AZKEN 10 SARRERAK

2017/01/25

AKETEGI ERPINA (1.545 m) NARDAGAIZTOTIK, "BIZKAITARREN KOXKOBILOK" IRTEERA 2017/01/21

"Xabi!! Zelan?? Aconcaguan abentura politte ezta? Larunbatean Aketegira goaz... Seguraski 4X4an igoko gara, nola ikusten dozu?" Izan ziren ostegun gauean Gotzonek bidalitako mezuak. Berarekin beste hainbat mezu elkarbanatu ondoren larunbat goizerako gelditu ginen: hitzordua, Zegamako apeaderoan goizeko 7:30etan.

Anaia eta biok oraindik Aconcaguako mozkorraldia genuen arren Aizkorriko kanaletan sartzeko irrikitan geunden, "gure Telera txikira" itzultzeko gogo biziz, Aconcaguaren abentura nolabait itxi eta kapitulu berri bat idatzi nahiko bagenu bezala.

Honetaz aparte Gotzonekin Aizkorrin zerbait egiteko gogo biziz nengoen. Beriainen Ikerrekin batera hiruok eskalatu genuen Moteaundiko kanaletik elkarrekin ezer egin gabe genuen eta mendiko lagunak zaindu egin behar dira, jejeje.

MAT-eko Whatsapp-a dantzan jarri eta Leku ere etorriko zela esan zigun, Asier ordea lagun batekin geldituta zegoen Iralarrainardeara joateko eta oraingoan kale egingo zuen. Josuk dagoeneko hotzarekin zerikusia duen edozein irteeraren inguruan ezer jakin nahi ez zuela aspaldi esan zigun, jejeje.

Azkeneko asteetan 25 kg inguruko motxilak bizkarrean eramatea ohituta, 25 litroetako motxila bete eta etxean jarri nuenean oso arin nindoala iruditu zitzaidan: "joer, traste guztik sartu eta pisuik eztauket eta" pentsatu nuen zerbait ahaztuta izango banu bezala. Larunbatean konturatuko nintzen ahaztu nuen hori kaskoa izango zela.

Larunbat goizean goiz jaiki eta Leku jaso ondoren apeaderoko bidea hartu genuen. Gotzon bere aldetik, azken hilabeteotan soka-lagun duen Egoitz eta Julenekin etorri zen, Eibartarra lehena Ermuarra bigarrena. Julenek esan zigunez, bere lehen korridorea izango zen: "Aizkorrin?" Galdetu nion, "ez, nire lehena, lehen aldia da korridore batean sartzen naizela", "joer, hoi da estrenoa izan behar dezuna" esan nion. Apeaderoan ohiko aurkezpen azkarren ondoren Itzubiagako bordara zuzendu ginen.

IBILBIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "bizkaitarren koxkobilok" irteeraren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Jarraitutako ibilbidea "Eskirol" irteera egin genueneko bide bera da, hau da, Nardagaizto lehenik igota. Izan ere gure asmoa "Eskirol" irteeratik irtetzea izango zen, baina "bizkaitarren koxkobilok" ikusi genuenean ez genuen bitan pentsatu ere egin. Hau dela eta, "Eskirol" irteera egin genuenean bertaraino nola iritsi azaldu nuenez, hemen honen ingurukorik ez dut zehaztasunez azalduko.

Irteera hau non dagoen ideia egiteko, "Eskirol" irteerara eramaten duen elur maldaren azpian jarri eta gora begiratzen badugu lau irteera posible ikusiko ditugu: ezkerrean "Eskirol", parean "2X1", honen eskuinean "Batida" eta hauen eskuinean "bizkaitarren koxkobilok".

Nahiz eta Nardagaiztotik igo, Aketegi Erpineko Ezkerreko kanaletik ere igotzerik badago, gainera kanal hontatik igotzen bagara igoera zuzenagoa egingo dugu.

"Bizkaitarren koxkobilok" irteeraren krokisa.


"Bizkaitarren koxkobilok" azpitik ikusten dena baino tenteagoa da. Hasieran eskuinera doan 4-5 metroetako zeharkalditxo diagonal bat egin behar da (50-55º baina eskuekin eutsi ahal izateko harkaitzak daude) harkaitz baten azpian gelditu arte. Zeharkalditxo honen ondoren gora zuzen jarraituko dugu 65 graduetara iristen den elur mingaina eskalatuz. Igoeraren bi aldetan harkaitzak ditugu igoera hau babestu nahi bada asegururen bat jarri ahal izateko, baina hala ere aseguratzeko aukera ugaririk ere ez dauka.

Irteeraren nondik norakoak.


Jarraitu aurretik esan nahi dut topatu genuen elurraren kalitatea beharbada azken urteotan izan dugun gogorrena izan zela (tarteren batean izotza ere bazegoen) eta honek irteera eskalatzeko aukera eman zigun. Aizkorrin izaten den ohiko elurrarekin ez dakigu hemendik igotzerik izango den, eta igotzekotan irteera oso zaila izango dela pentsatzen dut.

Irteeratik Aketegi Erpina eta Aketegi mendiak igo genituen ertza jarraituz. Aketegitik behera beti jarraitzen dugun jaitsiera jarraitu genuen, hau da, gailurrearen iparraldera jaitsi eta, Iraulera doan ertza gure ezkerrean mantenduz, zeharkaldi bat egin Sakonaundikin bat egin arte. Behin Sakonaundin, kanala jaitsi eta Itzubiagara itzuli ginen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Hasiera batean nondik atera eta Nardagaiztoren egoera nolakoa izango zen ez genekienez, badaezpada eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, bi iltze, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

08:30. Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Materiala prestatu eta "aizkorrista" moduan jantzi ginenean martxan jarri ginen: "Ostia, kaskoa etxen utziet!!!" Oihukatu nuen, "banengon ba motxilan pisu gutxi nula". "Ba kanal hoi eztek ba kaskoik gabe ibiltzekoa, ta gañea hik bakik" erantzun zidan Lekuk ni "animatu" nahian edo, "Kolpez kolpe" irteera egin genuenean sorbaldan jaso nuen harrikara gogoratuz, jejejeje.

Itzubiagako iturria ez zegoen izoztua baina iturriak isuritako urak pistan zentimetro batzuetako izotz geruza bat sortua zuen: "bazpare bazeukeau hemen kontuz ibiltzea ostian bat ez hartzeko" esan zigun Lekuk. Lehen metro hauek kontu handiz egin ondoren izotzik gabeko lekura iritsi eta "normal" ibiltzen hasi ginen. "Normal" esan nahi dut ordurarte pinguino moduan besoak zabalduta eta oreka mantendu nahian ibili nintzen eta, jejeje.

Nardagaiztoren hurbilketan kontu kontari joan ginen Lekuk argazki kamera hartu eta mugitzen zen guztiari argazki eta bideoak egiten zizkion bitartean. Kuriosoa da leku beretik milaka aldiz pasatzerakoan ikusmiren edertasunaren pertzepzioa nola aldatu edo galtzen den: Leku, Iker eta hiruok ingurukoari kasu handirik egin gabe hizketan jarraitzen genuen bitartean, Gotzonek, Txindoki eta Beriain parez-pare azaldu eta mendien atzean eguzkia nola ateratzen zen ikusi zuenean "oain hemen aulki eta kafesne bat eta ez dot besterik behar" esan zigun behin eta berriz begiak erabat irekiak zituela.

Ibilbidearen hasieran.


Konturatu ginenerako Nardagaiztoren oinera iritsi ginen. Leku honek azken urteotan izugarrizko aldaketa jasan du. Lehen, kanala ez zen nabaria eta pagadian galdu egin behar zen lehen erresaltera iristeko. Baina duela hiru bat urte izugarrizko elur-jausia izan eta lehen erresaltetik behera basoaren erdian pasillo bat ireki zen. Egun, Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidetik (hurbilketarako erabiltzen dena) lehen erresaltea garbi-garbi ikusi daiteke.

Elurra gogorra zegoela ikusita kanalaren oinarrian kranpoiak jantzi eta pioletak ateratzea erabaki genuen, igoera errazteko. Elur jausi batek kanala garbituta zuen eta utzitako elur-pilota handietatik (bakarren batek "elur-baloi" izena ere merezi zuen, jejeje) metroak irabazten joan ginen.

Kanalaren lehen metroetan, goian lehen erresaltea ikusi daiteke. Elur jausiek kanala tarteka garbituta zuten. Argazkia Gotzonek egina da.


"Hori da lehen erresaltia?" Galdetu zigun Egoitzek parean genuen horma ikusi zuenean. "Bai" erantzun nion. "Argazkietatik uste neban txikiagoa zala" esan zidan Gotzonek. Parabolt batzuez babestua dagoen horma hau 6a graduaren baitan dagoela komentatu genien: "Ba ez do horren zaila ematen, ez?" Galdetu zigun Egoitzek. "Ba eztakit, gu ez baikea sekula saiau" erantzun nion. "Beti gabiltz igual udan etorriko geala baña ezkea sekula etorri" esan zion Ikerrek.

Lehen erresaltea beste baterako utzita, bere eskuinetik ekidin genuen beti egin izan ohi dugun bezala, dry-lokatzing eta dry-adarring teknikak erabiliz, jejeje.

Lehen erresaltea ekiditeko egiten dugun igoeran. Argazkia Gotzonek egina da.


Elurra amaituta "dry-lokatzing" eta "dry-adarring" egiten, jejeje.


Bigarren erresaltearen azpira iritsi ginenean ordea, erresalte honek duen zatirik labainkorrena elur mingain batek estaltzen zuela ikusi nuen: "Eztek gaizki ikusten, ez?" Galdetu zidan Lekuk. "Ba ez" erantzun nion, "elurre gogorra bazeok erresaltea estuasun handik gabe igotzeik eongo dekela usteiat". "Ni ezkerretio jungo neok zuei goitio argazki ta bideok itteko" erantzun zidan.

Atzetik zetoztenei itxaron gabe erresaltera hurbildu eta pioletak elurrean sartu nituen: "zemuzkoa zeok?" Galdetu zidan Lekuk, "ostia, oso gogorra" erantzun nion, "saiau ingoneok".

Pioletak gorago jarri eta, kranpoiak elurretan sartu ondoren, lurretik metro erdi gutxi gora behera altxatu nintzen elurrak nire pisuari eutsiko zion hala ez ikusteko. Elurrak ongi eusten zuela ikusi nuenean irrifar maltzur bat bota eta gora jarraitu nuen elurrari zentimetroak irabaziz: "Zemuz dau?" Galdetu zidan anaiak erresaltearen oinera iritsi zenean. "De puta madre, azkeneko urtetan eon ezten bezela!!" Esan nion.

Metroak pixkanaka irabaziz elur mingainaren amaierara iritsi nintzen.

Bigarren erresaltean, elurra amaitzen den lekura iristen. Argazkia Gotzonek egina da.


Elurraren amaieran ezkerrean ikusi nuen izotz plakatxo baten gainera pasa eta azken metroak belar eta harkaitz artean zuzen eskalatu ondoren erresaltearen lehen zatitik atera nintzen: "Libreeeee!!!" Oihukatu nien azpitik zetozenei.

Izotz plakatxoaren gainean. Argazkia Gotzonek egina da.


Iker atzetik sartu eta erresaltearen lehen zati hau maisutasun handiz igo zuen: "Zelan dago?" Galdetu zigun Egoitzek, "soka ateratzeko moduan?". "Nik bazpare aterako nuke" erantzun nion.

Egoitzek trasteak prestatzen zituen bitartean Ikerrek erresaltearen bigarren zatia eskalatu zuen: "zemuz dau?" Galdetu nion, "ondo, lokatza oso gogorra dau ta ondo gantxeatzea", erantzun zidan.

Egoitzek igoeran ikusi ez nuen iltze gorri batean express bat pasa ondoren, ezkerrera egin genuen zeharkalditxoaren aurretik beste iltze bat sartu zuen: "bazpare babestuta egoteko" esan zidan. Erresalte honetatik igotzen zen lehen aldia izateko erraztasun handiz iritsi zen nire ondora: "ostia, berea badauka, eta zuek sokarik gabe..." esan zidan. "Bueno, gurea meritu handirik eztauke, hemendio behin baño gehiagotan igo gealako, baña Piriniotako korridoretan eskalatzen ohituta bazare hasieran arraroa ta zalle ittea Aizkorrin ibiltzea" erantzun nion "ta beharbada guk ere soka atera beharko genuke, askotan hemendio gehiegizko konfidantzakin ibiltzen gea ta".

Egoitz bigarren erresaltean. Argazkia Gotzonek egina da.


Egoitz eta biok geunden lekuan bilgune sendo bat jartzeko lekurik ez zegoenez, erresaltearen bigarren zatia eskalatu eta honen eskuinean (azpitik begiratuta) dagoen pago baten enborraren inguruan elkarbanatutako bilgunea muntatu genuen. Motxilan nuen soka behera bota eta Egoitzek Julen aseguratzen zuen bitartean nik Gotzon aseguratu nuen.

Ez dakit soka gainetik eramateak ematen duen segurtasunagatik edo berezko abileziagatik, baina bai Julen baita Gotzon ere erraztasun handiz iritsi ziren bilgunera: "zemuzkoa iruitu zaizue?" Galdetu nien, "oso ona" Gotzonek, "pasada bat" Julenek.

Gotzon bilgunera iristen, atzetik Julen dator.


Bilgunea desmontatu, trasteak jaso eta gora jarraitu genuen.

Bigarren erresaltetik gora kanala egoera honetan zegoen.


Elurra izugarria zegoen, sekula baino gogorragoa, baina hala ere, elur jausien eraginez, erresalte guztiak elurrik gabe zeuden. Gutxienez aurreko egunetan egindako hotzaren eraginez erresalteetako lokatz eta belarrak erabat izoztuak zeuden eskaladatxoak erraztuz.

Iker hirugarren erresaltean.


Julen, Egoitz eta hiruok hirugarren erresaltean.


Egoitz hirugarren erresaltetik ateratzen.


"Zemuz zoaz?" Galdetu nion Juleni. "Buff, kristona gozatzen, uste dot aurtengo harkaitz eskalada atzeratu egin beharko dodala" erantzun zidan irrifartsu.

Hirugarren erresaltea atzean utzita berriro ere elurra zapaltzen.


Argazki honetan argi ikusten da elurra zein gogorra zegoen.


Ahal izan genuen denbora guztian elurra zapalduz igo ginen.


Gotzon ere ederki gozatzen ari zen eta noizik eta behin atzean uzten ari ginen Goierri eta Txindokiri begiratzen zionean lurrean eseri eta: "bista hau, kafe bero bat eta ez da gehiago behar, ezta?" Esaten zuen.

Gotzon ederki gozatuz.


Gotzonen ikuspuntutik egindako argazkia. Argazkia Gotzonek egina da.


Laugarren erresalteari errezeloz begiratu nion, iaz izandako ezustekoa buruan: "Sokaik ateako diau?" Galdetu zidan Lekuk. "Erresalte azpiraño jungo naiz ea elurre nola daun ta esangoizut" erantzun nion.

Julen eta biok laugarren erresaltearen azpira iristen.


Hemen ere elur gogorretik metroak irabazten joan eta erresaltearen zatirik tentenean zegoen elurrean zutik jarri nintzen, erresaltetik gora burua ateraz. Erresaltearen gain osoa elurrik gabe zegoen eta honelakoetan harriak beherakoei botatzeko arriskua izugarria da. Egoera honekin erresaltetik ateratzea ere zaila izaten da eskura gelditzen diren helduleku gehienak harri askeak izaten baitira. Dena den, elurraren gainean zutik nahiko altu gelditu eta elurrak pisuari ederki eusten ziola ikusita erresaltearen kanpoko harkaitz bati heldu eta erresaltetik atera nintzen.

Ni laugarren erresaltean.


Besteak erresaltearen azpira iristen, ni erresaltetik ateratzen ari naiz. Argazkia Gotzonek egina da.


"Piedraaaaaa!!!!!" Oihukatu nien erresaltetik atera nintzenean. Alboetara begiratu eta hemendik kanalaren amaierarte ezkerretik (igoeraren norabidean) elurra zapalduz joaterik bazegoela ikusi nuen. Baina bertara iristeko kanala alderik alde zeharkatu beharra nuen beherakoei harriak botatzeko arriskuarekin: "Oain kontuz ibili ziurrenik harriren bat botakoizuet eta" oihukatu nien. Zeharkaldia arraultzak zapaltzen ari banintz bezala kontu handiz egin eta elurra zegoen lekura iritsi nintzenean "Libreeeeeee!!!!" Bat oihukatu nien.

Nire atzetik pixkanaka besteak azaltzen joan ziren: "pena erresaltiak elurra barik egotea" esan zidan Egoitzek nire ondora iritsi zenean.

Iker erresaltearen lekurik bertikalenera iristen.


Julen irrifartsu erresalteari ematen. Argazkia Gotzonek egina da.


Atzera begirada, laugarren erresaltea goian elurrik gabe zegoela ikusi daiteke. Argazkia Gotzonek egina da.


Denak elkartu ginenean kanaletik atera eta honen ezkerrean (igoeraren norabidean) dagoen pinakulu baten azpira joan ginen atsedentxo bat hartu eta hamaiketakoa egitera.

Egoitz kanalaren irteeran: zein txikiak garen mendiaren handitasunean...


11:05. Pinakulua, 1.200 metro inguru."Ez neban hau espero Aizkorritik, onerako sorprenditzen ari da" Egoitzek. "Gu normalen hala ibiltze gaituk, baña elurre ez pentsa hola eoten dekenik" esan zion Lekuk, "hala da, gaur elurre azken urteotan eon den gogorrena topatzen ai gea" bota nuen.

Ikerrek hamaiketakoa egindako lekuan topatu zuen satitxu izoztua.


Leku pinakuluaren gainean. Argazkia Gotzonek egina da.


Hamaiketakoa egiten.


Gaileta batzuk eta Capuccino beroa hartu ondoren martxan jarraitu genuen. Aketegira zuzen doazen irteerak elurrez oso juxtu zeudela ikusita "Eskirol" irteera aldera hurbiltzea pentsatu genuen: "hoi babesago zeok ta elurrek gehio irauteik" bota zigun Lekuk aurrea hartuz.

Hamaiketakoa egindako pinakulua (argazkian eskuinean) behean utzita.


Hemendik gora elurra, nahiz eta gutxi egon, oso gogorra zegoen, aspaldian ez bezala, eta izugarrizko gozatua hartu genuen bidean topatzen genituen erresalte txikiak eskalatzen.

Zeharkaldira iritsi aurretik eskalatu behar den erresaltean.


Gotzonekin etxetik urrun joan gabe zein aukera eder ditugun eta bizitzak batzuetan ematen dizkigun ezuste eta belarrondokoei buruz hizketan joan nintzen, bizitza segundu batean nola aldatu daitekeen eta esperientzia gogorretatik zenbat ikasten den. Askotan esperientzia latz hauetatik jasotzen dugun ikasketarik handiena ondoan duguna benetan baloratzea izaten da, eta ez da gutxi. Animo Gotzon!!!!!!!!!!

"Eskirol" irteerara iritsi aurreko zeharkaldia ere gogor-gogorra topatu genuen. Ordurako Gotzon kranpoiekin ezeroso zihoan, ekarritako kranpoiak hamar puntadunak eta gainera uhalen bidez lotzen direnetakoak ziren eta, zailtasun teknikorik gabeko ibilbideetarako aproposak, baina geunden lekuan mugitzeko juxtu xamarrak: "Pioletak sartzea dudan lekuetan ondo noa, besoekin indarra egiten dot eta" esan zidan.

Zeharkaldian. Argazkiaren erdian ikusten den kanalatxoa "Eskirol" irteera da. Argazkia Gotzonek egina da.


Zeharkaldia batera egin genuen, aurretik pasatakoen arrastoak gehiago zapalduz Gotzon erosoago ibili zedin. Zeharkaldiaren amaierara iritsi ginenerako besteak "Eskirol" irteeraren oinean zeuden lehen metroak igotzen.

"Xabi, hortio sekula sartuta alau?" Galdetu zidan Lekuk "Batida" irteeren eskuinean ikusten zen elur mingain luze bat seinalatuz, "hire anaiek baiezkoa esateik". "Nik uste baietz, ez?" Galdetu zidan anaiak. "Ba ezetz esango nuke" erantzun nien, "hortio baño eskubirago ateata gerek, baña hortio propio ez".

Zeharkaldiaren amaieran. Goian irteera ezberdinak ikusi daitezke: ezkerrean "Eskirol" goian dauden bi pitzaduretatik ezkerrekoa "2X1" eta eskuinekoa "Batida". "Bizkaitarren koxkobilok" eskuinean gelditzen da. Argazkia Gotzonek egina da.


Leku eta anaiarekin solasaldi hau nuen bitartean Gotzon atzetik iritsi eta Lekuk adierazi zidan irteera bera ikusi zuen: "ikusi dozu zer itsura daben irteera hori?" Bota zidan. "Hortaz ai giñen" erantzun nion. "Eta probatzen badogu?" Bota zidan. Leku eta anaiari begiratu eta ez nuen ezer gehiago esan beharrik izan. Anaiak aurrea hartu eta irteeraren oinera hurbildu zen.

Iker hasieran dagoen zeharkaldiaren amaieran.


Hau guztia gertatzen zen bitartean Egoitz eta Julen "Eskirol" irteeran sartuta zeuden eta bertatik atera zirenean Egoitzi gure asmoen berri eman eta "Eskirol" destrepatuz gurekin saiakera egin nahi zuen galdetu nion: "Ez, lasai, guk goitikan begiratuko doguz" erantzun zidan.

Iker aurrean jarri eta irteera azkar eta garbi eskalatu zuen: "zemuzkoa zeok?" Galdetu zion Lekuk, "elurre oso gogorra ta itteko ondo, baña emateikena baño tentegoa dek" erantzun zigun.

Iker zeharkaldiaren ondoren irteeraren zatirik bertikaleena hasten den lekuan. Argazkia Gotzonek egina da.


Bitan pentsatu gabe Leku atzetik eskalatu eta gure txanda iritsi zen: "inporta zaizu aurretik banoia?" Galdetu zidan Gotzonek, "ez hombre, hoixe behar genun ba" erantzun nion.

Leku bi zati bertikaleen artean.


Irteerararen lehen metroetan diagonalean 55º inguruko malda batean 4-5 metro inguru zeharkatu behar dira harkaitz baten azpira iritsi arte. Kranpoiek ematen zioten konfidantza eskasagatik Gotzon ez zihoan batere eroso eta pioletarekin oinak jartzeko koxka batzuk eginez ahal izan nuen moduan lagundu nion: "Hemendik behera jaisteko orain gaizki, ezta?" Galdetu zidan zeharkaldiaren amaieran. "Bueno, zail xamar ikustet" erantzun nion, "zergatio ez deu goikoei soka botatzeko eskatzen?"

Ikerri soka botatzeko eskatu eta, bilgune bat montatu ondoren Gotzon sokara lotu eta sokak ematen duen segurtasunean konfidantza handiz jo zuen gora: "Xabi, elurra oso ona zeok" oihukatu zidan irteeraren erdian zegoenean.

Gotzon "bizkaitarren koxkobilok" irteeran.


Gotzon atera zenean nire txanda iritsi zen. Sarrerako zeharkaldia amaitu ondoren, bukaerarte doan elur mingaina eskalatzen hasi nintzen. Elurra oso gogorra zegoen eta metroak zailtasunik gabe irabazten nituen, aurrekoek utzitako arrastoak aprobetsatuz.

Lehenengo zati bertikala eskalatu ondoren.


Irteera, Ikerrek esan bezala, azpitik dirudiena baino tenteagoa da eta tarte batean 60-65º-etara iritsi daitekeela esan nuke. Mingainak amaieran erlaitz bat egiten zuen eta hemen ere maldak gora jotzen du. Igoera aseguratzeko aukera ugariak ez nituen ikusi baina inguruko harkaitzeetan asegururen bat sartu daitekeela esango nuke.

Ikerrek goitik badaezpada soka bota zidan: "Ez altzea lotu behar?" Galdetu zidan, "Lasai, oaingoz eroso ta seguru nijo" erantzun nion.

Bigarren zati bertikalaren hasieran.


12:00. Irteeraren amaiera, 1.535 metro inguru.Irteeraren amaieran dauden ezkerreko harkaitzei eutsiz irteeratik atera nintzen: "zeatio etzea lotu?" Galdetu zidan Ikerrek, "ondo nijon, estuasunik gabe" erantzun nion "hau baño irteera okerrok sokaik gabe inda ditteu". "Ya, baña goiko kornisa puskau izan balitz?" Galdetu zidan erantzunik gabe utziz.

Irteeran eskaladarako trasteak jaso eta, zailtasunik guztiak amaituta, Aketegi Erpina lehenik (12:15) eta Aketegi ondoren (12:30) igo genituen, bidean dauden irteera ezberdinak nola zeuden begiratuz. Harrigarria iruditu zitzaigun Nardagaizton gure atzetik beste bi sokada sartu zirela ikustea: "eztet hainbeste kordada kanal hortan sekula ikusi" esan nien. Solasaldi interesgarri baten ondoren Lekuk eta Gotzonek irteerari "bizkaitarren koxkobilok" deitzea adostu zuten, ez dakit ziur zein arrazoiangatik, baina besteok txintik esan gabe onartu genuen, jejeje.

Talde argazkia Aketegi Erpinean.


Aketigitik behera jarraitzen dugun ohiko bidea segi eta Nardasakonera iritsi ginen. Bidean Egoitzek Irauleko orratza eskalatu zuten lehenengoak Eibar kirol elkarteko kide batzuk (J. San Martin, I. Larreategi eta P. Agirregomezkorta) 1955ko apirilaren 8an izan zirela esan zigun: "Gañea orratza eta Iraule arte soka bat utzi zeban tirolinan pasatzeko". Soka oraindik han jarraitzen zuela esan genionean udan orratza eskalatzeko gonbitea egin zigun: "ea zemuzkoa den".

Nardasakonen.Argazkia Gotzonek egina da.


13:30. Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Hurrengo elurteetarako plan berriak egin ondoren Itzubiagako bordara itzuli, eta Zegamako aparkaleku batean Aizkorriri argazkiak eginez irteerari amaiera eman genion. Eguna ederra izan zen, elurra azken urteotan topatu dugun onena, eta gainera primerako konpainian. Ziur naiz Julenek ez duela bere lehen korridorea sekula ahaztuko, jejejeje.

Hala ere, irteeratik irten nintzenean Ikerrek egindako galderak azken egunetan zer pentsatua eman dit: "zeatio etzea sokakin lotu?" Aizkorrin eskarmentu handia dugu eta beharbada honek gure buruan konfidantza handia izatera eraman gaitu, "gehiegizkora" ere esatera ausartuko nintzen. Honek behin baino gehiagoetan nahi baino arrisku handiagoa hartzera eraman gaitu: zenbatetan esango genuen "hor soka atera izan bagenu...". Askotan (gehienetan ere esango nuke) eskaladarako materiala motxilatik atera gabe eramaten dugu eta ez zen gehiegikeri bat izango soka gehiagoetan ateratzea. Beharbada oraindik istripurik izan ez dugulako izango da, nahiz eta ezustekoren bat edo beste izan dugun. Gure segurtasuna, gure bizitza, bide edo irteera bat "a pelo" edo sokarik gabe eskalatzea baino balio handiagoa dauka eta kanaletan sartuta gaudenean horrela baloratu beharko genuke, nahiz eta honek motelago ibiltzera behartu. Denoi gustatzen zaigu mendi irteera baten ondoren etxera osorik itzultzea eta askotan hau ahaztu egiten zaigula esango nuke.

Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, abestiaren egindako hausnarketarekin bat dator, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina