AZKEN 10 SARRERAK

2017/01/18

VERTICE DE ANAYET (2.559 metro) EKIALDEKO HORMATIK ETA ANAYET (2.545 metro), 2016/12/09

"Ze ordu da?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ba ia zazpi t'erdik" erantzun nion. "Zemuz lo indezu?", "ondo, gañea ezto hotz handik egin, ez?", "Ez, erlojuk minimoa gradu batekoa izan dela esateo" esan zidan. Gaua lasaia izan zen, eta noizean behin haize bolada txikiren bat ibili bazen ere orokorrean gure arnasketatik kanpo ez genuen ezer entzun.

"Kriston egualdie dator" esan nion kanping dendatik burua atera nuenean. Non geunden ahaztuta izango banu bezala Anayet parez-pare ikusteak nolabaiteko harridura sortu zidan. Eguzkiak oraindik ez zuen gailurra argitzen baina zerua oskarbi zegoen. Amets batetik bat batean esnatu izan banintz bezala etxean ez nengoela ohartu eta eskuin eskuarekin ezkerrekoa ukitu nuen, atzo izandako istriputxoaren arrastorik bazegoen hala ez ikusteko.

Anayet hoteleko sarreratik.


Egun ederra eta zerua oskarbi, zer gehiago espero daiteke?.


"Eskue zemuz?" Galdetu zidan anaiak zer egiten ari nintzen asmatu izan balu bezala. "Haundituta baña atzoko miñik eztauket" erantzun nion. Eskua okerrago ez nuela ikusteak lasaitu ninduen, gainera, nahiz eta handituta izan, behatzak eta eskumuturra mugitzeko arazorik ez nuen. Baina okerrago ez izan arren hobe ere ez zegoela onartu beharra daukat, nahiz eta momentu horretan nire burua kontrakoaz konbentzitu nahi izan.

Ahal izan nuen hobekien jantzi eta botak nekez jarri ondoren dendatik atera nintzen: "ze ingodeu, etxera jun?" Galdetu zidan Ikerrek. "Hemen eonda ni planeatutako planarekin jarraituko nuke ta eskuko miñe haunditzen bada buelta hartu ta etxera" erantzun nion jakinda martxan jarriz gero, minez akatzen izango ez banintz behintzat, ibilbidea amaitu arte ez nintzela geldituko.

"Sukaldetik" dendara egindako argazkia.


Eta zergatik hartu nuen erabaki arduragabe hau? Ba erantzun argirik ez daukat. Aconcaguara joan aurretik Piriniotan ibiltzeko azken aukera genuen, eguraldia zoragarria zen, etxera joanez gero Iker sentsazio txarrarekin itzuliko zela uste nuen (nahiz eta hala ez izan) eta honelakoetan, ez dakit zer arrazoiarengatik, gure burua engainatzen saiatzen gara garena baino hobe gaudela sinestaraziz. Argi dudana da erabakiaren atzean ez zegoela ez gainditzea ezta ezer demostratu beharra nuen sentsaziorik.

Iker zakutik ateratzen zen bitartean gosarirako trasteak prestatzen hasi nintzen, bitartean argazki batzuk egiteko ere aprobetxatuz. Capuccino beroa eta txokolatezko gaileta batzuk hartu ondoren gaurko ibilbiderako prestatu ginen.

Gosaria prestatzen.


Gosaltzeraaaaa!!!!!!


Lehen eguzki izpiak Vertice de Anayeten gailurra eta Anayet argitzen. Efektu optikoaren ondorioz Anayet Verticea baino askoz altuagoa dirudi, nahiz eta hamar metro gutxiago izan.


JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ibilbidea Anayet aintziretan hasi genuen (lo egin genuen lekua).

Igo genuen lehen mendia Vertice de Anayet izan zen eta igoera bere ekialdeko aurpegitik egin genuen izotzez estalitako inbutu batetik lehenik eta ia elurrik ez zuen kanal bertikal batetik ondoren gailurrearen iparraldean ateraz.

Argazki honetan Vertice de Anayetera igotzeko jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.


Vertice de Anayet igo ondoren Anayet mendia ohiko bidetik igo genuen, hau da, kateak dauden bidetik.

Jaitsiera Anayet-era doan ohiko bidetik egin genuen. Honetarako Anayet eta Vertice de Anayet mendien arteko lepora jaitsi eta hemendik ekialdera jo genuen Anayet aintziretara itzuliz. Denda jaso ondoren Formigal eski estazioko Anayet aparkalekura itzuli ginen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 9 kilometro.
- Punturik baxuena: Formigaleko Anayet aparkalekua, 1.730 metro.
- Punturik altuena: Vértice de Anayet, 2.559 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 500 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbide osoan Anayet aintziretara doan errekatxoaren bazter txiki batean bakarrik topatu genuen, beste guztia elurrez estalita zegoen eta.
- Zailtasuna: Vertice de Anayet mendira igotzeko bi puntu tekniko daude: lehenengoa hormaren erdian dagoen inbutu itsurako batean dagoen erresaltea. Guk izotz eta elur gogorrarekin topatu genuen eta ez zitzaigun zaila iruditu (II+ inguru). Ertzara irteteko bi kanal daude eta biak, bertikalak izateaz gain, harkaitz kaskarrekoak dira. Gu ezkerrekotik igo ginen eta kanal hau topatu genuen moduan IIIko zailtasuna izan dezakeela esango genuke.
- Eramandako materiala: Eraman genuen gauza bakarra pioletak, kranpoiak eta kaskoa izan ziren. Hala ere, bide hau errepikatzekotan soka eta aseguru batzuk eramatea gomendagarria izango litzateke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta berrogei minutu Formigal arte, denda desmuntatzeko pasa genuen denbora zenbatu gabe.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

08:45, Anayet aintzirak, 2.200 metro inguru. Martxan jarri ginenean oraindik ez genuen oso garbi nondik igoko ginen.

Ateratzeko prest.


Ikerrek nahiago zuen Anayet eta Vertice de Anayet arteko lepora igo eta hemendik bi mendietara ohiko bideetatik igotzea, nik aldiz nahiago nuen leku beretik ahalik eta gutxien pasatzea eta ekialdeko horma nuen begi artean: "ikuste badeu hortio asuntoa txarra daula ezkerrera jun ta errezenetio igoko gea" esan nion "hola nahiko ibilbide zirkularra ateako zaigu". Ikerrek aukera hau ez zuen oso garbi ikusten, batez ere Vertice de Anayet-en ekialdeko aurpegia Espelunciechatik oso bertikala zela zirudien eta, baina ematen nion aukera errazetik arrasto bat ikusten zela ikusi zuenean amore eman eta ekialdeko hormarako bidea hartzea erabaki zuen.

Bi pioletak, kranpoiak eta kaskoa jarri eta, motxila arinean zerbait jan eta kantinplora bat sartu ondoren martxan jarri ginen, arin joateak emango zigun azkartasunaren konfiantzan.

Lehen metroetan, Anayet aintzira nagusia gainetik zeharkatzen.


Anayet aintzira nagusia gainetik zeharkatu ondoren (kontutan izan ibilbidea deskargatzen baduzue), ohiko bidera iritsi eta, ongi zapaldutako bidetik eroso igotzen hasi ginen. Aintziretatik "Vertice"-ra 300 metro pasatxoko desnibel "eskasa" dagoela nabaria zen eta ibilbidearen hasiera honetan ia ez genuen aldaparik igo.

Argazki honetan "inbutura" arte gutxi gora behera jarraitu genuen bidea ikusi daiteke.


Hidrataziorako tarte bat hartzen.


Bide lasai hau argazkiak egiteko aprobetsatu genuen eta bide batez, nire kasuan behintzat, bi pioletak eskuin eskuan eramateko, ezker eskuari atsedena emanez.

Aintzirak atzean utzi genituenean Anayeten lepora zihoan arrasto nagusia utzi eta mendebaldera (ezkerrera igoeraren norabidean) zihoan arrastotxo bat jarraitzen hasi ginen orain arte irabazi gabeko metroak irabazten hasiz.

Anayeten lepora doan bidea albo batera utzi ondoren.


Nahiz eta arrasto gehienak eskienak izan, hemendik oinez pasatako bakarren baten arrastoak ere topatu genituen igoera erosoago eginaz. Dena den, aurretik pasatako honen arrastoak ez zuen asko iraun eta lehen malda gogor baten ondoren gu hasi ginen arrastoa irekitzen: "oñez etorriana honaiño iritsi zen" esan nion anaiari arrastoen amaierara iritsi nintzenean.

Anaia arrastoa irekitzen.


Anayet pixkanaka gure eskuinean gelditzen hasi zen. Argazkian Anayetera doan ohiko bidea (gorriz) eta bide honetan kateen kokalekua (zuriz) adierazi dut. Urdinez Anayetera igotzeko igo daiteken beste tximini bat adierazi dut, udan ohiko bidean mendizale asko dagoenean oso erabilgarria izanda, zailtasun handirik ez duena, nahiz eta goian ertzatik kontuz ibili behar den.


Batzuetan Iker eta beste batzuetan ni, arrastoa irekitzen joan ginen, elurraren kalitate eskasa berriro ere dastatuz.

Iker nik arrastoa irekitzen aritu nintzen zatietako batean.


"Hemendio eztu ematen hainbesteko pareta daunik, ez?" Galdetu zidan anaiak "Ba bai" erantzun nion, "Aizkorrin antzeko zeoze gertatzen da, ez da igual kanalak Zegamatio edo Beundetio ikustea". Goraka gindoazen ehinean hormaren itsura aldatuz joan zen eta aurreko egunean Espelunciechatik bertikala zirudien horma etzaten zela iruditu zitzaigun.

Eguzkiaren babesean itzalpean zeuden zatiak elurra hautsez estaliak zeuden eta nekeza zen metroak irabaztea. Gainera ia denbora osoan egiten ari ginen zeharkaldian malda gure ezkerrean gelditzen zen eta ezker esku eta pioleta elurrean sartu beharra nuen oreka mantentzeko oraingoz jasangarria zen mina sentituz. Hala ere, nahiz eta pioleta sendo hartzeko indarrik ez izan, ez nuke esango deseroso nindoanik eta orduak aurrera joan ahala eskua hobetzen joango zela ziur nengoen.

Metroak irabazi ahala horma hain bertikala ez dela ikusi daiteke.


Pixkanaka hormaren erdialdean dagoen inbutu itsurako pasabidearen altuerara iristen joan ginen: "ni hauntzaño jungo nintzen zemuzkoa den ikusteko, ta biguñe badau eskubitio emateo igotzeik badaula" esan nion Ikerri.

"Vertice"-tik hegoekialdera doan ertzaren azpitik zeharkaldi horizontal bat eginez "inbutura" hurbildu ginen: "Hemendio emateo izotza daukela" esan zidan Ikerrek, "joer, ba bai" erantzun nion "igotzeko hobe".

"Inbutuaren" azpira iristen.


Bitan pentsatu gabe inbutuko erresaltearen azpira iritsi eta Iker igotzen hasi zen: "ostia izotza de puta madre dau" oihukatu zidan metroak irabazten zituen bitartean "piolet ta kranpoiak kriston ondo sartzeie".

Erresalteak 8-10 metro izango ditu eta lehen 4-5ak dira bertikaleenak. Metro hauek eskalatu zituenean nire zain gelditu eta eskalatzen hasi nintzen.

Iker erresaltearen gainean.


A zer nolako gozatua!!! Metro hauek asteburuko metrorik politenak izan ziren dudarik gabe: "Zemuz eskue?" Galdetu zidan, "ba oaingoz oso ondo, miñekin baña aguantatzeko modun".

Ikerren parera iritsi nintzenean gora jo eta beste 4 metro inguru eskalatu ondoren inbututik atera zen. Bigarren zati hau ez da hain tentea baina elur gogor eta izotzez estalia izateak izugarrizko poza eman zigun.

"Ostia, ze ona, ehhhh?" Bota zidan berriro elkartu ginenean. "Esaten nizun ba hemendio igo beharra genula, jejeje" erantzun nion irrifar maltzur batekin.

Inbututik gora elurra bigunago topatu genuen, baina oraingoa metroak errazago irabazi genituen nahiz eta onenean ez izan. Gainean genituen harkaitzak eskuinetik (igoeraren norabidean) inguratu eta goiko ertzara eramango gintuen hormaren azpira hurbildu ginen.

Inbutua eta goiko hormaren arteko zatian.


Horma gainditzeko bi kanal bertikal ikusi genituen, bat gure buruen gainean eta beste bat honen eskuinera 15 metro ingurura zegoen bigarren bat: "Nundio ateako gea?" Galdetu zidan. "Ni gañetio saiauko nintzen, hola gailurretio gertugo ateako gea".

Kanalen azpira iristen, ezkerrean igotzen saiatzen ginen lehena eta eskuinean azkenean igoko genuena.


Irteeraren azpian gelditzen nintzen bitartean, Iker kanalean sartu eta eskalatzen hasi zen: "zemuzkoa dau?" Galdetu nion, "buenoooo, elurrek eztu bate konfiantzaik ematen ta harrie kriston suelto dau" erantzun zidan harriren bat edo beste botaz.

Kanalaren lehen metroetan.


Minutu batzuetan oinen eta pioleten kokalekua aldatuz kanala eskalatzen saiatu zen, baina saiakera guztiak antzuak izan ziren: "buff, peligroso dau, ezin det pioleta iñon sartu ta kranpoientzat ere eztet lekuik ikusten". "Nahizu ni saiatzea?" Galdetu nion. "Nahizuna baña sokaik gabe arriskutsu ikustet" erantzun zidan.

Metroak irabazi nahian, soka ekarri izan bagenu...


Nahiz eta hasieran kanalari saiakera bat emateko prest izan, buruan argitxo bat piztu eta "Iker ez da igo, ta zu eskubiko eskukin igo behar zea?" Galdetu zidan. Ez dakit hau intuizioa izango den hala ez baina ez nuen gehiago pentsatu: "trabesie egin ta eskubiko kanala nola daun ikustea nijo" esan nion.

Elur bigunean egindako 15 metro inguruko zeharkaldi "delikatuaren" ondoren ezkerreko kanalaren azpira iritsi nintzen: "honek eztu ematen aurrekoa bezain bertikala, ez?" Bota zuen Ikerrek iritsi zenean, "errexago emateo". "Ea hola dan" erantzun nion eskalatzen hastearekin batera.

Lehen metroak elur bigunean egin ondoren 3 metro inguruko horma bertikalaren azpira iritsi nintzen. Inguruan nuen guztia elurraz garbitu eta piolet nahiz kranpoiak jartzeko heldulekuen bila hasi nintzen: "zemuz?", "ba harrie puta mierda bat da, arbela emateo dena hautsi ittea" erantzun nion. Ezker eskuarekin (kasualitatea ba, jejeje) ongi eutsi eta indarra egiteko harlauza bat eskura nuen eta hemendik tira eginez gero eskuin pioleta gainean nuen elurrean erraz sartuko nuela pentsatu nuen.

"Bueno saiau inbehar naiz" bota nion anaiari, "bazpare azpitio kendu". Kranpoien puntak kokatzeko bi koxka txiki topatu eta ezker eskuaz pioleta eta harlauza heldu ondoren indarra egin eta gorputza altxatu nuen ezker esku eta besaurrean min batek zeharkatzen ninduela. Kranpoiek ongi eusten zutela ikusita pixkat gehiago altxatu eta eskuin pioleta goian nuen elurrean sartu  nuen: "kaka, elurre biguñe dau!!!" Oihukatu nion nire buruari. Ahal izan nuen azkarren elurra garbitu, koska batean pioleta jarri eta bi eskuetan indarra eginez ezker oina eskuin eskua nuen harlauzan jarri eta kanalatik atera nintzen.

"Zemuz??" Galdetu zidan Ikerrek azpitik. "Buffffff!!! Uste baño hobe baña soka ekarri izan bagenu hobe". Irteera libre utzi eta Iker atzetik atera zen.

Zatirik delikatuena gainditzen.


Irteeratik ateratzen, hemen ere soka ekarri izan bagenu...


"Zuri ze iruitu zaizu?" Galdetu nion. "Arrikutsu xamar sokaik gabe etortzeko" erantzun zidan. "Nei Aizkorrin indeun kanalen bat gogoratuit" esan nion "bai, gero ittekon soka atera izan bagenu hobe izango zela esaten ditteun hoitakoa, jejejeje", erantzun zidan.

Goiko ertzan elkartu ondoren, metro batzuetan ibili eta gailurrera iritsi ginen.

10:10, Vertice de Anayet, 2.559 metro. Gailurrean bakarrik geudenez gauzak lasai hartu, atseden luze bat egin eta, telefono estaldura genuela aprobetxatuz, Itziri whatsapp-ez ongi geundela esan nion, bide batez argazki bat ere bidaliz.

Vertice de Anayeten gailurrean.


Negu giroak duen gauza ederretako bat ixiltasuna da. Haizea bare zegoen eta gailurreko zementuzko puntu geodesikoan eserita ixiltasuna sentitu eta ixiltasunaz gozatzeko aukera izan genuen, inguratzen gintuen edertasunaz blai. Partacua mendilerroa, Pala IP, Punta Escarra, Balaitus, Frondiellak, Infiernoak... parez pare guretzat bakarrik genituen.

Partacua mendilerroa, Punta Escarra, Pala IP...


Midi D'Ossau.


Anayet.


Gailurretik egindako panoramika.


Ez dakit zenbat iraun zuen momentu espiritual honen ondoren Anayet zelaira lehen eskiatzaileak iristen zirela ikusi eta martxan jartzea erabaki genuen: "hola ea Anayeteko pausu teknikoetan ezteun iñor topatzen".

Vertice de Anayet, 2.559 metro, Ikerren eskuinean Balaitus ikusi daiteke.


Arkaitzek elurra dagoenean ohiko bidetik baino Anayetera doazen kateak hasten diren tokian tximinia batetik igotzea seguruagoa dela esan zigun, gutxi gora behera harkaitz gorriak amaitzen diren lekuan. Jaitsieran aukera hau buruan genuen arren, ohiko bidea elurrarik gabe zegoela ikusi genuenean ez genuen dudarik izan: "kateetatio igoko gea".

Jaitsieran, gorriz ohiko bidea, zuriz kateak dauden zatia eta urdinez Arkaitzek adierazi zigun tximinia.


Jaitsieraz gozatuz.


Anayet-en arteko lepora doan jaitsierak ez dauka arrisku ezta zailtasunik ere eta elurretan ongi zapaldutako arrastotik azkar jaitsi ginen: "Goien bi mendizale dijoz" esan zidan Ikerrek Anayet mendia seinalatuz. "Ondo, aurretio ta atzetio zenbat eta gutxigo izan hobe" erantzun nion.

Jaitsieran ertzetik gertu elur gutxi topatu genuen.


Lepotik gora bideak metro batzuetan mendebaldera pasa eta harkaitz bat ezkerretik (igoeraren norabidean) inguratu ondoren berriro ere ekialdera pasa zen elur aldapa bat igo ondoren lehen kateekin topo egin arte: "Ze ingodeu kranpoiak kendu?" Esan nion anaiari. "Bazpare nik jantzita eraman behar dittut bazpare goien elur gogorrik badaun".

Anayeten arteko lepoa atzean utzi ondoren.


Kateetara daraman aldapatxoan.


Kateetara hurbiltzen, argazkian jada ikusi daitezke.


Kranpoiek harkaitzearen kontra egiten zuten kirrinken artean goraka hasi ginen tarteka ezker besoarekin (eskuarekin min egiten zidan eta) katea oreka mantentzeko erabiliz.

Kateetan.


Ez dut polemikarik sortu nahi baina kateak dauden zatia ez zitzaidan iruditu kate batzuk jartzeko modukoa denik. Piriniotan zailtasun bereko edo zailagoak diren mila leku daude eta gehienak garbi izaten dira. Dena den, onartu beharra daukat ere ezker eskua nuen bezala igoeran ederki etorri zitzaizkidala oreka mantentzeko.

Kateen amaieran.


Kateak atzean utzi ondoren elurraren gainean zeharkaldi horizontal bat egin eta gailurrera daraman tximinia zabal antzeko batera iritsi ginen, bertan, elurrik ez zegoela ikusita, kranpoiak kenduz.

Kateen ondoren dagoen zeharkaldi horizontalean.


Vertice de Anayet gure atzean.


Tximinia zabalaren azpian,, Iker dagoen tokian kranpoiak utzi genituen.


Hala ere, badaezpada pioletekin jarraitzea erabaki genuen eta lekuren batean tximiniatik igotzeko eskuak erabili ondoren gailurrera iritsi ginen. Dena den, tximinia oso erraza da eta ez dauka inongo zailtasunik.

Tximiniaren lehen metroetan.


11:15, Anayet, 2.545 metro. "Beste klasiko bat poltsikora", esan nion anaiari. Gailurrean gure aurretik igotako bi mendizaleekin hitz egiteko aukera izan genuen. Beraien asmoa Canal Roya izotz ur-jausietan eskalatzea zen baina hauen egoera kaskarra ikusita Anayet mendira igotzeko erabakia hartu zuten. Batzuen eta besteon etorkizuneko planez hizketan aritu ondoren argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Anayet, 2.545 metro.


Vertice de Anayet Anayeten gailurretik.


Atzo igo genuen Espelunciecha eta honen ipar horma.


Partacua mendi lerroa eta Punta Escarra.


Midi D'Ossau.


Kranpoiak utzitako lekuan indarrak berreskuratu eta berriro jantzi ondoren beherako bidea hartu genuen kateetatik jaitsiz.

Kateen hasieran (jaitsieraren norabidean, noski).


Zati tenteena jaisten, azpian igoerako bidea ikusi daiteke.


Zatirik tenteenera iristen.


"Ze ona ez igoeran ezta jatxieran ere tarte hontan iñor ez topatzea" esan zidan Ikerrek, "ba bai" erantzun nion, "pentsatzet zati hau udan eromena izangoala".

Berriro ere elurretan, Anayeten arteko lepora di-da batean iritsi ginen. Bertara iritsitako lehen eskiatzaileekin solasalditxo bat izan ondoren kanping dendarako bidea hartu genuen, tartean, Anayet aintziretara doan errekatxoan kantinplorak berriro ere betez: "hola hemendio behera juteko eztaukeu berriro elurrik urtu beharrik".

"Gizona bere bakardadean"...


Verticea gure eskuinean.


Gertuago, bertara igotzeko jarraitutako bidea margotu dut, baina lehen irteeran egindako saiakeratxoa ere.


Anayet eta frantziarren korridore ikusgarria, ze pena elurrik gabe topatu izana.


Jaitsieran arin, batera eta bestera argazkiak eginez konturatzerako hotelera itzuli ginen.

12:35, Anayet aintzirak, 2.200 metro inguru. Denbora asko galdu gabe traste guztiak jasotzen hasi eta, eskuan mina nuenez, Ikerrek zakuak eta esterillak zorroetan gordetzen zituen bitartean nik motxilak betetzen joan nintzen.

Iker eta Anayet, nor baino nor handiagoa.


Dena jasota eta prest genuenean lo egindako lekuari azken begirada bota eta 13:45ak aldera beherako bidea hartu genuen.

Anayeti azken argazkia, ziur naiz bertara itzuliko naizela.


Jaitsieran ez genuen igoerako bide bera jarraitu. Oraingoan, elur erraketa eta eskiatzaileen beste arrasto batzuk jarraituz, errekatxoaren bestaldetik jaitsi ginen, eta ordubete pasatxoko jaitsieraren ondoren 14:50tan Formigal eski estaziora iritsi ginen, jendetzara, zaratara eta pakean bi egunetan izan ondoren, amets gozo batetik esnatu izan bagina bezala sentitu ginen.

Jaitsieran Balaitus-i egindako argazkia...


... Baita Panticosa inguruko hirumilakoei ere: Picos del Infierno, Garmo Negro, Argualas...


Formigal eski estaziora, eta, bide batez, "zibilizaziora" iristen.


Eta eskuarekin zer gertatu zen? Hurrengo egunetan ubeldurek izaten dituzten kolore-sorta ezberdinetatik pasa ondoren hantura jaitsi baina mina ez zitzaidan joan. Hamar egun beranduago badaezpada ospitalean erradiografia egin eta hezurrik hautsita ez nuela baieztatu ninduten. Minez jarraitzen nuenez azkenean Gorka Eraso konfidantzazko fisioarekin txanda eskatu eta trapezio hezurrean bihurritua izan nuela baieztatu (lesio hau esku-pilotariek izaten omen dute) eta bi-hiru asteetan ferula batekin ibiltzea gomendatu dit.

Ea eskua osatzen den, Aconcaguan beharra izango dut eta!!!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina