AZKEN 10 SARRERAK
2019/10/26
ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "SOPA DE PEREJIL" BIDEA, 220 m, 6b+ (6a/A0). 2019/10/12
"Sopa de perejil" bidearen oineko izendun plakatxoa..
Urteetan zehar Ziordia eta eskalada hitzak elkartzerakoan Ziordiako ezproia etortzen zen gehiengoon burura. 2015 urtean Antxon Gorrotxategik Arbara ekialdeko horma begiz jo eta hainbat luzeetako bideak ireki eta ekipatzen hasi zen arte. Hiru urteen buruan, “Irati”, “Birra Moretti”, “Rock Circus”, “Marieta” eta “Altzania” bideak ireki eta ekipatuko zituen.
Arbara ekialdeko hormari zuku guztia aterata zitzaiola zirudienean, 2019an Club Vasco de Camping Elkarteko Rafa Elorza eta Sergio Martinek zukugailuari buelta pare bat eman eta, laranjekin gertatzen den moduan, horma honi zuku gehiago atera diote, rappel-lerro bat muntatu eta bi bide berri irekiz: “Pop Circus” eta “Sopa de perejil”, erdi ekipatutako bi bide eta, zailtasun maila eta ekipamenduari dagokionez, Antxon Gorrotxategik irekitakoak baino teknikoagoak direnak.
Arbara ekialdean 2019ko urrian irekitako bideen nondik norakoak.
Antxon Gorrotxategik bideak bata bestearen atzetik ireki ahala eskalatuz joan ginen, denak eskalatu arte. “Pop Circus” eta “Sopa de perejil” ametsen zerrendan izan arren, Ziordiako ezproiaren eskaladari lehentasuna eman nion. Gutxienez hau zen nire asmoa.
Baina bizitzan asmoak askotan aldatu eta egoera berrietara moldatzera besterik ez dugu. Eta horrela gertatu zen Josuren whatsapp mezua jaso nuenean: “Xabi preparatu larunbaten sopa jateko de perejil”.
Alea jacta est!!!
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 220 metro.
- Luze kopurua: 5 edo 6.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martinek, 2019an.
- Zailtasuna: 6b+ (6a/A0). Luzez-luze: 1ºL: 6b, V/A0 (50 m), 2ºL: 6b, V+/A0 (52 m), 3ºL: 6a, V/A0 (56 m), 4ºL: II/III (35 m) eta 4ºL: 6b+, 6a/A0 (30 m), 5ºL: III (50 m). Guk bigarren luzea bitan banatu genuen (horretarako harkaitz-zubi pare batetik muntatutako bilgunea dago): 25 metro eta 6b, V+/A0 luze bat eta 27 metro eta 5b zailtasuneko beste bat eginez.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express zinta, zintak bilguneetarako eta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi gehienak soka edota kordinoekin babestuak daude, pentsatzen dut denborak aurrera egin ahala material gehiago eraman beharko dela). Artaka-trabagailu jokoa, Alien semaforoa, Limcam jokoa eta 0,5, 0,75 eta 1 zenbakiko Camalot-ak. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, luzeak luzeak direlako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Ia bide osoa atzetik eskalatuko nuela argi nuen arren, azkeneko luzeak errespetu handia jartzen zidan. A0 moduan eskalatzeko aukera izan arren, 6b+ luzea eskalatzeko kapaz izango nintzen?
Jai eguna izanda kotxea harrobiko hesiaren ondoan utzi genuen. Hego-haize gogor batek bazterrak nahasten zituen zuhaitzak okertu eta zerua hodeiez estaliz, ilun uzteraino. Haizerako txamarra jantzi ondoren, edozein momentuan euria hasiko zenaren mehatxupean oinez hasi ginen.
Hurbilketan egindako argazki honetan bidearen nondik norakoak ikusi daitezke, baita haizearen indarra sumatu ere.
Haize ufaden astinduen artean eta lurrera baino zerura gehiago begiratuz, hurbilketa mantso egin genuen, eguraldiak hartuko zuen noranzkoaren kezkapean. Ondoko hormetatik babestuta, bidearen oinean haizeak gutxienez indar handirik ez zuen. Bidea “Rock Circus” eta “Pop Circus” bideen eskuinean hasten da, erlaitz garbi eta eroso batean, eta bertan bidearen izendun plakatxo bat dago.
- Ze esatezu?
- Saiau inbeharko deu, ez? – erantzun zidan Josuk – ebie haste bada nunbaitetio jatxiko gea.
Materiala prestatzen.
Josuri material guztia pasatu eta soberan zuena nire motxilan sartu ondoren, talkie-ak piztearekin batera eskalatzen hasi zen.
- Lehenego luzea, 50 metro, 6b V/A0. Bidea ur-tantadun harkaitz-plaka tente bat eskalatuz hasten da, parabolt batera iritsiz. Josuk lehen metro hauek lasai hartu zituen, indarrak gordez, ur-tantetako heldulekuen artean batera eta bestera zuhurtziaz mugituz, parabolta gertu ez baitago. Paraboltetik lehen express-zinta pasatu ondoren arnasa lasai hartu zuen (V).
Lehen luzean ekipatutako harkaitz-zubiaren parean.
Paraboltaren gainetik harkaitz-plaka zuzen eskalatzen jarraitu, kordel batez ekipatutako harkaitz-zubi bat atzean utzi eta, goraxeago artaka-trabagailu bat sendo trabatu ondoren, horma eskuin ezker diagonalean zeharkatzen duen arrail zabalera iritsi zen (V).
- Zemuz oainarte?
- Ondo, oaingoz ondo – erantzun zidan arrailetik.
Arrail zabalean, oraingoz dena ongi.
Alien bat arrailean trabatu ondoren arraila eskalatzen hasi zen amaierara iritsi aurretik bigarren aseguru bat jarriz (V). Arrailaren amaieran soka batez ekipatutako harkaitz-zubi handi bat dago. Bertatik aseguratu, gorputza ahal izan zuen guztia luzatu eta luzeko pasabiderik zailena babesten duen paraboltetik express-zinta bat pasatzea lortu zuen.
Pasabidea eskuinean dagoen arrail bertikal batera iristeko egin behar den metro pareko zeharkaldi horizontala da, 6b, (V/A0) zailtasuna duena.
- Asuntoa oain hastea…
Batera eta bestera begiratzen aritu ondoren Josu eskuinera horizontalean mugitzen hasi zen. Eskuin oina hormaren zimur txiki batean jarri eta ezker oina altxatzearekin batera oinak irrist egin eta erori egin zen: “ostiaaaaaaaa!!!”.
Paraboltaren azpian berriro ere kokatu eta buruan zuen bigarren plana martxan jarri zuen, harlauz txiki batek osatzen duen arrail estuaren laguntzaz paraboltetik gora metro bat inguru eskalatu ondoren, kontu handiz eskuinera pasa zen arrailera iritsiz.
- Muuuuuuchooooooo!!!! – oihukatu nion bilgunetik.
- Nik uste zuk beste aukera errexago eskalaukozula, altugo zea ta – erantzun zidan oraindik arnasestuka.
Luzearen pasabiderik gogorrena eskalatu ondoren.
Helduleku ederreko luzearen bigarren arraila eskalatu (V) eta zuhaixka nabarmen baten parera iritsi zen. Bertatik, eskuinaldeko noranzkoan plaka txiki ezberdin batzuk eskalatuz, harkaitz bloke handi bat ezkerretik eskalatu zuen honen gainera igoz (IV+).
Harkaitz-bloke handiaren gainetik behera egindako argazkia. Borobil zurian sikatutako harri bat ikusi daiteke.
Harkaitz-blokearen gainetik ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu zuen (parabolt batek bidea adierazten du).
Harkaitz-bloketik gorako tartea, parabolta eta, argazkiaren atzean, Ziordiako ezproia ikusi daitezke.
Parabolta atzean utzi ondoren (V) zuzen eskalatu eta azken harkaitz-plaka tente bat eskalatu zuen(IV+) hormatik ateraz. Bertatik, oinez, pareko horma bertikalaren eskuinera zuzendu zen, lehen bilgunera iritsiz.
“Atzea bueltaik eztau!!!” pentsatu nuen Josuk jasotako sokek arnesetik tiraka hasi zirenean. Lehen paraboltaren arteko zatia fina iruditu zitzaidan, heldulekuak dituen arren pazientziaz eta hotz eskalatu behar den horietakoa. 6b pasabidera iritsi nintzenean ez nuen bitan pentsatu: express-zintari heldu eta zeharkaldi horizontala egin ondoren bigarren arrailera uste baino askoz errazago iritsi nintzen, atzean utzi ondoren pasabidea modu askean ez frogatzeaz damutuz. Hemendik gorakoa errazagoa iruditu zitzaidan, estutu gabe eskalatzekoa. Kuriositate moduan, harkaitz bloke handiaren ezker horman sikatutako harri bat dago:
- Bai, nik ere ikusiet – esan zidan Josuk bilgunetik.
Lehen bilgunean, bigarren bilgunearen nondik norakoak ikusi daitezke, baita, borobilen barruan, luzean topatuko ditugun paraboltak ere.
-Bigarren luzea, 25 metro, 6b (V+/A0). Zintzilik neraman materiala Josuri pasatu, bilgunean eroso jarri eta, dena prest genuenean, eskalatzen jarraitu zuen.
Bilgunetik zuzen harkaitz-plaka tentea eskalatzen hasi zen, makurtzen den hormaren azpiko bi zulo nabarmenetara zuzenduz. Bigarren zuloan Camalot bat trabatu, zertxobait ezkerrera bota eta ur-tantadun harkaitz-plaka eta zutabe itsurako harkaitz formazio baten laguntzaz 6b pasabidea babesten duen azpiko paraboltera iritsi zen.
- Aquí hay tomateeeee – ohartu zidan Josuk umorez.
Pasabidea fisikoa eta zuzen eskalatzen da. Eskalatzen hasi behar zenean oin batek irrist egin eta paraboltetik zintzilik gelditu zen.
- Diossssssss!!!! Ostiaaaaaaa!!!
- Lasai Josu, horrek ez du intento bezela kontatzen – esan nion, esandakoak efektu handirik izango ez zuela jakinda, Josuk saiakera bezala kontatuko baitzuen.
Paraboltaren azpian berriro ere kokatu eta, pasabideko bi zulo ederretatik tira eginez, itxuraz zailtasunik gabe eskalatu (6b, V+/A0), bigarren paraboltetik aseguratu eta pasabidearen gaineko erlaitzera igo zen: “Onaaaaaa!!!!”
Luzearen lehen pasabide gogorra eskalatu ondorengo erlaitzean.
Arnasketa bere onera itzuli zitzaionean erlaitzetik ezkerrera jarraitu zuen pixkanaka tentetuz doan arrail etzan bat amaiera arte jarraituz (III, IV eta gero IV+). Zeharkaldi honetan komeni da asegururen bat jartzea atzetik datorrena 6b pasabidean eroriz gero pendulurik ez egiteko.
Arrailaren amaieran horma bertikal batekin topo egin zuen, luzearen bigarren pasabide gogorraren atari.
Arrailaren amaieran.
Pasabide hau ere bi paraboltez babestua dago. Lehen paraboltera oinak hormaren helduleku txikietan jarri eta gorputza pixkanaka altxatuz iritsi ondoren, bigarrenera bien arteko helduleku onak aprobetxatuz erraz iritsi zen, 6b (6a/A0), pasabidea atzean utziz. Pasabidea hain erraz eskalatzen ikusi ondoren atentzioa deitu zidan bigarren paraboltetik gorako 3 metroetan botatako izerdiak.
- Ostia, gehio kosta zat reunioa iristea pasoa baño – esan zidan - ta hemen soka batekin reunio bat montauta dau.
- Bai, blogen jartzeue bertan reunioa montatzea badaula atzekoa hobe aseguratzeko. – erantzun nion.
Zalantzan izan ondoren azkenean Josuk bertan bigarren bilgunea muntatzea erabaki zuen, erabaki zuzena, gero ikusiko genuen bezala.
Bigarren bilgunean.
Luzea beldur nintzena baino errazago eskalatu nuen. Lehen pasabidean azpiko paraboltari gorputza kokatzeko heldu ondoren, pasabidea uste baino errazago eskalatu nuen. Bigarren pasabidean aldiz, lehenengo paraboltera iristeko eskalatu beharreko tartea fina iruditu zitzaidan. Ez nuen bitan pentsatu parabolta eskura izan nuenean bertatik lotsagabe tira egiteko.
Bi parabolten arteko pasabidea aldiz ez zitzaidan hain gogorra iruditu, beharbada altua naizelako, heldulekuak altu gelditzen baitira. Bigarren paraboltetik bilgunera iristeko plaka zatian aldiz, Josu bezala, estutu behar izan nuen. Bilgune azpian, harkaitz-plaka bertikala amaitzen den lekuan, eskuen parera oin bat igotzen bada pasabide hau errazago eskalatzen da.
Arrailaren amaieran, gainetik luzearen bigarren pasabide gogorra.
- Reunio honek ez dit konfiantza haundik ematen.
- Zeba? – Galdetu nion Josuri bilgunera iritsi nintzenean.
- Eztakit, baña hola txintxilika eotea ez da oso komodoa…
- Bueno, ordun pasaiazu materiala ta nik aurretio jarraittukoet, pentsatzet kinto bat katxarrok sartzen eskalatzeko kapaz izango naizela – erantzun nion materiala hartzen nion bitartean – bestela jaitxi ta zuk emangoiozu, jejeje.
- Hirugarren luzea, 27 metro, V. Bilgunetik zuzen eskalatzen hasi eta zertxobait eskuinera bota nintzen gainean dagoen ezproiaren erdira zuzenduz. Ezproian egindako garbiketa lana (bide osoan bezala), itzela da eta nahiz eta bertikala izan helduleku ederrak ditu, baita artaka trabagailuak trabatzeko primerako arrail eta zuloak ere. 5-6 metro inguruko eskalada, pare bat artaka-trabagailu trabatu eta hirugarren bat galdu ondoren (eskuetatik ihes egin eta Josuk ezin izan zuen airean hartu) ezproia eskalatu nuen (V).
Metro bertikal hauen ondoren ezproia etzaten da eta harkaitz-plakatxo ezberdinen eskalada konbinatuz (III) inongo zailtasunik gabe bilgunera iritsi nintzen.
Hirugarren bilgunea.
- Luze politte.
- Hau zutzako errexa, jejeje. – erantzun nion Josuri bilgunera iritsi zenean.
Josu ezproiaren amaieran, aurretik hainbat plakatxo bilgunera iristeko.
Hirugarren luzea eskalatu eta bertikala ez dela ikusi ondoren, uste dut hobe dela bigarren bilgunea muntatu genuen lekuan muntatzea, 6b pasabideak bertatik bertara aseguratzeko.
- Laugarren luzea, 56 metro, 6a (V/A0). Josuk bilgunetik gora doan ezproi etzana eskalatzen jarraitu zuen pareko hormaren oinera iritsiz (IV). Eskalatzen zuen heinean haizeak berriro ere indarra irabazi zuen. Hormen babesetik kanpo, haizearen mende, bion arteko komunikazioa talki-en bidez egin beharra genuen, nahiz eta bion arteko tartea motza izan.
Ezproi etzanaren amaierara iristen.
Hormaren azpian, honen eskuinean bi paraboltez babestutako ur-tantadun plaka bertikal, ilun eta nabarmenera zuzendu beharra dago. Josuk ibilbide erosoena zein izango zen neurtu eta, ezkerrerako joerarekin, hormaren arrail eta harlauz ezberdinak eskalatzen hasi zen ur tantadun harkaitz-plaka babesten duen lehen paraboltera iritsiz (IV+).
- Hemen ondon beste bia baten paraboltak dare.
- Bai, hoi Rock Circus da – erantzun nion.
6a pasabidearen oinean eta gorriz laugarren luzearen nondik norakoak. Zuriz margotutako bidea “Rock Circus” da,
Josuk bi parabolten arteko ur-tantadun plaka erditik eskalatu beharrean, hormaren helduleku onak aprobetxatuz, honen ezkerretik eskalatzen jarraitu zuen (6a/V+ A0) bigarren parabolta eskuin eskuarekin “txapatuz”. Ur tantadun plaka atzean utzita, honen ezkerrean dagoen zuhaixka nabarmenak osatutako erlaitzera iritsi zen.
Zuhaixkaren ondoan, 6a pasabidea eskalatu ondoren.
6a pasabidea goitik ikusita.
Atseden labur bat hartu eta erlaitzetik gora doan helduleku ederreko arrail bertikal eta nabarmena amaiera arte eskalatu ondoren (V) bilgunera iritsi zen.
Bilgunera iristeko eskalatu behar den arrail zoragarria.
Laugarren bilgunean.
Luzea itzela iruditu zitzaidan, oso ona, oso ongi garbitu eta irudikatua. 6a pasabidea, guk eskalatu bezala ez zitzaidan gogorra iruditu, beharbada ur-tantadun plakaren erditik eskalatu ez genuelako, beharbada hemen ere, bigarren luzean bezala, altua izateak asko laguntzen duelako.
Bilgunera iritsi aurreko horma bere osotasunean. Bidea horma hau eskalatzeagatik bakarrik merezi du.
“Sopa de Perejil” bidearen azken luzea eskalatu nahi ez bada bi aukera ditugu: laugarren bilgunetik 4 metro ezkerrera zeharkaldia eginez “Rock Circus” bideko goiko paraboltekin bat egin eta bertatik amaitzea edo 25 metroetako zeharkaldi horizontala eginez rappel-lerroko bigarren rappela muntatzen den lekura iristea.
Laugarren bilgunea.
- Bosgarren luzea, 35 metro, II/III . Aurretik genuen luzea motza eta, zailtasunaren aldetik, erraza zela ikusita, Gainean nuen materialari pare bat express-zinta gehitu eta eskalatzen jarraitu nuen.
Bilgunetik eskuinera diagonalean eskalatzen hasi nintzen kordel batez ekipatutako harkaitz-zubira zuzenduz (III).
Bosgarren luzearen lehen metroak, argazkiaren ezker ertzan kordelez ekipatutako harkaitz-zubia ikusi daiteke.
Zuhaixka batetik pasatako bigarren soka batean aseguratu ondoren ezproiaren bestaldera pasa eta, erdi oinez, zuhaitz bat ezkerretik inguratu nuen (II) hormatxo batekin topo egin arte. Hemen ere egindako garbiketa itzela eta nabarmena da.
Zuhaixkatik laugarren bilgunera egindako argazkia.
Goiko argazkia egindako leku beretik gora egindako argazkia, bilgunera iritsi aurreko zuhaitza ikusi daiteke.
Hormatxoak zailtasun handirik ez dauka eta kordelekin ekipatutako bi harkaitz-zubiekin babestuta dago. Hormatxoaren gaineko zuhaitzetik pasatako sokan azken express-zinta pasatu ondoren honen ezkerrean harkaitz-zubi batetik pasatako zinta eta parabolt batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.
Bosgarren bilgunea.
Josu ezproitxotik bestaldera pasatzen. Argazkian bilgunea aurreko zuhaitzaren enborra ikusi daiteke.
- Pentsatzen hemen estutu beharko deula – esan zidan Josuk gora begira, luzearen zailtasuna neurtuz.
- Seigarren luzea, 30 metro, 6b+(6a/A0). Bilgunetik gora pareko hormara zuzentzen den ezproi inklinatua eskalatzen hasi zen (IV). Harkaitza hauskor izatearen itsura duen arren, azpitik dirudiena baino trinkoagoa da. Ezproia, erditik gora zertxobait tentetzen da (IV+), mailloidun kordel batekin ekipatutako harkaitz-zubi batekin topo egin arte.
- Hau ez da ba reunio bezela jarrita eongo, ez? – Galdetu zidan – bertatio segurugo aseguratzeko.
- Eztakit baña krokisen eztu ezer jartzen – erantzun nion.
Ezproia eskalatzen, gutxi gora behera mailloidun kordelekin ekipatutako harkaitz-zubitik gertu.
Hemendik gora ezproia tentetu (V) eta ezkerrera zeharkaldi diagonal motz eta fina egin zuen 6b+ pasabidearen azpiko paraboltera iritsiz.
Zeharkaldia hastear, ezkerrean arrail alderantzikatua ikusi daiteke.
- Azti oain!!!
Paraboltaren ezkerrean ezker-eskuin doan arrail alderantzikatura zuzendu (eskuin-ezkerreko zeharkaldi motza egin behar da ezker eta eskuin eskuetako behatzak sartzen diren bi zulo aprobetxatuz) eta, bavariar teknika erabiliz, arraila eskalatzen hasi zen. Josu arnasestuka hastearekin batera arrailetik askatu eta paraboltetik zintzilik gelditu zen.
- Ostia fine da, eh? – esan zidan.
Bigarren tentaldian bigarren paraboltera iristea lortuko zuen. Hirugarren tentaldi bat behar izan zuen pasabidea behingoz eskalatu eta arrailaren gaineko erlaitz txikira igotzeko (6b+, 6a/A0).
Bideko pasabiderik gogorrena eskalatu ondorengo erlaitzean.
Erlaitzean eskuak magnesio hautsetan sartu eta atseden hartzen zuen bitartean, hurrengo pasabidea miatzen hasi zen: 6a zailtasuneko horma bertikala, parabolt bakarrez aseguratua dagoena. Batera eta bestera begiratu arren ez zion antzik hartzen:
- Nundio eskalaure eztakit – esan zidan azkenean – eztet ezer ikusten.
Une baten ondoren “a tomar por culo” esan, eta pasabidea babesten duen paraboltetik express-zinta pasa ondoren A0 moduan eskalatu zuen (V/A0).
Pasabideik gora horma inklinatuz eta heldulekuak ugarituz doaz. Zertxobait ezkerrerako joerarekin eskalatuz bi paraboltez osatutako azken bilgunera iristen bada ere (IV+), Josuk zuzenago jarraitu eta, bilgunerik ikusi gabe, hormatik atera zen, bilgunea honen gaineko zuhaitz baten enborrean muntatuz.
Azken bilgunea muntatu genuen zuhaitza.
"Benetazko" azken bilgunea.
6b+ pasabidearen lehen parabolta arte fresko iritsi nintzen, indartsu, konfiantzaz. Pasabidea modu askean eskalatzeko egindako hiru saiakerek ordea besoak puztuta utzi zizkidaten, azido laktikoz beteak. Indarrak galdu aurretik Josuri sokak ahal zuen guztia tinkatzeko eskatu nion:
- Josu, sokak tirante jarri– bota nion talkie-tik – nik soka horitio tiraka igotzeten bitarten zuk bestea jaso “como si no hubiera un mañana”, jejeje.
- OK Xabi!!!
6b+ pasabidea Josuk soka bat tenkatzen zuen heinean bestetik besoekin tira eginez igo nuen. Honen gaineko erlaitz txikian atseden hartu ondoren 6a pasabidea A0 moduan oso erraz eskalatu nuen. Josuri gertatu bezala, modu askean eskalatzeko oso fina iruditu zitzaidan.
Haizeak hormaren gaineko pagoak batera eta bestera errukirik gabe astintzen zituela ikusita rappelatzen jaistea berehala baztertu eta oinez jaistea erabaki genuen.
Trasteak jasota MAT-eko aitonen argazkia: aupa gu!!!! Jejejeje
Jaitsiera, igoera bezala,lasai hartu genuen, denborari garrantzirik eman gabe. Erlojuak egunari orduak jaten zizkion heinean iragarpenek zin egindako eguzkia lainoen artean azaltzen hasi zen, lotsati, ahul. Trasteak jaso eta azken argazki batzuk egin ondoren Josuk motorra martxan jarri zuen.
Hormari egindako azken argazkia, haizeak bazterrak astintzen oraindik ere.
Bidea asko gustatu zitzaigun baina ez du ezer oparitzen. Azkeneko luzea gogorra iruditu zitzaidan eta bertan estututakoak beste luzeetan gozatutakoaren oroitzapena nolabait arretu zidan. Hala ere pixkanaka bake sentsazio bat nagusituz joan zitzaidan, arimaren oreka berera itzuliz. Bitartean, kanpoan haizeak oraindik bazterrak astintzen jarraitzen zuen.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Viejas zapatillas bloga. 2019/10/02. SOPA DE PEREJIL, Nueva vía en Ziordia. Eskuragarri: https://viejaszapatillas.com/2019/10/02/sopa-de-perejil-nueva-via-en-ziordia/
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
21:51
Etiketak:
arbara,
ciordia,
ekialdea,
eskalada,
nafarroa,
navarra,
perejil,
smithy,
smithyrenbloga,
sopa,
sopa de perejil,
ziordia
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina