AZKEN 10 SARRERAK
chamonix etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
chamonix etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/10/20

AIZTONDO: "ESTO SI ES CHAMONIX" BIDEA, 115 m, 6a. 2019/10/05

2019ko martxoaren 16an, “Fliparax” bidea eskalatzearekin batera, Aiztondoko hainbat luzeetako bide guztiak eskalatzeko ametsari amaiera eman nion. Egun eder eta hunkigarria izan zen, besteak beste, amaiera hasi bezala egin nuelako, Josurekin soka partekatuz.

Zoriontsu izan arren arantza txiki bat sartuta gelditu zitzaidan, blogan “Esto si es Chamonix” bidearen kronikarik ez nuelako. Bide hau lehen aldiz eskalatu nuenean ez nuen argazki kamerarik eraman ezta telefonoarekin argazkirik egin ere, garai hartako telefonoen argazkien kalitateak ez baitzuen egungo telefono modernoen antzik. Gogoan nuen hirugarren luzera arte izugarri gozatu nuela, baita, laugarren luzeko (6a+ zailtasunekoa) estualdi eta izerdiak ere.

Duela urte pare bat, Aiztondo berrekipatzearekin batera, hainbat bideetan aldaketak egin ziren: “Clásica Sur” bidearen bigarren luzeko lehen metroak “San Miguel de Aralar” bidetik banatu eta bide beraren laugarren luzea ere hobe aseguratu zen. “Ainhoa” bidearen laugarren luzeko amaiera originala ekipatu zen “Clásica Sur” bidetik bananduz. “Esto si es Chamonix” bidean ere aukerako laugarren luze bat ekipatu zen, 6a zailtasunekoa. 2023ko uztailean, Antxon Gorrotxategikin eskalatzen ari ginela Antxonek esango zigun bariante hau berak ireki zuela. Amaitzeko, rappelak ekidinez, hormatik oinez jaitsi ahal izateko bidea garbitu eta mugarriz adierazi zen .

2018 urtean zehar bide ezberdinetan eginiko aldaketak eskalatu eta bloga eguneratu ondoren, Aiztondoko zirkulua ixteko “Esto si es Chamonix” bidearen azken luze berria eskalatu eta honen inguruko kronika idaztea bakarrik falta zitzaidan.

Aiztondoko Aiztondo sektoreko hainbat luzeetako bideak.


“Luze berritio igo ta oñezko bidetio jaitxi” izan zen MATeko lagunei whatsapp-ez proposatutako plana. Asierrek berehala baiezkoa erantzun zidan, Josu eta Leku aldiz oraingoan ezin izango zuten gurekin etorri.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Ez dut datu hau topatu baina azken luzeko bariantea Antxon Gorrotxategik ireki zuen.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V+ (30 m), 2ºL: V (25 m), 3ºL: V+ (30 m), 4ªL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakilen.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: “Iñaki Goñi” bidetik rappelatuz edo hormaren gainetik mugarriez adierazita ekialdera doan bidexka jarraituz. Bigarren aukera hau hartuz gero 15-20 minutu inguruan San Miguel-era doan errepidera iritsiko gara. Bide hau bustia badago kontu handiz jaitsi beharko dugu, leku pare batean eskuak erabili behar dira eta.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdinetako 12 express-zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere azken luzean, azpiko bilgunearen bistatik kanpo gelditzen den bakarra baita. Bidea rappelatu nahi bada hobe da 60 metroetako bi soka eramatea, bi rappeletan lurrean izango gara eta.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

"Esto si es Chamonix" bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Ohetik jaiki eta leihoko gortinak zabaltzerakoan zur eta lur gelditu nintzen. Iragarritako eguraldi on eta zeru urdinetik urrun, etxeko bistak behe laino batek ezkutatu eta espaloi eta errepidea bustita zeuden, gauean botatako euriaren testigu isilaen moduan.

- Etzun ba han ere ebiik ingo, ez?
- Etxetio ikusita ematezon Aralar alden argitzen ai zela – erantzun nion Asierri jaso nuenean.

Kuriosoa da kilometro gutxietan eguraldia nola aldatu daiteken. Ordizian lainotuta eta kaleak bustiak, Uharte Arakilera iritsi ginenean aldiz, zerua oskarbi eta bazterrak lehorrak, aspaldi euririk bota izan ez balu bezala. San Miguel-era doan errepidearen bazterreko aparkaleku ezberdinetan kotxeak aparkatuak izan arren, harrituta, hormara iristen lehenak izan ginen: “hobe, hola ezteu iñor goitio eukiko”.

“Esto si es Chamonix”, “Iñaki Goñi” eta “Alde Hemendik” bideen artean hasten da. Erosoena “Alde Hemendik” bidearen kimikoak topatzea da, hormaren alde horretan kimikoak dituen bide bakarra baita. “Esto si es Chamonix” bidea kimiko lerroaren ezkerreko parabolt lerroa da.

Bidearen hasiera. Gorriz adierazitako kimikoak "Alde Hemendik" bidekoak dira.


Eskalatzaile mozorroa Asier baino azkarrago jartzeagatik bidea hastea egokitu zitzaidan, azkar ibiltzearen sari edo zigorra, jejeje. Lehen luzeari argazki batzuk egin eta argazki kamera zorroan jasotzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V+. Luzea harkaitz-plaka inklinatu eta trinkoa eskalatuz hasten da (IV+). Lehen metro hauek ez dira zailak eta helduleku eder eta ugariak dituenez, berotzen hasteko oso ongi etorri zitzaizkidan. Eskalaltzen hasi aurretik jantzi edo ez zalantzan izan arren, polar finaren epeltasuna eskertu nuen, eguna fresko esnatzeaz aparte, azken luzera arte itzalpean eskalatuko genuelako.

Hirugarren paraboltetik gora harkaitz-plaka tentetuz doa. Parabolten artean zuzen eskalatu beharrean plakaren eskuin aldera pasatu eta honen ertza aprobetxatuz errazago eskalatzen jarraitu nuen (V), pixkanaka parabolteetara itzuli eta erlaitz txiki batera iritsiz.

Erlaitz txikitik behera egindako argazkia.


Erlaitz txikitik gora arrail zuzen bat duen horma bertikala eskalatzen da, azpitik dirudiena baino errazagoa dena. Eskuak magnesio hautsetan sartu eta arraila zuzenean eskalatzen hasi nintzen, eskuinean sabaitxo txiki bat utziz (V+). Arraila goiko zatian ezkerrera okertzen da ia etzateraino. Kontu handiz ezker oina arrailean sartu eta, hormaren kontra mantenduz, gorputza pixkanaka altxatu nuen eskuin oina ere arrailean sartu eta honen gainetik zutituz. Arrailean zutik, eskuin besoa luzatu eta harkaitz-plaka bertikalaren goiko ertzari heldu nion, besoetatik zertxobait tira egin eta goiko erlaitz handi eta erosora igoz (V+).

Lehenengo bilgunean.


Asier, eskuak arrailean sartuta, bilgunera iritsi aurreko hormatxo bertikala eskalatu aurretik.


Erlaitzean “Iñaki Goñi” eta “Esto si es Chamonix” bideen bilguneak bata bestearen ondoan daude.

“Iñaki Goñi” eta “Esto si es Chamonix” bideen lehenengo bilgunea.


Lehenengo bilguneko erlaitz eroso eta zabaletik behera egindako argazkia.


- Juxtu hogeita bost metro – esan zidan Asierrek azpitik – sokan erdiko marka hementxe dauket.

Luzeak ofizialki 30 metro dituen arren guk bost metro gorago dagoen erlaitz batetik hasi ginen eskalatzen, hortik metroen arteko aldea.

Asierrek luzea lasai eskalatu zuen, zailtasunik pasa gabe. Bigunera iritsi bezain pronto soberan nuen materiala eman eta, bigarren luzeko lehen parabolta identifikatu ondoren, aurrera jarraitu zuen.

Bidearen lehenengo metroetan.


Ordurako sokada ezberdinak pixkanaka hormaren oinera iristen hasita zeuden:

- Jendea ezta eskalatzeko goiz ibiltzen - borta zidan lehen paraboltetik.

- Bigarren luzea, 25 metro, V. Asier bilgunetik zuzen jarraitu eta, helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz, bilgunearen gaineko harkaitz-plakak osatzen duen sabaira zuzendu zen (IV+).

Bigarren luzearen nondik norakoak.


Sabaia eskuinetik saihestu eta, eskuin ezker diagonalean doan tximini inklinatua eskalatuz, metroak irabazten jarraitu zuen (V), tximiniaren amaiera arte.

Sabaia saihestu ondoren, tximini inklinatua eskalatzen hasi baino lehen.


Tximiniaren amaieratik paraboltak jarrita dauden harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraitu zuen (V), gaineko harkaitz-plaka bertikalarekin topo egin arte. Harkaitz-plaka hau zertxobait makurtua dagoela ere esango nuke.

Tximini inklinatuaren gaineko harkaitz-plaka inklinatuan.


Asierren mugimendu neurtu eta zehatzak jarraitzen nituen bitartean, eskuinean zalaparta handia entzun nuen. Burua jiratu eta argi kontra nituen zuhaitzen adarren artean putre talde bat batera eta bestera zebilela ikusi nuen, loaldi goxotik esnatzeagatik protestan ariko balira bezala. Bitan pentsatu gabe argazki kamera atera eta argazki pare bat egin nizkien.

Putreak argi kontra.


Harkaitz-plaka bertikalaren lehen paraboltetik expresss-zinta pasatu eta, zuzen eskalatu beharrean, Asierrek ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin ondoren (V), harkaitz-plaka ezkerretik eskalatuz jarraitu zuen honen gaineko bilgunera iritsiz (V).

Zeharkaldia egiten hasi zen lekuan.


Bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunetik lehenengoa.


Asierrek besoarekin keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen. Bigarren luzeaz ez nuen oroitzapen handirik eta ederra iruditu zitzaidan. Luzearen ahuldadeak bilatuz asko gozatu nuen.

- Oaingo luzea dudaikpe Aiztondoko onena da – esan nion Asierri soberan zituen express-zintak hartzen nizkion bitartean – akordatze naiz denetio zeukela.
- Ba ni ez naiz ba asko akordatzen… - erantzun zidan begiak erdi itxita, luzearen nondik norakoak gogoratu nahian izango balitz bezala.

Bigarren bilgunea.


- Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Asierri esan bezala, luze hau nire ustez Aiztondo osoko luzerik eder eta ikusgarriena da inongo zalantzarik gabe. Lehenengo paraboltera iristeko bilgunetik eskuinera diagonalean zeharkalditxo bat egin beharra dago, eskuetan baino oinetan konfiantza gehiago jarriz.

Hirugarren luze zoragarriaren lehen metroak. Argazkian bavariar teknika erabiliz eskalatzen den arrail bertikala ikusi daiteke.


Hemendik aurrera hormaren oinetik nabarmena ez den, baina eskuin ezker diagonalean erdibitzen duen, hodi itsurako tximinia bere osotasunean eskalatzen da: “Gozatzeraaa!!!!” animatu nintzen tximiniaren lehen metroak eskalatzen hastearekin batera.

Lehenengo metroak inklinatuak diren arren, tximinaren teknika erabili eta oinak horma batean eta bestean jarriz zailtasun handirik gabe eskalatzen dira (V), bi oinak sartzen diren zulo batera iritsiz. Bertatik Asierri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Zulotik behera egindako argazkia.


Zulotik gora horma tentetu arren, lehen metroak eskalatzeko gozamen hutsa dira. Hasteko, bavariar teknikarekin eskalatzen den arrail bertikal bat eskalatu beharra dago.

Zuloan, arraila eskalatzen hasi baino lehen.


Eskuak arrailaren barruan sartu eta gorputzarekin kontrapisua eginez, arraila erlaitz belartsu batera iritsi arte eskalatu nuen, tarteka tximiniaren bi hormetan oinak jarriz (V).

Arraila (nire azpian) eskalatu ondoren.


Erlaitz belartsu honen ondoren dator luzearen pasabiderik zailena, helduleku txikiko hormatxo tentea. Hormatxoa zuhurtziaz eskalatu (V+) eta, berriro ere bi hormetan oinak eta eskuak jarriz, putreen gorotz zuriz betetako zuloko bilgunera iritsi nintzen (V).

Asier erlaitz belartsuan, luzeko pasabiderik zailena eskalatzeko prest.


Hirugarren bilgunean.


Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


- Bai da ona bai, ez nintzen akordatzen – esan zidan Asierrek luzearen azken metroetan.
- Esan dizutena, nere ustez hemengo onena, jejeje.

Hirugarren bilgunetik zintzilik, putreen atalaia den zuloaren ondoan.


- Laugarren luzea, 30 metro, 6a. Laugarren luzea zuloaren eskuineko horman gora hasten da. Bilgunetik bertatik lehen paraboltera iristeko ageriko zeharkaldi bat egin behar denez, Asierri luzearen azken paraboltetik zuzen eskalatzen jarraitzeko aholkatu nion.

Horma lehen metroetan bertikala izan arren helduleku onak ditu. Lehen parabolta atzean utzi ondoren zertxobait eskuinera jo eta erlaitz txiki batean atseden hartzeko aukera izango dugu (V+/6a). Erlaitz honetatik bigarren parabolta eskura dugu. Asierrek metro hauek erraztasun osoz eskalatu zituen.

- Igual 6a-ko pasoa gorago eongoa – esan zidan lasai erlaitz txikiaren gainetik – zati hau etzait hain zaile iruittu.

Pasabiderik zailena bigarren eta hirugarren parabolten artean dago, ezkerrera oinetan fidatuz zeharkaldi motza egin behar baita (V+/6a). Pasabide hau argi ikusiko ez balitz A0 moduan erraz gainditu daiteke. Pasabidearen ondoren, hirugarren parabolta urrun dagoenez, harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat jarrita dago.

Zeharkaldi motzaren ondoren, harkaitz-zubitik pasatako sokaren parean.


Harkaitz-zubitik pasatako soka.


Harkaitz-zubitik gora hormak bertikaltasuna galduz doa helduleku ederrak aprobetxatuz sabai txiki batera iritsi zen (V). Sabai txikiak ez dauka aparteko zailtasunik eta behin eskalatuta honen gaineko harkaitz-plaka etzanera igo zen. Harkaitz-plaka honetako heldulekuak handiak ez diren arren, itsasgarritasunezko pasabide errazak ditu (IV+).

Harkaitz-zubitik gora egindako argazkia. Bertan sabai txikira arteko zatia eta handik gorako harkaitz-plaka etzana ikusi daitezke.


Harkaitz-plaka etzanaren amaieran, zertxobait eskuinera jo eta arrail nabarmen bat eskalatuz (IV) “Iñaki Goñi” bidearekin partekatzen den bilgunera iritsi zen.

Harkaitz-zubitik gora eskalatzen. Argazkian bilgunera iritsi aurreko arraila ikusi daiteke.


Azken luze hau ere ederra iruditu zitzaidan eta, Asierri bezala, niri ere 6a pasabidea V+ zailtasunetik gertuago izan daitekeela iruditu zitzaidan.

- Earraaaaa!!!!
- Bai, bide politte – erantzun zidan Asierrek bilgunearen ondoko harkaitz batean eserita.

Laugarren bilgunean.


Asierrek aseguratuta ninduela aprobetxatuz, bilgunean gelditu gabe metro gutxi batzuk igo eta hormatik atera nintzen.

Amildegiaren gainean zintzilik.


Soka jaso eta Asierren zain nengoela egunean lehen aldiz eguzkiaren berotasuna sentitu nuen. Azken luzera arte itzalpearen freskuran eskalatzen aritu ondoren, zeruan eguzkia nagusi zela ahaztuta nuen. Ez zen denbora luzea pasatu behar izan polarra kendu nuen arte.

Bigarren bide bat eskalatzeko denboraz larri ibiliko ginela ikusita zereginak lasai hartu genituen: Materiala bildu, kasko eta arnesa kendu, dena motxilan jaso... Dena prest genuenean, poliki-poliki, beherako bidea hartu genuen.

Beherako bidean.


Mugarri ezberdinen atzetik, ekialdera zuzentzen den bidexka jarraitzen hasi ginen, Madalenaitz urruneko itsasargi genuela.

Bidexkan topatuko dugun lehen mugarria, atzean Madalenaitz.


Itsasargia gertuago... Madalenaitz eta bere hego-mendebaldeko gandor ikusgarria. Eskuinean, zeruertzeko gandorra jarraituz Oilaxka orratzak ere ikusi daitezke.


Noizik eta behin mugarri txikiren bat ikusi arren tarteka kontu handiz jaitsi behar dela iruditu zitzaigun, bidexka zenbait lekuetan ez baita oso nabaria. Hau gutxi ez bada, eskuen laguntzarekin bi hormatxo jaisten dira, biak zailtasun gutxikoak baina, bigarrenean batez ere, kontuz jaitsi behar izan genuena. Bidea bustiz gero ez dut uste jaitsiera erosoa izango denik.

Jaisteko eskuak erabiltzen diren bigarren hormatxoan.


Dena den, erosotasunak aparte eta kotxera itzuli nahi bada behintzat, rappelak egitea baina azkarragoa da oinez jaistea.

Kotxera iritsi ginenean bidearen amaieran bizitako esperientzia gogora etorri zitzaidan: Materiala jasotzen ari nintzela, harkaitz batean eserita, denbora gelditu zela iruditu zitzaidan. Inguruko haitzetatik altxatu eta jirabiran zebiltzan putreen hegaldi lasaiari begira gelditu nintzen, beste ezertan pentsatu gabe. Barrenetik zoriontasun bat piztuz zihoala sentitu nuen. Putreetatik atentzioa barrenera eramanez zoriontasunaren iturria identifikatu nuen: oraingoan bai, oraingoan Aiztondoko zirkulua itxita gelditzen zen.

Gutxi behar da zoriontsu izateko.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velázquez C. Escalada en Navarra, guía completa, 180. Bilbo. Sua Edizioak, 2009.
- Mendi eta Eskalada kirolen Napar Federakundea. Uharte Arakil. Aiztondo (Uharte Arakil). Eskuragarri: http://www.nafarmendi.org/contenido/aiztondo-uharte-arakil


2013/09/04

MONT BLANC (4810 m) ETA DÔME DE GOÛTER (4304 m) GOÛTER ATERPETIK, 2013-08-11

Erreportai honetan ametsetaz arituko naiz, esnatuta izaten ditugun ametsetaz, eta nola batzuetan amets horiek egi bihurtzen diren.

Gure bizitzaren esparru guztietan ametsak ditugu, bakarkakoak edota elkarbanatutakoak, eta amets hauek izaten dira neurri handiago edo txikiago batean gure bizitzaren gidari, eta beharbada, helburu ere. Ametsak izateko behar hasegabe hau hain da handia ezen amets batzuk bete ahala amets berriak sortzen direla. Amets batzuk betetzea gure esku bakarrik dago, beste batzuk tamalez ez, baina hala ere, bizitza bizi dugun modua eta honen aurrean dugun jarreraren arabera amets hauek betegarri bihurtuko direla ziur nago.

Mendian hasi nintzenetik amets ezberdinak izan ditut, batzuk betetzen joan diren ehinean amets berriak sortu dira, baina amets hauen guztien gainetik bi izan ditut: Mont Blanc eta Cervino mendiak igotzea, edo gutxienez, igotzeko aukera bat izatea. Amets hauek ez dakit lehen aldiz noiz izan nituen baina duela pare bat urte, Osakidetzako oposaketa gogorrak amaitu ondoren, pixkanaka amets hauek egi bihurtzeko itsura ematen hasi nintzen.

Koadrilakoak 2012 urtean, 40 urte betetzen ditugun 2013rako Mexikora firin-faran joateko planak egiten ari ziren bitartean, ni bi amets hauek bete ahal izateko prestaketarekin hasi nintzen. Tamalez, 2012ko uztailaren 31an, eskalatzen izandako istripua eta sorbaldan izandako lesioaren ondoren, hilabete askotan ezin izan nuen eskalatu, Cervinora igotzeko aukera handiak galduz. Honegatik, Eguberrietatik aurrera Goûter aterpera eramango ninduen prestaketarekin hasi nintzen. Oposaketarekin egin nuen bezela, plangintza zorrotz bat prestatu eta ia egunero pesak, mendira irten edo etxeko txirrinduan ibiltzen hasi nintzen. Gauzak ez ziren kontatu bezain errazak izan eta burua kirola egitera edo mendira joatera "behartutako" egunak asko izan ziren.  Gorputza pixkanaka puntuan jartzen hasi zen: ibilbideak luzeagoak egiten nituen, motxilan sartzen nuen pisua handiagoa zen eta hasieran oinez nekez egindako ibilbideak korrika egiten hasi nintzen. Egun bat pasatzen zenean "Benga Smithy, egun bat gutxiago Mont Blanc-era igotzeko" esaldiarekin nire burua animatzen nuen.

Baina prestaketaren prozesu hau ez zen bakarkako prozesu bat izan. Denbora osoan Itziarren babes ixila izan nuen eta berak ere behin baino gehiagotan "hala Smi, bizikletan ibiltzea jun" animatzen ninduen. Ezinbestean, Itzi amets honen zati garrantzitsu bat izan da. 

Baina, zergatik Mont Blanc, zergatik Cervino? Batzuetan ametsen zergatia azaltzea zaila izaten da. Nire mendizaletasunean beti sentitu dut mendi hauetara igotzea Jerusalem edota Mekara doan fededun baten bidaia bezelakoa dela. Mendi hauetan alpinismoa jaio zen, alpinismoaren historiaren lehen esaldiak idatzi ziren, eta historiaren orri hauetan Whymper, Balmat, Paccard, Rebuffat, Terray, Bonnatti, Lachenal, etab-ek idatzitakoa sentitu eta bizi daiteke. Chamonix-etik lehen aldiz Mont Blanc-aren gailurra ikusi nuenean sentitu nuen zirrara ez dut inoiz beste mendi baten aurrean sentitu. Suposatzen dut Zermatt-etik egunen batean Cervinoa ikusten dudanean gauza bera sentituko dudala.

Eginiko antolaketaren inguruan "Alpeak 2013: amets baten atzetik" erreporrean idatzi nuenez, honen inguruan ez dizuet azalpen gehiagorik emango.

GURE BIDEA

Mont Blanc-aren historiaren inguruan hasi ezkero, mila erreportaietarako materiala atera daiteke, honegatik historia zabal honetatik bakarrik esango dut Jacques Balmat eta Michel Gabriel Paccard izan zirela 1786ko abuztuaren 8an Mont Blanc-era igo ziren lehenak.  

Mont Blanc-eko ametsa betetzeko,  igoera hiru egunetan antolatu genuen:

- Lehenengo eguna: Nid d'Aigle-tik Tête Rousse aterpera. Erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.
- Bigarren eguna: Tête Rousse aterpetik Goûter aterpera. Erreporra hemen irakurtzeko aukera duzue.
- Hirugarren eguna: Mont Blanc-eko gailur saiakera.

Abuztuaren 5ean Gran Paradiso mendira eginiko igoerak altuerara egokitzeko balioko zigunaren esperantzan, abuztuaren 8an Mont Blanc-erako igoera hasi genuen. Bi egunetako igoeraren ondoren, azkenean, 2013ko abuztuaren 10ean, Goûter aterpera ailegatu ginen, hainbeste hilabeteetan amestutako tokira, Mont Blanc handiari igoera-saiakeratxoa egingo genion tokira. Arratsaldeko 18:30etan afaldu eta urduritasunez betea gaueko 20:00etan ohera joan ginen goizeko 1:30etan jeikitzeko asmoarekin.

DESKRIBAPENA

Lo zakuan sartu eta nire gau-pasa partikularra hasi zen.

21:00ak. Lehenengo orduan liburu eta gidetan hainbeste irakurritako ibilbidea mentalki behin eta berriz errepasatzen aritu nintzen: "aterpetik atera, bide erreza Vallot aterperarte, gero les Bosses etab.".

22:00ak. Gelako bakarren bat zurrungaka hasi zen. "Joer ze zortea, ni ere lo geldittuko banintz hobe eongo nintzen". Berriro ere bidea errepasatzen hasi nintzen lo geldituko nintzelakoan.

23:00ak. "Joerrrrrrr, bi ordu t'erdi bakarrik dittut lo itteko, ta hemen jende guztie lo dau. Benga Smithy, ea lo gelditzen zean", animatzen nion nire buruari behin eta berriz.

Ez dakit noiz gelditu nintzen lo, baina begiak ixterako Josuren alarma jotzen hasi zela iruditu zitzaidan.

Gurekin batera logelan geunden guztiak jeiki eta motxilak prestatzera jaitsi ginen, goizeko 2:00tan gosaltzera joateko.

Iker eta Asier motxilaren prestaketarekin amaitzen.


Gosaltzeko ezer berezirik ez: kakaoa hautsetan ur berotan nahastuta. ogi-xaflaren bat gurin eta mermeladarekin eta zuku edalontzi txiki bat. Gosaldu, tez betetako termoak jaso eta azken prestaketak egitera joan ginen.

02:50, Goûter aterpea, 3835 metro. Kalera irtetearekin batera bi gauzekin ohartu ginen: ia haizerik ez zebilela eta ondorioz hotz handirik ez zegoela. Hasieran zalantzan egon ginen pioleta eskuan eraman hala ez, baina azkenean pioletak motxiletatik zintzilikatu eta Les Bosses ertz-lerrorako gordetzea erabaki genuen.

Irteteko prest, beroki "lodiak" eta pioletak motxilan sartu genituen.


Bidearen hasieran, Goûter aterpe zaharretik datorren ertz-lerro elurtura igo ginen, behin bertan eskuineruntz (hego-hegoekialderuntz) hartzeko. Ertz lerroan metro batzuk egin ondoren haizearen indarra eta norantza ikusteko jarri duten postearen ondotik pasa ginen. Postetik zintzilik dagoen zapia apenas mugitzen ez zela ikusita "Benga, gaur izan beharra dauke" pentsatzen hasi nintzen.

Ertz-lerroa pixkanaka desagertzen joan zen eta malda beherako zati bat ere egin genuen. Hemendik aurrera maldatxoren bat edo beste lauago zen zatiren batekin tartekatu genuen Dôme de Goûter mendiaren magalean dagoen malda handira ailegatu ginen arte.

Mont Blanc-era doan Goûter bideak Dôme de Goûter mendia eskuinean uzten du. Honetarako, hego-ekialdeko norantza hartu genuen "Z" ezberdinak eginez eta pixkanaka malda igoz, Dôme de Goûter mendia gure eskuinean utzi eta Col du Dôme edo Dôme lepora ailegatu ginen arte. Lepo honetan Italiar (Aita Santuaren bidea) eta Goûter bideek bat egiten dute. Lepoan maldak atseden bat eman zigun. "Zemuz zoazte?" Galdetu nien. "Abiadura hontan de puta madre" erantzun zuen Ikerrek. "Gogoratu jetxierako indarrak gorde beharra ditteula" gogoratu nien "horratio igualtzaio ze abiadura eman baña denbora guztin indar puntx bat gordeta eraman beharko deu".


Ordurarte izan nuen ikusmira osoa nire anaiaren bizkarrera mugatu zen.



Nahiz 5-10 metro baina gehiago ez ikusi, bidea ilunpetan egiteak bere xarma ere badu, eta nire ustez, maldak gozoago igotzen dira, malda amaitzeko zenbat gelditzen den erreferentziarik ez baitago. Honegatik, Dôme lepoa atzean utzi, hurrengo maldatxoa igo eta gure parean Vallot aterpea agertu zenean erabat harritu egin nintzen.

04:50, Vallot aterpea, 4362 metro. "Ostia Vallot-en gare?" Galdetu zuen Ikerrek "Ni ere flipauta nau" erantzun nion,  "joe, erritmo hontan jarraitzen badeu uste baño azkarrago allauko gea".

Vallot aterpea ez da aterpetzat hartu behar den eraikina larrialdietarako bakarrik erabili behar den babeslekua baizik. Bertan irrati bat dago eta zikin xamarra dago.Dena, den, Vallot aterpean atsedentxo bat hartzea erabaki genuen. Hasiera batean, eta batez ere hemen zegoen haize hotzatik ihes, Iker aterpe barrura sartzen saiatu zen. "Ufff, hau beteta dau" esan zigun.

Aterpera sartzeko dauden eskilarak jaitsi eta haizetik babesean egoteko lekua aterpearen orma baten kontra topatu genuen. Bertan,beste mendizale askorekin batera, motxilak kendu eta zerbait jan eta te beroa hartzeko aprobetsatu genuen. "Hemen hotza itteo, eh?" Esan zuen Asierrek. "Ba bai, bazpare guante potolok ta primaloft-a jantzi behar det" erantzun nion. Hamar minutu inguruko atsedentxoaren ondoren motxilatik arropa gehiago atera eta hotzerako prestatu ginen.

Hemendik gora igoeraren zatirik teknikoena, Les Bosses ertz-lerroa, hasten zela ikusita, pioleta ateratzea erabaki genuen. Iker, Josu eta Asierrek pioletaz aparte makulu bat ere atera zuten, nik ordea, gidek bi makuluak gordetzen zituztela ikusita, bi makuluak gorde nituen. Gero ikusiko nuen bezela, erabaki hau ez zen batere ona izan.

Vallot aterpetik irteteko prest..


Vallot aterpetik atera eta 200 metro inguruan gozo-gozo ibili ondoren gailurrera eramango gintuen azken erronkari ekin genion: Les Bosses ertz-lerroa (frantsesez "konkorrak"). Ertz-lerro hau hiru zatitan banatu daiteke: Le Grand Bosse (4513 metro) edo konkor handia, Le Petite Bosse (4547 metro) edo konkor txikia eta Tournette-ko arkaitzak (4677 metro).

Les Bosses ertz-lerroko hiru zati hauek gogoan eraman nituen denbora osoan eta bat pasatzen genuenean "benga, bengaaa, bat gutxigo falta da" animatzen nuen nire burua.

Le Grand Bosse edo konkor handia lehen metroetan italiar aldetik igo ondoren, Chamonix aldera pasa eta ertz-lerrotik oso gertu igo genuen. Maldak hemen gora jotzen du eta ongi prestatu gabeko mendizaleak pixkanaka gelditzen joan ziren. Guk, indarrak gorde behar genituela argi genuenez, abiadura motel baino iraunkor bat jarri genuen hauspoa primeran eramanez. Dena den, igoerarako makulurik eraman ez nuenez, ezker hankako bikia kargatzen hasi zitzaidan, pioletarekin ez bainuen igotzeko nahiko indarrik egiten.

Lehen konkorra igo ondoren, metro batzuetan zati horizontal bat egin eta bigarren konkorrera hurbildu ginen. Bigarren konkor honen igoera, lehenengoarekin alderatuta, errazago iruditu zitzaigun. Bigarren konkor honetan beste mendizale batzuk gelditzen hasi ziren, bidearen alde batean jarri eta garbi pasatzen utziz.

5:35, Le Petite Bosse edo konkor txikia, 4547 metro. Bigarren konkorrera pioleta esku batetik bestera pasatuz ailegatu nintzen, bikiari ahalik eta gehien lagunduz.

Bigarren konkorretik gora dagoena. Argazkia ez da oso ona baina ertz-lerrotik doazen kordadak ikusi daitezke, baita ere Tournette arkaitzak dauden lekua (goian ikusten diren arkaitzak, lehen kordadetako argien aurrean).


"Zergatik ez dezu makille ateatzen?" Galdetu zidan Josuk. "Ba bai Josu, arrazoia dezu" erantzun nion "hanketatik gehiegi tiratzen ai naiz eta tontakerikin behar baño gehio nekauko naiz". Honela, eta batez ere aurretik genuena ikusita, biok gelditu eta Josuk motxilatik makulu bat atera zidan.

 Josu makulua ateratzen. Atzean bi konkorrak ikusten dira eta eskuinean ikusten den arkaitz txikiaren gainean Vallot aterpea.


Makuluaren laguntzarekin igotzen hasi eta hankako mina gutxitzen hasi zitzaidan: "Ayyyyy, hau leno ein izan banu" pentsatu nuen. Mina desagertu zenerako Tournette arkaitzen ezkerretik (igoerako norantzan) pasa ginen. "Benga Josuu, ehun ta berrogeitaman metro gehio ta goien gare" esan nion. Baina ertz-lerroan zegoen haizetea dela eta Josuk ez zidan entzun.

Tournette arkaitzak atzean utzi genituenean, gailurra zirudien gain batera igotzen hasi ginen. Eta orain arte gertatu bezela, malda hasi eta berehala beste mendizale batzuk atzean gelditzen hasi ziren.

Tournette arkaitzetatik gora dugun maldatxoa.


Igoera honetan Iker eta Asierrek hiruko kordada bat pasa zuten eta kordada honen atzetik maldaren gainera ailegatu ginen.

Eta gain hontatik aurrera ertz-lerroa hestutu eta nire ustez igoeraren pasarte ikusgarrienera ailegatu ginen, ia hanka bat Italian eta beste bat Frantzian genuela. Ertz-lerroaren metro hauetan haizea gogor jotzen hasi zen eta momenturen batean ere oreka mantentzearekin lanak izan genituen.

Ertz lerroa hestutzen den lekua, ikusgarria benetan.


Ertz-lerro honetara ailegatu ginenean "ezer larrik ez bada, ziur allauko garela" pentsatzen hasi nintzen. Bapatean hots ezagun bezain arraro batek nire pentsamentuetatik esnatu ninduen. Buelta hartu eta Josuri oihukatu nion: "entzute al dezu aurrekoren arnasa?", "Ba ez" erantzun zidan. Aurreko kordadara hurbildu eta hiruetatik azkena zihonana leher eginda (bi pausu eman eta gelditu, bi pausu eman eta gelditu), arnas hestuka eta orroaka zihoala konturatu ginen. "Joder, hola jarraitze badu zeoze emangoio" esan nion Josuri "eztakit baña ez dijo bate ondo" erantzun zidan. Hizketaldi honetan hiruko kordada metro batzuk aurreratu zen. 

"Josu segi zu aurretik" esan nion "hola argazkik ateako dizkizut". Josu aurrera pasa eta bere atzetik jarraitu nuen. Bapatean gure aurrean, mendien artean, argi bat ikusten hasi ginen. Atzoko sei t'erdietatik ez genuen ikusten baina eguzkia mendi artean nola irteten zen ikusteak izugarri hunkitu ninduen. "Eguzkia ikusten badeu gailurra ez da urruti egongo" pentsamenduarekin lehen malko batzuk isuri nituen.

Josuk atzera begiratu, keinu bat egin eta gailurrera ailegatu aurretik azken argazki bat atera nion.


Nire hunkiduran murgilduta nengoen bitartean Iker eta Asier gailurrera ailegatu ziren.



06:25, Mont Blanc, 4810 metro. Konturatzerako maldak behera egin eta hamabost metro ingurura gailurra agertu zen.

Bideo honetan Josu eta ni gailurrera iristen ikusteko aukera duzue.


Azken metroen ondoren, begiak malkoetan nituela, makulua eta pioleta gailurrean sartu, denak elkar besarkatu eta  bapatean barren guztiak mugitu eta urteetako zama bat gainetik kendu izan banu bezela sentitu nintzen. Aspaldiko ametsa beteta zegoen eta jada Jerusalem-era ailegatu nintzen. Eta hilabetetan egindako lanarekin, Itziarrekin eta nire amarekin gogoratu nintzen, baita nire ondoan zeudela sentitu ere. Eta negarrez hasi nintzen. Baina ez nengoen triste, zoriontsu baizik. Ez nuen garaipen zoriontasun bat sentitu, zoriontasun mugagabe bat baizik. Eta malkoetan urtu eta barrenak hustu nituen. Eta barrenak hustu ondoren nire arima bakean sentitu nuen. Ez dut sekula bake sensazio hori sentitu eta denboraren nozioa ere galdu nuen. Izandako momentu izpiritual honegatik bakarrik merezi dit mendietara igotzea.

Sentitzen ari nintzenarekin bideo bat grabatzen hasi nintzen baina hitzegiteko ia kapaz ez nintzenez, bideoa ia amaitu gabe gelditu zen, erabat hunkituta nengoen eta.

Hemen duzue gailurrean grabatu nuen bideoa, baina haizea dela eta ez da ongi entzuten esaten ari naizena.



Ez dakit bake espiritual honetan zenbat denbora izan nintzen, baina "esnatu" eta errealitatera itzuli nintzenean ondokoak modu arraroan begira nituela konturatu nintzen. "Ez al dute inoiz pertsona bat negarrez ikusi?" Pentsatu nuen.

Momentu izugarri honen ondoren haizea eta hotza berriro ere sentitzen hasi nintzen. Berriro ere denok elkar besarkatu eta gailurrean "beharrezko" argazki batzuk atera ondoren ahalik eta azkarren beherunzko bidea hartu genuen.

Gailurretik ekialdera ateratako argazkia.


Gertuago... argazkian Cervinoa eta Monte Rosa ikusi daitezke.


Iker gailurrean Lekuri omenalditxoa egiten. Ibilbide osoan berarekin asko gogoratu ginen.


Lauok gailurrean.


Mont Blanc, 4810 metro. Dugun aurpegia bertan zegoen haizeteagatik da. Ikerren atzean lurrean ikusten den "fardela" Josu eta nire aurretik igo zen mendizalea da. Gailurrera ailegatu eta lurrera bota egin zen. Guk aldegin genuenean oraindik han jarraitzen zuen.


Izagirre anaiak. Mont Blanc, 4810 metro.


Mendebalderuntz ateratako argazkia, bertan Mont Blanc-aren itzala ikusi daiteke.


Esan bezela, ez dakit zenbat denbora izan ginen gailurrean, baina zegoen haizea dela eta ez dut uste denbora luzea izan zenik, gehienez hamabost-hogei minutu inguru.

"Zemuz?" Galdetu nien. "Sobrau!!!" Ikerrek, "ez diot Pitxasi muxu bat eman eztakit zeatik". "Kaguen la puta, gurea da!!! " Jarraitu zuen. "Lasai" erantzun nion "nik bolatokia pasa arte bazpare eztet ospauko".

Beherunzko bidean, atzean Tournette arkaitzak ikusi daitezke eta txingurriak moduan goruntz doazen mendizaleak.


Konkorretara ailegatzen.



Konkor txikian...


...Eta konkor handian...


Jaitsieran pare bat mendizale botaka ikusi nituen, ez dakit altueragatik edo, baina ez zuten oso itsura onik.

Altuera galtzen eta pixkanaka Vallot aterpera ailegatzen ari ginela, haizearen indarra ere baretzen joan zen.

Vallot-era eramango gaituen azken maldaren jaitsieraren hasieran...


...eta amaieran. Atzera begirada.


07:15, Vallot aterpea, 4362 metro. Aterpearen ondoan dagoen lautadatxoan trasteak bota, arropa kendu eta merezitako atsedena hartu genuen.

Vallot ondoko lautadatxoan atseden hartzen.


Bertatik ateratako panoramika. Leku hau erabat ikusgarria iruditu zitzaidan.


25 minutuz atseden hartzen egon ondoren, eguneko bigarren "helbururantz" abiatu ginen: Dôme du Goûter mendia.

Argazki honetan Vallot aterpea atzean utzi ondoren Dôme du Goûter mendiraino jarraitu behar den bidea markatu dut. Urdinez, Goûter aterpera doan bidea.


Col du Dôme lepotik gora inklinazio eta zailtasun handirik gabeko malda bat igo eta di-da batean Dôme du Goûter mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

07:55, Dôme du Goûter, 4304 metro. Vallot aterpetik mendi honen gailurreraino ordu laurden eskas pasa genuen.

Ni gailurrera ailegatzen, atzean Mont Blanc.


Dôme du Goûter, 4304 metro.


Nahiz eta bigarren mailako mendi bat izan eta nahiz eta beharbada alpinistikoki balio handirik ez eduki, mendi honetara igotzeak merezi du, bertatik Mont Blanc-eko igoeraren ikusmira izugarria izango dugu eta.

Mont Blanc eta honen ezkerrean (eguzkiaren azpian) Mont Maudit.



Argazki honetan Vallot aterpetik gailurreraino doan bidea ikusi daiteke. Bidea nondik nora doan ikusteko mendizaleak jarraitzea besterik ez da.


Behin Dôme du Goûter mendian argazki batzuk atera ondoren, beherunzko bidea hartu genuen.

Dôme du Goûter-etik behera, nire atzean Aiguille du Bionnassay ikusi daiteke.


Bionnassay orratza gertuago. Ez dakit zer duen baino iman baten moduan erakarri gintuen. Baina beste batean izan beharko da.


Jaitsieran igoeran ikusi ez genituen gauza asko ikusi genituen, atzeko serac hauek adibidez.


Berria egunkariko Ibilkari kanalean blogari kidea dudan Ainhoak gu baino hamabost egun lehenago eginiko igoeraren kontaketan esan bezela (kontaketa irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), mendi batera igo eta beste batetik jaisten ari ginenaren sensazioa izan genuen denbora osoan.

Aiguille du Goûter orratzaren ertz-lerroan.


Atzera begirada.


Kamarari eman eta eman aritu nintzen jaitsiera osoan...


...Eta noski, atzeratu ere egin nintzen je,je,je.


Goûter aterpera ailegatzen.


08:30, Goûter aterpea, 3835 metro. Aterpean gelditu gabe aurreruntz jarraitu genuen.

Aterpearen gainean haizearen indar eta norantza ikusteko jarrita duten postearen ondoan.


Esan bezela, begiratzen den lekura begiratzen dela, ikusmira ikusgarria izango dugu.



Goûter aterpea zaharrera ailegatzen, ertz-lerroa utzi ondoren.


08:35, Goûter aterpe zaharra, 3817 metro. Hemen beste atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen. Kranpoiak gorde, arropa kendu, zertxobait jan eta edan, eguzkitako krema eman eta eguneko zatirik zailenari ekin genion: Tête Rousse aterpera doan jaitsiera.

Iker jaitsieran atzean Bionnassay orratza eta izen bereko glaziarra dituela.


09:45, Bolatokia, 3270 metro. Igoeran indarrak gordez joan ginenez eta nahiz eta jaitsieraren lehen metroetan izotz arrastoak topatu (zati honetan zirga-kableen laguntza ederki etorri zitzaigun), Bolatokiraino jaitsiera uste baino frexko, arin eta errazago egin genuen, bidean kordada bat baino gehiago pasatuz.

Bolatokira ailegatu ginenean izugarrizko ustekabe atsegina hartu genuen: "ostia, ia ez die harrik eroitzen" esan zuen Ikerrek. Hiruok Grand Couloir-aren gainera begiratu eta apenas harririk erortzen ez zela ikusita izugarrizko lasaitasuna hartu genuen. Hala ere, ez ginen batere fidatu eta igoeran egin genuen bezela, binaka pasa ginen.

Bideo honetan Josu eta biok egin genuen korrikaldia ikusteko aukera izango duzue.



Bolatokia pasa ondoren, Tête Rousse glaziarra aurrean dugula.


09:55, Tête Rousse glaziarraren amaiera, 3160 metro inguru. Hemen dagoen informazio etxolara ailegatu eta beste atsedentxo bat hartu genuen. "Oain bai, oain bai esan dezakeu Mont Blanc-a igo deula!!!!!!!!!" Hasi ginen. Bertan, arropa gehiago kendu eta hogei minutuetako atsedenaren ondoren beheruntz jo genuen.

Beherunzko bidean berriro ere.


"Trena ze ordutan deu?" Galdetu zuen Ikerrek. "Ba lehenengoa 11:25etan eta hurrengoa 12:30tan" erantzun nion. "11:25etakora allauko gea?" Galdetu zuen Josuk, "eztakit baña posible da"erantzun nion "dena den, ez gea oain a toda ostia jeisten hasiko ezta?" Ikerrek "Oain arte bezela jetsi eta allatzen bagea ondo, bestela 12:30etakoa hartuko deu".

Uste baino frexkoago eta arin-arin beheruntz jarraitu genuen.

Aurretik duguna.


Aiguille du Midi eta honen ezkerrean, gailurrean elurra duela, Aiguille Verte.


10:50, Des Rognes etxola, 2768 metro. Erlojua begiratu eta "Ehhh, hola jarraituzkeo 11:25etako trenea allauko gea" esan nien.

Des Rognes etxolara ailegatzen.


Pierre Ronde arkaitz basamortua arin-arin jaitsi ondoren. Goian Aiguille du Goûter eta Goûter aterpea (orratzaren eskuin aldean) ikusi daitezke.


"Ze ordu die?" Josuk. "11:10" erantzun nion. "Trenea allauko gea ezta?" Ikerrek, "Nik uste baietz" erantzun nion.

11:18, Nid D'Aigle, 2732 metro. Azken bidaiariekin batera trenera igo ginen. Trenean zegoen leku bakarrean eseri eta turisten begiradepean erdi lo egin nuen bidai osoa.

Nid D'Aigle-ra ailegatzen.


Trenean igo ginenean ikusi ez genituen parajeak ikusi genituen. Egia esan, tren honen ibilbidean ikusten dena benetan ikusgarria da.


Orain arte ez dut ezer esan baina 2013an trena martxan jarri zenaren mendeurrena bete zen.


12:45tan Le Fayet geltokira ailegatu, kotxea hartu eta Chamonix-era itzuli ginen hiru egunen ondoren ederki merezi eta beharrezko dutxa hartzeko. Dutxa hartu, Itziarrekin hitzegin eta bazkaltzera joan ginen.

Bazkaltzeko bidean, hor goian egunsentia ikusi genuela ikusteak gorputzean zirrara handia egin zigun.


Ba bai, hor goian izan gara.


Bazkaldu ondoren, Chamonix-etik pasiatzea beste gauza bat izan zen.


Ospatzera joan aurretik ateratako azken argazkia.


Gailurra ospatzen ta, "de paso" galdutako likidoak berreskuratzen, jejeje.


Aterpetxearen ondoko taberna batean Iñaki eta Mikel gidekin ospatu ondoren hurrengo egunean zer egin behar genuen erabaki beharra zegoen: "Ze eingoeu zuzenen etxera bueltau edo Piriniotara jun?" Galdetu nien. Kataluniako Piriniotara joateko asmoa genuen bertako hirumilako batzuk egitea, baina, "Aemet-ek esateo kriston ebik bota behar dittula" esan zigun Ikerrek. Hau ikusita eta alternatiba ezberdinak begiratu ondoren, azkenean etxera itzultzea erabaki genuen.

Abuztuak 12, etxera itzultzeko prest.


Agur Chamonix...


... Agur Aiguille du Midi...


... Eta agur Mont Blanc, ez dakit noiz baina elkar berriro ikusiko dugu


Aemet-ek iragarri bezela, Piriniotara hurbildu ginenean zerua erabat estali eta izugarrizko euritea bota zuen.


Eta azkenean, hamaika orduetako bidaiaren ondoren, berriro ere etxera itzuli ginen.

AMAIERA

Hasieran esan bezela, erreportai honetan ametsetaz aritu naiz. Amets bat nuen eta betetzeko zortea izan dut. Eta ditugun ametsak betetzea baina gauza politagorik ez dago.

Ametsak badituzue, direnak direla, betetzen saiatzea gonbidatzen zaituztet, zuen bizitzek merezi dute, ezta?

Ibilbideari dagokionez, Mont Blanc-a izugarrizko mendi puska iruditu zaigu, beharbada, duen "erreztasunagatik" mendizale askok gutxiesten duena. Guri, nahiz eta mendizale gehien igotzen den ohiko bidea izan, ez zitzaigun mendi erraz bat iruditu, ezta gutxiago ere.

Mendi honetara igotzeko mendian ibilia izan behar dela uste dut, hau da, oinarri fisiko bat izan, eskaladatxo eta destrepeak egiteko soltura eta kranpoi eta pioletarekin ibiltzeko ohitura izan. Bertan ibiltzea soilik eskatuko dizun bidea, eskaladatxoak (Aiguille du Goûter-era igotzeko), ertz-lerro izoztuak, haize boladak, hotza, altuera (ia bostmila metroetara zaude) eta, nekatuta zaudenean, Goûter orratzatik behera dagoen destrepea topatuko duzu, eta destrepe honek zure zentzu guztiak adi izatea eskatuko dizu. Hau guztia gutxi ez bada "bolatokia" bi aldiz zeharkatu beharko duzu, bigarrena berriro ere nekatuta zaudenean. Bertara hurbiltzen den prestatu gabeko mendizaleak asko dira eta ia ibilbide osoan zure pausuetatik aparte beste mendizaleek egiten dituzten pausuekin adi igo beharko duzu.

Mendi guztiekin gertatzen den bezela, mendi honi ere ezin diogu errespeturik galdu, azken finean, gure lagun Pedro Garciak esaten duen bezela, mendia izango baita bere gailurra zapaltzen utziko diguna.