AZKEN 10 SARRERAK
uharte etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
uharte etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/02/15

BERIAIN (1.493 m). IBILBIDE ZIRKULARRA IPAR ETA HEGOALDEKO ISURIALDEAK EZAGUTUZ. 2020/02/09

Beriainpunta eta Bazkalaitz arraila erdian. Ibilbide honetan mendi osoa inguratzeko aukera izango dugu.


- Noa zoaz?
- Beriaiñea.
- Beize?
- Bai... jejeje.
- Kontuz ibili.
- Lasai, gaur igo ta jaitxi bide normaletio ingoet.
- Ahhh bai? – Erantzun zidan Itzik harriduraz, logela goizean goiz utzi aurretik.

Ez naiz, etxe ondoko mendietan behintzat, ohiko bideetako ibiltari sutsua, baina hauetatik maiz igo edo jaisten naiz. Eta komeni da noizik eta behin bide hauetatik ibiltzea, eguraldiak okerrera egiten badu, iluntzen badu edo, edozein ezustekoren aurrean, bide hauetako itzulera eroso eta garbia izaten delako. Gainera, ohiko bideetatik ez balitz, ezohiko bide askotara iristea oso zaila izango zen.

Beriainen kasuan, aspaldi bide normaletatik igo edo jaisten ez banaiz ere, ibilbide zirkular hau egiteko nituen gogoak lehenagokoak dira. Ibilbidetik ezagutzen ez nuen zati bakarra Unanu eta Uharte Arakil arteko tartea zen, nahiz eta zati honen erdia Bazkalaitz arraila Izozpetako bidetik igo genuenean ezagutu. Jostunaren moduan, ehun zati ezberdinekin trajea osatzea falta zitzaidan.

Eta jostorratza eta haria motxilan sartuz, trajea josteko asmotan Uharte Arakilera zuzendu nintzen.

IBILBIDEA

Ibilbidea Uharte Arakileko igerilekuko aparkalekuan hasi eta amaitzen da. Beriainera Portuko bidea jarraituz igo nintzen, PR-NA 201 ibilbidetik hain zuzen ere. Igoera hau motz, zuzen eta gogorragoa Beriaingo kilometro bertikalaren bidea jarraituz egin daiteke.

Beriaindik Unanura Eguterako bidetik jaitsi nintzen. Eguna beroa bada, Unanura doan ohiko bidetik ere jaitsi daiteke, tartean Iturtxiki iturrian ura edatera geldituz. Eguterako bidearen azalpen zehatza kronika honetan irakurri dezakezue.

Amaitzeko, Unanu eta Uharte Arakilen arteko bidea GR-282 edo artzaintza naturbidea jarraituz egin nuen. bi herrien arteko tarte honetako zati eder baten azalpen zehatza kronika honetan irakurri daiteke.

Ikusten denez, ibilbide hau ez da originala, baina originala ez bada ere, Beriainen bi isurialdeak ezagutzeko aukera ematen du eta, bide batez, Beriainpunta ikusgarria inguratzen da, Bazkalaitz arraila ikuspuntu ezberdinetatik ikusi eta gozatzeko aukera emanez. Ibilbide zirkularra izanda noranzko batean nahiz bestean egin daiteke, baina nire uste apalean, erosoagoa da Beriaingo ipar-hormatik igo eta hego-hormatik jaisten bada.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 16 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Uharte Arakileko igerilekua, 485 metro.
- Punturik altuena: Beriain mendia, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.180 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun teknikorik ez dauka eta bere osotasunean oinez egin daiteke. Bidea bustia badago harriak irristakorrak egoten dira, beraz, bastoi eta makil batzuk eramatea ez legoke gaizki.
- Ura: Uharte Arakilen eta Unanun ura hartu daiteke.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta erdi, atsedenak barne. Uhartetik Beriainera bi ordu, Beriaindik Unanura ordu eta hamar minutu eta Unanutik Uharte Arakilera ordu eta hogei minutu.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Uharte Arakileko igerilekura iristeko telefono mugikorreko "Google Maps" aplikazioa piztu egin behar izan nuen, Arakil bailara behe-laino itxi batek estaltzen baitzuen. Goizeko zazpiak eta erdi pasatxo izan arren, aparkalekua mendiko korrikalari talde batez animatua zegoen. Gelditzen zen leku bakarrenetako batean kotxea utzi eta, maletategian eserita mendiko botak janzten nituen bitartean, GPS-ak zeru ilunean sateliteak aurkitzen hasi zen.

Elkar agurtu ondoren korrikalariak ziztu bizian alde egin zuten, aparkalekua isilik geldituz. GPS-aren bilaketa amaitu eta, beharrezko guztia soinean neramala baieztatu nuenean, martxan jarri nintzen.

Aparkalekutik jarraitu beharreko bidea, karratu gorriaren barnean ibilbideko lehen poste eta panel adierazlea. Oinez hasi nintzenean behe lainoa pixkanaka desegiten hasita zegoen.


Haize bolada bortitzak haize-guneetan...”. Irratiko bafleetatik entzundako eguraldi iragarpenagatik banekien Beriaingo lautadan haize ufada gogorrak topatuko nituela. Honetaz aparte, goiko haitzak hodeiek hartuak zituztenez, haize boladetaz aparte hezetasun handia topatuko nuela pentsatu nuen. Hau horrela izanda, igoera lasai hartzea erabaki nuen, ahal zen neurrian izerdirik bota gabe, goiko lautadara iritsitakoan ez hozteko.

Ur-depositu bat eskuinetik inguratu ondoren, behe-laino eta basoaren arteko muga atzean utzita, otsaileko ilargi bete eta ikusgarria zeruertzean ezkutatzeko aukera izan nuen. Ilargi bete honi “elur-ilargia” izena ere ematen zaio, eta ilargia lurretik gertuen dagoen momentuarekin batera izaten da. Momentu magikoa izan zen, ibilbidea ongi joango dela aurreratzen duen horietakoa.

Ur-depositua.


Ur-depositua atzean utzi ondoren, bidea harizti batean sartzen da. Hezetasunak eta pasatako mendizaleen joan etorriek lokaztutako bide irristakorrean oreka hala nola mantenduz, esnatu berriak ziren txorien abesti lasaigarrien gainetik ez zen gehiago entzuten. Martxa gelditu eta txorien arteko elkarrizketari harreta jarri nion, zer edo zer ulertuko nuenaren itxaropenean, jejeje.

Hariztiaren erdian. Txorien arteko "elkarrizketa" ikaragarria izan zen, txori-denda baten erdian nengoela zirudien.


Udazkenera oraindik tinko eusten ziren hosto gorriz betetako pago gazteen artean metroak irabazten jarraitu nuen, aldapa nabarmen baten oinean poste adierazle batekin topo egin nuen arte.

"... poste adierazle batekin topo egin arte".


Maldaren eraginez, bihotzaren taupadak lehen aldiz bizi-bizi jarri ziren. Izerditzen hastearen beldurrez, abiadura moteldu, pagadiaren erdian dagoen zelaigune zabal batean hankei atseden pixka bat eman eta, zelaigunea atzean utzi ondoren, berriro ere aldapan gora jarraitu nuen.

Zelaigunearen erdian. Goian, lainoek haitzetatik askatu gabe. Kuriosoa da, neguan izan arren, zuhaitz asko oraindik ere hostoak bota gabe.


Parean, basoaren erdian, Moteaundiko kanala azaldu zen, Iker eta Gotzonekin duela sei urte eskalatutakoa. Pentsamendua halabeharrez egun hartara joan zitzaidan eta, PR arrastoen atzetik, metroak irabazten nituen heinean, egun hartako eskalada ederraz gozatzeko aukera izan nuen berriro ere.

"Parean, basoaren erdian, Moteaundiko kanala azaldu zen".


PR marketako bat.


Pentsamendu hauetan murgilduta nenbilela beste poste adierazle baten parera iritsi nintzen.

"... beste poste adierazle batera iritsi nintzen".


Postetik gora begiratu eta, maldak berriro ere gora egiten zuela ikusita, abiadurari martxa batzuk kendu nizkion, gorputza gehiegi ez berotzeko polarraren kremailera irekiz.

Maldan gora berriro ere.


Behean, Arakil bailarako behe lainoa deseginda zegoen eta lainoaren lekua eguzkiaren lehen argiek hartu zuten, inguruko haitzei protagonismoa emanez: Aiztondo, Madalenaitz, San Miguel… baita Espilletako gandor eta orratzak ere.

Uharte Arakil eta honen atzean Aiztondo eskalada eskola. Eskuinean, Madalenaitz eta bere hego-mendebaldeko gandor nabarmena ikusi daitezke.


Lakuntzako Espilletako gandor eta orratzak eguzkipean.


Altuera irabaztearekin batera harriek pagoei pixkanaka lekua hartuz joan ziren. Goitik behera zetorren mendi korrikalari batek “Arriba hay mucho viento y está feo” ohartu zidan, beste batek, laugarren poste-adierazlera iritsi baino lehen aurrea hartzen zidan bitartean. Kuriosoa bada ere, mendiaren isurialde honetan ikusi nituen guztiak mendi-korrikalariak izan ziren, mendiaz gozatzeko modua asko aldatzen denaren seinale. Edo, Beriaingo kilometro bertikalaren eragina? Hain zuzen ere, laugarren poste adierazlea da Portuko bidea eta kilometro bertikala behin betiko banatzen dituena. Kilometro bertikala jarraitu ala ez zalantzan izan nintzen. Azkenean, Portuko bidea jarraitzea erabaki nuen, helburua Beriainera ohiko bidetik iristea baitzen.

Laugarren poste adierazlea eta aurreratu ninduen korrikalaria.


Pagadiaren mugara iritsi eta aurretik belarra besterik ez zegoela ikusi nuenean, mendiaren goiko lautadatik urrun ez nengoela ohartu nintzen. Basoaren babesa atzean utzita, goitik zetorren haizeak indarra hartuz joan eta hotzikara bat sentitu nuen. Lanbroaren erdian sartu eta Portuaren pasabidera iristear nengoela ikusi nuenean, lautadan topatuko nuen haizetearen beldurrez, harkaitz baten babesean haizearen kontrako txamarra, buruko zinta eta eskularruak jantzi eta ipar-hormaren azken metroak igo nituen.

Pagadia eta zelaiaren arteko mugan. Aurretik, aurreratu ninduen mendi-korrikalaria.


Portuaren pasabidera iristen.


Portuaren pasabidea zeharkatu eta lautadara igotzearekin batera haizeak oreka galdu arazi eta ia lurrera bota ninduen. Haizeari bizkarra emanez, Portuaren pasabideari argazki azkar bat egin eta, hozten hasi aurretik, lautadan gora hasi nintzen.

Portuaren pasabidea lautadatik ikusita.


Lehen metroak baldar ibili nituen eta haizeak, mozkor egongo banintz bezala, batera eta bestera astintzen ninduen. Metroak ibili ahala, pausuak konfiantza eta sendotasun handiagoz eman eta, gorputza haizearen kontra okertuz, arinago ibiltzen hasi nintzen.

Haizearen zaratak pausuak ito eta lainoak ikusmira dozena bat metroetara mugatzen zidan. GPS-a begiratu gabe jarraitzea erabaki nuen: “total, pila eukita, galtzen banaiz atakoet”. Ia erreferentziarik gabe, noizik ea behin azaltzen zen mugarri txikiren bat eta arrastoren batek bide zuzenetik nindoala adierazten zidan. Hainbat metro ibili ondoren, bide zuzenean nindoala baieztatu zidanak kilometro bertikaletik jaisteko adierazten duen poste adierazlea izan zen.

"... bide zuzenean nindoala baieztatu zidanak kilometro bertikaletik jaisteko adierazten duen poste adierazlea izan zen".


Poste-adierazletik gora erdi-itsu eta erdi-gor jarraitu nuen. Erreferentziarik gabeko egoera hauek sortutako sentsazioa kuriosoa izaten da: non zauden ziur ez dakizu, baina daramazun noranzkoa egokia dela uste duzu. Lautadaren ipar ertzera hurbilten ez nintzen bitartean arriskurik ez nuela jakinda, “galduta” sentitzearen sentsazio honek ez ninduen kezkatzen. Are eta gutxiago, lainoaren artean ezustekoan, barku baten brankaren moduan, San Donatoko baseliza azaldu zenean.

"...barku baten brankaren moduan, San Donatoko baseliza azaldu zen".


Haizeagatik hoztuta ez gelditzeko, gelditu gabe Beriaingo postontzi eta puntu geodesikoaren ondotik pasatuz, jaitsierako bidea hartu nuen. Behe-lainoan murgilduta oraindik ere, haizeak noizik eta behin urrunetik ekartzen zuizkidan mendizaleen ahotsak entzuten nituen, baina hego-hormara pasa nintzen arte ez nuen inor ikusi.

Beriaingo postontzi eta puntu geodesikoa.


Aldai Belaztia zelaigunearen arteko jaitsieran, aspaldiko partez, eguzki izpiak eta paisaia ikusteko aukera izan nuen. Bertan polarra kentzeko aprobetxatu eta, manga motzetan, jaitsierako bidearekin jarraitu nuen, Guarreingo iturramaren aurretik dagoen bidegurutzean Eguterako bidea hartuz.

Beriaingo ohiko bidetik hego-horman behera, metroak jaitsi ahala eguna argituz joan zen.


Aldai belaztitik gora egindako argazkia. Goian girorik ez zen.


Eguterako bidean, Beriainpunta pagoen adarren artean.


Jaitsieraren erdian, Eguterako lehen muinoaren gainetik, Uharte Arakil ikusi nuen: “oain auntzaño iritsi ta kitto” animatu nintzen argazki bat egitearekin batera. Metro batzuk aurrerago berriro ere gelditu eta Beriainpunta eta Unanuri argazki bana egiteko aprobetxatu nuen.

Uharte Arakil, ibilbidea hasi eta amaitutako herria.


Beriainpunta, Eguterako bidearen lehen muinotik ikusita.


Unanu geroz eta gertuago.


Unanura iritsi nintzenean, GR-282 arrastoak jarraitu behar nituela jakin arren, elizara iritsi gabe, herria iparretik inguratu nuen, frontoiaren parean berriro ere GR markak jarraituz. Hemendik aurrerako bidearen erdia Ikerrekin duela urte batzuk Beriainpuntara Izozpetako igoerik igo ginenetik ezagutzen nuen, eta pista zabal bat besterik ez jarraitzea zela banekien.

Unanura iristen.


Unanuko azken etxeak utzi ondoren, berriro ere GR ibilbidean.


Pista zati luze hau lasai hartu nuen, Beriainpuntari argazki mordoa eginez.

Beriainpuntaren "muturra" parez-pare.


Ikusten nuen zirrikitu bakoitzean gelditu, pare bat argazki egin eta aurrera jarraitzen nuen hurrengo zirrikituaren bila.

Zirrikitu bakoitza aprobetxatzen nuen argazki bat egiteko.


Pistan dagoen poste adierazleetako bat.


Argazki saio baterako posatzen duen modeloaren moduan, mendiak alde ezberdinak erakutsi eta argazki kameraren “klik-klik-klik” soinuarekin erantzuten nion. Neguak duen gauza onetako bat da, zuhaitzak biluzik daudenez, urtean zehar hostoen atzean ezkutatuta geratzen diren argazkiak lor daitezkeela. Honen ordainean, mendiaren koloreak tamalez ez dira hain biziak izaten.

Bazkalaitz arraila eta honen eskuinean dagoen lezetxoa. Tamalez astebete lehenago gasteiztar batek 10 metro inguruko erorketa izan, lepauztai eta beso bat apurtu eta erreskatatu behar izan zuten.


Beriainpuntako ipar horma zuhaitzen gainetik pixkanaka agertzen.


Pistak zeharkatzen duen zabalune handi ta nabarmena zeharkatu eta pagadiaren ertzean dagoen lepora iritsi aurretik, basurdeetarako zakur zahar bat gainetik kendu nahian zebilen mendizale bat harrapatu nuen. A zer nolako ezusteko atsegina hartu nuen Pablo zela ikusi nuenean!!!! Mendiak.net web orriaren bidez antolatutako irteeretako batean elkar ezagutu genuen baina Pablo ikusten ez nuela urte asko ziren, gure lagun diren Leire eta Albaroren ezkontzatik, hain zuzen ere. Zaila izaten da ordu erdian urteetako bizitza laburtzea eta, jakina da, bi mendizale elkartzen direnean elkar kontatzeko abentura asko izaten dutela, jejeje.

Pagadiaren ertzeko lepoa eta jarraitu beharreko bidea. Argazkia 2017koa da.


Pablorekin pasatako unea eguneko oparia izan zen. Uharte Arakilera iristeko jarraitu behar nuen bidea zein zen esan ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen, bera Unanura eta ni Uhartera.

Lepoan dagoen poste adierazletik behera metro gutxi batzuk ibili ondoren, eskuinera hartu behar den bidegurutzea. Bertan mugarri txiki bat dago.


Pablo agurtu nuen bidegurutzetik metro gutxietara dagoen pasabidea.



Pablok adierazitako bidegurutzea atzean utzi ondoren, berriro ere bakarrik, bazkaltzeko ordua gainera botatzen ari zela ikusita, abiadura bizitu nuen. Uharte Arakilera zuzentzen den bidean galtzeko arriskurik ez dago eta noizik eta behin margotutako GR markak eta jarritako poste adierazleak jarraitzea besterik ez dauka. Gainera, denbora osoan jaitsiera denez, metroak arin irensten dira.

GR marketako bat. Ikusten denez, bidea zabala da.


GR-282 ibilbidea jarraitzen ari garela dion poste adierazleetako bat.


Bideak hasiera batean pagadi itxi bat zeharkatzen badu ere, metroak galtzearekin batera, basoak zelai eta laborantzarako lurrei pasoa eman eta Uharte Arakil parean azaldu zen.

Basoaren ertzetik Beriaingo ipar-hormara egindako argazkia.


Uharte Arakil parez-pare. Atzean Aiztondo eskalada eskola eta eskuinean Madalenaitzeko hego-mendebaldeko gandorra.


Beriainen ipar-horma pixkanaka baso eta zelaien gainetik nabarmentzen hasi zen, zeruertza definituz. Metalezko langa bat zeharkatu ondoren, zelai batean, bere osotasunean ikusteko aukera izan nuen. Ez nuen bitan pentsatu ere egin. Zelaiaren ertzera hurbildu eta argazki-kamera sutan jarri nuen. Zeinek daki, beharbada etorkizunean horma honetan irteera posibleak egiteko baliagarri izango dira, jejeje.

Metalezko langa.


Beriaingo ipar-horma bere osotasunean. Zenbat bide eta zenbat zirrikitu, buffffffff!!!!!! Jejeje


Ipar-horma argazki kamerakin goitik behera metrailatu ondoren jaitsierako bidearekin jarraitu nuen, metro gutxietara pista zabal batera iritsiz.

Pista zabalera iristen.


Pista jarraituz, igerilekuaren ondoan dagoen karabanen aparkalekura berehala iritsi eta, aparkalekua zeharkatu ondoren, ibilbidearen abiapuntura itzuli nintzen

Karabanen aparkalekua zeharkatzen eta igerilekuko aparkalekura arte jarraitutako bidea.


Botak kendu eta oinak haize freskoan aireztatzen ziren bitartatean, normalean egiten dudan moduan, ibilbidea errepasatu nuen. Begiak itxita, iparretik igo, lautada zeharkatu eta hegotik jaitsi nintzen, Unanutik Uhartera itzuliz. Ibilbide ederra zela iruditu zitzaidan, pena goiko behe laino eta haizetea.

"Errepikau in beharkoet" pentsatu nuen kotxearen motorra martxan jarriz.


2019/10/20

AIZTONDO: "ESTO SI ES CHAMONIX" BIDEA, 115 m, 6a. 2019/10/05

2019ko martxoaren 16an, “Fliparax” bidea eskalatzearekin batera, Aiztondoko hainbat luzeetako bide guztiak eskalatzeko ametsari amaiera eman nion. Egun eder eta hunkigarria izan zen, besteak beste, amaiera hasi bezala egin nuelako, Josurekin soka partekatuz.

Zoriontsu izan arren arantza txiki bat sartuta gelditu zitzaidan, blogan “Esto si es Chamonix” bidearen kronikarik ez nuelako. Bide hau lehen aldiz eskalatu nuenean ez nuen argazki kamerarik eraman ezta telefonoarekin argazkirik egin ere, garai hartako telefonoen argazkien kalitateak ez baitzuen egungo telefono modernoen antzik. Gogoan nuen hirugarren luzera arte izugarri gozatu nuela, baita, laugarren luzeko (6a+ zailtasunekoa) estualdi eta izerdiak ere.

Duela urte pare bat, Aiztondo berrekipatzearekin batera, hainbat bideetan aldaketak egin ziren: “Clásica Sur” bidearen bigarren luzeko lehen metroak “San Miguel de Aralar” bidetik banatu eta bide beraren laugarren luzea ere hobe aseguratu zen. “Ainhoa” bidearen laugarren luzeko amaiera originala ekipatu zen “Clásica Sur” bidetik bananduz. “Esto si es Chamonix” bidean ere aukerako laugarren luze bat ekipatu zen, 6a zailtasunekoa. 2023ko uztailean, Antxon Gorrotxategikin eskalatzen ari ginela Antxonek esango zigun bariante hau berak ireki zuela. Amaitzeko, rappelak ekidinez, hormatik oinez jaitsi ahal izateko bidea garbitu eta mugarriz adierazi zen .

2018 urtean zehar bide ezberdinetan eginiko aldaketak eskalatu eta bloga eguneratu ondoren, Aiztondoko zirkulua ixteko “Esto si es Chamonix” bidearen azken luze berria eskalatu eta honen inguruko kronika idaztea bakarrik falta zitzaidan.

Aiztondoko Aiztondo sektoreko hainbat luzeetako bideak.


“Luze berritio igo ta oñezko bidetio jaitxi” izan zen MATeko lagunei whatsapp-ez proposatutako plana. Asierrek berehala baiezkoa erantzun zidan, Josu eta Leku aldiz oraingoan ezin izango zuten gurekin etorri.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Ez dut datu hau topatu baina azken luzeko bariantea Antxon Gorrotxategik ireki zuen.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V+ (30 m), 2ºL: V (25 m), 3ºL: V+ (30 m), 4ªL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakilen.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: “Iñaki Goñi” bidetik rappelatuz edo hormaren gainetik mugarriez adierazita ekialdera doan bidexka jarraituz. Bigarren aukera hau hartuz gero 15-20 minutu inguruan San Miguel-era doan errepidera iritsiko gara. Bide hau bustia badago kontu handiz jaitsi beharko dugu, leku pare batean eskuak erabili behar dira eta.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdinetako 12 express-zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere azken luzean, azpiko bilgunearen bistatik kanpo gelditzen den bakarra baita. Bidea rappelatu nahi bada hobe da 60 metroetako bi soka eramatea, bi rappeletan lurrean izango gara eta.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

"Esto si es Chamonix" bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Ohetik jaiki eta leihoko gortinak zabaltzerakoan zur eta lur gelditu nintzen. Iragarritako eguraldi on eta zeru urdinetik urrun, etxeko bistak behe laino batek ezkutatu eta espaloi eta errepidea bustita zeuden, gauean botatako euriaren testigu isilaen moduan.

- Etzun ba han ere ebiik ingo, ez?
- Etxetio ikusita ematezon Aralar alden argitzen ai zela – erantzun nion Asierri jaso nuenean.

Kuriosoa da kilometro gutxietan eguraldia nola aldatu daiteken. Ordizian lainotuta eta kaleak bustiak, Uharte Arakilera iritsi ginenean aldiz, zerua oskarbi eta bazterrak lehorrak, aspaldi euririk bota izan ez balu bezala. San Miguel-era doan errepidearen bazterreko aparkaleku ezberdinetan kotxeak aparkatuak izan arren, harrituta, hormara iristen lehenak izan ginen: “hobe, hola ezteu iñor goitio eukiko”.

“Esto si es Chamonix”, “Iñaki Goñi” eta “Alde Hemendik” bideen artean hasten da. Erosoena “Alde Hemendik” bidearen kimikoak topatzea da, hormaren alde horretan kimikoak dituen bide bakarra baita. “Esto si es Chamonix” bidea kimiko lerroaren ezkerreko parabolt lerroa da.

Bidearen hasiera. Gorriz adierazitako kimikoak "Alde Hemendik" bidekoak dira.


Eskalatzaile mozorroa Asier baino azkarrago jartzeagatik bidea hastea egokitu zitzaidan, azkar ibiltzearen sari edo zigorra, jejeje. Lehen luzeari argazki batzuk egin eta argazki kamera zorroan jasotzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V+. Luzea harkaitz-plaka inklinatu eta trinkoa eskalatuz hasten da (IV+). Lehen metro hauek ez dira zailak eta helduleku eder eta ugariak dituenez, berotzen hasteko oso ongi etorri zitzaizkidan. Eskalaltzen hasi aurretik jantzi edo ez zalantzan izan arren, polar finaren epeltasuna eskertu nuen, eguna fresko esnatzeaz aparte, azken luzera arte itzalpean eskalatuko genuelako.

Hirugarren paraboltetik gora harkaitz-plaka tentetuz doa. Parabolten artean zuzen eskalatu beharrean plakaren eskuin aldera pasatu eta honen ertza aprobetxatuz errazago eskalatzen jarraitu nuen (V), pixkanaka parabolteetara itzuli eta erlaitz txiki batera iritsiz.

Erlaitz txikitik behera egindako argazkia.


Erlaitz txikitik gora arrail zuzen bat duen horma bertikala eskalatzen da, azpitik dirudiena baino errazagoa dena. Eskuak magnesio hautsetan sartu eta arraila zuzenean eskalatzen hasi nintzen, eskuinean sabaitxo txiki bat utziz (V+). Arraila goiko zatian ezkerrera okertzen da ia etzateraino. Kontu handiz ezker oina arrailean sartu eta, hormaren kontra mantenduz, gorputza pixkanaka altxatu nuen eskuin oina ere arrailean sartu eta honen gainetik zutituz. Arrailean zutik, eskuin besoa luzatu eta harkaitz-plaka bertikalaren goiko ertzari heldu nion, besoetatik zertxobait tira egin eta goiko erlaitz handi eta erosora igoz (V+).

Lehenengo bilgunean.


Asier, eskuak arrailean sartuta, bilgunera iritsi aurreko hormatxo bertikala eskalatu aurretik.


Erlaitzean “Iñaki Goñi” eta “Esto si es Chamonix” bideen bilguneak bata bestearen ondoan daude.

Iñaki Goñi” eta “Esto si es Chamonix” bideen lehenengo bilgunea.


Lehenengo bilguneko erlaitz eroso eta zabaletik behera egindako argazkia.


- Juxtu hogeita bost metro – esan zidan Asierrek azpitik – sokan erdiko marka hementxe dauket.

Luzeak ofizialki 30 metro dituen arren guk bost metro gorago dagoen erlaitz batetik hasi ginen eskalatzen, hortik metroen arteko aldea.

Asierrek luzea lasai eskalatu zuen, zailtasunik pasa gabe. Bigunera iritsi bezain pronto soberan nuen materiala eman eta, bigarren luzeko lehen parabolta identifikatu ondoren, aurrera jarraitu zuen.

Bidearen lehenengo metroetan.


Ordurako sokada ezberdinak pixkanaka hormaren oinera iristen hasita zeuden:

- Jendea ezta eskalatzeko goiz ibiltzen - borta zidan lehen paraboltetik.

- Bigarren luzea, 25 metro, V. Asier bilgunetik zuzen jarraitu eta, helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz, bilgunearen gaineko harkaitz-plakak osatzen duen sabaira zuzendu zen (IV+).

Bigarren luzearen nondik norakoak.


Sabaia eskuinetik saihestu eta, eskuin ezker diagonalean doan tximini inklinatua eskalatuz, metroak irabazten jarraitu zuen (V), tximiniaren amaiera arte.

Sabaia saihestu ondoren, tximini inklinatua eskalatzen hasi baino lehen.


Tximiniaren amaieratik paraboltak jarrita dauden harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraitu zuen (V), gaineko harkaitz-plaka bertikalarekin topo egin arte. Harkaitz-plaka hau zertxobait makurtua dagoela ere esango nuke.

Tximini inklinatuaren gaineko harkaitz-plaka inklinatuan.


Asierren mugimendu neurtu eta zehatzak jarraitzen nituen bitartean, eskuinean zalaparta handia entzun nuen. Burua jiratu eta argi kontra nituen zuhaitzen adarren artean putre talde bat batera eta bestera zebilela ikusi nuen, loaldi goxotik esnatzeagatik protestan ariko balira bezala. Bitan pentsatu gabe argazki kamera atera eta argazki pare bat egin nizkien.

Putreak argi kontra.


Harkaitz-plaka bertikalaren lehen paraboltetik expresss-zinta pasatu eta, zuzen eskalatu beharrean, Asierrek ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin ondoren (V), harkaitz-plaka ezkerretik eskalatuz jarraitu zuen honen gaineko bilgunera iritsiz (V).

Zeharkaldia egiten hasi zen lekuan.


Bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunetik lehenengoa.


Asierrek besoarekin keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen. Bigarren luzeaz ez nuen oroitzapen handirik eta ederra iruditu zitzaidan. Luzearen ahuldadeak bilatuz asko gozatu nuen.

- Oaingo luzea dudaikpe Aiztondoko onena da – esan nion Asierri soberan zituen express-zintak hartzen nizkion bitartean – akordatze naiz denetio zeukela.
- Ba ni ez naiz ba asko akordatzen… - erantzun zidan begiak erdi itxita, luzearen nondik norakoak gogoratu nahian izango balitz bezala.

Bigarren bilgunea.


- Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Asierri esan bezala, luze hau nire ustez Aiztondo osoko luzerik eder eta ikusgarriena da inongo zalantzarik gabe. Lehenengo paraboltera iristeko bilgunetik eskuinera diagonalean zeharkalditxo bat egin beharra dago, eskuetan baino oinetan konfiantza gehiago jarriz.

Hirugarren luze zoragarriaren lehen metroak. Argazkian bavariar teknika erabiliz eskalatzen den arrail bertikala ikusi daiteke.


Hemendik aurrera hormaren oinetik nabarmena ez den, baina eskuin ezker diagonalean erdibitzen duen, hodi itsurako tximinia bere osotasunean eskalatzen da: “Gozatzeraaa!!!!” animatu nintzen tximiniaren lehen metroak eskalatzen hastearekin batera.

Lehenengo metroak inklinatuak diren arren, tximinaren teknika erabili eta oinak horma batean eta bestean jarriz zailtasun handirik gabe eskalatzen dira (V), bi oinak sartzen diren zulo batera iritsiz. Bertatik Asierri argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Zulotik behera egindako argazkia.


Zulotik gora horma tentetu arren, lehen metroak eskalatzeko gozamen hutsa dira. Hasteko, bavariar teknikarekin eskalatzen den arrail bertikal bat eskalatu beharra dago.

Zuloan, arraila eskalatzen hasi baino lehen.


Eskuak arrailaren barruan sartu eta gorputzarekin kontrapisua eginez, arraila erlaitz belartsu batera iritsi arte eskalatu nuen, tarteka tximiniaren bi hormetan oinak jarriz (V).

Arraila (nire azpian) eskalatu ondoren.


Erlaitz belartsu honen ondoren dator luzearen pasabiderik zailena, helduleku txikiko hormatxo tentea. Hormatxoa zuhurtziaz eskalatu (V+) eta, berriro ere bi hormetan oinak eta eskuak jarriz, putreen gorotz zuriz betetako zuloko bilgunera iritsi nintzen (V).

Asier erlaitz belartsuan, luzeko pasabiderik zailena eskalatzeko prest.


Hirugarren bilgunean.


Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


- Bai da ona bai, ez nintzen akordatzen – esan zidan Asierrek luzearen azken metroetan.
- Esan dizutena, nere ustez hemengo onena, jejeje.

Hirugarren bilgunetik zintzilik, putreen atalaia den zuloaren ondoan.


- Laugarren luzea, 30 metro, 6a. Laugarren luzea zuloaren eskuineko horman gora hasten da. Bilgunetik bertatik lehen paraboltera iristeko ageriko zeharkaldi bat egin behar denez, Asierri luzearen azken paraboltetik zuzen eskalatzen jarraitzeko aholkatu nion.

Horma lehen metroetan bertikala izan arren helduleku onak ditu. Lehen parabolta atzean utzi ondoren zertxobait eskuinera jo eta erlaitz txiki batean atseden hartzeko aukera izango dugu (V+/6a). Erlaitz honetatik bigarren parabolta eskura dugu. Asierrek metro hauek erraztasun osoz eskalatu zituen.

- Igual 6a-ko pasoa gorago eongoa – esan zidan lasai erlaitz txikiaren gainetik – zati hau etzait hain zaile iruittu.

Pasabiderik zailena bigarren eta hirugarren parabolten artean dago, ezkerrera oinetan fidatuz zeharkaldi motza egin behar baita (V+/6a). Pasabide hau argi ikusiko ez balitz A0 moduan erraz gainditu daiteke. Pasabidearen ondoren, hirugarren parabolta urrun dagoenez, harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat jarrita dago.

Zeharkaldi motzaren ondoren, harkaitz-zubitik pasatako sokaren parean.


Harkaitz-zubitik pasatako soka.


Harkaitz-zubitik gora hormak bertikaltasuna galduz doa helduleku ederrak aprobetxatuz sabai txiki batera iritsi zen (V). Sabai txikiak ez dauka aparteko zailtasunik eta behin eskalatuta honen gaineko harkaitz-plaka etzanera igo zen. Harkaitz-plaka honetako heldulekuak handiak ez diren arren, itsasgarritasunezko pasabide errazak ditu (IV+).

Harkaitz-zubitik gora egindako argazkia. Bertan sabai txikira arteko zatia eta handik gorako harkaitz-plaka etzana ikusi daitezke.


Harkaitz-plaka etzanaren amaieran, zertxobait eskuinera jo eta arrail nabarmen bat eskalatuz (IV) “Iñaki Goñi” bidearekin partekatzen den bilgunera iritsi zen.

Harkaitz-zubitik gora eskalatzen. Argazkian bilgunera iritsi aurreko arraila ikusi daiteke.


Azken luze hau ere ederra iruditu zitzaidan eta, Asierri bezala, niri ere 6a pasabidea V+ zailtasunetik gertuago izan daitekeela iruditu zitzaidan.

- Earraaaaa!!!!
- Bai, bide politte – erantzun zidan Asierrek bilgunearen ondoko harkaitz batean eserita.

Laugarren bilgunean.


Asierrek aseguratuta ninduela aprobetxatuz, bilgunean gelditu gabe metro gutxi batzuk igo eta hormatik atera nintzen.

Amildegiaren gainean zintzilik.


Soka jaso eta Asierren zain nengoela egunean lehen aldiz eguzkiaren berotasuna sentitu nuen. Azken luzera arte itzalpearen freskuran eskalatzen aritu ondoren, zeruan eguzkia nagusi zela ahaztuta nuen. Ez zen denbora luzea pasatu behar izan polarra kendu nuen arte.

Bigarren bide bat eskalatzeko denboraz larri ibiliko ginela ikusita zereginak lasai hartu genituen: Materiala bildu, kasko eta arnesa kendu, dena motxilan jaso... Dena prest genuenean, poliki-poliki, beherako bidea hartu genuen.

Beherako bidean.


Mugarri ezberdinen atzetik, ekialdera zuzentzen den bidexka jarraitzen hasi ginen, Madalenaitz urruneko itsasargi genuela.

Bidexkan topatuko dugun lehen mugarria, atzean Madalenaitz.


Itsasargia gertuago... Madalenaitz eta bere hego-mendebaldeko gandor ikusgarria. Eskuinean, zeruertzeko gandorra jarraituz Oilaxka orratzak ere ikusi daitezke.


Noizik eta behin mugarri txikiren bat ikusi arren tarteka kontu handiz jaitsi behar dela iruditu zitzaigun, bidexka zenbait lekuetan ez baita oso nabaria. Hau gutxi ez bada, eskuen laguntzarekin bi hormatxo jaisten dira, biak zailtasun gutxikoak baina, bigarrenean batez ere, kontuz jaitsi behar izan genuena. Bidea bustiz gero ez dut uste jaitsiera erosoa izango denik.

Jaisteko eskuak erabiltzen diren bigarren hormatxoan.


Dena den, erosotasunak aparte eta kotxera itzuli nahi bada behintzat, rappelak egitea baina azkarragoa da oinez jaistea.

Kotxera iritsi ginenean bidearen amaieran bizitako esperientzia gogora etorri zitzaidan: Materiala jasotzen ari nintzela, harkaitz batean eserita, denbora gelditu zela iruditu zitzaidan. Inguruko haitzetatik altxatu eta jirabiran zebiltzan putreen hegaldi lasaiari begira gelditu nintzen, beste ezertan pentsatu gabe. Barrenetik zoriontasun bat piztuz zihoala sentitu nuen. Putreetatik atentzioa barrenera eramanez zoriontasunaren iturria identifikatu nuen: oraingoan bai, oraingoan Aiztondoko zirkulua itxita gelditzen zen.

Gutxi behar da zoriontsu izateko.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velázquez C. Escalada en Navarra, guía completa, 180. Bilbo. Sua Edizioak, 2009.
- Mendi eta Eskalada kirolen Napar Federakundea. Uharte Arakil. Aiztondo (Uharte Arakil). Eskuragarri: http://www.nafarmendi.org/contenido/aiztondo-uharte-arakil