AZKEN 10 SARRERAK

2017/05/23

EGINO: "JOE MARMOTA" BIDEA, 110 m, 5b



Etxetik gertu eskalatzeko Egino bezalako lekua izatea luxua da. Maila ezberdinetako ehundaka bide, ehundaka luze eta zailtasun eta mota guztiko eskaladak egin daitezke eta, hau gutxi ez bada, hurbilketak ez dira luzeak. Ordu erdian gehienez urrunen dagoen bidera iristeko aukera izango dugu eta, kirol nahiz luze ezberdinetako eskalada egin, egun ederraz gozatzeko aukera ziurtatuta dago.

Hurbilketari dagokionez, hainbat luzeetako bideen artean, Larreñigiko haitzen goiko zatian hubilketarik luzeena duen hiru luzeetako bidea dago: "Joe Marmota". 110 metro dituen bide honetara iristeko egokiena Larreñigiko haitzetako beste eskalada bide bat eskalatzea da, bertaraino oinez iristea oso luzea delako. Bide hau, Eginon ekipatutako hainbat luzeetako bide gehienen moduan, Antxon Gorrotxategi nekaezina ekipatua da eta lehen bilgunera iristeko hiru luze edo aukera ezberdin ditugu, hirurak Antxonek berak ekipatuak: "Joe Marmotaren" berezko lehen luzea (65m, 5a), "Garoa" (50m, 5a) eta "Nikasio ertza" (50m, 5a).

"Joe Marmota" eskalatzeko, Iker eta biok Eginoko bideak marraztuta ditudan argazki panoramikoa ordenadorean ireki eta, "Xabier" eta "Txitxibiritxi" bideak gertuen daudenak zirela ikusi ondoren, "Txitxibiritxi" bidea eskalatzea erabaki genuen, Ikerrek oraindik eskalatu gabe zuelako.

Gure asmoa? Ahal zela "Nikasio ertza", "Garoa" eta "Joe Marmota" bideak eskalatzea, lehenengo biak eskalatzeko "Joe Marmotaren" lehen luzeko bilgunea errapelatzeko aprobetxatuz. Plana erabakita, igande goizean goiz Iker jaso eta Eginoko bidea hartu genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 110 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 5a (65 m), 2ºL: 5b (25 m), 3ºL: 4c (20 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Iturri bakarra Eginoko herrian topatuko dugu.
Hurbilketa: Bide hau eskalatzeko gomendagarria da Eginon dagoen hainbat luzeetako bide bat aurretik eskalatzea. Bidearen oinetik gertuen gelditzen diren bideak "Xabier" eta "Txitxibiritxi" bideak dira. Bide hauek bere osotasunean eskalatu daitezkeen arren, erraz eta azkarrena "Xabierren" bosgarren luzea (nahiz eta hau errapelatu daitekeen) eta "Txitxibiritxiren" azkenekoa eskalatu gabe uztea da. Guk bigarren aukera hartu genuen.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginora itzuliko gara.
Eramandako materiala: 70 metroetako bi soka (guk 60 metroetako sokak eraman genituen eta lehenengo luzean larri ibili ginen), luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Friend eta fisureroak aukerakoak dira baina parabolten arteko tarte luzeetan (bigarren luzean batez ere) ongi etorri daitezke. Guk Alien semaforoa (grisa ere) eta Lincam hori eta gorria eraman genituen.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


BIDEAREN KROKISA

Argazki honetan gorriz eskalatutako luzeak, urdinez oinez egindakoak eta zuriz jaitsierako bidea ikusi daitezke. Karratuan "Txitxibiritxi" bidearen azken luzeak eta "Joe Marmota".


Goiko argazkiko karratua handituta. Argazkian puntu gorriz "Txitxibiritxiren" azken luzea (guk ez genuen eskalatu) eta puntu berdez "Xabierren" irteera. Ongi dator irteera hau identifikatzea, "Joe Marmotaren" azken luzea honen eskuinean gelditzen baita. Puntu zuriz "Garoa" eta "Nikasio ertza" bideak eta hurbilketan kontutan izan beharko ditugun bi monolitoak ere adierazi ditut.


"Joe Marmotaren" krokisa zehatzago. Puntu gorriz lehen luzearen lehen metroak saihesteko jarraitu daitekeen bidea (baita honen amaieran dagoen haritzaren kokalekua ere) eta puntu zuriz "Xabierren" irteera margotu ditut. Puntu urdinez oinez egiten diren zatiak dira.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Goian azaldu bezala, "Joe Marmotatik" gertuen gelditzen diren bideak "Xabier" eta "Txitxibiritxi" dira. Helburua "Joe Marmota" bakarrik eskalatzea bada, "Xabierren" bosgarren luzea eta "Txitxibiritxiren" azkenekoa eskalatu gabe uztea gomendatzen dut.

"Txitxibiritxi" eskalatu genuenez, azken luzea (zazpigarrena) hasten den den lekuan ezkerrera jo genuen eta, ahalik eta bide errazena jarraituz, 30-40 metro inguruko zeharkaldia egin genuen. Zeharkaldi osoan "Nikasio ertza" begi bistan izango dugu. Zeharkaldiaren amaieran eskaladatxo erraz batzuk egin eta zuhaitz eta belardun zabalune inklinatu eta luze batera iritsi ginen. Zabalune honetara "Txitxibiritxi", "Berta", "Susi", "Elmer", "Udaberri", "Txomin" edo "Lore Festa" bideen amaieratik ere iritsi daiteke.

Zabalunean, ezkerrera jo genuen begi bistan genuen "Nikasio ertza" eta bi monolito berezi erreferentzia bezala hartuz.

Zabalunean. Argazkian bi monolitoak eta Nikasio ertzaren kokalekuak adierazi ditut, baita jarraitutako bidea ere.


Zabalunearen zeharkaldian bi hartxingadi zeharkatu genituen. Zeharkaldian bigarren monolitoa erreferentzi bezala hartu genuen, bideak bere atzetik jarraitzen du eta.

Bigarren hartxingadian, bi monolitoak eta Nikasio ertza ikusi daitezke, baita jarraitutako bidea ere.


Bigarren monolitora iristear geundela harkaitz batean puntu gorri bat margotuta ikusi genuen. Antxon Gorrotxategik bideak ekipatzeko modua kontutan izanda, pentsatzen dugu "Txitxibiritxi", "Berta", "Susi", "Elmer", "Udaberri", "Txomin" edo "Lore Festa" bideen amaieratik honaino iristeko bidea puntu gorriz adierazita egongo dela.

Bigarren monolitoaren parean. Puntu gorriaren kokalekua ikusi daiteke.


Bigarren orratzatik egindako argazkia. Argazkian "Txitxibiritxiren" azken luzea dagoen hormaren kokalekua eta jarraitutako bidea ikusi daitezke.


Bigarren monolitoaren atzetik bideak behera egin eta, destrepatzen erraza den zatia jaitsiz, "Nikasio ertzaren" oineko plakatxora iritsi ginen.

Iker "Nikasio ertzaren" plakatxoa dagoen lekuan, behean Egino. "Joe Marmotara" iristeko puntu zuriak adierazten duten bidetik destrepatzen jarraitu genuen.


"Nikasio ertzaren" oinean dagoen plakatxoa.


Plakatxotik bigarren monolitora egindako argazkia eta zuriz jarraitutako bidea. "Nikasio ertzaren" lehen metroen nondik norakoak gorriz margotu ditut, baita lehen paraboltaren kokalekua ere.


"Nikasio ertzaren" hasierako plakatxotik behera metro pare bat jaitsi eta erlaitz batera iritsi ginen. "Joe Marmotaren" oinera iristeko destrepatzen jarraitu behar da baina gu, hemen geundela aprobetxatuz, erlaitza metro batzuetan jarraitu eta "Garoa" bidearen oinera iritsi ginen.

"Garoaren" hasiera adierazten duen plakatxoa eta luzearen lehen metro eta paraboltak.


"Garoaren" plakatxoa gertuago...


"Garoaren" oinetik itzuli eta destrepearekin jarraitu genuen orain arte eskuinean uzten ari ginen harkaitz plakaren oinera iritsiz. Plakaren oinetik 10-15 metro inguru ibili ondoren "Joe Marmotaren" hasiera adierazten duen plakatxora iritsi ginen.

Destrepadatxoaren azken metroetan. "Joe Marmotaren"  hasiera argazkiaren ezkerrean ikusten den plakaren oinean dago.


"Txitxibiritxi"  eta "Joe Marmotaren" artean guztira 200 metroetatik gora izango dira eta, denborari dagokionez, poliki eta katu oinak kendu gabe, 20 minutu pasa genuen.

DESKRIBAPENA

Eginora goizeko bederatzietarako iritsi ginen, eskalatzera zihoan beste sokada batekin batera. Bikotea agurtu eta, denbora asko galdu gabe, martxan jarri ginen: "itteon egualdikin harritze naiz jende gehio ez ibiltzea" esan zidan Ikerrek Larreñigiko haitzetatik eskalatzaileen oihurik entzuten ez zela zehaztuz. Leku honetako bideetara iristeko ohiko bidea jarraituz, 25 minutuetan "Txitxibiritxiren" oinera iritsi ginen.

"Txitxibiritxiren" hasiera adierazten duen plakatxoa.


"Hara, bisitarie!!" esan zidan Ikerrek lurrean utzitako motxila adieraziz. Begiratu eta sugandila bat ikusi nuen: "guk hon hamarrena eskalauko bagenu", bota nion irrifartsu materiala prestatzen nuen bitartean. Sugandilak arraro begiratu eta "ze aittuko die bi tipo hauek hemen?" pentsatzen arituko balitz bezala motxilatik jaitsi eta belar artean lasaitasun osoz desagertu zen.

Lehen orduko bisitaria.


Sugandilari agur egin ondoren, prestaketekin bukatu eta dena ongi zegoela ziurtatu nuenean eskalatzen hasi nintzen. "Txitxibiritxiren" deskribapena "hemen" egina dudanez, ez dut luzeen inguruko azalpenik emango.

"Txitxibiritxiren" lehen metroetan.


Gorago, argazkian bidearen oineko plakatxoa ikusi daiteke.


Lehen bilgunera iristen. Zuhaitza dagoen lekuan lehen bilgunea muntatu daiteke baina nire ustez hobe da zinta luze bat jarri eta bigarren luzea hasten den plakaren azpiko uztaidun paraboltean muntatzea.


Bigarren luzean (4c). Lehen bilgunea muntatu genuen uztaidun parabolta ikusi daiteke.


Bigarren luzearen zatirik tenteena eskalatu ondoren.


"Txitxibiritxi" estuasun handirik gabe eskalatu genuen, hirugarren luzean pasa nituenak kontutan hartzen ez baditut behintzat, jejeje.

Laugarren bilgunera iristen.


Bosgarren luzearen (4b) lehen metroetan.


Azkeneko luzera iritsitakoan zalantzan izan ginen bidea amaitu hala ez: "luzea inbe ezkerretio junda di-da baten iritsiko geala emateo" esan nion anaiari begi bistan genuen "Nikasio ertza" seinalatuz. Erlojua begiratu eta hamabiak eta laurden zirela ikusi ondoren, "Txitxibiritxiren" azken luzea beste baterako uztea erabaki genuen.

"Txitxibiritxiren" azken luzearen nondik norakoak. Beste baterako utzi genuen.


"Hauntzaño katukin jun behar zea?" Galdetu nion Ikerri sokak jaso eta ibiltzen hasi zenean. "Bai" erantzun zidan. "ez do ematen tarte haundik daunik". Ikerren irizpidea kontutan hartuz, zapatilak motxilan utzi eta nik ere katu oinik ez kentzea erabaki nuen.

Arrautzak zapaltzen arituko bagina bezala, oinen azpietan minik ez hartzeko, "Bidearen oinera iristeko" atalean emandako azalpenak jarraituz, goizeko 12:35tan "Joe Marmotaren" oinera iritsi ginen.

Hurbilketan, hasieran genuen ideia, "Nikasio ertza" eta "Garoa" ere eskalatzearena alegia, baztertu egin genuen, "Joe Marmotaren" bilgunetik beste bi bideetara errapelatzea oso zaila ikusi genuelako: "beste baten ingoitteu" esan nion Ikerri.

Eskaladarako prestaketa lasaitasun osoz hartu genuen. Motxilak kendu, argazki batzuk egin, jan, edan eta, materiala ordenatu ondoren, Iker lehen luzea eskalatzen hasi zen.

Lehen luzea, 65 metro, 5a. Lehenengo parabolta urrun gelditzen den arren, tartean harkaitz zubi batetik pasatako soka zegoela ikusi genuen: "halere daren mila zirrikitu ta pitzaduretan zeoze sartzeare izangoet" esan zidan Ikerrek.

Ikerrek esan bezala, lehenengo metroak ez dira oso bertikalak eta, helduleku eta aseguruak jartzeko aukera ederreko plakatxo ezberdinak eskalatuz, metroak erraz irabazi zituen.

Harkaitz zubitik pasatako sokaren parean.


Lehenengo paraboltean.


Lehenengo paraboltean aseguratu ondoren, plaka zertxobait tentetu eta konpaktu bihurtzen da. Ezkerrera metro pare bateko zeharkalditxoa egin ondoren haritz batera iritsi zen.

Haritzaren parean.


"Zemuz dijo?" Galdetu nion. "Oaingoz ondo baña hemendio aurrea asuntoa gogortzeela emateo" erantzun zidan. Haritza arteko lehen metro hauek plaka ezkerretik oinez inguratuz saihestu daitezke, eskaladatxo erraz baten ondoren, haritzera arazorik gabe iritsiz.

Haritzatik gora, ordura arteko helduleku ederrak desagertu eta horma helduleku txikietako plaka bertikala bihurtzen da. Ikerrek metroak poliki-poliki irabazten joan zen, berak esan bezala, "asuntoa gogortzen" hasita zegoenaren seinale. Hormak atseden pixkat eman zion leku batean "oain al loro, eh?" bota zidan.

Hormak atseden ematen duen lekuan.


Hemendik gora helduleku txikiak ere desagertu eta plaka bertikalean itsasgarritasunezko 3-4 metro eskalatzen dira. Hau gutxi ez bada, zati honetako parabolten arteko tartea gure "tarte sikologikoaren" mugaren ertzean zegoela iruditu zitzaigun. Iker metroak irabaztetik zentimetroak irabaztera pasa zen, soka pixkanaka eramanez. Ixiltasunez kutsatutako denbora baten ondoren, parabolt "salbatzailera" iritsi eta "zeatio eztiazu sokik ematen?" galdetu zidan, "soka kriston tentea dau!!". Soka lasai nuela erantzun nionean soka jasotzea dexente kostatzen ari zitzaiola erantzun zidan, ziurrenik pisuaren eraginez.

Zatirik zailena eskalatu ondoren.


Eskalatzen jarraitu aurretik "zenbat falta zaizu bilgunera iristeko?" galdetu nion, lurrera begiratu eta 5 metro soka eskas nituela ikusi nuenean. "Ba eztakit, 8-10 bat" erantzun zidan, "ze ba?". "Ba soka bukatzen ai delako" erantzun nion. Alde batera eta bestera begiratu eta harkaitz zubitik pasatako sokatik gertu igo nintekeela ikusi nuen. Ikerri zegoen paraboltean aseguratzeko eskatu eta, harkaitz zubira ahal izan nuen guztia hurbilduz, harkaitz baten inguruan zinta bat pasatu, bertan bilgunea egin eta 5 metro soka inguru irabazi nituen: "oain 10 metro inguru izangoittuzu, baña gehio ez" esan nion talkietik. "Ea nahikok dien" erantzun zidan.

Itsasgarritasunezko plakaren ondoren heldulekuak berriro ere agertu eta lehen metroak erraz irabazi zituen. Bilgunera iritsi aurreko plaka zuzen eskalatu eta azkeneko pausu fin bat topatu zuen. Talkietik "reuniónnnn" entzun nuenean bere ahotsan lasaitasun handia sentitu nuen.

Bilgunera iristen. Argazkian harkaitz zubitik pasatako soka ikusi daiteke, baita bidearen lehen metroek auto babeserako duten aukera handiak ere.


Iker bezala, haritza arteko metroak erraztasun handiz eskalatu nituen. Haritzatik gora, helduleku txikiak dauden plakan estutzen hasi nintzen arren, hormari metroak poliki jaten joan nintzen itsasgarritasunezko plakara iritsi nintzen arte. "A ze kabroia!! Hemendio igo da?" Pentsatu nuen Ikerrek egindako eskaladari meriturik handiena emanez.

Urrengo minutuetan nire ikusmen eta atentzio osoa inguruan nituen 2-3 metroetara mugatu eta, alperrik, helduleku posible baten bila hasi nintzen: "oinekin fiatu beharren zare!!" oihukatu zidan Ikerrek bilgunetik. Hormaren koska borobildu batzuk eskuekin nolabait heldu eta, pixkanaka, horman ikusten nituen zimurtasunetan oinak jarriz, zentimetroak irabaziz joan nintzen.

Mugagabea iruditu zitzaidan unearen ondoren, arnasestuka, pausuaren amaierako paraboltera iritsi nintzen. Hemendik gora zuzen eskalatzen jarraitu eta, bilgunearen aurreko plakatxoa zuzen eskalatu beharrean, bilgunea osatzen duen gailurtxoaren eskuinetik eskalatu nuen, pausu horizontal eta erraz baten ondoren bilgunera iritsiz.

"Ostia, a ze meritue zurea!!!" esan nion anaiari bilgunera iritsi nintzenean. "Bufff!!! Larri ibili naiz" erantzun zidan. "Ba ea datorrena nolakoa den, ze hau 5a da ta urrengoa 5b" bota nion.

Iker lehen bilgunean.


Lehen bilgunetik "Txitxibiritxi" bidera egindako argazkian (gorriz azken luzea nondik doan adierazita) bidearen oinera arte oinez jarraitutako bidea adierazi dut.


Bigarren luzera iristeko, bilgunetik atera eta "Xabier" bidearen bosgarren luzearen bilgunetik pasa ondoren, iristen garen tontortxoan oinez metro batzuk behera egin eta hiru parabolt dituen plakara iritsi ginen. Bilgunetik plakara 30-40 metro eskas izango dira.

"Xabierren" bosgarren bilgunea.


Iker tontortxoan, lehen bilgunea atzean (argazkian ez da ikusten) gelditzen da.


Ni tontortxotik ikusita eta bigarren luzeak jarraitzen duen bidea.


Bigarren luzea, 25 metro, 5b. Bigarren luzeak hiru parabolt eta bertikala ez den itsasgarritasunezko plaka amaiera arte jarraitzen du. Hasieran zalantzan izan ginen plaka azpi-azpitik eskalatzen hasi edo nengoen lekutik (goiko argazkian ikusten den lekutik) ezkerrera zeharkalditxo bat eginez lehen paraboltera iristea. Azkenean, plakaren oinera iristeko bidea zikina zegoela ikusita, bigarren aukera hartu eta lehen paraboltera iritsi nintzen.

Lehen eta bigarren parabolten arteko zatia zuzen eskalatzen badugu luzearen pausurik zailena topatuko dugu. Nik plakaren ezkerrean dagoen harlauz estuaz lagunduz metroak erraz irabazi eta bigarren paraboltera iritsi nintzen: "Zemuz dijo?" galdetu zidan anaiak. "Ba oaingoz errex, ea hemendio gora nolakoa den" erantzun nion.

Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea luzeagoa izan arren, plaka etzanagoa da eta, oinetan fede osoa jarriz, zailtasun handirik gabe eskalatu nuen. Dena den, tarte hau ere plakaren ezkerreko ertzaren laguntzarekin eskalatzen badugu askoz errazago eskalatu daiteke.

Hirugarren eta azken paraboltaren parean. Luzea plakaren amaieran amaitzen da.


Hirugarren paraboltetik gora heldulekuak agertzen hasi eta metroak errazago irabazi nituen plakaren amaieran dagoen hormatxo bertikalera iritsi nintzen arte. Hormatxo honetan, hirugarren parabolta urrun zegoela ikusita, beste parabolt bat egongo zela espero nuen arren, ez nuen ezer topatu. Arnesean bilatzen hasi eta, friend eta zinta guztiak Ikerrek zituela baieztatu nuenean, urduritzen hasi nintzen: "ze?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ba tartek eztu zalle ematen baña alejea potentea da" erantzun nion, "ta gañea friend guztik zuk dittezu".

Behin honaino iritsita goitik ateratzea besterik ez zegoela ikusi nuenean, arnasa sakon hartu eta, erortzerik ezin nuela jakinda, hormatxoaren heldulekuen laguntzarekin azken metroak eskalatu nituen. Hormatxoaren eskalada ez da zaila (III-IV zailtasunaren baitan izango da) eta gainera sekulako heldulekuak ditu, baina metro hauek babesten ez baditugu ezin da hutsik egin, erorketa bat izanez gero min handia hartu daiteke eta.

Hormatxoaren gainean dagoen blokera igo eta, honen atzean dagoen bigarren bloke baten ingurutik zintza luze bat pasatuz, bilgunea muntatu nuen.

"Aurreko luzea 5a bada hau ezta 5b ni por el forro" esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Nire gauza bea pentsatzen ai nintzen" erantzun nion, "nik lehen luzeari 5b gutxiñez emango nion", "edo 5b+" esan zidan Ikerrek irrifartsu. Lehenengo luzea 5a baino gogorragoa iruditu zitzaigun, bigarrena aldiz, 5b baino errazagoa. Gainera, Ikerrek, bigarren luzearen pausurik zailena plakaren erditik eskalatu zuenez, nik baino arrazoi gehiago zituen hau ondorioztatzeko.

Bigarren luzearen amaieran.


