AZKEN 10 SARRERAK

2015/03/14

AKETEGI (1551 m), AKETEGIBEKOAREN EZKER KANALETIK, 2015/03/07


Aketegiren mendebaldean dagoen Aketegibekoa izeneko bigarren mailako gailurra horma batek babesten du. Horma hau Nardagaizto eta Nardasakonen artean gelditzen da eta, mendirik altuena izanda ere, Aketegiren gailurreraino zuzen iristen den kanalik ez dago. Hala ere gailurraren azpian dagoen hormaren azpira lau "sasi-kanal" iristen dira. Duela hiru urte, hormaren azpira doan "Y" itsurako erdiko kanala eskalatu genuen, baina oraindik beste hiru igo gabe genituen.

Hasiera batean, kotxetik Nardagaizto eskalatzekotan abiatu ginen, baina gero irakurriko duzuenez, ezusteko bat dela eta planak aldatu eta Aketegiko hormaren azpian dagoen ezkerreko kanala jarraitzea erabaki genuen, ezkerretik hasita lehenengoa gelditzen dena.

IBILBIDEA

Kanal honetara iristeko kotxea Itzubiagako bordan utzi genuen. Hemendik atera eta Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bide bera jarraitu genuen Nardagaiztoren azpiraino. Kanala zuzen igo genuen lehen erresalteraino eta erresalte hau bere eskuinetik saihestu genuen. Erresalte honen gaina zeharkatzen duen erlaitz inklinatura iritsitakoan hormaren azpiko ezker kanala zuzen jarraitu genuen tartean topatu genituen bi erresalteak eskalatuz: lehenengo erresaltea, 15 metro inguruko erresalte bertikala M4, III-IV zailtasunekoa eta bigarren erresaltea, 25 metroetakoa, M4 eta III zailtasunekoa. Bigarren erresaltearen ondoren eskaladako materiala jaso eta Aketegira Nardagaiztotik igo izan bagina bezala igo ginen, tartean 45-50 gradu inguruko malda gogorrak igoz.

Jaisteko, ohikoa den moduan Aketegiren ipar aurpegitik Nardasakon kanalera jaitsi ginen hemendik behera kotxea utzitako lekura iritsiz.


Argazki honetan gorriz igoerako bidea eta orlegiz jaitsierakoa margotu ditut.


Zegama herritik egindako argazki honetan igoerako bidea bakarrik margotu dut.



Bideo honetan igoera animatua ikusteko aukera duzue.



ERAMANDAKO MATERIALA

Igoera honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: Bi piolet tekniko, kranpoiak, kaskoa, arnesa, 30 metroetako bi soka, 8 express zinta eta bagak, Alien semaforoa, Lincam gorri eta horia eta 3 zenbakiko Camalot-a (bi erresalteetan erabili genuen), fisurero eta iltze batzuk.

DESKRIBAPENA

Ostiralean Iker eta Leku Nardagaizton aritu ziren eta Ikerrek esanda bagenekien elura ez zegoela oso fin, honegatik oso goiz gelditu eta goiz irteten saiatu ginen.

07:20, Itzubiagako borda, 940 metro inguru."Gaur beroa itteo" esan zigun Ikerrek kotxetik atera bezain pronto. Kotxetik atera eta kanpoan zegoen aire "beroak" elurra gogorra topatuko genuen itxaropena urtu zuen. "Joer, hau da hau" esan nien "ez al deu ba aurten egun onik topauko?".

Halere, Naedagaizton zegoen elurra gogorra egongo ez zela sinistuko ez bagenu bezala, trasteak hartu, arnesak jantzi eta, erdi-ilunpean, martxn jarri ginen.

Lehen eguzki izpiak Aralarren.


Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidea jarraituz Nardagazitoren azpira 20-25 minutu inguruan iritsi ginen.



Duela urte pare bat, baita ihaz ere, elur-jausi handiak izan dira hemen eta lehen pagoak zeuden tokian orain enbor apurtuak eta suebaki itsurako pasabide bat dago. Lehen zaila zen lehen erresaltera iristera, izkutuan gelditzen baita, baina egun maratoiaren bidetik ikusgai dago.

Sustraitik ateratako pagoen adar eta enborretara helduz, pixakanaka metroak irabazten joan ginen.



Zati honetan elurra nahiko gogor topatu genuen gure animoen mesederako. Lehen erresaltearen azpira iritsi eta, beti egiten dugun moduan, bere eskuinetik saihestu genuen. Hemen ere aldaketak eman dira: iaz arte erresaltetik 10-15 metro eskuinetik eskalatzen genuen bertan dauden zuhaitzen enbor eta harkaitzei helduz, baina egun 30 metro inguru eskuinera jotzen dugu, elur malda batekin topo egin arte. Elur malda hau amaierarte igo eta, hemen ere, sustrai, adar, enbor eta harkaitzetara helduz eta lokatzean pioletekin trakzionatuz, gora egiten dugu. Bigarren aukera hau errazagoa da eta ez dut uste III zailtasunetik igoko denik.

Iker elur maldan, eta hemendik gora jarraituko dugun bidea.



Tarzan moduan adarretik adarrera igotzen ari ginela gure eskuinean zarata bat entzun genuen. Zarata zetorren lekura begiratu eta gure eskuinean zegoen elur malda osoa erortzen ikusi genuen: "Ostia, ikusi aldezue?" Galdetu zigun Asierrek "Bai" erantzun nion. Azken trepadatxoa egin eta lehen erresaltearen amaieran mendia zeharkatzen duen erlaitz inklinatura iritsi ginen: "elurra hola eonda Nardagaizton sartu behar gea?" Galdetu nien. "Nik eztet argi ikusten" esan zigun Ikerrek "kanal hoi inbutu bat da eta goitik erortzen den guztie hortik behera dijo". Ostiralean Aketegi azpitik askatutako harri batekin izan zuten ezustekoa kontatu ondoren eta elurra zein bigun zegoen ikusita, kanalean ez sartzea erabaki genuen.

"Ta oain zer?" Galdetu zuen Asierrek. "Hemendik gora badijo kanal bat Aketegiren azpiraino dijona" erantzun nion pago artean erdi-ikusten zen kanala seinalatuz, "hortio sartu gaitezke ea zer topatzen deun". "Gañea, eskaladako materiala eukita eztau arazoik" esan zuen Asierrek, "ta gañea goitio elurrik eroiko balitz, pago arten goaz ta babesteko ere errexago izangodeu" bota zuen Ikerrek.

Honela ba, noizik eta behin hankak belaunetaraino sartuz, Aketegiko hormaren azpiko ezker kanalean sartu ginen.


Kanalaren lehen metroetan.



Ikerrek kranpoiak hasieratik jarrita zituen, baina Asier eta biok elurraren egoera ikusita ez jartzea erabaki genuen.

Kanalaren azpiko zatiak malda handirik ez dauka eta nahiko erraz igo genuen.


Pixkanaka kanalaren lehen erresaltera iritsi ginen.



08:40, lehen errsaltea, 1300 metro inguru. "Hortio igotzeik izangodeu?" Galdetu zuen Ikerrek. "Materiala eukita, probau ingodeu" erantzun zion Asierrek. "Nigatik ere probau ingonuke" erantzun nien. "Nik emangoiot" bukatu zuen Asierrek. Erresaltearen azpian dagoen pagoetako batean zinta bat pasatu eta bilgune sendo bat egin nuen. Asierri sokak pasatu eta materiala guztia ongi ordenatu ondoren goruntz hasi zen.

Erresaltearen azpian bi metro  inguruko harkaitz bloke handi bat dago. Hasiera batean blokearen eskuinetik bitan saiatu eta ezin zuela ikusita blokearen ezkerretik saiatu eta igo egin zuen. Blokea gainditu ondoren ageriko zeharkaldi bat ezkerreruntz egin eta beste metro pare bat igo ondoren, eskuineruntz aurrekoa baino ageriagoa den bigarren zeharkaldi bat egin zuen. Bigarren zeharkaldi hau harkaitz baten azpitik eginten da eta altua izan ezkero ez da batere zeharkaldi erosoa. Bigarren zeharkaldiaren amaieran azken 2-3 metro bertikal igo eta erresaltetik atera zen. Bilgunea erresaltearen irteeraren ezkerrean dagoen pago batean egin zuen.

Erresalte honi zailtasuna emateko garaian M4, II-IV inguruan egongo dela adostu genuen.

Lehen erresaltea igotzek jarraitutako bidea.


Lehenengo zeharkaldiaren amaieran.


Erresalteak bertikalean 15 metro inguru izango ditu, baina egiten diren zeharkaldiak direla eta, argazkian ikusten den bezela, soken luzera osoa aprobetsatu genuen. Garrantzitsua izaten da soken amaieran korapilo bat egitea.



Igotzeko zain geundela gure ondoan harria iruditu zitzaigun gauza bat erori zen. "Ehhhhhh!!!!!" Oihukatu zigun Asierrek, "Zer?", "Reversoa eroi zat" bota zigun. Ikerrek Reversoa jaso eta zer egin genezaken pentsatzen hasi ginen. "Korapilo dinamikoa itten bakizu?" Oihukatu nion. "Aspaldi eztet ein ta asmatzeako gaue ingo zat" erantzun zidan. Buelta batzuk eman ondoren azkenean erabaki errazena hartu genuen: Asierrek soka bat jaso (reversoa ez baita seguruetan jarritako mosketoietatik pasatzen), berriro ere guri bota, sokaren muturrean Reversoa lotu, josa berriro jaso, berriro bota eta Iker sokara lotu zen. 

Hogei minutu ingururen ondoren Iker erresaltea igotzeko pronto zegoen.


Sarrerako harkaitz blokea igo ondoren.


Erresaltearen azken metroetan.


Asier bilgunean eta ni erresaltetik ateratzen.


Erresaltetik gora kanalak zailtasun handirik ez zuela ikusita sokak bildu eta goruntz jarraitu genuen.

Iker bilgunearen gainean eta goruntz jarraitzeko dauden bi aukerak: guk bide gorria jarraitu genuen.


Bilgunetik gora aldapa 35-40 graduetako maldarekin topatu genuen baina elurra gogorra ez zegoenez, gure bikien mesederako ongi igo ginen. Lehen metro batzuen ondoren kanala bitan banatzen da eta bietatik igo daiteke. Guk eskuineko aukera hartu genuen, alde batetik elurra zuen bakarra zelako eta bestetik hestua eta estetikoa delako.

Iker pasabide hestura hurbiltzen.


Pasabide hestuan, hemen aldapak gora jo eta 45-50 gradu inguruko maldara iritsi zen.


Asier pasabide hestutik ateratzen.



Hemendik gora, aldapa 45 gradu inguruan topatu genuen nahiz eta  noizik eta behin 50-55 graduko maldako pasabide polit bat topatu.


Malda handiagoa dela ikusi daiteke.


55 gradu inguruko pasabide motz eta polit bat atzean utzi ondoren, Iker pasabidetik irteten ari da.



55 gradu ingurko malda zuen pasabide polit bat igo ondoren kanalaren bigarren erresaltera iritsi ginen.

10:20, Bigarren erresaltea, 1370 metro inguru. "Honi emangoiot nik" esan nien. Bilduta nuen soka Asierri pasatu, berak jasota zuenaren punta bat lotu, materiala hartu eta pixkanaka goruntz hasi nintzen.

Lehen metro erraz batzuen bidez izugarrizko harkaitz enpotratu baten azpira iritsi nintzen. Hemen ezkerreruntz ageriko zeharkaldi bat egin behar da blokearen azpitik pasatuz. Pausua ez da batere erosoa, batez ere, ni bezela ia 1,90 metroko altuera baduzu. Gainera azken segurua zure azpian dagoela ikusteak pausua sikologikoago egiten du.

Asier eta Ikerren animoen artean pausua egin eta bi aukera nituen: harkaitz blokearen ezkerretik eskalatzen jarraitu edo ezkerreruntz zeharkaldiarekin jarraitu 6 metro ingurura dagoen zuhaitz salbatzaile baterarte, ordurarte seguruak sartzeko lekurik ez dago eta. Asko pentsatu gabe bigarren aukera hartu eta ageriko zeharkaldiarekin jarraitu nuen arnas hestuen artean zuhaitzera iritsi nintzen arte. Gero Asierrek esan zidan blokearen ezkerreko igoerak seguruak jartzeko lekuak bazituela, baina nik, beldurraren eraginez, ez nuen batere ikusi.

Zuhaitzeraino egindako bidea.


Blokea gainditzen.


Zuhaitzaren enborrean zinta bat pasatzen, a zer nolako lasaitasuna hartu nuen.


Hasiera batean zalantzan aritu nintzen zuhaitzean bilgunea egin hala ez baina oraindik 12 metro inguru soka nituela esan zidatenean goruntz jarraitzea erabaki nuen. Bidea zuhaitzetik gora jarraitzea besterik ez da, tarteka bi erresaltetxo bertikal gaindituz. 5 metro soka baino gutxiago nituela oihukatu nindutenean, bilgunea non jarri bilatzen hasi nintzen.

Ukitzen nituen harkaitz guztiak kolokan zeuden eta ez nuen leku apropos bat topatzen.. Azkenean, bi harkaitzen artean erdi lehortutako hagin baten enborra ikusi nuen eta sokaren azken metroekin batera bertatik zinta bat pasatu eta erdi-zintzilikatu egin nintzen.

Haginak heusten zuela ikusita bigarren zinta batekin bilgunean indartu eta Asier eta Iker eskalatzen hasi ziren.

Asier azpiko harkaitz blokean.


Bilgunean zoriontsu



Soka-luze honi zailtasuna emateko garaian, M4 eta III zailtasunaren baitan egongo dela adostu genuen.

Asier eta Iker bilgunera iritsitakoan, eta gaurko zailtasun guztiak amaituta zeudela ikusita, eskaladako trasteak gorde eta atseden baten ondoren goruntz hasi ginen.

Asier aurrean Aketegiko horma duela.



Hasiera batean Aketegi Erpinerara bide teknikoren batetik igotzekotan aritu ginen, baina azkenean, ordua eta elurraren egoera ikusita, zuzenena Aketegira ahalik eta errazenen igotzea zela erabaki genuen.

Honetarako, lehenik Aketegi azpiko horma bere ezkerretik inguratu egin genuen, argazkian ikusten den bezela.



Horma inguratzeko zeharkaldian elurra oso bigun topatu genuen eta elurretan belaunetaraino maiz sartu ginen.

Inguraketaren ondoren, 45-50 maldako aldapa igo genuen Aketegiko gailurretik jaisten den hertza bateraino. Igoera honetan nire iztarrak marmar batean eraman eta orain arte bota gabeko izerdi guztiak bota genituen.

Maldan jo ta su arrastoa irekitzen.


Atzera begirada, Nardagaiztoren irteera ikusi daiteke.


Aketigitik datorren ertzara iritsi ginenean aldapa eta malda guztiak amaitu eta ttirri-ttarra gailurrera iritsi ginen.

Ertzan.



12:40, Aketegi, 1551 metro. Merezitako atsedena hartu, eskaladarako material guztia motxilan gorde eta inguruko kanalen irteerak nola zeuden begiratu ondoren beherunzko bidea hartu genuen.

Aketegin, 1551 metro.



Jaisteko, ohikoa den moduan, Aketegiren ipar aurpegian zeharkaldia egin genuen Nardasakonera. Aurten gu jaitsitako bidetik kilometro bertikala egingo da, hori da meritua hemendik igotzeko ausardia izango dutenentzat.

Aketegira egin genuen igoera hau, aurretik prestatu gabekoa izateko ederra izan zen, zailtasun puntuarekin eta giro paregabean, pena elurra gogorra ez egotea. Dena den, lagun arteko giroan gutxienekoa zer egiten den izaten da.

Bukatzeko, igoera laburtzen duen bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina