AZKEN 10 SARRERAK
luca etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
luca etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/09/21

EGINO, "PLACAS DEL PÁJARO LOCO" SEKTOREA: "LUCA" BIDEA, 160 m, V.


Abuztuak 12. Marta, eta Corrado "Luca bidearen" hasiera adierazten duen plakatxoa jartzen.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

“… ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea. Hau gerta ez dadin, ezproira eskalatzen iristeko aukera bat begiak jota dugu, "Luca bidea" izan daitekeena. Aldekoak eta kontrakoak neurtu eta bide berri hau gauzatzen badugu, ezproiaren eskalada gehiago errepikatuko dela ziur gaude”. Hitz itxaropentsu hauekin amaitzen da “Luca ezproia" aurkeztu genueneko artikulua. Artikulu berean hau ere irakurri daiteke: “egunen batean gu ez gara Luca gogoratzeko egongo baina, bidea ederra bada eta errepikatzen bada, errepikapen bakoitzarekin bere oroipena mantenduko da”.

Luca gure modura omendu nahi genuen, ehunka bizipen oparitu dizkigun Eginoko harkaitz gris eta bizigabean olerki bizi bat idatziz. Estrofa bat idatzita zegoen jada, baina asebete ez gintuela sentitzen genuen; eta arantza honek bihotzean min eragiten zidan, kantatuko ez den abesti baten lehen estrofa idatzi duenaren modura sentiaraziz. Arantza hau kentzeko olerkia amaitu nahi bagenuen, bi galderari erantzun beharko genien: Posible al da “Luca ezproiaren" oinera eskalatuz iristea? Eta hau ezinezkoa izango balitz: zentzurik al zuen, ederra bazen ere, ziurrenik gutxi eskalatuko zen bide motz bat irekita uztea? Azken galdera honek iritsi nahi ez nuen hausnarketa sakonago batera eraman ninduen: zerk edo nork eramaten ari nau bide hau ireki nahi izatera? Lucak edo isilarazten saiatzen naizen ego berekoiaren barne-ahotsak?

Galdera hauek burua behin eta berriz kolpatu zidaten, mailu temati eta nekaezin bat balira bezala, erantzuna aurkitu nuen arte. Eta mendian aurkitu nuen erantzuna, Eginoko haitzetako batean eserita, udaberriak loratutako lore galkorrei begira, beste ezertan pentsatu gabe nengoen bitartean. Eta loreetatik ikasi nuen lorerik ederrena ere loratzen dela inork gozatuko duen axola gabe. Eta lezio xume honek begiak ireki zizkidan, barruko korapiloak askatu, baita beldurra diodan ego berekoiaren barne-ahotsa isilarazi ere. Eta ondorio honetara iritsi nintzen: ahal genuen lorerik ederrena loratzen saiatuko ginen, ahal genuen olerkirik ederrena idazten, Lucari oparitzeko, beste inongo pretentsiorik gabe.

Falta ziren estrofak idazten jarraitzeko, ezproiaren azpian dauden bi monolitoetara jo genuen lehenik: eskuinekoa, Eginotik begiratuz gero, berehala baztertu genuen, bere oinarrian leze bat izateaz gain sasiz eta huntzez estalia dagoelako. Ezker monolitoan bi aukera aztertu genituen baina ezproiaren eskaladari 25 metro besterik ez gehitzeak zentzu handirik ez zuela erabaki genuen.

Monolitoak baztertuta, hauen eskuinean dagoen hormara zuzendu genuen begirada, horma berean irekitako “El Pájaro Loco” (190 m, IV+/V) eta “Bidearin” (200 m, 6a/+) bideen lerroetatik ezberdindutako hirugarren lerro bat irekitzeko aukera baloratzeko asmoz. Irekitako bi bide hauen lerroak argazki batera eraman eta zurian geratzen zen horma zatia largabistekin goitik behera aztertu genuen:

- Esango nuke badauzkeula beste ehun metro inguru irikitzea - proposatu nion Asierri itxaropentsu.
- Ba probatu gabe ezingo gea geratu – erantzun zidan, bisita sakonago bat egitera proposatuz.
- Hori bai, lehen luzean garbiketa galanta egin beharko deula uste det – ohartarazi nion -, harri suelto asko daunaren susmoa dauket eta.

Susmo hau egi bihurtu zen tamalez eta, horma eskalatu genuen lehen aldian, maiatzeko egun gris batean, lehen luzeak egun askotako garbiketa sakona egitea eskatuko zigula egiaztatu genuen; horren testigu isilak, egingo genituen bisita eta garbiketa bakoitzaren ondoren hormaren oinean pilatuz joan diren tamaina ezberdineko harkaitzak, batzuk oso handiak. 

Bidearen lehenengo eskaladaren argazki bat.

Abuztuaren 12a egun seinalatua izango da beti “Luca bidean”. Egun honetan, Josune, Luca tratatu zuen medikua, bisitan zegoela aprobetxatuz, Martak, Marak eta Corradok Eginon goiza pasatzea eta, bide batez, "Luca bidea" ikustea proposatu ziguten. Zirraraz beteriko lagunarteko topaketa hartan bidearen hasiera adieraziko zuen plakatxoa oparitu genien eta, une hunkigarri batean, Marak, Martak eta Corradok plakatxo hau jarri zuten. Hamahiru egun beranduago, abuztuaren 25an, azken garbiketa egin eta azken paraboltak jarri genituen, olerkia amaitutzat emanez.

Luca omentzeko elkartu ginen lagun taldea.

Azken parabolta jartzen, olerkiaren azken esaldiaren amaierako puntua.

Bidearen istorio labur honekin amaitzeko, irailaren 17an, Asier eta biok bidea bere osotasunean eskalatuko genuen lehen aldiz.

Irailak 17, lehenengo eskalada amaitu ondoren. Egun hunkigarria izan zen hau ere.

“Luca bidea” 160 metro eta lau luzez osatuta geratu da: lehen luzea (45 metro, V) da denetatik zailena eta, Asierrek dioen bezala, luze fin bat da, izaera duena, ongi jarritako "kinto" bat. Sei parabolt eta iltze bat jarrita utzi ditugu bertan, baita harkaitz-zubi batzuk muntatuta ere. Bigarren (30 metro, IV) eta hirugarren (25 metro, IV+) luzeetan harkaitz-plaka eta arrailetako eskaladak tartekatzen dira. Auto-babeserako aukera handia dute eta friend-ak erabili beharko ditugu; dena den, harkaitz-zubiren bat muntatuta utzi dugu, gehienbat bidea nondik doan adierazteko. Bigarren bilgunea dagoen erlaitz zabala harkaitz-bloke soltez tapizatuta dago, batzuk oso handiak. Harri horietakoren bat soken mugimenduarekin botatzeak izan dezakeen arriskuagatik, ez dugu gomendatzen bi luzeak luze bakarrean eskalatzea. Hirugarren luzearen amaieran dagoen harkaitz-plakaren itsasgarritasunezko pasagunea segurtatzeko parabolt bat jarrita utzi dugu. Laugarren (30  m, V) eta bosgarren (30 m, V) luzeak, “Luca ezproia” eskalatzen dute. Laugarren luzearen oinean “Luca” idatzita duen beste plakatxo bat jarrita utzi dugu, luzearen abiapuntua adierazteko. Azken bi luze hauetan parabolt bat eta bi iltze jarrita utzi ditugu, baita harkaitz-zubi batzuk muntatuta ere.

Hiru hilabetetan zehar euripean eta eguzkipean pasatako orduak luzeak eta neketsuak izan dira, baita ugariak beso eta eskuetan sendatutako zauri eta kolpeak ere, hori ezin dut ukatu. Baina, egiari zor, sokatik zintzilik pasa dugun une bakoitza irribarre batekin bizi izan dugu eta harkaitzezko olerki hau osatzen duten lau estrofetako hitz bakoitza maitasun eta errespetu osoz idazten saiatu gara. Norbaitek irakurriko du? Lucak badakigu baietz, baita Marak, Corradok, Martak eta guk ere. Hortik aurrera, udaberriko lore ederretatik ikasi nuen bezala, bost axola, denborak esango duenaren menpe geratuko da.

Hasieran lehen une bat, erlojua martxan jartzen duen segundu bat, iluntasuna desegiten duen irudi bat, isiltasuna apurtzen duen ahots bat. Eta hainbat une, segundu, irudi eta ahotsen ondoren, amaieran isiltasunera daraman ahots bat, iluntasunaren aurreko irudi bat, erlojua geldituko duen segundu bat, azken une bat. Horrelakoa da bizitza, horrelakoa izan da bide hau ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 160 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak, 2023eko abuztuaren 25an.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1º: V (45m), 2º luzea: IV (30 m), 3L: IV+ (25 m), 4ºL: V (30 m) eta 5ºL: V (30 m). Laugarren luzera iristeko 50 metro ibili beharko ditugu.
- Orientazioa: Hegoaldea. Lehenengo luzea goizean itzalpean dago (mendebaldeko orientazioa dauka), azkeneko bi luzeak aldiz, arratsaldean (“barraskiloen gandorrak” itzala ematen dielako).
- Ura: Abiapuntuaren arabera, Eginon edo La Lezen dagoen iturrian.
- Hurbilketa: “Barraskiloen gandorrera” doan bide bera jarraitu beharko dugu. Gandorra azpitik zeharkatu eta honen eskuinetik doan bidexka batetik metro batzuetan igoko gara, eskuinean dugun hormara hurbilduz. Hormaren oinean, hurritz batzuen itzalpean, bidearen hasiera topatuko dugu.
- Jaitsiera: Abiapuntuaren arabera, La Lezera jaisten den ohiko bidetik edo “Aztorea” eta “Usoa”-ren artean jaisten den bidetik. Bigarren aukera hau hartuz gero, kontutan izan beharko dugu babestutako espezien habiagintzagatik bertatik jaistea debekatuta dagoela apirilak 1 eta abuztuak 31 artean. Eginotik jaitsi ahal izateko bideen deskribapena eta "track"-ak jaisteko aukera hemen duzue.
- Eramandako materiala: Gutxienez 50 metro duen soka edo sokak, 15-16 express-zinta, Totem eta artaka-trabagailu sorta bat eta zinta-uztaiak harkaitz-zubietatik pasatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak gorriz. Argazkian ondoan dituen beste eskalada-bideak ikusi daitezke. Puntu zuriz, oinezko tarteak.

Lehenengo hiru luzeetako krokis zehatza.

Azken bi luzeetako ("Luca ezproia") krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

15-16 express-zinta eramatea gomendatzen badugu ere (guztiak ziurrenik lehen luzean erabiliko ditugu) eta gomendio hau gehiegizkoa dirudien arren ez zaitezte engainatu. “Luca bidea” ez da kirol-eskalada estiloan ekipatu dugun bidea eta utzi ditugun aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza. Horrez gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berriekin gertatzen den bezala, nahiz eta garbiketa sakona egin dugun, agian harri edo harkaitz ezengokorren bat aurkitu daiteke oraindik. Zailtasun maila bidea hainbat alditan eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak gutxi gora behera non dauden jakinda. Bidea errepikatzen den heinean ikusiko da guk proposatutako zailtasun maila berresten den.

Hiru hilabetetan burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo. Argazki gehienak irailaren 17an egin genuen lehen eskaladakoak dira.

- Lehenengo luzea, 45 metro, V. Helduleku onak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara. Lehen metro hauetako pasagunerik zailena harkaitz-plakaren gaineko erlaitz inklinatura igotzea da (IV, parabolt 1 eta harkaitz-zubi bat). Erlaitz lurkara honen ezkerretik eskalatzen jarraituko dugu bigarren harkaitz-zubi batera arte (IV).

Bigarren harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren ezkerrean dagoen harkaitzera igo eta berriro ere zuzen eskalatzen jarraituko dugu harkaitz trinkoa duen horma bertikal batetik, arte nabarmen bat 2-3 metro ezkerrera utziz (IV+, parabolt 1). Horma honen eskuinaldean erlaitz txiki bat aurkituko dugu atseden hartzeko. Hormaren goiko ertzean dauden helduleku onetan eskuak sartuz, eskuinetik ezkerrera diagonalean 5-6 metroko zeharkaldi bat egin (V-, 2 parabolt) eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu, erlaitz txiki eta lurkara batera arte (IV, harkaitz-zubi bat). Erlaitz-txiki honetatik aurrera, horma bertikal bihurtzen da eta harkaitza azpitik dirudiena baino sendoagoa da.

Helduleku onak dituen tarte baten ondoren (IV+, 2 harkaitz-zubi) iltze baten parera iritsiko gara. Iltzetik aurrera zertxobait estutu beharko dugu eta, heldulekuak gutxitzen direla dirudien arren, ongi begiratuz gero agertzen dira. Tarte honetan komeni da aseguruen ezkerretik eskalatzea, harkaitza sendoa baita. Sabai txiki baten ezkerrean dagoen harkaitz-zubi batera iritsi (V, tartean parabolt 1) eta sabaitxo hau eskuinetik saihestuko dugu (V). Hemendik aurrera hormak bertikaltasuna zertxobait galtzen du eta eskuin joerarekin eskalatzen jarraituko dugu kordel batekin muntatutako harkaitz-zubi txiki batera arte (IV+, tartean parabolt 1). Harkaitz-zubi txiki honen gainean dagoen arrail bertikala eskalatuko dugu erlaitz txiki batera igoz (IV, harkaitz-zubi bat goian). Behin erlaitz txiki honetara igota, ezkerrean dagoen zuhaitz hil handira zuzenduko gara, ezker aldera 12-15 metroko zeharkaldi diagonal bat eginez (II+, harkaitz-zubi bat zeharkaldiaren amaieran).

Asier zeharkaldiaren amaierara iristen.

Zuhaitz hil honen eskuinean, harri txikiz tapizatutako erlaitz eroso batean, harkaitz-zubi batetik pasatako soka batekin eta uztaidun parabolt batekin muntatutako bilgunea topatuko dugu. Nahikoa iruditzen ez bazaigu, bilguneak friend-ekin indartzeko aukera dauka.

Lehenengo bilgunea, atzean hildako zuhaitz nabarmena ikusi daiteke.

Lehenengo bilgunea.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Bilgunearen eskuinetik irten eta piskanaka eskuin joerarekin eskalatuko dugu, arrail bat duen diedro itxurako hormatxo bertikal batera zuzenduz (III).

Diedrotxoaren azpian.

Diedrotxo hau eskalatu (IV), erlaitz txiki batera igo eta bertatik ezker aldera doan arrail inklinatu baten amaiera arte eskalatuko dugu (III+).

Erlaitz txikira iristen.

Arraila amaitzen den lekutik lehen metroan ur-tantak dituen harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu, erlaitz txiki batera igoz (IV).

Harkaitz-plaka tentearen amaieran.

Erlaitzetik aurrera, harkaitz-plaka bitan erdibitzen duen arrail nabarmena eskalatuko dugu (bi harkaitz-zubi, auto-babeserako aukera onak) harkaitz soltez tapizatutako erlaitz zabal batera iritsiz (III+).

Harkaitz-plaka bitan banatzen duen arrail nabarmenean. Argazkian bigarren bilgunea muntatuta dagoen erlaitzean dauden harkaitz bloke solteak ikusi daitezke.

Bertan dagoen harkaitz handietako bat ez botatzeko, gomendagarriena da erlaitzera bere ezkerretik igotzea. Harkaitz-zubi batean soka batez eta uztaidun parabolt batez muntatutako bilgunea parean dugun harkaitz-plaka handiaren ezkerrean dago, hurritz baten ondoan.

Bigarren bilgunera iristen. Hobe da erlaitzrea ezker aldetik igotzea.

Bigarren bilgunea.

- Hirugarren luzea, 25 metro, IV+. Harkaitz-plakaren ezkerretik doan arrail inklinatu eta nabarmena bere osotasunean eskalatuko dugu (III/III+, hiru harkaitz-zubi).

Bigarren bilgunea arrailaren lehen metroak eskalatu ondoren.

Arrailaren amaieratik, arte batzuen ondotik doan horma tente eta zurixka eskalatuko dugu, helduleku onak dituena (III+).

Arrail inklinatuaren amaierara iristen, horma zurxka eskalatzen hasi aurretik.

Arteak amaitzen diren lekuan itsasgarritasunezko pasagune erraz bat duen harkaitz-plaka tente bat eskalatu eta sabai txiki batera iritsiko gara (IV).

Oharra: Sabai honetara orain arte eskuinera utzi dugun harkaitz-plaka nabarmenaren erditik eskalatuz ere iritsi daiteke; izan ere, hirugarren luzea lehen aldiz bertatik eskalatu genuen. Baina, “Bidearin” bidea oso gertu doanez, bide honekiko errespetuagatik, azkenean hirugarren luzea harkaitz-plakaren ezkerretik bideratzea erabaki genuen. Bigarren aukera hau hartuz gero, harkaitz-plaka honetan auto-babeserako aukera handiak daude eta zailtasunari dagokionez IV inguruan dago.

Sabaia eskalatuta, luzeari zailtasuna ematen dion itsasgarritasunezko pasagune pare bat dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (IV+, parabolt 1), bilgunera iritsiko gara, soka batekin lotutako bi harkaitz-zubiz osatuta. Itsasgarritasunezko azken pasagune hau harkaitz-plakaren ezkerrean dagoen erlaitz txiki batera igo eta bertatik eskalatzen jarraituz saihestu daiteke (IV).

Bilgunera iritsi aurreko itsasgarritasunezko pasagunera iristen. Argazkian parabolta ikusi daiteke.

Hirugarren bilgunea.

Laugarren luzea osatzen duen "Luca ezproiaren" oinera iristeko galtzeko arriskurik ez dago, ezproia denbora osoan begi-bistan izango dugulako. Bilgunetik metro batzuk oinez igo eta piskanaka ezker aldera desbideratuko gara oso nabarmena ez den xenda bat jarraituz. Ezproira iristea ez da teknikoki zaila baina arretaz ibili beharreko pasagune pare bat daude. 40-45 metro inguruko ibilaldiaren ondoren ezproiaren oinean jarritako plakatxora iritsiko gara.

- Laugarren (30 m, V) eta bosgarren (30 m, V) luzeak, “Luca ezproia”. Luze honen inguruko zehaztasunak hemen irakurri ditzazkezue.

"Luca ezproia" eta bertako bi luzeen nondik norakoak ekialdetik batetik ikusita. Ezproia azpitik dirudiena baino bertikalagoa da.

Laugarren luzearen lehen metroetan. Luzearen hasieran "Luca" izena duen bigarren plakatxo bat jarri dugu.

Laugarren luzearen lehen harkaitz-plaka eskalatzen (V). Bertan, luze osoko parabolt bakarra topatuko dugu.

Laugarren luzeko bigarren harkaitz-plaka (V) eskalatzen hasteko prest. Honen gainean bi paraboltekin bilgune bat muntatuta utzi dugu.

Bosgarren luzearen azken metroetan.

2023/05/10

EGINO, "PLACAS DEL PÁJARO LOCO" SEKTOREA: "LUCA" EZPROIA, 60 m, V. 2023KO UDABERRIA


"Luca" ezproiaren oinean jarri dugun plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Jaiotzen garenean harea-erloju bat martxan jartzen da. Goitik behera erortzen den harea-pikor bakoitza bakarra da, errepikaezina, berreskuraezina; hauei zukurik handiena ateratzea bizitzak eman diezagukeen gauzarik handienetako bat izan daiteke.

Lucaren erlojua martxan jarri zenean inork ez genuen espero hain azkar hustuko zenik, azkarregi, bizitza maltzurra izan daitekeela sinesten dutenei arrazoi emanez. Azken harea-pikorrak ihes egin zuenean, bihotza erdibitu eta urratutako arimaren barrenetik malkotan isuri zen tristurak begiak estali zizkigun. Bi urteren ondoren, “zergatik” galderek erantzunik ez dute eta bere aulki hutsak mina eragiten jarraitzen du.

Lucak harea-pikor bakoitza intentsitate osoz bizitzen duenaren distira zuen begietan. Behin idatzi nion moduan, epe laburrean mila bizipen izan dituenaren begirada zuen, infinitutik gertu bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi nahi duenaren begirada. Eta begirada hau izan zen eman zidan oparirik handiena, egunerokotasunak ematen dituen zartadei aurre egiteko askotan gogoratu izan dudana.

Lucaren begirada.


Lucarekin zorretan sentitzen nintzen. Eta zor hau kentzeko modurik ederrena eskalada-bide bati bere izena ematea izan zitekeela bururatu zitzaidan:

- Egunen batean gu ez gea Luca gogoratzeko egongo baina bidea ederra bada eta errepikatzen bada, errepikapen bakoitzarekin bere oroipena mantenduko da – esan nion Asierri buruan nenbilen ideia proposatu nionean.
- Ona!!! “Ayestaepeldekin” egin genuen bezela – erantzun zidan Asierrek Xabi Ayestaran eta Miren Epelderen oroimenez ireki genuen bidea gogoratuz.

“Barraskiloen gandorra” eskalalatu nueneko batean, bere eskuinean dagoen ezproi txiki batek atentzioa eman zidan, eguzkiaren izpiek eragiten dioten unearen arabera nabarmendu edo ezkutzaten dena. Etxean honen eskaladaren inguruko informazioa bilatzen hasi nintzen baina ez nuen ezer aurkitu. Eta honek harritu ninduen:

- Edo oso errexa da, edo oso harkaitz txarra dauke – esan nion Asierri ezproia inbestigatzeko proposamena luzatu nionean.

Ezproiara oinez hurbildu ginen lehen egunean. Bidexka nabarmen batek bertaraino eramango gaitu. Asierren atzean “Barraskiloen gandorra” ikusi daiteke.

Apirilaren 11n egin genion lehen bisita, “Barraskiloen gandorraren” eskuinetik sigi saga igotzen den bidexka batetik bere oinera iritsiz. Alde batetik zein bestetik begiratu ondoren, ezproia lehen aldiz eskalatu genuen, harkaitz asko kolokan zeudenez, gainetik soka bat bota eta bertatik zintzilikatuz.

- Eskalada politte geratu leike – esan zidan Asierrek ezproia eskalatu zuenean.

"Eskalada politte geratu leike".

Egun hartatik aurrera, beste dozena erdi bat egunez gorputz eta arima ezproia garbitzen aritu ginen, maiatzaren 6an garbiketa lanak amaitutzat eman eta, goitik sokarik izan gabe, lehen aldiz eskalatu genuen arte.

Ezproia ia 60 metro dituen bi luzeetako eskalada motz eta xumean geratu da, baina intentsitate eta nortasuna duen eskalada dela iruditu zaigu, batera eta bestera mugiaraziko gaituena. Ez da kasualitatea izan ezproiari “Luca” izena jarri izana, bere izateko modua eta izpiritua islatzen duela iruditu zaigulako.

Eskaladaren bi luzeak oso ezberdinak dira: lehenengoan harkaitz-plaka inklinatuak dira nagusi, eskalada V-tik gora zailtzeko aukera ematen digutenak. Bigarren luzean aldiz ezproiak bertikaltasuna irabazten du, zailtasun maila V inguruan mantenduz, batzuetan zertxobait gutxiago.

Parabolt bat eta bi iltze jarrita eta 10 harkaitz-zubi prestatuta utzi ditugu, errepikatu nahi dutenei eskalada errazteko asmoz. Lehenengo bilgunea bi paraboltez osatuta dago eta bigarrena ere harkaitz-zubi pare batetik pasatako soka lodi batez muntatuta utzi dugu, erlaitz eroso batean. Ezproiari garbiketa sakon bat eman diogun arren, baliteke oraindik ere harri solteren bat topatzea. 

Maiatzak 6an, zerua kotoizko hodei zuriek zipriztintzen zuten bitartean haize goxo batek udaberriak berpiztutako loreak kulunkatzen zituen. Garbiketak iraun duen denboran hazten ikusi dugun putre-kumeak ere amaren hegalpearen babesetik begiratzen gintuen, kuriositatez, jaio zen egunetik begiratu gaituen moduan. Bidea prestatzearen amaiera eta naturaren biziberritzea une beretsuan izan zirela gertatzeak hunkitu ninduen; beharbada Lucarekin gogoratu nintzelako, beharbada kasualitate huts bat izan dela ez dudalako sinestu nahi. Ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m) eta 2ºL: V (30 m).
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko informaziorik aurkitu. Asier Izagirre eta Xabi “Smithy” Mujikak 2023ko maiatzaren 6an?
- Zailtasuna: V.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan eguzkiak gogoz jotzen du.
- Ura: Abiapuntuaren arabera, Egino edo La Lezen dagoen iturrian.
- Hurbilketa: Ezproia bakarrik eskalatu nahi bada bere oinera oinez iritsi daiteke. Honetarako, “Barraskiloen gandorrera” doan bide bera jarraitu eta, “Barraskiloen gandorra” azpitik zeharkatu ondoren, bere eskuinetik doan xenda batetik igoko gara ezproiaren oinera iristeko. Xenda garbitzen joan garen arren, baditu bi pasagune kontuz ibili beharrekoak direnak. Baina aukerarik eder eta logikena "Luca bidea" eskalatzea da, 2023ko abuztuaren 25an ireki genuena ezproiari jarraitutasuna emateko. "Luca bidearen" hirugarren bilgunetik bidexka batetik 50 metro inguru ibili ondoren ezproiaren oinera iritsiko gara. Luzearen hasieran“Luca” izena idatzita duen plakatxo bat jarrita utzi dugu.
- Jaitsiera: Abiapuntuaren arabera, La Lezera jaisten den ohiko bidetik edo “Aztorea” eta “Usoa”-ren artean jaisten den bidetik. Bigarren aukera hau hartuz gero, kontutan izan babestutako espezien habiagintzagatik bertatik jaistea debekatuta dagoela apirilak 1 eta abuztuak 31 artean. Jaitsiera hauek guztiak artikulu honetan deskargatu ditzazkezue.
- Eramandako materiala: Gure asmoa ezproia bakarrik eskalatzea bada, prestatuta utzi dugun moduan eta, burua hotz eramanez gero, 10 express-zintekin nahikoa izan daiteke. Dena den, badaezpada luzera ezberdineko 12 express-zinta eta Totem eta artaka-trabagailu sorta bat eramatea ez legoke gaizki. Harkaitz-zubietan jarritako sokak zahartzen diren heinean zinta-uztaiak ere eraman beharko dira. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita bost minutu inguru.

BIDEAREN KROKISA

"Luca" ezproiaren kokapena. Ezproia "Luca bidearen" azkeneko bi luzeek osatzen dute.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Zailtasun maila ezproia dozena erdi bat aldiz eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak non dauden jakinda, alegia. Eskalada errepikatzen den heinean ikusiko dugu gure proposamena berresten den edo zailtasuna beste bat den. Hainbeste eskaladen ondoren, denak kontaketa bakarrean sartzea ezinezkoa zaidanez, ezproiaren deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo.

Bidea ireki genuenean oinean jarri genuen mugarria eta, bidearen hasiera adierazteko, harkaitz-zubi batetik pasatako soka eta bidearen izena.

Uztailean harkaitz-zubitik pasatako soka kendu eta plakatxo hau jarri genuen bidearen hasiera adierazteko.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Plakatxoa jarrita dagoen horma inklinatua zuzen eskalatuko dugu, 8-10 metro ingurura dagoen harkaitz-zubira zuzenduz (III- hasieran, III harkaitz-zubira iritsi aurretik). Nahiz eta konfiantza handirik ez eman, harkaitza dirudiena baino hobea dela ikusiko dugu.

Lehenengo harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren gainetik ezker aldera eskalatzen jarraituko dugu lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian kokatzeko (III).

Lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzeko bi aukera ditugu: plakaren erditik edo bere eskuin ertzetik. Bietatik politena plakatik bertatik eskalatzea da, bere erdian jarri dugun paraboltera zuzenduz.  Paraboltera iritsi aurretik zertxobait estutzea eskatuko digun itsasgarritasunezko pasagune bat topatuko dugu (V). Paraboltetik aurrera eskalada piskat errazten da (IV+/V). Harkaitz-plakan dagoen inkustrazio marroi batera zuzenduko gara eta hemendik gora zuzen eskalatuz harkaitz-plaka eskalatuko dugu. Harkaitz-plaka eskalatzeko bigarren aukera bere eskuinetik eskalatzea da, harkaitz-plakaren eskuin ertza aprobetxatuz (III+).

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzen. Asierrek eskuin oina inkrustazio marroian jarrita dauka.

Lehenengo harkaitz-plakaren amaieran.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatu ondoren, metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta bigarren harkaitz-plakak osatzen duen sabai txikiaren eskuinera zuzenduko gara (III+).

Bigarren harkaitz-plaka nabarmena eskalatzeko ere bi aukera ditugu, bere erditik edo bere eskuinetik. Harkaitz-plakatik eskalatzen badugu hemen ere zertxobait estutu beharko dugu, itsasgarritasunezko pasagune baten ondoren muntatuta utzi dugun harkaitz-zubira iristeko (V); plakaren eskuinetik eskalatzen badugu aldiz, zailtasuna gehiago jaisten da (III).

Bigarren harkaitz-plakara igotzen.

Estualdi motz baten ondoren, harkaitz-zubiaren parean.

Bigarren plaka eskalatu ondoren, harkaitz-zubi batera iritsiko gara. Metro eskas batzuk gorago bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara, erlaitz txiki baino eroso batean kokatuta dagoena.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik gora bi aukera ditugu: bilgunearen ezkerretik zuzen eskalatzen jarraitzea ur-tantadun plaka inklinatu batetik (IV+/V) edo eskuin aldera diagonalean belarrak hartuta duen kanal etzan bat igotzea harkaitz-zubi batean jarritako kordel batekin topo egin arte (II).

Bigarren harkaitz-plaka eskalatu ondoren. Asier dagoen lekuaren parean gutxi gora behera dago lehen bilgunea.

Ur-tantadun plaka inklinatuaren aukera aukeratzen badugu (IV+), horma bertikalera iristen garenean bi aukera izango ditugu: eskuin aldera zeharkaldi txiki bat egin horma ixten duen sabaiaren azpian kokatzeko (IV/IV+) edo hormaren ur-tantadun plaka eskalatzea. Bi aukera hauen azalpenak beherago irakurriko dituzue.

Hormatxo bertikala eskalatzen.

Eskuin aldera egin behar den zeharkaldiaren hasieran.

Zeharkaldiaren amaieran, horma bertikala eskalatzen hasita.

Horma bertikala bi modura eskalatu daiteke: horma ixten duen sabaia ezkerretik saihestuz (V) edo ezkerrean dagoen ur-tantadun plaka nabarmenetik (V+/6a). Bi aukerak frogatu ondoren, bietatik ederrena lehenengoa dela iruditu zaigu, errazagoa bada ere. Honetarako harkaitz-zubi batera aseguratu eta horma zuzen eskalatu beharko dugu sabaiaren azpian kokatuz (V). Sabaiaren azpitik ezker aldera mugituko gara (V, iltze distiratsu bat) eta ezkerrera zeharkaldi bat eginez saihestuko dugu ongi garbitu dugun zulo batean kokatuz. Sabaiaren ezkerreko hormak osatzen duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke, baita zeharkaldiaren amaieran garbitu dugun arrail motz batean "friend" ertain bat ere.

Sabaia saihesten. Asierrek ezker eskua duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke.

Ezkerrera egin behar den zeharkaldian. Ezker eskua garbitu genuen zuloan dauka.

Zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzea erabakitzen badugu, bigarren plakaren ondoren eskalatu daiteken hormatxo bertikala eskalatuko dugu (IV+), ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan kokatuz. Ur-tantadun plakaren pasagunea pausu isolatu bat bada ere, goian dagoen zulora iristeko estutu beharko dugun horietakoa da (V+/6a). Pasagune honetan ez dugu asegururik jarri.

Ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzen.

Behin zuloan, zuloaren gainetik pixkat zuzen eskalatuko dugu erlaitz estu batean kokatuz.

Erlaitz estuan.

Eta erlaitz estutik ezker aldera desbideratzen hasiko gara, ia gainean egon arte ikusten ez den iltze beltz batera iritsi arte (V-).

Iltze beltzaren parean.

Iltzearen gainetik, horma bertikal bihurtzen den arren helduleku onak ditu, baita bi harkaitz-zubi ere (V-), eskuin aldera diagonalean doan diedro inklinatu batera iritsi arte, harlauza erraldoi baten ezkerrean dagoena.

Iltze beltza eta bertatik ikusten den horma bertikala.

Horma bertikala eskalatzen.

Horma bertikala eskalatu ondoren, diedro inklinatura zuzentzen. Asierrek oinak jarrita dituen harkaitz-blokeak kendu behar izan genituen kolokan zeudelako.

Diedro inklinatua eskalatuz harlauza erraldoiak goian osatzen duen erlaitzera iritsiko gara (IV+). Garbiketa lanak egin genituenean harlauza erraldoi hau hormara itsatsia nola dagoen harritu ginen, bere zati ez dela dirudielako.

Diedroaren erdian.

Erlaitzera igotzen.

Erlaitzaren gainetik zuzen eskalatzen hasi (IV+) eta zeharkaldi horizontal bat ezker aldera egingo dugu tximinia/arrail batean sartzeko (V). Pasagune hau oso ongi segurtatua geratzen ez zenla iruditu zitzaigunez, tximinia/arrailaren azpialdean ia gainean ez zauden arte ikusten ez den harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu.

Erlaitzetik ateratzen.

Pasagune horizontala egin aurretik.

Pasagune horizontalean. Asierrek ezker oina jarrita duen lekuan dago pasagunea segurtatzen duen harkaitz-zubia.

Amaitzeko, tximinia/arrail hau eskalatuko dugu, bere amaierara iritsi aurretik ezker aldera pasatu eta pasagune bertikal bat eskalatu ondoren ezproiaren gainera iristeko (IV+).

Tximinia/arraila eskalatzen.

Azken pasagune bertikalean.

Luzea amaitu ondoren.

Goiko bilgunea bi harkaitz-zubi handietatik pasatako soka lodi batekin muntatuta utzi genuen hasiera batean, erlaitz eroso batean. 2025eko abenduaren 13an soka kendu eta bi parabolt jarri genituen, bietako bat uztaiduna.

Ezproiaren gainean muntatuta utzi genuen bilgunea.

Azken bilgunea gaur egun. 2025eko abenduaren 13an muntatu genuen.

Azken bilgunearen beste ikusmira bat.

Goian idatzi dudan bezala, ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea. Hau gerta ez dadin, ezproira eskalatzen iristeko aukera bat begiak jota dugu, "Luca bidea" izan daitekeena. Aldekoak eta kontrakoak neurtu eta bide berri hau gauzatzen badugu, ezproiaren eskalada gehiago errepikatuko dela ziur gaude.

Abuztuaren 25an amets hau errealitate bihurtuz "Luca bidea" jaioko zen, 160 metro eta V zailtasuna duena.

Eginoko haitzak arratsaldeko azken argitan. "Luca" ezproia“Barraskiloen gandorraren” itzalpean ikusi daiteke.