak zituen eta nahiz eta goitik heldulekuen kokalekuak non zeuden adierazi, bere ikusmira aurretik zuen metro eskasera mugatzen zen, “tensau, eh?” behin eta berriz erregutuz.

Soka tenkatuta, serio harkaitzetara hala nola eusten.


Aurpegiak dena esaten du.


Estu izan arren blokeatzeraino ez zen iritsi eta bi anaion animoen artean luzearen 25 metroak zentimetroka irabazten joan zen soka ahalik eta tenkatuen mantenduz.

Azken zailtasunak gainditzen.


12:10, Aitzabal eta Aketegiren arteko gandorra. Gandorrera iritsi zenean pasatako estutasuna aurpegian nabari zitzaion: “etxea iristen naizenen arnesa ta katuk a tomar por kulo bota behar dittut” esan zigun behin baino gehiagotan, “kotxea iristekon zuei emangoizkizuet”. Andoitzen umorea ezagututa txantxetan ari zela pentsatu genuen. Nahiz eta orain arte beroa pasa, gandorrean haize hotz batek hartu gintuen. Haizegatik babesteko txamarra jantzi eta, eskaladako materiala jaso ondoren, martxan jarri ginen.

Gandorrera ateratzen.


Aketegi Erpinera iritsi, bertan argazkia egin eta, gailurra bizi-bizi utzi ondoren Aketegin beste argazki bat egin genuen.

Andoitz eta biok Aketegi Erpinaren gailurrean.


Aketegiren gailurrean.


Aketegiren ipar aurpegitik Nardasakonera egiten den zeharkaldian elurraren egoera hobea topatu genuen jaitsieraz nolabait gozatuz. Hala ere, Andoitzek kotxera iritsi arte ez zuen kaskorik kendu eta kotxera iritsi ginenean ere kaskoa jantzita zuela ez zen gogoratzen.

Irteera original, polit eta ez oso zaila eskalatu arren, nahiz eta gure artean hitzik ez egin, erabat gozatu ez genuenaren sentsazioa gelditu zitzaigun eta beharbada hau izan daiteke urteetan ibilbide honetako argazkiak zoko batean gordeta izatearen arrazoia.

Denborak ematen duen ikuspegiarekin egun hartan ez genuen ongi jokatu eta ez genuen egoeraren irakurketa egokia egin. Gure nahi partikularra, gandorrera eskalatzen igotzea alegia, taldeak orduan zuen ahalmenaren gainetik jarri genuen, taldekide bat, hortaz talde osoa, arriskuan jarriz. Andoitzi dagokionez, egun horretatik arnes eta katu oinik ez du jantzi. Oraindik etxean ditu eta ez dute zabortegian amaitu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina