AZKEN 10 SARRERAK

2019/03/18

AIZTONDO: "FLIPARAX" BIDEA, 110 metro, 6a+. PROIEKTU BATEN AMAIERA.... 2019/03/16

Arnesa jantzi eta soka bat lehen aldia Aiztondo eskala eskolan izan zen, baita hainbat luzeetako lehen bidea eskalatu nuen eskola ere, “Ainhoa” (110 m, 5c) bidea eskalatuz, hain zuzen ere. Lehen bide honetan sokalagun Josu izan nuen, beste bide askotan izango nuen bezala.

Ainhoa” eskalatu ondoren “Clásica Sur” (110 m, 5c) iritsi zen. Urteetan bi hauek izan ziren anaia eta biok behin eta berriz errepikatu genituen bideak, Josurekin “Esto es Chamonix” (110 m, 6a+) eskalatzera animatu (ausartu esatea egokiago litzateke, jejeje) nintzen arte. A zer nolako estualdia pasa nuen azken luzean!!!! Orduan blogik ez nuen ezta eskalatzera argazki makina eramateko ohiturarik ere, honegatik, eta pena handiz, bide honen inguruko argazki eta kronikarik ez dago. Hori bai, bide honen hirugarren luzea itzela da, nire ustez Aiztondoko luzerik ederrenetakoa ederrena ez bada.

Urteak pasako ziren “Aiztondo” sektorean bide berri bat eskalatu arte. 2017an, hilabete eskasean anaiarekin batera oraindik eskalatu gabeko beste hiru bide eskalatu genituen: “Irrintzi” (110 m, 5c), “Iñaki Goñi” (110 m, 6a) eta “San Miguel de Aralar” (100 m, 6a). Hauen atzetik, 2018an, Asierrekin “Alde hemendik” (90 m, 6a+) eta "La Juakina" (75 m, 6a) eskalatu ondoren, horma honetako hainbat luzeetako bideak eskalatzeko proiekturi amaiera emateko azkeneko bidea gelditu zen: “Fliparax” (110 m, 6a+).

Aiztondo eskalada eskolako "Aiztondo" sektoreko bideak.


Josuri “Fliparax” eskalatzeko proposamena egin eta baiezkoa erantzun zidanean izugarri poztu nintzen. Berak lau aldiz eskalatuta izateak segurtasun handiko garantia bazen ere, aurreko asteburuan Eginoko “Lore festa” bidean pasatako estualdia kezkatzen ninduen. “Momentu hontan 6a tranpaik inbe eskalatzeko gai naiz?” zen buruan denbora osoan nuen galdera. Galdera honi erantzuna "Fliparax" eskalatuz ematen saiatuko nintzen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: 4c (30 m), 2ºL: 6a (30 m), 3ºL: 6a (30 m) eta 4ºL: 6a+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Hala ere, goiz ibiliz gero, eguerdira arte bide osoa itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Uharte Arakil herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu. Hurbilketaren azalpen zehatza hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: Bidea rapelatuz, soken luzeraren arabera bi edo lau rappel egin beharko ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, dena den bigarren bilgunea ezik, beste bilgune guztiak begi-bistan izango ditugu. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Behe laino itxi batek Goierri osoa kapota baten moduan estaltzen zuen eguzkia lurretik aldenduz. “Holakotan goien garbie egotea” esan nion Josuri jaso nuenean. Eta horrela izan zen. Etzegarateko mendatea igotzen ari ginela, gure zorionerako lanbroaren muga gainditu eta zeru urdin eta garbia ikusteko aukera izan genuen.

Baina zorionak ez zigun denbora luzean iraun. Mendatea jaisten hasi eta Altsasura iritsi aurretik lanbro itxiak berriro ere bildu gintuen iluntasunera itzuli eta kaleko tenperatura gradu bakarrera jaitsiz.

Hormaren oinera lanbro artean iritsi ginen. Lanbroak sortzen zuen hezetasun eta hotzaz aparte, Sakana alderik alde zeharkatzen zuen haizeak sentsazio termikoa oraindik ere gehiago jaisten zuen, hotza hezurretara sartzeraino. “Hotza, eh?” bota nion Josuri. “Bai, hola eskalatzen hasten bagea eskuk izoztuko zaizkigu”. Horma bere osotasunean ez ikusteak eta hotzak erabakirik zentzuzkoena itxarotea zela esan zigun, gure itxaropenak eguzkiaren indarrean jarriz.

Hotzaaaaaaaaa!!!!!! Eguzkiak goiza berotzen hasteko zain.


Ordu erdiko itxarotearen ondoren lanbro artean eguzkiaren argitasuna nabarmentzen hasi zen, baita hormaren gainetik zeruaren urdintasuna ere. Elkarri begiratu ondoren eskalatzen hastea erabaki genuen. “Bidea eskalatzen deuneako eguzkie gañen izango deu” bota zidan Josuk.

“Eztakit hotzagatio edo urduritasunegatio baña dardarka nau” esan nion gorputza berotzeko besoak astinduz. “Hori bai, gaur naun bezela naulare express-zintei ez eustea burun sartuet, jejeje”. “Ea ba betetzezun” erantzun zidan. “Halere ni hasiko naiz, hola 6a+ luzea zuk eskalaukozu, jejeje” bota nion irribarretsu.

Express-zinta guztiak hartu eta, motxilak eta zapatilak hormaren oinean utzi ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Lehenengo luzearen nondik norakoak.


- Lehenengo luzea, 30 metro, 4c. Lehenengo luzea “Ainhoa” eta “Irrintzi” bideek partektazen duten lehen luzearen eskuinean dago, 6-7 metro ingurura.

Lehenengo parabolta oinetik 4-5 metro ingurura dago. Bertara iristeko errazena lehen metroak harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzen hastea da, helduleku onenak hemen baitaude. Dena den lehen paraboltaren arteko metro hauek zailtasunik gabe eskalatzen dira.

Lehen paraboltera iritsi nintzenean hemendik gorako harkaitz-plaka etzana eskalatzen jarraitu nuen, eskuekin baino oinekin eskalatuz, harkaitza oso hotza egonda hatzak izozten baitziren. Eskalada gozatzeko modukoa da (IV) eta helduleku paregabe bezain ugariak ditu, arrakalak eta erlaitz txikiak tartekatuz. Honetaz aparte parabolten arteko tartea luzea ez denez inongo momentuan ez da estutasunik pasatzen.

Metroak irabazten nituen heinean, burrunba baten ondoren laino artetik gertuko harkaitzen batetik hegaldia hasitako putrea azaldu eta azaldu bezala desagertzen zen, horma osoan bakarrik ez geundela gogoratuz.

Harkaitz-plaka etzanaren amaieran harlauz tente bat dago. Bertara iritsi eta, eskuinean hildako itsura duen zuhaixka bat utzita, harlauzean gora bavariar teknika erabiliz eskalatzen hasi nintzen (4b).

Harlauz tentearen oinean. Luzearen zailtasunik handienak hemendik gora hasten diren arren heldulekuak oso onak dira. Nire eskuinean hildako itsura duen zuhaixka ikusi daiteke.


Harlauz honetatik gora, zailtasunari dagokionez, luzeak puntutxo bat gora egiten duen arren (4c), heldulekuak onak izaten jarraitzen dute, eskaladaz  gozatzeko aukera ederra emanez. Harlauza eskalatuta, metro gutxi batzuetan zuzen eskalatzen jarraituz heldulekuak bukatu direla dirudien leku batera iritsi nintzenean, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin behar izan nuen bilgunera iristeko.

Lehen bilgunean.


Lehen luzea lasaitasun handiz hartu nuen beso eta eskuak ahal izan nuen neurrian oreka bakarrik mantentzeko erabiliz. Goiko luzeetarako indarrak gordetzea zen helburua. Bilgunea muntatzen ari nintzela zeharka lehen 6a luzeari begiratzea ezin izan nuen ekidin.

Bigarren luzeari begira.


"Hotza Xabi?" galdetu zidan Josuk. "Bueno, behatzak bai, harrie oso hotza dauta" erantzun nion, "bestela uste baño hobeto".

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.


Josuk, nik bezala, lehen luzea ere patxadaz hartu zuen, oinekin eskalatu eta eskuak harkaitz hotzean ahalik eta denbora gutxiena jarriz."Gorputze pixkat berotzeko ez dator gaizki" esan zidan bilgunera iritsi zenean, "gañea zerue dauneko garbitzen ai da" amaitu zuen zeruari begira. Soberan nituen express-zintak pasatu eta, sokak ordenatu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 30 metro, 6a. Bilgunearen ezkerretik atera eta, diagonalean eskalatzen jarraituz, Josu harkaitz-plaka inklinatuaren erdian dagoen zuhaixkara zuzendu zen. Hasieran, lehen eta bigarren parabolten artean, oinetan konfiantza osoa jarri beharreko itsasgarritasunezko pasabide fina dago (5c). Josu une motz batez oinak non eta nola jarri pentsatu ondoren gora egin eta pasabidea zailtasunik gabe eskalatu zuen. Hasierako pasabide hau eskalatuta zuhaixkara iritsi arte zailtasuna zertxobait jaisten da (V).

Zuhaixkara iristen. 5c pasabidea lehen bi parabolten artean dago.


Zuhaixka jaiotzen den erlaitzaren gainean kokatu eta hurrengo mugimenduak nola eman begiratzen hasi zen: "hemendio gora zailena hastea" bota zidan. Josuk esan bezala, zuhaixkatik gora plaka metro batzuetan tentetu eta 6a pasabidera iritsi zen. Zailtasun osoa itsasgarritasunezko 2-3 metroetako tarte motza eskalatzean dago. Hasierako pasabidean bezala, Josuk oinak non kokatu ondo begiratu eta, gorputza hormara hurbilduz, pasabidea zailtasunik gabe eskalatu zuen.

6a pasabidea atzean utzita harkaitz-plaka zertxobait inklinatzen da zailtasuna pixkat murriztuz (5c). Bilgunera iritsi aurretik honen azpiko harlauz nabarmenaren oinera zuzendu eta, zailtasun handienak amaituta, harlauza bavariar teknika erabiliz eskalatzen jarraitu zen (V).  

Bilgunera iritsi aurreko harlauza eskalatzen.


Harlauza eskalatuta, inongo zailtasunik gabe bilgunera iritsi zen, "Clásica Sur" bidearen bigarren luzearekin partekatzen dena, hain zuzen ere.

Bigarren bilgunean.


Berriro ere hotz gelditu nintzelako edo, hasierako 5c pasabidea uste baino gehiago eskalatzea kosta zitzaidan. Zuhaixkara iritsi nintzenean atseden pixkar hartu eta. eskuak magnesio hautsetan sartu ondoren, 6a pasabidera zuzendu nintzen.

6a pasabidean, eskuetan hauts magikoetan sartzen.


Batera eta bestera begiratu eta hurrengo paraboltera zuzen nola iritsi ez nuen topatzen. Halako batean eskuinetik pasabide zuzena nola hala saihestu zitekeela ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe eskuinetik eskalatzen jarraitu eta gainetik nuen paraboltaren altuerara iritsi nintzenean ezkerrera zeharkaldia egin nuen 6a pasabidea atzean utziz.

6a pasabidea eskuinetik eskalatzen.


Pasabidea eskalatuta, ezkerrerako joerarekin beste 2-3 metro eskalatzen jarraitu eta harlauzaren azpian kokatu nintzen. "Ona Xabi!!!" animatu ninduen Josuk. "Ona ez dakit baña gutxiñez hemen nau" erantzun nion izugarri gustatu zitzaidan harlauza eskalatu eta bilgunera iritsi nintzenean.

Bigarren bilgunean, eguzkipean izan arren oraindik plumiferoa jantzita. Atzean hirugarren luzearen lehen metroak eta lehen asegurua (kimiko bat) ikusi daitezke.


"Bueno, pixkanaka bagoaz" esan nion Josuri, "ea hurrengo 6a hau nola ateatzeten".

- Hirugarrren luzea, 30 metro, 6a. Zuhaitzen artean dagoen bilgunearen ezkerretik atera eta, "Irrintzi" bidearen bigarren bilgunearen ondotik pasa ondoren, bide beraren hirugarren luzearen lehen metroak eskalatzen hasi nintzen lehen kimikora iritsi eta bilgunearen gaineko sabaitxoa ezkerretik eskalatuz.

Hirugarren luzea azpitik ikusita. Ikusten den sabaitxoa ezkerretik eskalatzen da "Irrintzi" bidearen hirugarren luzearen lehen kimikora iritsiz (argazkian ez da ikusten). Bertan aseguratu ondoren lehen paraboltera iristeko eskuinera zeharkaldi horizontal motz bat egin behar da.


Sabaitxoaren gainetik, kimikotik eskuinera zeharkalditxo motz bat egin eta lehen paraboltera iritsi nintzen (V). "Oain dena gora zuzen eskalau beharren zare" esan zidan Josuk bilgunetik.

Lehen paraboltetik gora harkaitz-plakak bertikal bihurtzerainoko inklinazioa hartuz doa. Josuk esan bezala, luzea zuzen-zuzen doa “Irrintzi”-ren hirugarren luzearen parabolt ilaratik 3-4 metro ezkerrerago. Harkaitz-plaka bertikala izan arren heldulekuak zailtasun handirik gabe topatu nituen metroak uste baino errazago eskalatuz (5c).

Luzearen erdian gutxi gora behera bavariar teknika erabiliz eskalatu nuen harlauza bat dago (V). "Hor gañen harrik kolore ilune hartzeun lekun dau pasoa" esan zidan Josuk bilgunetik. Harlauza zailtasun handirik gabe eskalatu eta, orain arteko harkaitz-plaka bertikala metro gutxi batzuk gehiagotan eskalatu ondoren (5c) zutik egon ninteken erlaitz txiki batera igo nintzen, harkaitzaren kolorea aldatzen den lekuaren azpian, hain zuzen ere.

6a pasabidearen azpiko erlaitz txikian. Nire ezkerrean ezkerrera diagonalean doan arrail nabarmena “Irrintzi”-ren laugarren luzean eskalatzen da. 


Erlaitz txikiaren gainean gora begiratu eta 3 metro ingurura arrakala bertikal baten hasiera ikusi nuen. Ni eta arrakalaren artean kolore iluneko harkaitz-plaka bertikala zegoen, 6a zailtasuna duena, hain zuzen ere.

Batera eta bestera begiratu arren, harkaitzeko zimur batzuetatik aparte ez nuen eskuentzat helduleku onik topatzen. Eskuinera begiratu eta 2 metroetara harlauz bertikal bat ikusi nuen. "Eskubitio pasoare eskalau daike" oihukatu zidan Josuk buruan nuena asmatu izan balu bezala.

Pasabidea nondik eskalatu begiratzen...


Eskuin oina eralaitz estuaren eskuinean dagoen zulo nabarmenean jarri, gorputza eskuinera poliki mugitu, eskuineko oina nuen zuloan oreka mantenduz oinak aldatu eta eskuin eskuarekin harlauzera iritsi nintzen. Gorputzaren postura aldatu eta harlauza eskalatzen jarraitu nuen (5c) 6a pasabidea ezkerrean utziz. Harlauza eskalatuta, 6a pasabidearen gaineko paraboltaren altuerara iritsi nintzenean ezkerrera metro pareko zeharkaldi horizontala egin eta arrakala bertikalera iritsi nintzen. "Mucho Xabiiii!" animatu ninduen Josuk.

Arrakalan atseden labur bat hartu, eskuak berriro ere magnesio hautsetan sartu eta, arnasa sakon hartu ondoren, arrakala eskalatu nuen (5c) sabaitxo baten azpian kokatutako bilgunera iritsiz. Arrakala bertikala izanda ere helduleku onak ditu eta azpitik dirudiena baino errazago eskalatzen da.

Hirugarren bilgunean.


Bilgunea muntatzen ari nintzen bitartean arnasketa eta bihotz taupadak lasai nituela sentitu nuen. "Bai, gaurko eskalada izugarri dijo" animatu nintzen, "baña oaindio gogorrena falta da".

Laugarren luzearen nondik norakoei begira. Nire azpian bilgunera iritsi aurreko arrakala bertikala eta honen azpian (harkaitzak kolore ilunagoa duen lekuan) 6a pasabidea.


Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


Josu orain arteko lasaitasun eta segurtasunarekin eskalatzen jarraitu zuen eta ia gelditu gabe 6a pasabidearen azpian kokatu zen. "Ea zuzen ateatzeten" esan zidan. "Bazpare indar asko ez gastau, azkeneko luzeako beharkoittuzu ta, jejeje" erantzun nion irribarretsu.

6a pasabidearen azpian. Pasabidea ezkerrean ikusten den harlauz bertikala eskalatuz saihestu daiteke. Saihesbidea 5c zailtasunaren baitan dago.


Gainetik zuen harkaitz-plaka bertikal eta leunaren zimur guztiak ukitu eta, erlaitzaren eskuineko zuloan eskuin oina jarriz, ezker oina harkaitz-plaka bertikalean jarri zuen, gorputza pixkanaka altxatuz. Ezker katu oinak eusten zuela ikusita eskuen heldulekua aldatu eta eskuin oina gorago jarri zuen goprutza beste pixkat altxatu eta arrakalaren hasierara iritsiz. "Ostia Josu, izugarri zabiltz!!!" animatu nuen bilgunera iritsitakoan. "Ea azkeneko hontan izugarri nabilen" erantzun zidan gora begiratuz.

Hirugarren bilgunea ez da oso erosoa eta ez ginen elkarrekin denbora luzean izan. Josuri arnesetik zintzilik nituen express-zintak eman eta, sokak ongi zeudela egiaztatu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.

Hirugarren eta laugarren luzeen krokis zehatza.


- Laugarrren luzea, 20 metro, 6a+. Laugarren luzea hirugarren bilgunetik ikustearekin bakarrik estutu beharreko dela argi dago. Zuzen-zuzen zerura zuzentzen da helduleku txikiak dituen horma bertikala eskalatuz. Hau gutxi ez bada, bilgunera iritsi aurretik sabai bat eskalatu beharra dago.

"Luzea zuzen dijola ikusita igual hobe expressetio bi sokak pasatzen baittuzu" esan nion Josuri. "Bai, holako luze gogorretan hobe izatea, bai" erantzun zidan Josuk bilgunea uztearekin batera.

Bilgunearen eskuinetik atera eta gaineko sabaitxoa eskuinetik eskalatu zuen lehen paraboltera iritsiz (V). Hemendik gora hasieran helduleku onak dituen harkaitz-plaka bertikala eskalatuz jarraitu zuen (V). Hasieran helduleku onak dituela diot, metroak irabazi ahala heldulekuak txikitzen doazelako.

Lehen metro "errazak" (V) eskalatu ondoren. Argazkian bilgunearen gaineko sabaitxoa ikusi daiteke.


Heldulekuak txikitzearekin batera luzearen zailtasuna puntutxo bat igotzen da (5c), eskuin eskuarentzat helduleku alderantzikatu nabarmen bat duen sabaitxo itsurako batera hurbilduz.

Atseden hartzen. Hemendik gorako zatian atseden hartzeko leku gutxi dago.


Helduleku alderantzikatua dagoen sabaitxo itsurakoa berez ez da sabaia bat baina, horma zertxobait makurtua dagoenez, atzeraka egiten du. "Hemen dau 6a+ pasoa" ohartarazi zidan Josuk adi egoteko.

Besoak gehiegi ez nekatzeko oinak batera eta bestera mugitu eta gorputzaren pisua bi besoen artean banatzen zituen bitartean hurrengo pasuak nola emango zituen begiratzen aritu zen, esku eta oinen kokalekuak memorizatuz.

Une baten ondoren ezkerrera pixkanaka diagonalean eskalatzen jarraitu eta, grabitate indarrarekin borrokan, pasabideak dituen helduleku txikietan behatzak sartzen joan zen zentimetroak pixkanaka irabaziz. Pasabidearen gaineko paraboltaren ondoko heldulekura iritsi zenean, indarrak galtzen hasita, express-zinta azkar hartu eta paraboltetik pasa zuen: "ostia, expressa alrebes sartuet" esan zidan "hala beharko do". Sokak ahal izan zuen azkarren pasatu eta, aseguratuta zegoenaren sentsazioaz kutxatuta, pasabidea gainditu zuen. "Ostia Josu, ze onaaaaa!!!" animatu nuen bilgunetik.

Pasabidea eskalatuta, bilgunera iristeko eskalatu beharreko sabaiaren azpian kokatu eta besaurreetan luzaketak eginez atseden hartzeko unetxo bat hartu zuen. Sabaia eskuinetik eskalatu zuen (6a), itsuraz erraz, itsuraz lasai, bilgunera iritsiz.

Laugarren, eta azken, bilgunean.


"Errex, ez?" bota nion bilgunetik. "Ez pentsa, azkenekon eskalau nunen baño gehio kostazat" erantzun zidan sokak jasotzen hastearekin batera.

Hirugarren bigunean.


"Benga Smithy azken luzea!!!" animatu nintzen eskalatzen hasi aurretik, "eroi beharbazu eroi, baña expressei heldu gabe!!!".

6a+ pasabidearen azpira uste baino freskoago iritsi nintzen, estutasunik pasa gabe. Helduleku alderantzikatua eskuin eskuarekin helduz ezkerrera mugitzen hasi eta hiru behatz sartu ahal izan nituen zulo bat topatu nuen. Bitan pentsatu gabe oinak mugitu eta, eskuin eskua askatuz, une motz batean gorputzaren pisua ezker eskuko hiru behatzekin mantendu nuen eskuin eskuko behatz pare bat zulo berean hala nola sartuz. Pasabidearen gaineko parabolta metro pasatxora nuen. Honen ondoko heldulekua identifikatu (belarra duen bakarra da), ezker eskua luzatu eta, behatzekin ongi eusten nuela ikusi nuenean, gorputza altxatu eta eskuin eskua helduleku berera pasa nuen. Azkar-azkar express-zinta askatu, arnesetik zintzilikatu eta, oinak gorago kokatuz, 6a+ pasabidea eskalatu nuen. "Ona Xabi, onaaaaa!!!" animatu ninduen Josuk, "okerrena indezu, oain tetxitoa ta listo".

Pasabidea eskalatuta sabaiaren azpian hankak ireki eta atseden bat hartzeko aprobetxatu nuen, besoak astinduz minberatzen hasitako besaurretara odola bidaltzen nuen bitartean. Erabat kontzentratuta nengoen eta oraingoz ez nuen ezer berezirik sentitzen. Eskuak magnesiodun poltsan sartu eta sabaia eskalatzeari ekin nion.

Josuren moduan sabaiaren eskuinera pasatu eta, eskuin eskua luzatuz, helduleku on bat topatu nuen. Heldulekua ongi helduta nuela ziurtatu eta oinak ahal izan nuen gehien igo nituenean gorputza altxatu nuen ezker eskuarentzat helduleku bat topatuz.

"Benga Xabi, azken esfortzue!!!" animatu ninduen Josuk. Ezker eskuko heldulekua txarra izan ez arren eskuinekoarentzat ez nuen helduleku berririk topatzen. Pixkanaka besaurreak kexatzen hasi eta ni ere arnasestuka hasi nintzen: "borrokau, bengaaaa, borrokau!!!!" animatzen ninduen Josuk. "A tomar por sako, edo dena edo ezerrez" pentsatu eta ezker eskuarekin indar eginez gorputza altxatu nuen eskuin eskuarentzat helduleku ona izan zitekeenera eskua itsuan botaz.

Bai eta asmatu ere!!!! A zer nolako sentsazio atsegina sentitu nuen eskua botatako heldulekua ona zela ikusitakoan!!! Gorputza erabat altxatu eta sabaia eskalatuz (6a) bilgunera iritsi nintzen. "Ostia Xabi, oso ondo borrokauta, hoi dek" bota zidan Josuk.

Ezin nuen sinetsi. Bidearen luzerik zailena eskalatu berria nuen "tranparik" (express-zintei heldu gabe, alegia) egin gabe. "Flipatzen ai naiz!!!" esan nion Josuri belarritik belarrira zabaltzen zitzaidan irribarrearekin, "rokodromon sartutako ordun ordaña gaur notaet".

Adrenalinak kutxatutako unearen ondoren rappel-a muntatzen hasi ginen: "nola notatzean gaur ez naizela txintxilikau" esan nion Josuri sokak arnesetik askatzearekin batera, "korapilok flojo-flojo dare, jejeje".

Bidea bi rappel eginez jaitsi genuen. Ordurako zazpi sokada zenbatu genituen horman zehar sakabanatuta. Goraka zihoazenei enbarazurik egin gabe lurrera itzuli ginen.

Bigarrren rappela egiten. Jaisten hasi ginenean horma sokada ezberdinez betetzen hasi zen.


Ez genuen denbora luzea pasatu traste guztiak bildu eta horma utzi baino lehen. "Azkeneko luzea gogorra da baña, ze nahizu esatea, Lore festako bigarren luzen gehio estutu nun" bota nion. "Bai, Lore festako bigarrena mantenidoa da ta deskantsatzeko aukera handik eztauke" erantzun zidan.

Gaurko bi helburuak beteta pozez zoratzen nengoen : "Aiztondo" sektoreko hainbat luzeetako bide guztiak eskalatzearen proiektuarekin bukatzeak zoriontsu egiten ninduen arren, beharbada zoriontsuen senti arazi ninduena bidea modu garbian eskalatzea izan zen, proiektuaren amaierari ginga berezia jarri ziolako. Hau gutxi ez bada, Josurekin “Ainhoa” bidean hasi nuen proiektuari Josurekin amaiera ematea ere hunkigarria izan zen. Bideari dagokionez "Fliparax" bide ederra iruditu zitzaidan, "Aiztondo" sektoreko beste bideen antzekoa.


2 iruzkin:

  1. bufff.... hainbeste informazioa beharrezkoa al da, ultra-ekipatutako bide batean? Benetan? Ziur asko intentzio onarekin egin duzu, baina, ez al da gehiegi? Mendiko eskaladan improbisazioa eta egoera aztertzea inportantea da. Honekin, eskaladaren parte garrantzitsua galtzen da, nire ustez. Ez da kritika bat, bakoitzak egin dezala nahi duena, jakina, eskubide osoa daukazu; baina Uharteko bideek ez dute hainbeste informaziorik behar. Ez hartu gaizki nire komentarioa, iritzi xumea baino ez da eta.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Kaixo Anonimoa,

      Nola hartuko dut ba gaizki beste batek nik idatzitakoaren inguruan emandako iritzia? Kritika bat izango balitz ere ongi etorria izan dadila.

      Aurkezpenean idatzita dudan bezala, blogan azaldutako irteera, eskalada eta dena delakoak ez dira bidearen deskribapen huts eta hotza, bizipen baten azalpena baizik. Honetarako, lagunarteko mahai inguruan zer eta nola kontatuko nuen irudikatu eta hitzetara pasatzen saiatzen naiz. Eta ezagutzen nautenek ongi dakite irteeren detaile txikienak ere kontatzeko ohitura dudala jejeje.

      Milesker zure iritziagatik, espero dut blogeko kronikak baliagarri izatea.

      Ezabatu