AZKEN 10 SARRERAK
erlabeltz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/02/23
ERLABELTZEKO PUNTA ETA LARRUNARRI: "ARRASTRAKULOS" KANALAREN EZKER ADARRETIK, 200 m, PD+/M3/III. 2023/01/29
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Urte batzuk pasa behar izan dira norbaitek elurra sortzen duen makina konpondu, martxan jarri eta Gipuzkoako mendiak gogoz zuritu dituen arte.
Geroz eta ezohikoago bihurtzen ari diren egoera hauetan, elurra urtu baino lehen, mendiak trineo, eski, erraketa, piolet eta kranpoiez armaturiko mendizale hordez betetzen dira. Honen isla izaten dira sare sozial eta komunikabideetako berriak betetzen dituzten mendi zuri, familia zoriontsu, eskiatzaile gazte eta mendizaleen argazki, bideo eta erreportaiak, mundua astintzen duten benetazko arazoak ahaztu arazten gaituztenak. Eta gu, sistema kapitalista honen aurka borrokatzen duten iraultzaile sutsuen modura, beste mundu bat posible dela aldarrikatuz etxean geratzen garela esatea gustatuko litzaidake, baina aitortu beharra daukat mendi elurtueetatik iristen zaizkigun lamien doinuei ezin izaten diogula ezetzik esan.
Neguko igoera eta eskaladak Larrunarrin hasteko ohitura dugu, elurra Aizkorrin baino azkarrago eraldatzen eta urtzen delako. Zuri koloreko urre preziatu eta galgarri honi ahalik eta zukurik handiena ateratzeko, Asier eta biok Larrunarriko hego-mendebaldeko hormara zuzentzea adostu genuen, begia botata diogun neguko eskalada bati saialdi bat egiteko asmoz. Niretzat, berriro ere Asierren konpainiaz gozatzeko aukera izango zen; Asierrentzat, aldiz, azken hilabeteetan eskaladatik kanpo utzi duen sorbalda mindua probatzekoa.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 200 metro, Erlabeltzeko puntara arte.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzerik egin.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu baina igoera hau asko eta aspalditik errepikatzen den igoera da.
- Zailtasuna: PD+/M3/III. Erlabeltzeko punta eta Larrunarriren arteko gandorrean kontu handiz ibili beharko dugu, elurra biguna badago batez ere. Elur asko dagoenean Larrunarriko gailurrera honen ipar-hormara pasatuz iristea da gomendagarri eta seguruena.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen hartu daiteke, baita Larrunarriko ohiko bidean dagoen Oria iturrian ere.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi eta zelaian gora hasiko gara hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasako dugu. Bigarren aukera bat "Tximista" bidetik igotzea da eta, luzeagoa bada ere, bideak arrasto ona badu gutxiago nekatuko gara.
- Jaitsiera: Larrunarrira iristen den ohiko edozein bidetik. Negu giroan biderik eroso eta azkarrena "Tximista" izaten da.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu Larrunarriko gailurrera arte, atsedenaldiak zenbatuz.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Kotxetik kotxera bost ordu inguru lasai ibilita.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen krokisa. Puntu zuriz, "Arrastrakulos" kanala, puntu orlegiz aldiz, bere eskuin adarra.
DESKRIBAPENA
Iluntasunean iritsi ginen arren, eguna argitzearekin batera kotxetik irten ginen, kopetako argirik gabe. Termometroak 3 gradu “besterik ez” zituen adierazten; elurra gogortzeko nahikoa? Berehala jakingo genuen. Mendizale goiztiarrenak dagoeneko igotzen hasiak zeuden eta, noizik eta behin, oraindik piztuta zeramatzaten kopetako argien distira elorrien artetik iristen zitzaigun. Berehala izango ginen distira horien atzetik.
Larrunarriko gailurra eta Larraitzeko aparkalekua arrasto nabarmen, zapaldu eta gogor batek lotzen zituen; bide-ertzean pilatutako elurra aldiz, bigun eta lehor jarraitzen zuen, erori berria bezala. Hau ikusta, igoera lasai hartzea erabaki genuen, aurretik pasatako mendizaleen oinatzetik atera gabe. Gure itxaropena hormetan itsatsitako elurretan zegoen, gogorra egongo zela uste genuen eta.
- Rayotik igoko gea? – Proposatu nion Asierri, - Hola altura errexago irabaziko deu.
- Bidetik kanpoko elurre nola daun ikusita igual hobe – erantzun zidan – ta gañea gutxigo nekauko gea.
Oria iturrira iristen.
“Tximista” bidea elurrezko txirrista erraldoi bat zirudien, inurri batzuen moduan, sigi-sagan, hainbat mendizalek igotzen saiatzen ari ginena. Ipar-haize gogorraren eragina nabarmena zen, aldapa mendiari lapurtutako elurrez estalita zegoelako..
"Tximista" igotzen.
Oinatzetik atera gabe metroak eroso irabazten genituen heinean, maldaren erdian dagoen elorri berezi bat hartu genuen erreferentzia bezala eta, bere parera iritsi ginenean, bidea utziz bertara zuzendu ginen.
"Tximista"-n dagoen elorri bereziaren ondoan.
Goitik zetorren ipar-haize gogorrak itsatsitako elur eta izotzaren eraginez elorria koral handi baten itxura zuen, arrainontzietan jartzen diren koral zuri horietako baten itxura. Bere atzean, Ausa Gazteluk paisaiari ukitu polar bat ematen zion.
Elorri berezia koral zuri bat bihurtua.
Arrastoa utzi genuenean, hortik aurrera zer topatuko genuen argi geratu zitzaigun: haizeak pilatutako eta trinkotu gabeko elur pila; arrastoa irekitzeko behin baino gehiagotan belaunetatik gora sartzea behartuko gintuena. Ordura arte isuri gabeko izerdiak “Arrastrakulos” kanaletik banatzen gintuzten 500 metro eskaseetan isuri genituen.
Arrastoa utzi ondoren bidean pasa genuen bigarren elorri baten ondoan. Argazkian bi mendizale ikusi daitezke "Tximista"-n gora.
Eta eskerrak metro batzuetan zehar azpitik zetozen Arkaitz eta Ibonek irekitako arrastoa aprobetxatzeko zortea izan genuela!!! Arkaitzek esan zigunez, Joseba Iztueta ere inguruan zebilen, lagun batekin bideren bat eskalatzeko asmoz. Hiru taldetxo ibiliko ginen Larrunarriko ekialdeko horman jolasten, bakoitza eremu ezberdin batean, bakoitza proiektu ezberdin batekin. Gurea “Arrailakulos” bezala izendatu nuen arrail nabarmena eskalatzea zen, eskalatu nueneko ibilbide bera jarraituz.
- Nola ikustezu? – Galdetu zidan Asierrek Arkaitz eta Ibon laino artean galdu zirenean.
- Goien elurre hola badau ez dakit igotzerik izango deun – erantzun nion, elur sakonari metroak irensten saiatzen nintzen bitartean.
“Arrastrakulos” kanala lanbro itxi eta heze batek estaltzen zuen, ikusgai zegoen horma apurrari itxura beldurgarri bat emanez. “Mailenka” eta “Petrel” bideek partekatzen duten bilgunea eta bilgunea kokatutako erlaitz zabala haizeak hormatik amildutako elurrak osatutako kono handi batek estaltzen zuen. Hau ikusita, berehala baztertu genuen nik eskalatu nuen lehen luzea eskalatzea. “Arrailakulos” arrailaren oinera iritsi nahi bagenuen “Arrastrakulos” kanalaren ezker adarra ia bere osotasunean igo beharko genuen. Eta horretarako elur bigunarekin borroka polita izango genuen aurretik.
Izterretatik gora elurretan sartuz metroak poliki irabazten hasi ginen, batzuetan pausu bat aurrera egiteko bi pausu atzera eginez. Elurraren egoera kaskarra ikusita piolet eta kranpoiak ez jartzea erabaki genuen; ezker adarraren lehen irtengunearekin topo egin genuen arte.
- Seguru nau hemengo resalte guztik belarra dutela – esan nion Asierri elurra zapalduz erlaitz txiki bat eraikitzen nuen bitartean -. Hemendik gora piolet eta kranpoiekin ez det uste arazo haundirik izango deunik.
Leku faltagatik, Asierrek beherago beste erlaitz bat eraikitzen hasi zen. Ez ginen motel ibili kaskoa eta pioletak motxiletatik atera eta kranpoiak jartzeko, baina bai nahikoa ipar haizeak hormatik erraztatutako elur finez estalita geratzeko, arroparen zirrikitu guztietatik sartzeraino.
- Izoztuta nau – esan zidan Asierrek elurra gainetik astinduz –. Ez dakit igoeran izerditu naizelako, baina izoztuta nago.
- Jarraitzeko modun?
- Ez dakit, orain pixkat mareatuta nau.
- No jodas, jaistea nahi dezu? Nere aldetik arazorik gabe, eh?
- Ea buelta ematen diodan – erantzun zidan jaioberri baten modura uzkurtuz, sortzen ari zen bero apurra ahalik eta gehien gordetzeko ahaleginean.
Asierrek hotzak eragindako momentu txarra pasatzen zuen bitartean, motxilan neramatzan eskularru potoloenak atera eta utzi nizkion eskuak berotu ahal izateko. Ni hozten hasi nintzenerako Asierrek jarraitzeko moduan zegoela esan zidan.
Lehen irtengunea eskalatzea ez zen erosoa izan, ezta arriskutsua ere. Elurra irina zirudien eta pioletek ez zuten inon heltzen, ezta elur geruza handiaren azpian agertzen zen belar apurrean ere. Irtengunearen eskuin aldean dagoen harkaitzari ahal izan genuen moduan helduz eta, tarteka elurretan gerriraino sartuz, azkenean lortu genuen irtengunetik ateratzea (60º inguru).
Asier lehen irtengunea eskalatzen.
Asierri argazki bat egin eta, gehiago hozten jarraitu aurretik, igotzen segi nuen “Arrastrakulos“ kanaletik banatzen gintuen ezproiaren ondotik mantenduz. Metroak zailtasunez irabazi genituen, bigarren irtengunearen azpira iritsi ginen arte:
- Arrailako elurre hola badau ez det uste metro asko igoko ditugunik – esan nion Asierri “Arrailakulos” seinalatuz – ta gainera egiten dun hotzakin, aseguratzen deun bitarten izoztuta geratu behar gea.
- Ni oraindik ez naiz berotu – erantzun zidan besoak astinduz.
- Ba ordun hobe degu igotzen jarraitzea!!!
Bigarren irtengunearen oinean.
Bigarren irtengunea, 3-4 metro eta 65º inguru izango dituena, lehenengoa baino errazago eskalatu genuen, beharbada ia bere osotasunean osatzen duen harkaitz plaka batek piolet eta kranpoien puntak zimurdura batzuetan jartzeko aukera eman zigulako, edo beharbada gorputzak epeltzen hasi zitzaizkigulako.
Bigarren irtengunean.
Hemendik gora, elurra pixkanaka gogortuz joan zen, haizeak trinkotu gabeko elurra eraman eta azpiko elur gogorra agerian utzi zuelako. Kanala goitik ixten duen hormara iritsi ginenerako izoztutako elur geruzaz osatutako tarteren bat eskalatzeko aukera ere izan genuen.
Bigarren irtengunea eskalatu ondoren.
- Orain ea leku on bat topatzen deun Arrastrakulosera pasatzeko – esan nion Asierri hormatik zuzen jarraitzea arriskutsu zegoela baieztatu genuenean.
Lainoaren ondorioz ongi ikusi ez genuen saialdi antzu baten ondoren, harkaitz-plaka batetik "zintzilik" zegoen inklinazio handiko erlaitz estu bat kontu handiz zeharkatuz “Arrastrakulos“ kanalera iristera lortu genuen. Zeharkaldi honek ere bere xarma izan zuen, Asierri kranpoi bat askatu zitzaionean batez ere, jejeje. Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak bere blogean behin baino gehiagotan idatzi duen bezala, “Arrastrakulos“ kanalera iristeko egin behar den zeharkaldiak kontu handia eskatzen du, eroriz gero min handia hartu daiteke eta.
Zeharkaldiaren hasieran, kranpoia botatik irten aurretik.
Zeharkaldiaren amaieran, kranpoia bere lekura itzuli ondoren.
Metroak irabazten genituen heinean eta, inklinazio handiko lekuetan elurra gogorragoa zegoela ikusita, “Arrastrakulos“ kanala irteera zuzenetik amaitzea erabaki genuen; eta asmatu genuen, irtengunea tapizatzen duten belar eta landare multzoa izoztuta topatu genituelako.
“Arrastrakulos“ kanalaren irteera zuzenean.
Irteera zuzenetik ateratzen.
Asier irteera zuzenaren oinera iristen.
- Hemendik gora nundik dijo?
- Errazenen ikusten dezun lekutik – erantzun nion pasatzen utziz -, dena harkaitz-plakez osatuta dago.
Harkaitz-plaketara zuzentzen.
Gorputza epeltzen hasi ondoren, bazirudien Asier indarberrituta zihoala. Ni aldiz, telefonoarekin argazkiak egitearen ondorioz, eskuetako behatz-mamiak hotz-hotzak eta gogor-gogorrak neramatzan. Asierren martxa jarraitzen hasi nintzenean ez zen denbora luzea pasatu behar izan behatz-puntetan mina sentitu eta berriro ere berotzeko.
Harkaitz-plaken arteko tarte batean.
Erlabeltzeko Puntara arteko bidean lanbroak eragindako ikusmira eskasa, elur bigunez estalitako zuloak "ezkutuak" eta haizeak behin eta berriz aurpegira botatzen zigun elurra izan ziren protagonistak.
Argazki honetan elurraren egoera nolakoa topatu genuen sumatu daiteke.
Puntan dagoen gurutzea ere, haizearen mende, itsas hondoan urperaturiko gurutze zahar bat zirudien, urteetan zehar alga eta lurrez estalitako gurutze beldurgarri bat.
Erlabeltzeko puntan.
Argazki bat azkar-azkar egin eta ahal izan genuen denborarik luzeena Larrunarritik banatzen gintuen gandorraren ertzetik jarraitu genuen, tarteka, haizearen indarragatik, hegoaldera pasatzera behartuz.
Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorran.
Larrunarriko gailurera iritsi baino lehen dagoen mendi-lepo estu eta nabarmenean ipar hormara pasa ginen, negu giroan bertatik igotzen jarraitzea aukerarik seguruena izaten delako. Azken irtengune tente bat igo ondoren gailurrera iritsi ginen.
Larrunarriko ipar-horman, gailurrera iritsi aurretik dagoen irtengunea eskalatzen.
- Gaur hotza pasa det – aitortu zidan Asierrek zerbait jaten genuen bitartean -. Momentu baten mareatzen hasi naiz.
- Gaur giro eskozesa izan degu bai – erantzun nion -, gutxienez jaitsieran arrastoa izango deu ta berotzen jungo gea.
Gailurrean geundela Asierren ezaguna den Jose Garcia-kin topo egin genuen, baita Larraitz arte bere konpainiaz gozatzeko zortea izan ere. A zer nolako bizitza-lezioa eman zigun eta a zer nolako adore eta umorea duen bizitzari aurre egiteko. Eta gu hotzagatik kexatzen!!! Milesker Jose irakatsitako guztiarengatik!!!
Larraitzera epel-epel iritsi ginen, pasatako hotzak ahaztuta. Eguraldi eta elur baldintzegatik irteera gogorra izan zen, mendia maitatzera edo gorrotatzera eramaten zaituen horietakoa. Kotxera iritsi ginenerako proiektu eta amets berriez hizketan geunden jada, beraz, gure kasuan, irteerak mendia gehiago maitatzera eraman gintuela esango nuke. Ez al duzu uste, Asier? Jejejeje
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyren bloga. 2023/01/02. Larrunarri, "Txema - Petrel" sektorea: "Arrailakulos" arraila, 70 m, IV. 2022/11/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/01/larrunarri-txema-petrel-sektorea.html
- Smithyren bloga. 2017/12/08. Erlabeltzeko Punta eta Txindoki neguan: "Arrastrakulos" kanaletik, 200 m, M3, 2017/12/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/12/erlabeltzeko-punta-eta-txindoki-neguan.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:42
Etiketak:
aralar,
arrastraculos,
arrastrakulos,
erlabeltz,
erlabeltzeko punta,
larrunarri,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga,
txindoki
2017/12/08
ERLABELTZEKO PUNTA ETA TXINDOKI NEGUAN: "ARRASTRAKULOS" KANALETIK, 200 m, M3, 2017/12/06
Ebakuntza batengatik hilabete eta erdi "kietoparau" egon ondoren, zirujauak minik sentitzen ez nuen bitartean kirola pixkanaka egiten hasteko aholkatu zidan, kaiolaren barruan alde batera eta bestera ezinegonean izan den lehoiari atea irekiz. Ez naiz sekula horrenbeste denbora ezer egin gabe egon, lesioak izan ditudanean beti topatu izan baitut sasoirik ez galtzeko ariketa edo moduren bat. Oraingoan ez zen ariketa alternatiborik izan eta lehen egunean bizikletaren gainean jarri nintzenean sasoi falta nabaria nuela atzeman nuen.
Geldirik izandako denboran Desnivel argitaletxeak argitaratu berri duen Steve House eta Scott Johnstonen "Entrenamiento para el nuevo alpinismo: manual para el alpinista como deportista" liburua irakurtzeko aukera izan nuen. Blogean artikulu osoa merezi duen liburu honen ideia nagusiak erreferentzi bezala hartuz, 2018rako begiak jota dudan proiektuari begira datozen hilabeteetako entrenamenduak pazientzi eta kontu handiz antolatu nituen. Zirujauak alta eman zidanean entrenamenduei hasiera emateko irrikitan nengoen arren, badaezpada aste pare bat gehiago atseden hartu eta entrenamenduei hasiera emateko abenduaren lehen astea ezarri nuen.
Abenduaren lehen egunarekin batera udazkeneko lehen elurte "potentea" iritsi zen. Eta a zer nolako elurtea gainera!!! Aspaldian ez bezala, herriko kaleak ederki zuritu eta Aralar eta Aizkorriko harkaitzak elurraren azpian desagertu ziren, merengez estalitako pastelen moduan, itsura borobilduak hartuz. Elurteak hiru egun iraun zituen eta sare sozialak Euskal Herriko zoko zurietako argazki eta bideoz bete ziren, baita inguruko mendietara elurra belaunetik gora egindako igoera "epikoen" kontakizunekin ere, mendizaleon elur gosea agerian geldituz.
Gure aldetik egun hauek patxadakin hartu genituen. Gogoak piolet eta kranpoiak hartu eta Aizkorriko kanaleei bisitatxoa egiteko esaten zigun arren, buruak elurra gogortu arte bizpahiru egun itxaron beharko genituela esaten zigun. Zalantza Asierrek argitu zigun. Elurtearen bigarren egunean eskiekin Otzaurtetik gora abiatu eta Aldaolatik gora hasi zenean buelta hartu behar izan zuen elurraren pisuaz zuhaitzak erortzen hasita zeudelako.
Elurtea pasa eta hurrengo bi egunetan, lehen elur-jausiekin batera, agujetak zer diren gogoratu zidaten lehen entrenamenduak egin eta abenduaren hasieran batzuok izaten dugun zubia iritsi zen. 8tik atzera bigarren elurte bat datorrela iragarrita, 6 eta 7a aprobetxatu beharra nituen.
MATeko beste kideak lanean eta dudan sasoi falta kontutan izanda zailtasunik gabe bakarrik egin nezakeen irteera baten bila hasi nintzen. Baina, nora joan? Aizkorrira ala Larrunarrira? Hor zegoen koxka. Arratsalde osoan buruari bueltaka izan ondoren, etxeko terrazara atera eta eguzkiaren azken izpiek Txindoki nola argitzen zuten ikusi nuenean, erantzuna berehala etorri zitzaidan: "Larrunarrira".
Eguzkiaren azken izpiak Aralarren, 2017ko abenduak 5.

Hasieran Larrunarriren ipar hormari bisitatxoa egitea pentsatu banuen ere, anaiak bigun zegoela esan zidanean "Arrastrakulos"-etik igotzea erabaki nuen: "hemen atsalden eguzkik jotzen dunez, elurre transformauta eongo da", pentsatu nuen. Txarrenean, elurrik izango ez balu, "Plaka Gorrien" azpitik zeharkaldia egin eta Tximista bidetik gailurrera iristeko aukera izango nuela banekien.
Larrunarri azken izpiekin argituta.

"Arrastrakulos", Larrunarriko mendebaldeko horma tapizatzen duten eskalada bideetatik jaisteko erabilitako ohiko kanala da. Belar era harkaitzez estalitako kanal malkarra, kontu handiz ibili beharra dago, batez ere hezea dagoenean, izan ere, bere izenak dioen moduan, ipurdia lurretik oso gertu dugula jaitsi beharra dago bertatik ez amiltzeko. Lehorra dagoenean, eskalada erraza eginez, Erlabeltzeko punta eta Txindokiko gailurrera iristeko modu original eta ederra da. Larrunarri elurtuta dagoenean aldiz, gehien eskalatzen den bidea da, ipar horman ez bezala, bertako elurra azkar eraldatzen delako.
Teknikoki zailtasun handiko kanala ez bada ere, oso dibertigarria da eta kokalekua zer esanik ez, denbora osoan Ausa Gaztelu eta Aizkorriko mendilerroa gure bizkarrean zelatari izango ditugulako. Erlabeltzeko punta eta Larrunarri arteko gandorrak kontu ibiltzea eskatuko digu, batzuetan gainean duen elurra ezegonkorra egoten baita. Elurraren kalitatearen arabera, Larrunarriko gailurrera mendebaldeko gandorra bere osotasunean jarraituz edo ipar horman zeharkalditxo bat eginez iritsiko gara. Osagai hauekin guztiekin nolatan bide hau eskalatzeko motibatuta ez izan?
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 200 metro inguru "Arrastrakulos" hasieratik Erlabeltzeko puntara.
Zailtasuna: M3. Kanalean 65 gradu inguruko bi irtengune motz daude eta kanalaren amaieratik Txindokiren ipar-mendebaldeko gandorrara iristeko zatian III zailtasuneko pausu mistoak egiten dira. Dena den, pausu misto hauek guztiak ekidin daitezke.
Orientazioa: Mendebaldea. Goizean itzalpean dago, nahiz eta kanalaren irteeratik Erlabeltzeko puntara doan zatian eguzkiak jo.
Ura: Larraitzen hartu daiteke
Hurbilketa: Elurraren gogortasunaren arabera kotxea uzten den lekutik ordubete eta laurden gutxienez beharko dugu. Nire kasuan, oso poliki joanda ordu eta berrogei minutu pasa nituen.
Jaitsiera: Larrunarrira doan edozein bidetik, nire kasuan Tximista bidetik.
Eramandako materiala: Bi piolet tekniko, kranpoiak eta kaskoa.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: "Arrastrakulos" hasieratik Erlabeltzeko puntara ordu erdi pasatxo.
Ibilbidea "Wikiloc" web orritik deskargatu nahi baduzue.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak. Puntu zuriz Larrunarrira doan ohiko bidea, gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa. Argazkia duela urte batzuetakoa da.

Krokisa zehatzago. Argazkia duela urte batzuetakoa da.

BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oinera iristeko Larrunarriko "Petrel" edo "Mailenka" eskalada bideak eskalatzeko jarraitu behar den bide bera da, baita Larrunarriko "Plaka Gorriak" sektorera iristeko jarraitu daitekeen bideetako bat ere. Deskribapen zehatz bat hemen irakurtzeko aukera dagoenez, hurbilketaren inguruan ez ditut azalpen zehatzik emango.
DESKRIBAPENA
Goizeko zazpiak eta erdi jota Larraitzera iritsi nintzen. Eguna oraindik ilun, kotxearen termometroak kanpoan -1Cº markatzen zituen, hasiera batean iragarritakoa baino "bero" handiagoa. Kotxearen epeltasunetik ateratzea pixkat kosta zitzaidan, baina behin kanpoko iluntasunean, trasteak prestatzen berehala hasi nintzen, poliki baina gelditu gabe. Pultsometroa martxan jarri eta, erlojuak sateliteak topatu zituenean, goizeko zortzirak laurden gutxian martxan jarri nintzen.
Bota zurrunekin aspaldi ibili gabe egotea ederki nabaritu nuen eta lehenengo metroetan egindako pausoak oso baldarrak izan ziren. Honetaz aparte, bidea estaltzen zuen izotzak ere ez zidan pausoak "duintasunez" ematen lagundu. Baina hasieratik nire borroka bidearen izotzarekin baino bihotz taupadekin izango nuela ikusi nuen, entrenamendu ona izateko igoera osoa taupada baxuetan egitea nahi nuelako. Ausa Gaztelura doan bidegurutzea alde batera utzi ondoren, bizikletari piñoi pare bat gehiago igo eta, taupadak kontrolpean eramanez, poliki-poliki gora jarraitu nuen.
Ausa Gaztelura (argazkiaren eskuinean ikusi daiteke) doan bidegurutzea atzean utzi ondoren dagoen indikazio postea.

Poliki igotzetik gehien gustuko dudana izerdirik ez botatzea da. Igoera lasaia egiten ari nuen eta eguzkiaren lehen izpiek Aizkorrin eragiten hasi zirenean, egunsentiaren majiaz gozatzeko minutu pare bat hartu, argazki kamera atera eta Aizkorriri argazki batzuk egin nizkion.
Egunaren lehen argitasun gorriak Aizkorriko mendilerroan, ilargia oraindik zaindari dagoela.

Gertuago... mendian goiz ibiltzearen plazerretako bat hau izaten da.

Urteak ziren Larrunarrira hain poliki igotzen nintzela, baina gutxienez hauspoa lasai zihoan eta gorputza epel, gehiegi berotu gabe.
Larrunarriko mendebaldeko gandorraren oinera zuzentzeko hartu behar den bidegurutzeko langara iristen.

Larrunarriko mendebaldeko gandorraren oinera zuzentzeko hartu behar den bidegurutzeko langa atzean utzi eta ohiko lokaztia zeharkatu ondoren, eskuinean uzten den pinudiaren ondotik jarraitu nuen. Harritu ninduen lokatza izoztu gabe egotea eta goian tenperaturaren alderantzikatzea izango ez ote zenaren beldurra nagusitzen hasi zitzaidan.
Pinudiaren ondoan.

Pinudia atzean utzi eta ezkerrean dagoen hesiaren amaierara iritsitakoan Larrunarrira doan ohiko bidea utzi eta, "Arrastrakulos" bidearen eskuineko monolito nabaria erreferentzi bezala hartuz, zuzen hasi nintzen goraka.
Larrunarrira doan ohiko bidetik egindako argazki honetan gutxi gora behera jarraitutako bidea marraztu dut.

Maldan gora hastearekin batera, ordura arte kontrolpean izandako bihotz taupadak gora hasi ziren. Ordura arteko abiadura "motela" ahalik eta gehiago moteldu eta, taupadak jaitsi nituen. Egia esan taupadak jarritako mugen barruan kontrolpean eramatea ez zitzaidan lan erraza egin, batez ere, maldaren lehen metroetan arrastoa irekitzen joan behar izan nuelako.
Poliki-poliki Txindokira doan ohiko bidea behean uzten, irekitako arrastoa ikusi daiteke.

Igoeraren eskuinean dagoen gandortxoan elur gutxiago zegoela ikusita, zeharkalditxo bat eginez pixkanaka bertara hurbildu nintzen. Elur biguna topatzen nuen bakoitzean taupadek gora jotzen zuten bitartean, elur gogor nahiz harkaitz gainean egindako zatietan nahi nuen mugen barrura eramaten nituen. Taupaden jolas honetan entretenitua, irabazitako metroak eta denbora pixkanaka pasatuz joan ziren, gandorrera iritsi nintzen arte.
Gandorretik egindako argazki honetan "Arrastrakulos" bidearen igoera ikusi daiteke.

Oraingoz oso ongi nindoan, nekatu gabe, izerdirik bota gabe, ingurutzen ninduen ixiltasunaz estali eta babestua. Metroak irabazi ahala, Ausa Gaztelu pixkanaka nire azpian gelditu eta honen atzetik Aizkorriko mendilerroa bere osotasunean azaltzen hasi zen.
Ausa Gaztelu eta Aizkorri mendilerroa.

Gertuago.. Hantxe gure Telera txikia, jejeje!!!.

Gandorretik gertu mantenduz metroak errazago irabazi nituen nire ezkerrean mendizale batzuek utzitako arrastoa ikusi nuen arte. Bitan pentsatu gabe arrastora hurbildu eta hemendik gorako metroak ongi zapaldutako bidetik jarraitu nituen.
Arrastoa jarraituz.

Arrastoek gandorra goitik behera mugatzen duten barratxoek osatutako ilaratik gertu mantendu ninduten, "Arrastrakulos" bidearen eskuineko monolito nabariaren oinera iritsi nintzen arte.
Barratxoetako bat, atzean monolito nabaria.

Monolito nabaria. Honen ezkerrean "Arrastrakulos" kanala dagoen bitartean, eskuinetik zailtasun bereko beste kanal bat ere eskalatu daiteke.

Arrastoek monolitoaren eskuinera zihoazela ikusita, orain arteko bidea utzi eta, eskuinera zeharkalditxo bat egin ondoren, "Arrastakulos" kanalaren oinera iritsi nintzen. Larraitzetik hona pasatako denbora? Ordu eta berrogei minutu lasai-lasai eta inongo izerdirik bota gabe.
Elur-jausiek utzitako elur bola handi batzuetatik igo eta, elurrik gabeko harkaitz bat lokalizatu nuenean, "alpinistaz" mozorrotzeko bertara zuzendu nintzen. Motxilatik kaskoa, eskularru iragazgaitzak, euritarako txamarra, eguzkitarako betaurrekoak, piolet eta kranpoiak atera eta orain arte erabilitako makulu eta jantzita eramandako eskularruak eta txalekoa gorde nituen. Trago luze bat ur hartu ondoren berriro martxan jarri nintzen.
Bidearen hasieran, "Arrastrakulos" erdi-erditik doan kanala da. Bidea aspaldi marra orlegiz adierazita zegoen. Egun, harkaitzaren batean, argazkian ikusten den moduan, oraindik marra horien arrastoak ikusi daitezke.

Hemendik aurrera bihotz taupadez ahaztuko banintz ere, ahal zen neurrian ahalik eta polikien eskalatzea erabaki nuen, inongo momentuan arnasestuan izan gabe. Lehenengo metroen ondoren, elurraren kaliltatea ona zela egiaztatu eta eskaladari gogoz ekin nion.
Kanalaren lehen metroen ondoren behera egindako argazkia.

Izandako elur-jausien ondorioz kanalean ez zegoen oin arrastorik eta honek izugarri poztu ninduen: "Ze ona!!!! Kanal osoa netzako ta gañea arrastoa irekitzen" pentsatu nuen.
Igoerarekin ederki gozatzen nindoan. Kanalak duen lehen irtengune motzera iritsi nintzenean bertan elurra bigunago zegoela ikusi nuen. Lehen irtengune hau metro pare bat eskas izango ditu. Irtengunearen goiko aldean elurra oso gogorra zegoela ikusita pioletak sendo sartu eta hormatxoan oinekin maila pare bat egin ondoren irtengunea erraz eskalatu nuen.
Pioletak sendo lehen irtengunearen gainean sartuta.

Lehen irtengunea eskalatu ondoren behera egindako argazkia.

Lehen irtengunea atzean utzita, metro batzuk gora egin eta bigarren irtengunearekin topo egin nuen. Irtengune hau lehenengoa baino zertxobait handiagoa bada ere aurrekoaren zailtasun bera dauka. Hemen ere elurra zertxobait bigunagoa topatu nuen baina irtengunearen goiko zatian elurra gogorra zegoela aprobetxatuz, zailtasun handirik gabe eskalatu nuen
Bigarren irtengunea azpitik ikusita. Argazkian ez da oso nabarmen ikusten.

Bigarren irtengunea eskalatu ondoren behera egindako argazkia.

Bigarren irtengunea eskalatuta, maldak behera egin, goian dagoen hormara pixkanaka hurbiltzen joan eta eskuinera hartu nuen kanaletik ateraz. Kanaletik ateratzeko 3 metro inguruko hormatxoa (II-III) eskalatu nuen, baina hormatxo hau bere eskuinetik ekidin daiteke.
Kanalaren amaierara iristen. Kanalaren amaieran elurrik gabe ikusten den hormatxoa da eskalatu nuena.

Kanalaren amaieratik behera egindako argazkia, ezkerrean monolito nabariaren gailurra ikusi daiteke.

Kanaletik aterata eguzkiak gorputza ederki berotu zidan. Euritako txamarra eta eskularru iragazkaitzak kendu eta, hemendik gora elurrean baino harkaitzean gehiago eskalatuko nuela jakinda, kanala arte jantzita eramandako eskularru finak jantzi nituen. Geldialdi hau eguzkiaren beroaz gozatu, bertatik dagoen ikusmiraz gozatu eta trago bat ur hartzeko ere aprobetxatu nuen.
Aizkorriko kanalak, aurtengoa urte ona izango denaren susmoa daukat.

"Arrastakulos" kanaletik kanpo Erlabeltzeko puntara iristeko aukerak anitzak dira. Eskuinera zeharkaldi bat egiten badugu igoera errazagoa da. Nik gora zuzen jo nuen, elurrik gabe hainbatetan igotako bidea jarraituz. Igoerak zailtasun handirik ez dauka eta harkaitza trinkoa eta paregabea da. Denbora osoan II-III zailtasuneko eskalada misto entretenigarriak ditu eta gainera inongo momentuan ez dago bertikaltasun sentsaziorik.
Lehenengo eskaladatxoen ondoren.

Eskaladatxoen amaierara iristen, eskuinean Txindokiko gailurra ikusi daiteke.

Eskaladatxoen amaierarekin batera Txindokiko mendebaldeko gandorrera iritsi eta hemendik 30 metro eskas ibili ondoren Erlabeltzeko puntara iritsi nintzen. Kanalaren hasieratik Erlabeltzeko puntara iristeko pasatako denbora ordu erdi pasatxokoa izan zen.
Erlabeltzeko puntara iristen, atzean Txindokiko gailurra.

Erlabeltzeko puntan ez nintzen denbora luzean izan. Ikerri gailurraren argazki bat Whastapp-ez bidali, dena ongi zihoala esan eta argazki kamerakin argazki batzuk egin ondoren, aurrera jarraitu nuen.
Erlabeltzetik Larrunarriko gailurrera iristeko bien arteko gandorra jarraitzea besterik ez da. Dena den, elur kantitate eta kalitatearen arabera, zati batzuetan saihesbide ezberdinak jarraitzen dira, gandorraren ertzean egoten den elurra batzuetan ezegonkorra baita.
Erlabeltzeko puntatik Larrunarrira gutxi gora behera jarraitutako bidea.

Kontu handiarekin, gandorraren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz, gandorrari metroak irabazi nizkion, Erlabeltzeko punta pixkanaka nire azpian geldituz.
Erlabeltzeko punta eta Larrunarriko itzal ikusgarria.

Oraingoan, gandorraren amaieran Larrunarriko gailurrera eramaten duen bloke nabaria zuzen eskalatu beharrean, honen ezkerretik Txindokiko ipar hormaren azken metroetara zeharkaldia egin eta bertako elur bigunetik igoz gailurrera iritsi nintzen. Erlojuak hamaikak hogei gutxi markatzen zuen.
Gandorraren azken metroak. Argazkian bloke nabaria eta hau ekiditeko Larrunarriko ipar horman egindako zeharkaldia ikusi daitezke.

Larrunarriko gailurraren aurretik dagoen bloke nabaria. Puntu zuriz normalean jarraitzen den bidea adierazi dut, gorriz aldiz, oraingoan jarraitu nuena.

A zer nolako harridura begirada bota zidan gailurrean zegoen gizonak, jejeje!!! Txundituta begiratu ninduen, "nundio azaldua tipo hau?" pentsatzen arituko balitz bezala.
Larrunarriko gailurrera zoratzen iritsi nintzen. Nahiz eta apala izan, eskaladak ematen didan pake sentsazioa berriro ere sentitzeko aukera izan nuen, mendiarekin berriro ere bat egiten nintzela somatuz. Poliki igotzeagatik indartsu sentitzen nintzen eta kanala izugarri gustatu zitzaidan, pena motza izatea. Etorkizunean ondoan dituen beste kanaltxoak eskalatzeko aitzaki galanta, bai jauna!!!
Gailurrean ez nuen denbora luzerik pasa. Kaskoa eta pioletak jaso, argazki batzuk egin eta, trago bat ur edan ondoren, kranpoiak kendu gabe beherako bidea hartu nuen.
Larrunarriko zaindaria.

Hasiera batean ohiko bidetik jaisteko tentatua izan banintz ere azkenean Tximista bidetik jaistea erabaki nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan jaitsieran ikusi nituen mendizale pilatik kranpoiekin 3-4 bakarrik ikustea. Makuluekin ere ez nituen asko ikusi. Nahiz eta etxe ondoan izan, eta beharbada horregatik, inguruko mendiek neguan duten arriskua gutxiesten dugula pentsatu izan dut. Inori ez zaio okurritzen Pirinioetara neguan kranpoi eta pioletik gabe joatea, baina Aizkorri eta Aralarren askotan ikusten den irudia kranpoirik gabeko mendizalea da.
Tximista bidean behera.

Tximista jaitsi eta ohiko bidearekin bat egin nuenean bideak zuen arriskuaz ohartu nintzen. Ehundaka mendizalek zapaldutako bidea erabat izoztua zegoen, ez dut imajinatu nahi mendizale askok jaitsieran pasako zituzten komeriak.
Tximistaren azpitik egindako argazkia. Argazkiaren erdi parean monolito nabaria ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean eguzkitan, Tximistan gora doazen mendizaleak.

Kranpoiak Oria iturritik nahiko beheran nengoela kendu nituen, igoeran ohiko bidea hau utzi nuen lekura iristear nengoela.
Martxan jarri aurretik gora begiratu eta "Arrastrakulos"kanalari "beste bat arte!!!!" bat bota nion, itzuliko naizenaren seinale.
Azken begirada...

Hemendik behera kontu handiz jaitsi nintzen, poliki-poliki, arrautzak zapaltzen arituko banintz bezala, nahiz eta lekuren batean baino gehiagoan irrist egin. Larraitzera hamabiak eta hamar jo berriak iritsi nintzen, bertatik atera nintzenetik ia lau ordu eta erdira. Ibilbidea luzea egin arren, denbora osoan poliki joateagatik oso fresko iritsi nintzen, indartsu, entrenamendu moduan nuen helburua betez. Bihotz taupadei dagokionez, ba zer esan, ez nuen helbururik bete, baina orain nagoen sasoian gorputza hestutu gabe zein abiaduran ibili beharra dudan ikasi nuen, jejeje.

Powered by Wikiloc

10:43
Etiketak:
aralar,
arrastra,
arrastraculos,
arrastrakulos,
culos,
erlabeltz,
erlabeltzeko punta,
eskalada,
kulos,
larrunarri,
negua,
punta,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)