Hirugarren luzea bilgunearen atzean dagoen plakan dago, oinez 15-20 metro eginez. Gu hasiera batean nahastu eta, parabolt bakarrez babestutako irteerarik nabarienera hurbildu ginen: "nei irteera hau ezagune itten zait" esan nion anaiari, "ba Xabierrena ez bada..." erantzun zidan.

Bigarren bilgunea desmuntatu eta gero. Bilgunea argazkiaren ezkerrean dagoen harkaitz blokean muntatu genuen. Eskuineko koxka, bigarren luzearen amaieran dagoen blokea da.


Telefonoa hartu eta, "Xabierren" artikulua errepasatu ondoren, honen amaierako III zailtasun mailako eskaladatxoa zela baieztatu genuen: "esatun ba horrek 4c itxuraik etzuela" esan zidan Ikerrek irteeraren oinetik.

Iker "Xabierren" irteeraren azpian. "Joe Marmotaren" azken luzea puntu gorriak marraztutako plakatik doa.


Horma osoa begiratu eta hiru paraboltez babestutako luze bakarra ikusi genuen: "hau behar do, besteik eztau ta" esan zidan Ikerrek plakaren oinera hurbiltzen zen heinean.

Azken luzearen oinera hurbiltzen, luzearen ibilbidea eta bertako hiru parabolten kokalekua.


Hirugarren luzea, 20 metro, 4c. Luzeak azpitik ikusita errespetua ematen du eta oso zaila dirudi: "Joer, hortio igokoa?" Esan zidan Ikerrek luzearen oinetik. "4c bada emateona baño errexagoa izangoa" erantzun nion. Luze osoan hiru parabolt bakarrik zeudela ikusita, Ikerrek gainean zituen expressak hartu eta eskalatzen hasi zen.

Luzearen lehen metroek helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz egiten dira eta Ikerrek inongo zailtasunik gabe eskalatu zituen.

Plaka etzanaren amaieran, lehen parabolta atzean utzi ondoren.


Plakaren ondoren erlaitz batera iritsi eta oinetik begiratuta beldurra ematen duen irteerararen azpira iritsi zen: "buenoooo, hemendio eztu hain zalle ematen" esan zidan. Irteerak diedro/tximinia itsura dauka eta bertikala da. Azken metroetan atzeraka egiten duela ere esango nuke. Aitzitik sekulako heldulekuak ditu eta, oinak non jarri ongi begiratuz, Ikerrek erraztasun handiz eskalatu zuen.

Tximinia/diedroaren lehen metroetan.


Zertxobait atzeraka egiten duen zatian.


Bilgunea, luzearen amaieran dagoen blokeetako batetik zinta bat pasatuz muntatu zuen.

Hirugarren luzeaz izugarri gozatu eta oso ona iruditu zitzaidan, eskalada egun borobil bati amaiera emateko modu elegantea.

Plaka etzanaren amaieran. Bigarren bilgunetik hirugarren luzera jarraitu beharreko bidea adierazi dut.


Diedro/tximinia azpitik ikusita.


Bilgunera iritsi eta ordubiak eta hamar zirela ikusi genuen: "gaurkoz nahiko, ez?" Galdetu nion anaiari, "bai, bauket katuk kentzeko gogoa" erantzun zidan. Bidearen amaieran bion argazkia egin, materiala lasai eta denboraz jaso, gainean genuen ura edan, barratxo bat jan eta, bidearen amaieran ezer uzten ez genuela begiratu ondoren, beherako bidea hartu genuen.

Bi anaiak bidearen amaieran.


Jaitsieran Apirilak 1etik abuztuaren 31ra eskalada eremu oso batean eskalatzea debekatuta dagoela adierazten duten kartelak ikusi genituen. Debeku eremuak "Matices" bidea eta Usoa eta Aztorea arteko eremu osoa hartzen du eta kartelean eskalada ez ezik sarbidea ere debekatuta dagoela jartzen duenez, ez dakit Aztorea eta Usotik jaisten den bidetik igo edota jaisterik egongo den hala ez.

"Matices" bidearen oinean jarritako kartela, eskalada debekatuta dagoen eremuaren hasiera.


Usoaren oinaren eskuinean jarritako beste kartela, eremuaren amaiera adierazten duena.


Eginora hiruetan iritsi ginen, eguzkiak erruki gabe astintzen hasita zegoenean. Herriko iturrian zintzurra freskatu eta, kotxean trasteak jaso ondoren, etxeko bidea hartu genuen bide ezezagun bezain ederra eskalatu genuenaren sentsazioarekin.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina