AZKEN 10 SARRERAK
materiala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
materiala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/03/09

PIOLETA: ZEIN AUKERATU?

Alpinista baten irudia burura etortzen zaigunean, nahitaez, piolet bat eskutan, kranpoi batzuk oinetan, soka bat bularraldean jasota, izugarrizko motxila sorbaldetatik zintzilik eta kaskoa jantzita duen alpinistaren irudia etortzen zaigu. Tontakeria badirudi ere, piolet batekin eginiko lehen irteeran gure burua begiratu eta "joer, benetako alpinista baten itsura daukat" pentsatzea denoi pasa zaigula uste dut.

Pioleta erosi behar dugunean denok nahi izaten dugu edozein aktibitate eta egoeratarako balioko diguna erostea, hau da, glaziar, elur, kanal, korridore edota izotz ur-jauzietan eskalatzeko.

Muturretara joaten bagara, erraza da piolet klasiko bat eta “dry-tooling” edota muturreko izotz eskaladarako ultrapiolet bat ezberdindu eta aukeratzea. Baina zer dago bi mutur hauen tartean? Zer da benetan beharko duguna?

Artikulutxo honetan galdera eta zalantza hauei erantzuten saiatuko naiz, ni ere bere garaian zalantza hauetan galduta izan nintzen eta.

PIOLETAREN ATALAK

Hasteko, garrantzitsua da piolet batek dituen atal ezberdinak zeintzuk diren jakitea:

Burua

Pioletaren goiko zatia da, metalezkoa, pioletaren kirtenarekin gurutze bat osatuz elkartzen dena. Buruak era berean bi zati ditu: Pala edo mailua eta xafla.

  • Xafla: Buruaren aurreko zatia da eta hortzak izaten ditu izotz nahiz elur gogorrean hobe sartu eta hain erraz ez ateratzeko. Xafla, izotzetan izan daiteken erorketa baten aurrean erorketa gelditzeko dugun atal nagusiena da. Xaflak “B” eta “T” motatakoak izan daitezke. “B” motako xaflak, “bigun” eta finagoak izanda ere, izotzetan hobe sartzen dira, honegatik, izotz eskaladarako aproposenak izango dira. “T” motako xaflak aldiz, “gogor” eta sendoagoak dira eta izotz eskaladan ez den beste aktibitatetarako aproposak izango dira.

  • Pala edo mailua: Buruaren atzeko zatia da. Bakoitzak bere funtzioak ditu: pala, izotz edo elur gogorrean eskailera-mailak egiteko, harkaitzetatik elurra kentzeko edota elurretan erori ezkero erorketa gelditu ahal izateko erabiliko dugu. Mailua aldiz, harkaitzean iltzeak sartzeko erabiliko dugu batez ere.

Kirtena

Pioletaren heldulekua da eta azpian edota bere osotasunean gomazko babeslekua izaten du, helduleku funtzioak betetzen dituena. Babesleku honek bi funtzio ditu: alde batetik pioleta eskuetatik irrist ez egitea eta bestaldetik pioleta termikoki isolatzea, metalezkoa izanik, hotz handia dagoenean eskularrurik gabe hartzen badugu, izozteak izateko arriskua dugu eta. Hau dela eta, mendizale askok pioletaren burua zinta amerikarraz estaltzen dute eskuak ez izozteko.

Punta edo txurro-a (espaineraz "regatón")

Kirtenaren muturrean dagoen puntari deitzen zaio eta pioleta makulu bezala ibiltzerakoan laguntza handikoa da izotz nahiz elur gogorrean sartzen da eta. Piolet "ulta-teknikoetan" punta hotz txikiz josia egoten da, harkaitzean sartu eta irrist ez egiteko.

Dragonera

Kirtenetik ateratzen den segurtasun zinta eta eskumuturrean lotzen dena, pioleta ez galtzeko. Izotz eskaladan lagungarri izaten da bertatik eta kirtenetik batera tiratu egiten da eta (tiratzeko modu hau trakzioa deitzen da). Dragonerak kirtenari finko lotuta edota “klip” sistema batekin askatu daitezkeenak izan daitezke, mendizalearen erosotasunerako.

Dragoeneren inguruan badago hauen erabileraren aldeko eta kontrakoak: aldekoek trakzioa egiterakoan indarra hobe aprobetxatzen dela diote besoetatik horrenbeste tiratu gabe. Kontrakoak aldiz segurtasunari begiratzen diote: erorketa batean pioletak aske badoaz beraiekin zauriak egiteko aukera gutxitu egiten da, eskumuturrean lotuak badaude aldiz, pioleta aurpegian edota gorputzean zauriak egiteko aukera handiagoa dago.

"Dry-tooling"-ean ezik (hemen orokorrean pioletak aske doaz), dragonerarik erabiltzen ez direnean pioletak arnesera lotuak eramaten dira elastikoak diren bi zintekin. Bi zinta elastiko hauen funtzio nagusiena pioletak ez galtzea eta momentu jakin batean eskalatzailea nolabait eustea dela. Bada zinta hauek aprobetxatuz bilguneak egiten dituenik, baina gogoratu behar da zinta hauen fabrikatzaileek bilguneak egiteko ez dituztela gomendatzen.



Pioletaren atalak.





PIOLET MOTAK

EB-ren UNE-EN 13089:2011 araudiaren arabera pioletak bi motatan sailkatu daitezke:

Teknikoak

Kirtenean “T” bat izaten dute zirkulu baten barruan. Piolet hauek oinarrizkoak baino %35 sendoagoak izaten dira eta izotz eskalada eta alpinismorako diseinatuak daude batez ere. Orokorrean kirtena okerra (zenbat eta teknikoagoa ahalik eta kirten okerragoa), helduleku ergonomikoa, aldatu daitezken xafla oker eta horzdunak eta 50 zm inguruko luzera izaten dute.

Piolet teknikoa.





Basiko edo oinarrizkoak

Hauek klasikoak dira, beti erabili izan direnak. Kirtenean “B” bat izaten dute zirkulu baten barruan. Oinarrizko pioletak glaziar edo malda txikiko lekuetan euskarri moduan edo ibileran laguntzeko diseinatuak daude. Orokorrean kirtena zuzena, helduleku sinplea edo heldulekurik ez, xafla zuzen eta aldaezina eta luzera ezberdinekoak izaten dira, mendizalearen altueraren arabera.

Oinarrizko piolet, basiko edo klasikoa.




Bi mota “ofizial” hauetatik aparte badago hirugarren mota bat ere, etxe komertzialek piolet “misto” bezala izendatu dutena. Piolet hauek itsura eta luzera klasikoa baina kirtena okerra dute. Oinarrizko pioleten erabilera eta 50-60 gradu arteko maldetaraino erabiltzeko diseinatuak daude.

Piolet mistoa izan daitekena, nik momentu honetan honelako bat erabiltzen dut.






ZER IZANGO DUGU KONTUTAN PIOLETA AUKERATZERAKOAN?

Lehenik eta behin, materialaren inguruan aritzen naizen bakoitzean gomendatzen dudan bezala, pioletari emango diogun erabilera erreala definitu beharko dugu. Zein aktibitate egiten dugu batez ere? Malda gutxiko edota glaziarretatik ibiltzen gara? Mendiko eskian aritzen gara? Kanal edo korridore errazak eskalatzen ditugu? Izotz eskaladan aritzen gara? “Dry-tooling” egin behar dugu? Erabilera argi izatea ezinbestekoa da, hankarik ez sartzeko.

Mendian aktibitate bakarra egiten badugu ez da arazo handirik izaten pioleta aukeratzerakoan, arazoak aktibitate ezberdinak egiten ditugunean ematen dira: “buenooo, udan Pirinioetako hirumilakoak egiteko nahi det, baina neguan korridoreak edota izotz ur-jauzi errazaren bat egiteko ere nahiko nuke”. Hau izan zen nire kasuan buru hausterik handiena.

Emango diogun erabileraren arabera, eta errazenetik teknikorena joanda, piolet hauek aukeran izango ditugu:

Glaziarretan zeharkaldiak edota igoera errazak egiteko

Kasu honetan piolet klasikoetara joko nuke zalantzarik gabe. Honelako lekuetan pioleta batez ere euskarri bezala erabiliko dugunez, bere funtziorik nagusiena erorketa nahiz igoera errazetan segurtasuna ematea izango da. “B” motakoak izango dira eta nik ahalik eta arinen erostea gomendatzen dut, baina altzairuzko xaflekin. Irteera mota hauetan piolet batekin nahiko izango dugu. Piolet hau izaten da udan motxilan bazpaere eramaten duguna.

Pioletaren luzera aukeratzeko garaian, zutik jarri, pioleta “gurutzetik” (burua eta kirtena elkartzen diren lekutik) heldu eta gure orkatilaraino iritsi beharko du.


Mota honetako piolet bat izan daiteke glaziarretan ibiltzeko aproposena.


Mendi eskia

Mendi eskirako diseinatuta dauden pioletak itsura klasikoa izanda ere motzak izaten dira. Hauek ere “B” motakoak izaten dira, oso arinak eta 50 zm ingurukoak. Hain motzak izanda, malda handietan euskarri bezala, ustezko erorketa bat gelditzeko edota norbera aseguratzeko erabiliko dira batez ere. Kasu honetan ere piolet batekin nahiko izango dugu.

Mendi eskirako izan daiteken piolet mota: kirten huts eta aluminiozkoa ahalik eta arinena izateko eta burua altzairuzkoa.



Korridore edota kanal errazak, bertikalak jartzen ez direnak

Korridore edo kanal hauek gehienetan 45 eta 55 gradu arteko aldapa gogorrak igotzea eskatzen dute, noizbehinka motza (2 metro inguru) izan daiteken erresaltetxo tenteago bat igoz. Korridore hauetarako piolet mistoak egokienak dira, teknikoak baino luzeagoak izanda, aldapa gutxiko lekuetan euskarri moduan eta erresaltetxoetan, beraien itsura okerra aprobetsatuz, trakzioa eginez igotzeko aukera emango digute eta. Hauetan ere, kasu gehienetan piolet bakarrarekin nahikoa izango dugu.

Teknikoki zailak izan daitezken korridore eta kanalak

Korridore eta kanal hauetan 60 gradutik gorako maldak, hainbat metroetako erresalte bertikalak (elurrarekin, izotzarekin edota mistoak) edota izotz ur-jausi txikiak topatu daitezke. Korridore hauetan ziurrenik eskaladarako materiala erabiliko dugu: soka, iltzeak, izotz-torlojuak, etab. Pioletak tarteka oinez goazela euskarri bezala eta tarteka trakzioa eginez erabiliko ditugu. Egoera hauetarako pioletik egokienak “T” motakoak dira, hau da, teknikoak. Piolet hauek 50-55 cm ingurukoak izango dira, eta kontutan izanda izotzetan ez dugula asko eskalatuko, xafla “T” motakoa ere izatea komeni da. Korridore mota hauetan bi piolet eramango ditugu, bat pala motakoa eta bestea mailu motakoa, iltzeak sartu ahal izateko.

Erabat teknikoa izan gabe kasu hauetan oso baliagarria izan daiteken "Aztar" piolet ezaguna.




Izotz eskalada

Zailtasun gutxiko izotz eskalada baterako aurreko puntuan ikusi ditugun piolet teknikoekin nahikoa izan daiteke. Dena den, badira aurrekoak baino teknikoagoak izan daitezken beste piolet batzuk.

Ezaguna den "Quark" piolet hau mota honetako eskaladarako primeran etorriko zaigu. Momentu honetan anaia eta biok piolet hau erabiltzen dugu piolet tekniko moduan.




Zailtasuna handiagoa bada, pioleten xaflak “B” motakoak izan beharko dira, xafla hauek izotzean hobe sartzen direlako. Mota honetako izotz ur-jauzi teknikoetan pala edo mailua duten pioletak eramatea zentzu handirik ez du izaten, honegatik mailu eta palarik ez duten pioletak ere erabiltzeko joera dago, dragonerekin edota dragonerarik gabe.

Petzl etxearen beste klasiko bat, "Nomic" ezaguna, izotz eskalada teknikoetarako primerakoa. Argazkian ikusten den bezela, pioletak bi helduleku ditu.




Edozein kasuetan, izotz eskaladarako erabiltzen diren pioletek heldulekuan ezproi baten itsurakoa dute, eskuak irrist ez egin eta izotzari ematen zaion kolpean indar handiagoa egiteko.

“Dry-Tooling”

Pixkanaka goruntz doan aktibitate bat da. Hitza, "Dry" (ingelesez lehorra)eta "tool" (ingelesez erreminta edo tresna) hitzen bateratzetik dator. Aktibitate mota honetan izotz eskaladako tresna eta teknikak erabiltzen dira harkaitz-hormak eskalatzeko. Eskalada, harkaitzak dituen pitzadura eta koxkak aprobetxatuz bertan pioletak sartu edota jarrita egiten da. Tarteka izotza ere topatu daiteke, baina ez da ohikoa izaten.

"Dry-tooling"-erako oso teknikoak diren pioletak erabiltzen dira, orokorrean kirtena erabat okerra dutenak. Harkaitzean batez ere erabiltzen denez, xaflak “T” motakoak izango ditu. Kirtenak helduleku ezberdinak izaten ditu eta heldulekuak ere bereziak eta oso ergonomikoak izaten dira. Orokorrean piolet hauek ez dituzte dragonerarik izaten.

"Dry-tooling"-erako piolet prototipoa, beste galaxia bateko pioleta dirudi jejeje.



Ikusten duzuenez pioleten mundua oso zabala da eta aukeraketa egiteko erabakia hartzea ez da erraza izaten. Ekonomikoki arazorik ez baduzue eta neguko aktibitateetan jo ta su bazabiltzate nik bi piolet mota izatea gomendatuko nizueke, klasiko bat eta tekniko pare bat, baina "ultrateknikoa" izan gabe (izotz ur-jauzi oso tekniko edota "dry-tooling"-ean aritzen ez bazarete gabe behintzat).


2013/11/30

MENDIKO BOTAK NOLA AUKERATU






Nire ikuspuntu apaletik mendirako ditugun produktuen artean badira bi kontu eta pazientzia handiz erosi beharra ditugunak: mendiko botak (eta oinetakoak orokorrean) eta motxila. Bi produktu hauetan, duten garrantziagatik, prezioak ahaztea komeni da, nahiz eta bizi dugun egoera ekonomiko txarra hau egiteko onena ez den. Motxilen gainean dagoeneko artikulutxo bat idatzita dudanez (artikulua irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), oraingoan mendiko boten inguruan arituko naiz.

Mendian egiten ditugun ekintza gehienetan (guztietan ez bada) gorputzaren atalik garrantzitsuena oinak dira, lurrera lotu era gorputzaren oreka mantentzen baitute.

Oinak maitasun osoz zaindu beharrean gaude. Kontutan izaten badugu mendi irteera askotan oinei hainbat orduetan egurra emango diegula, gure oinei hobekien egokitzen zaizkien oinetako eta galtzerdiak erabili beharko ditugu, osasun arazoak (oinetako mina, erredurak, artikulazioetan arazoak, etab.) eta istripuak ekiditeko.

Botak erosteko garaian bi aholku emango nituzke: alde batetik denbora hartu eta ahalik eta bota gehien probatu, probatu, probatu eta berriro ere probatu, gure oinetakoei hobekien dagozkionak aurkitzeko, eta bestaldetik, ahal bada behintzat, prezioari ez begiratu, gure oinetara ezin hobe egokitzen diren botak preziorik ez dute eta, eta ziurrenik, epe luzera, merkeak aterako zaizkigu.


BOTAK EGITEKO ERABILTZEN DIREN MATERIALAK

1. LARRUA

Mendian topatu daitezken ia egoera gehienetara (euria, elurra, arkaitzen marruskadura,, etab.) ongi moldatzen denez, behi-larrua da botak egiteko gehien erabiltzen den materiala. Honetaz aparte, larruak beste birtute batzuk ditu: naturala da, erosoa, leuna, transpiratu egiten du, erresistentea eta iraunkorra. Gainera, fabrikatzaile batzuek (egun gehienek) uraren aurkako tratamentua ere ematen diote iragazgaitz bihurtuz.

Animalien larrua zurratzen denean hiru larru mota lortzen dira:

- Lore larrua ("piel flor"): Anatomikoki larruaren epidermisa izango litzateke, hau da, larru azalaren kanpoko geruza. Geruza hau erresistentzi eta kalitate handikoa da, honegatik, goi mendiko botetan erabiltzen da batez ere. Larru hau, jasotzen duen tratamentuaren arabera, bi motakoa izan daiteke:

          - Larru disdiratsua. Kasu honetan larrua ez da ia tratatzen jatorrizko larruaren berezitasunak
                                             mantenduz.
          - Nobuk larrua. Lore larrua lixatu egiten da larruari leun itsura emanez. Modu honetan,
                                      jatorrizko azalaren berezitasunik galdu gabe, larruak transpirazioan irabazten
                                      du. Larru hau merkatuan dagoen garestiena da.

- "Serraje" larrua: Anatomikoki epidermisaren azpian dagoen dermis geruza izango litzateke. Lore larrua baino kalitate baxuagokoa da (baita merkeagoa ere) eta trekking botetan erabiltzen da batez ere.

- "Crupón" larrua. Larruan sakontzen bagoaz azken larru geruza eta kalitaterik baxuena duena. Orokorrean kalitate gutxiko mendiko botetan erabiltzen da edota eskularruak bezelako produktuetan erantsita makuluak irrist ez egiteko.

Larru mota eta kalitateaz aparte, botak duen larruaren lodierak ere zer esan handia dauka. Orokorrean trekking-erako botetan 2-2,5 mm-en artekoa izaten da eta goi mendirako botetan 2.5-3 mm-en artekoa.

Larruzko 3 mm-etako goi mendiko bota. Hau da nik neguan erabiltzen dudanaren modelo bera.


2. EHUN SINTETIKOAK

Mendiko beste produktu askorekin gertatzen ari den bezela, botetan ere ehun sintetikoak pisua hartzen ari dira. Zuntz erabilienak nylon edo poliamida, poliester eta propilenoa izaten dira Cordura®, Kevlar® edota neoprenoa bezelako ehunak sortuz. Ehun hauek larrua baino arin, eroso eta transpirazio altuagokoak izaten dira eta uraren aurkako tratamentua izan dezakete.

Nahiz eta pixkanaka merkatuan erabat sintetikoak diren botak sartzen hasi, oraindik ere gehien saltzen diren botak larru eta ehun sintetikoa nahastuta dutenak izaten dira (bota "mistoak").

Goi mendi edota espedizioetarako bota "mistoa"..



LARRUZKO BOTAK vs BOTA SINTETIKOAK (BOTA "MISTOAK")

Abantailak

- Egonkortasun handiagoa dute
- Iragazgaitzagoak dira.
- Gehiago irauten dute.
- Sendoagoak dira. Kranpoiak erabiltzeko garaian hau garrantzitsua izan daiteke.

Desabantailak

- Astunagoak dira.
- Ez dira sintetikoak bezain erosoak.
- Denbora gehiago behar dute lehortzeko, kasu batzuetan denbora hirukoitza izanez.

3. PLASTIKOA

Historikoki neguko igoeratan, izotz eskaladan eta espedizioetan erabiliak izan dira. Plastikozko botek barruan botin bat izaten dute. Bota gogorrak izaten dira (plastikoa ez baita elastikoa), honegatik aproposak dira izotz eskaladarako. Plastikozkoak izanik, iragazgaitzak  eta gainera kolpeen aurrean gogorrak eta iraunkorrak dira. Azkeneko urteetan merkatutik kanpo egon ondoren, azkenaldian pixkanaka berriro ere sartzen ari direla dirudi.

Plastikozko bota mitikoetako bat.



BOTA MOTAK

Erabilerari dagokionez, mendiko botak hiru motatakoak izan daitezke:

Trekking-erako botak

Bota hauek Frantzian 80ko hamarkadan hasi ziren egiten eta ordurarte mendirako zeuden larruzko bota hastun eta gogorrak ordezkatzen joan ziren.

Erabat larruzkoak edota larru eta ehun sintetikodunak izan daitezke (bota "mistoak"). Era berean botak iragazgaitz izateko tratamentu edota mintzak izateko aukerak dituzte, hala nola, Gore Tex®, Sympatex®, Inner Plus®, etab. Bota hauetako batzuk atzekaldea (espaineraz "caña") baxuagoa izaten dute botak erosoagoak bihurtuz, dena den, leku malkartsuetan botaren atzekaldea oso baxua izatea ez da komeni.

Erdi eta goi mendietan erabili daitezke muturreko hotzik ez badago. Mendian edozein ekintza egiten duen edozein mendizaleren oinarrizko bota da balioaniztuna baita. Orokorrean ez dute pisu handirik izaten, eta EZ DIRA EGOKIENAK KRANPOIEKIN ERABILTZEKO, orokorrean zorua oso flexiblea izaten dute eta.

Trekking-erako bota prototipoa. Ikusten denez, bota hau larru eta ehun sintetikoz egina dago.



Goi mendirako botak

Bota hauek aurrekoak baino koxka bat gorago doaz. Bere erabilera ibilbide teknikoetara zuzenduta doa, bai arkaitzean baita elur nahiz izotzean ere, honetarako boten zorua gogor edo erdi-gogorra izanez. Mota hontako zoruak  kranpoiekin ibiltzeko bota egokienak bihurtzen dituzte.  Materialaren aldetik, larruzkoak, sintetikoak nahiz plastikozkoak aurkitu ditzazkegu isolamenturako geruzarekin edo geruzarik gabe (bota mota hauek muturreko hotza egiten duen egunetan erabili daitezke eta), polainarekin edo polainarik gabe, botinekin edo botinik gabe.

Orokorrean trekking-ekoak baino astun eta gogorragoak, elurrik ez dagoen lekuetan ibiltzeko ez dira oso erosoak izaten, honegatik, bota hauek neguan edota elurra nahiz glaziarretan ibiltzeko aproposak izaten dira.

Mendiko foroetan Piriniotan neguan eta Alpeetan udan erabili daitezken boten inguruan galdetzen denean bota hauei buruz galdetzen da, nahiz eta gaur egun mota hontako botekin, batez ere polainadunekin, Alpeetako mendiak neguan, Andeetako mendiak edota zortzimilakoren bat edo beste ere igotzen diren.

Asierrek goi mendirako dituen polainadun boten bezelakoak.



Espedizioetarako botak

Bota hauek, berre izena dioen bezela, espedizio, eta batez ere muturreko hotz egoeratan, igotzen diren mendietara zuzenduta daude. Honegatik hotzerako isolamentu geruza bat izango dute eta ia gehienek botina eta polaina ere izaten dute.

Espediziotan askotan ikusi ditugun bota klasikoak.



ZER IZANGO DUGU KONTUTAN BOTA BAT EROSTERAKOAN?

Lehenik eta behin, beti esaten dudan bezela, botari eman behar diogun erabilera ongi definitu beharra dugu. Ueli Steck-ek erabiltzen dituen megabota supertxatxi hipertekniko batzuk Aralar edota Aizkorrin ibiltzeko erostea dirua alperrik gastatzea da. Honegatik, ispilu baten aurrean jarri, gure buruari gezurrik ez esan, eta lehendabizi zer bota mota beharko dugun definitu beharko dugu: Trekking egiteko edo goi mendirako?


1. TREKKING BOTETAN BEGIRATUKO DUGUNA

Botaren mihia (espaineraz lengüeta)

Bigungarria eta flexiblea izango da.

Lokarriak

Oso finak izaten ez badira hobe. Mota hontako botetan lokarri fin batek odol zirkulazioa oztopatu dezake, batez ere oso sendo lotzen badugu. Lokarriak lauak baino tubularrak badira hobe, hobe heusten dute eta.

Joskurak

Begiratu joskura guztiak osorik daudela eta batez ere oinetan ez dutela minik egiten. Joskuren kopurua ere garrantzitsua da hezetasuna eta ura hemendik sartzen dira eta.

Botaren punta

Ez ditu behatz puntak ikutuko, bestela behatz puntetan anpuluak eta azkazalak (muturraren kontra emandako kolpeen eraginez) belztuko ditugu.

Botaren atzekaldea

Ez digu orpazurdan minik egingo. Atzekalde baxuko botak leku errazetan ibiltzeko aproposak dira. Leku malkartsuetan ibiltzen bagara atzekaldea altua izatea hobe izango da horkatilak ongi babestuz.

Orpoa

Oso zuzenak edota oso okerrak direnak ekidin, bestela oina botaren barruan dantzan joango baita.

Zorua

Zorua oina baino zabalagoa izan beharko da oreka hobe mantentzeko. Behe eta erdi-mendirako bota baterako hobe malgua bada. Erdi eta goi-mendirako aldiz zoru erdi-gogor bat izango da egokiena. Zoruaren amortiguazioari ere begiratu beharko diogu. Ibilbide motzak egiteko erosi behar baditugu amortiguazioa ez da puntu garrantzitsu bat baina ibilbide luzeetarako (8-10 ordu) zoruak amortiguazio on bat izan beharko du.

Honetaz aparte zoruak dituen takoak nolakoak diren ongi begiratu beharko dugu zoruaren eranskortasuna zenbatekoa den ikusteko. Takoen sakontasuna eta forma garrantzitsua da, igoeran botaren aurrekaldeak eta jaitsieran orpoak heusten gaitu eta. Zoruaren aldeetan dauden takoen forma ere garrantzitsua da zeharkako zeharkaldiak egiten ditugunerako.

Zer da vibram zorua?

1935 urterarte mendizaleak bi motako oinetakoak erabiltzen zituzten: kalamuzko zorua zutenak arkaitzean eskalatzeko eta zoruan iltzeak sartuta zituzten botak izotzean ibiltzeko. Urte honetan, Italiako Punta Rasica mendira igo behar ziren 19 mendizale ekaitz baten erdian harrapatuta gelditu ziren ez atzera ez aurrera, kalamuzko zorudun oinetakoekin arkaitzean irrist egiten zuten eta. Ekaitza pasa zenerako 6 mendizale hipotermiak jota hil egin ziren. Bizirik gelditu ziren mendizaleen artean Vitale Bramani mendizalea zegoen. Bramanik heriotza hauen zergatia aztertzen ari zela ideia original bat izan zuen: oinetakoei gomazko zorua jartzea, erreferentzi bezela kotxeen gurpilak hartuz. Modu honetan Vibram zoru famatua jaio zen. Egun vibram zorua egiteko goma dentsitate ezberdinak erabiltzen dira lur busti nahiz lehorrean botei ahalik eta eranskortasun handiena emateko.

Mintz iragazkaitzik al du?

Udan bakarrik erabili behar baditugu edota euria ari duenean mendira joaten ez bagara, mintz iragazgaitza duten bota batzuk erostea ez du merezi, gure oinen transpirazioan eragina izango du eta. Euri, elur eta eguraldi txarrarekin erabili behar baditugu hobe mintz iragazgaitza badute.

Errefortzurik ba al du?

Bota batzuk muturrean, orpoan edota beste leku batzuetan errefortzuak izaten dituzte sendotasuna eman eta joskuren kopurua gutxitzeko.

Barne-zolak ("plantillak")

Zein itsura duten ongi begiratuko dugu, plantilla on batzuek amortiguazio on bat eta hotzaren aurkako babes on bat emango digute eta. Botaren zoruarekin batera, gure oin eta lurraren arteko geruza isolagarri bat dela kontutan izan beharra dugu.

2. GOI-MENDIRAKO BOTETAN BEGIRATUKO DUGUNA

Bota hauetan batez ere hiru kontzeptu bilatuko ditugu: sendotasuna, isolamentu termikoa eta arintasuna.


Botaren mihia

Trekking-erako botekin esan bezela erosoa eta bigungarria izango da eta bota jarri ondoren ez digu minik emango.

Lokarriak

Lokarriak lotzeko sistema erraza bada eta lokarriak iraunkorrak badira hobe. Lokarriak pasatzen diren uztaiak (metalezkoak nahiz telazkoak) ere begiratuko ditugu eakatsik ote duten ikusiz. Komeni da bota jartzerakoan lokarriak lasatzen diren hala ez ikustea. Trekking-erako botekin esan bezela, hemen ere tubularrak badira, hobe.

Errefortzuak

Botaren perimetro osoak errefotzu bat badu, hobe. Bota gehienek errefortzu hau gomazkoa izaten dute. Honekin batera botaren muturrak errefortzurik ba duen hala ez begiratzea garrantzitsua da, kranpoiekin izotzetan eskalatu eta izotzari ostikoak ematen dizkiogunean eskertuko dugu eta.

Zorua

Gogorra izango da kranpoiak ihes ez egiteko eta zoru gogor batek oinak eginiko indarra botaren muturrera eta kranpoietara hobe garraiatzen duelako. Takoak 4 mm baino handiagoak badira hobe. Takoen itsurari dagokionez, trekking-eko botei buruz esandakoak hemen ere balio du.

Zoruaren muturrean ez dira horrenbesteko takorik egongo arkaitzean eskalatzen dugunean eroso eta seguruago eskalatzeko. Kranpoi automatikoak jartzeko puntan eta orpoan dituzten markak nahiko sakonak diren hala ez begiratuko dugu, eta, garrantzitsuena, guk ditugun kranpoiak botetara ongi egokitzen diren begiratuko dugu. Zoruak amotiguaziorik badu, hobe, baina ez da komeni amortiguazio hau aire amortiguazioa izatea.

Orpoa

Oso zuzena bada, bota gora eta behera mugituko da anpulu eta erredurak sortzeko aukera handituz.

Tratamentua

Mota honetako bota gehienek modu bateko edo besteko tratamentu iragazgaitza izaten dute. Tratamentu termikorik duten hala ez ere begiratuko dugu. Tratamentu termiko oneko botek -25Cº-etako tenperaturetara egokituak egiten dira.

Ikerrek dituen goi mendirako boten bezelakoak. Bota hauek tratamentu iragazgaitzatik aparte, tratamentu termikoa ere badute, kasu honetan Primaloft® geruza bat.



Botaren atzekaldea

Ez da komeni oso gogorra izatea. Bota hauen atzekaldea altua izango da (12-15 zm) eta horkatilak ondo babestuko ditu, baina beraien mugimendua ekidin gabe.

Barne-zola

Nolabaiteko amortiguazio sistema bat izan beharko du, elurra ez dagoen lekuetan mota hauekin ibiltzea ez baita batere erosoa.

Botaren punta

Ez du behatzak ikutuko eta ez da juxtu geratuko bestela izozteak izateko arriskua handiagotzen da.

Polaina

Polaina duten botetan, polaina ixteko sistema (gehienetan kremailera bat) nolakoa den begiratuko dugu, ura hemendik sartuko da eta. Polainadun boten gehiengoak azpitik beroa mantentzeko geruzaren bat izaten dute oso beroak diren botak izanez. Baina bota oso beroak izatea ere bere gauza txarra badu, neguan izerdirik bota ezkero oinak hoztu egingo zaizkigu eta.

Josuren polainadun goi mendirako botak. Bota hauen kremailera oso ona da.



BOTAK NOIZ ETA NOLA PROBATUKO DITUGU?

Goian azaldutako ezaugarriak jakitea ongi dator, baina ez dugu ezer lortuko botak behar den momentuan eta modu egokienean frogatzen ez baditugu.

Egunaren momentua

Botak oinak hazita ditugunean probatuko ditugu, beraz komeni da arratsaldean edota ibilbide baten ondoren probatzea. Oinak hazita ez daudenean probatzen baditugu, behin botekin ibiltzen hasi eta oinak hazten direnean min egingo digute.

Frogatzeko modua

Komeni da botekin erabili behar ditugun galtzerdiak eraman eta botekin probatzea. Bota egoki batzuei etekinik handiena galtzerdi egoki batzuekin aterako diegu. Hau tontakeri bat izan daiteke baina goi mendiko botak udako galtzerdiekin probatzen ari ziren mendizaleak ikusi izan ditut.

Banku batean eseri, bota jantzi eta lokarriak lotu aurretik orpoarekin lurrean joko dugu hainbat alditan oina orporaino joateko. Behin oina orpoan ongi jarria dugunean lokarriak lotuko ditugu.

Botak ongi lotu ondoren behatzak non dauden ikusi beharko dugu. Honetarako botaren punta zanpatuz oinen behatzen amaiera non dagoen antzematen saiatuko gara. Goi mendirako botetan hau egitea zaila izaten denez, badago beste sistema bat: Botari barne-zola atera, lurrean jarri eta gure oina barne-zolaren gaineran jartzea. Modu honetan, bota jazterakoan oina gutxi gora behera non geldituko den ikusiko dugu.

Behin bi botak jantzi ondoren, lotsarik gabe dendan zehar ibili: eskiralak edota aldapatxoak igo, behatz puntetan ibili, orpoetan ibili, makurtu, salto egin eta horkatilak okertuz zeharka ibili. Modu honetan, nahiz eta test xinplea izan, mendian izango ditugun postura gehienetan ibiliko gara eta oina botara nola egokitzen den ere ikusiko dugu. Honetarako komeni da bi botak jaztea oina bat bestea baino handiagoa dugu eta. Baliteke bota bera oin batean egoki joan eta bestean handi edo txikixeago gelditzea.

Ahal dela, nahiz eta batzuentzat garrantzitsuena izan daiteken, botak ez erosi politak direlako, oinetara hobekin egokitzen direlako baizik. Honetarako etxe ezberdinetako botak probatu, probatu eta probatu, eta, batez ere, presarik ez izan erosteko garaian, hobe beste denda batzuetara joan modelo ezberdinak probatzeko erabat konbentzitu ez gaituen bota bat erostea baino.

Adibide gisa, uda honetan Chamonix-en Asierrek bere goi mendiko botak erostera laguntzera joan nintzenean, dendan zeuden goi-mendiko bota guztiak probatu zituen hasieran bi pareak jantziz eta bukaeran oina bakoitzean etxe ezberdineko bota bat jantziz. Bota guztiekin goian azaldutako mugimendu eta ibilerak egin zituen eta ia bi ordu pasa ondoren bota berriak erosi zituen.

BOTAK ZAINTZEKO MODUA

Botak ongi zaintzen baditugu, kontutan izanda batzuen prezioa zer nolakoa den, urteetako inbertsioa egina izango dugu.

Irteera baten ondoren, eta batez ere zikindu badira, ur hotzarekin garbituko ditugu lokatz eta hauts guztia kenduz. Nik zorua eskuila gogor batekin eta botaren kanpoaldea eskuila leun batekin garbitzen ditut. Botak garbitzeko xaboi neutru bat ere erabili daiteke. Behin garbitu ondoren leku epel eta aireztatu batean lehortzen utziko ditugu. Sekula ez utzi botak bero iturri baten ondoan (sua, erradiadorea, etab,) ezta eguzkiaren azpaian, beroak larrua eta itsasgarria kaltetzen du eta.

Botak barrutik hezeak (izerdiagatik) edo bustiak badaude, barne-zola edota botina (badu) atera eta botaren barruan egunkari papera jarriko dugu hezetasuna xurgatu dezan. Egun badira botaren barruan jartzen diren berogailu berezi batzuk (tenperatura epela dutenak) barruko hezedura hau lehortzeko.

Behin bota garbia eta lehorra dagoela, larrua zaintzeko edota iragazgaiztasuna mantentzeko produktuak eman daitezke. Produktu hauek likidoak, kremak edota gantza itsurakoak izan daitezke.

Gantza itsurakoa, nahiz eta fabrikatzaileak hala esan, hobe iragazgaitz ez diren larruzko botetan emanten badugu.

Likido eta krema itsurakoa, botaren inguruan emango dugu, joskurak ongi bustiz. Behin produktua eman ondoren, zapi garbi batekin gehiegizko produktua kenduko dugu. Ondoren, zapi busti batekin botari (batez ere larruzko atalei) dizdira aterako diogu. Produktu hauek erabiltzerakoan kontutan izan behar da larruaren kolorea ilundu egiten dutela.

Behin botak garbi, tratatu eta dizdiratsua ditugunean leku lehor eta aireztatu batean gordeko ditugu. Komeni da botak gordeta ditugun lekuan produktu kimikorik ez egotea, produktu bera edota produkturak sortu ditzazken gasak bota kaltetu dezakete eta.

Barne-zola nahiz lokarriak zahartzen diren ehinean aldatzea ere komeni da hausi edo erabat urratu aurretik.

Amaitzeko ez ahaztu aukeratzen dugun bota bata edo bestea izan, oina zaintzeko bota egoki bati ez diogula etekin osoa aterako galtzerdi egoki bat erabiltzen ez badugu..


2013/11/19

ZER SOKA EROSI?

Aste honetan eskaladarako soka berria erosi dugu. Soka erosteko garaian bueltaka aritu naiz han eta hemen informazio bila erosketarekin asmatu asmoz.

Zer soka erosi beharra dugu? Zeri begiratu behar diogu soka erosterakoan? Nola zaindu behar da? Noiz aldatuko dugu? Artikulutxo honetan galdera hauei erantzuten saiatuko naiz.

Mendiko segurtasunari dagokionez, soka, eskalada, ertz-lerro edota glaziarretan segurtasun elementurik garrantzitsuenetako bat da, kasu askotan garrantzitsuena bihurtuz.

Animalien larruarekin eta espartzurekin egiten ziren soketatik egun merkatuan ditugun ehun sintetikozko soketaraino salto handia eman da, egun merkatuan mota askotako sokak aukeran izanez.





HAINBAT DEFINIZIO INTERESGARRI

Erorketa faktorea

Erorketa faktoreak erorketa ematen den altuera eta erorketa horren energía xurgatuko duen sokaren luzera erlazionatzen ditu. Erorketa faktorea, eroritako metroak eta erorketa gelditzeko erabilitako sokaren luzeraren arteko zatidurarekin lortzen da. Baloreak 0 eta 2 artean izaten dira.

Erorketa faktorea kalkulatzeko formula hau erabiliko genuke:

 f: Erorketa faktorea, H: Eroritako metroak, L: Erorketa gelditzeko erabilitako soka metroak edo behin erorita aseguratzaileraino dagoen sokaren luzera.



Datozen argazkietan erorketa faktore ezberdinetako erorketak ikusiko dituzue.

0,5 erorketa faktoredun erorketa. Normalean mota honetakoak (edo gutxiagokoak) izaten ditugu.


1 erorketa faktoredun erorketa. Hauetan, erortzen ari garen bitartean otoitzaren bat edo beste botatzen dugu.



2 erorketa faktoredun erorketa. Hau da izan genezaken erorketarik larriena. Nik ez dut sekula honelakorik izan, baina pentsatzen dut zure bizia begien paretik pasatzen den erorketa horietakoa izango dela.


Erorketa kopurua

Soka fabrikatzaileak eskeintzen digun datu garrantzitsu bat da.

U.I.A.A. (Nazioarteko alpinismo federakuntza - frantsesez Union Internationale des Associations d'Alpinisme-) eta CEN (Normalkuntzarako Europear Batzordea - espaineraz Comite Europeo de Normalizacion-) erakundeek soken fabrikatzaileek erorketa entseguak egin behar dituztela arautzen dute. Entsegu hauek, bakarkako soken kasuan, 80 kg-etako pisu bat 1,8 erorketa faktorearekin botaz egiten dira. Erorketa kopurua adierazten duen zenbakiak esan nahi duena zera da: kopuru horretatik gora talka indarrak CEN arauak arautzen duen 1.200 kg-etatik gorakoa dela, eskalatzailearen segurtasunaren kalterako.

Talka indarra

Erotzerakoan eskalatzaileak jasotzen duen kolpe indarrari talka indarra deritzaio. Honegatik, indar hau zenbat eta baxuagoa izan, hobe, erortzen den eskalatzaileak bere arnesean kolpe txikiagoa jasoko du eta. Indar hau kalkulatzeko lehenik erorketan sortzen den energía kalkulatzen da eta gero energía honi sokak xurgatutakoa kentzen zaio . CEN eta U.I.A.A. arauen arabera, indar hau bakarkako sokentzat 1.200 kg baino baxuagoa izan behar da eta soka bikoitzentzat 800kg baino baxuagoa.

Matematikoki, eta bakarren batek kalkulatzeko gogoa badu, talka indarra denok buruan dugun formula "erraz" eta "xinple" honen bidez kalkulatu genezake:

F: Talka indarra, m: eskalatzailearen masa, g: grabitate azelerazioa, E: sokaren Young modulua (sokaren elastikotasunarekin erlazioa dauka), S: Erabilitako sokaren luzera, f: erorketa faktorea


Erorketa faktore baterako talka indarrak ez dauka erorketaren altuerarekin zerikusirik. Hau da,  talka indarra bera izango da bost metroetatik bost metro soka edo hamar metroetatik hamar metro soka izanda erortzen bagara, bietan erorketa faktorea 1 baita.

Neguan ibiltzen garenean jakin behar dugu busti edota izoztutako soka batek talka energia xurgatzeko ahalmena %70 batean galdu dezakela. Honegatik, gaur egun soka fabrikatzaileek sokei ez bustitzeko tratamentu bat ematen die (Tot Sec, Golden Dry, etab.).

Luzapen dinamikoa

Luzapen dinamikoak indar talka gutxitzen du. Lehenengo erorketan, CEN eta UIAAren arautegian oinarrituta, 80 kg-etako pisuarekin %40etik beherako izan beharra dauka.

Luzapena erabileran

80kg-etako objetu bat sokaren muturrean lotzen denean sokak izaten duen luzapenari deritzaio. Sokaren luzera objetua lotuta dagoela neurtzen da. Luzapen hau garrantzitsua da, eskalatzen bigarren doanak izan dezaken erorketari buruz informazioa ematen digu eta. CEN eta UIAAren arabera %10etik beherakoa izan beharra dauka.


SOKA MOTAK

Elastikotasunaren arabera sokak hiru multzotan banatzen dira: dinamikoak, semiestatikoak eta estatikoak.

Dinamikoak

Beraien funtziorik nagusiena erorketa batean sortzen den energía xurgatzea da. 0,3-tik gorako erorketa faktorea aurrikusten den edozein ekintzatan mota honetako soka erabili beharko litzateke. Soka hauek CEN eta UIAA-ren EN892 arauak arautzen ditu.

Soka hauen funtziorik nagusiena erorketan sortutako energia xurgatzean denez, eskalada nahiz alpinismorako aproposenak izango dira.

Soka dinamikoak aldi berean hiru motatakoak daude: Bakarkakoak (espainieraz “simples”), bikoitzak eta bikiak.

Semiestatikoak

Zintzilik egin beharreko lan edota bertatik igotzeko bereziki sortu dira. Nahiz eta elastikotasun pixkat izan blokeagailu eta behegailuak ongi moldatzen dira soka hauetara. Espeologia, arroil jaitsiera eta lan bertikaleetan erabiltzen dira batez ere. Alpinismoan ere erabiliak izaten dira, batez ere goi mendietan soka finko bezela.

Hauek ere lau motatakoak izan daitezke: A, B, C eta L. EN1891 arauak arautzen ditu. Arau honen arabera, soka hauen elastikotasuna %5a baino baxuagoa izan beharra dauka.

Estatikoak

Soka hauek ez genituen mendian erabili behar ia elastikotasunik ez dute eta. Honegatik, tirolinetan, soka-zubietan eta abentura parkeetan erabiltzen dira. EN564arauak arautzen ditu.

Artikulu honi dagokionez, gehiengoak mota honetako sokak erabiltzen ditugunez, soka dinamikoei buruz bakarrik arituko naiz.

SOKAREN ZATIAK

Sokak bi zati garrantzitsu dituzte:

Arima

Sokaren barruko zatia da eta sokaren erresistentziaren bi heren jasaten ditu. Arima sortzen duten harien arteko lotura motak sokaren ezaugarriak baldintzatuko ditu: Lotura luzeran eta paraleloan bada soka estatiko bat egingo dugu, lotura hariak ezker-eskuin biratzen egiten bada, soka semiestatikoa eta hariak txirikordatzen badira soka dinamikoa.

Alkandora edo zorroa

Sokari ia %40ko erresistentzia emango dio eta bere funtzioa arima babestea da.

SOKAK DUEN INFORMAZIOA

Sokak, bai barruan baita azalean ere informazio ugari dauka, azpiko marrazkian ikusten den bezela:





Sokaren barruan

Banda bat egoten da. Banda honetan sokaren izena, diametroa, soka mota, betetzen duen UIAA eta CEN araua eta soka eginiko urtea azaltzen da. Banda honetaz gain, kolore bateko hari bat topatuko dugu. Hari honek duen kolorearen arabera soka zein urtetan eginda dagoen ere jakingo dugu, goiko marrazkian ikusten den bezela.

Sokaren azalean

Informazioa muturretan izaten dituen pegatinetan gordeta dago. Pegatina hauetan honako informazio hau topatuko dugu:

- Soka mota: Bakarrekoa, bikoitza, bikia nahiz semiestatikoa.
- Sokaren luzera.
- Lote zenbakia.
- Sokaren diametroa.
- Soka egindako urtea.
- Sokak duen tratamentua: uraren aurkakoa, ertz-lerroen aurkakoa, etab.
- Sokak betetzen duen CEN nahiz UIAA araua, EN892 dinamikoetan eta EN1891 esmiestatikoetan eta EN564 estatikoetan.
- Fabrikatzailearen izena.

SOKA DINAMIKOAK

BAKARKAKO SOKAK


Orokorrean poliamidaz eginak 9,1 eta 13 mm diametroen artekoak izaten dira. Beraien funtziorik nagusiena erorketa baten aurrean ahalik eta energia handiena xurgatzea da, honegatik aproposenak dira eskaladarako.

Bere izenak dioen bezela, soka hauek bakarrik erabiltzen dira, zailtasuneko eskalada motz eta zuzenetan arintasun eta erosotasun handia emanez. Honegatik hauek dira "deportiban" erabiltzen diren sokak. Eskalada bideak zuzenak ez direnean, soka hauek ez dira batere erosoak izaten marruskadura handituz eta eskalada zailduz.

Zer dio EN892 arauak soka hauen inguruan?

- Arimaren portzentaia: %50etik gorakoa.
- Alkandora (zorroaren) irristatzea: 20 mm baino gutxiago.
- Luzapena erabileran: %10 baino baxuagoa.
- Talka indarra: 12 KN (1200 kg) baino baxuagoa 80kg-tako pisuarekin.
- Erorketa kopurua: 5 baino gehiago 80kg-tako pisuarekin.
- Luzapen dinamikoa: %40 baino txikiagoa 80kg-tako pisuarekin.


SOKA BIKOITZAK

Orokorrean 8-9 mm artean daude. Soka hauek eskalatzerakoan aseguruetan tartekatuz pasatzen dira, honegatik zuzenak ez diren eskaladetarako aproposak dira sokaren marruskadura gutxituz. Hiru eskalatzaile batera eskalatzen dutenerako ere aproposak dira.

Aseguratzaileak soka bakoitza bere aldetik maneiatzeko aukera dauka. Talka indar baxua izaten dute, eskalatzaile eta aseguruetan egiten duten indarra baxua izanez, honegatik, soka aproposak dira eskalada klasikorako. Bi sokak aseguru berberatik pasatzerakoan talka indarra handiagoa izaten da, honegatik, bi sokak batera aseguru sendoetan bakarrik pasatzea komeni da.

Zer dio EN892 arauak soka hauen inguruan?

- Arimaren portzentaia: %50etik gorakoa.
- Alkandora (zorroaren) irristatzea: 20 mm baino gutxiago.
- Luzapena erabileran: %12 baino baxuagoa.
- Talka indarra: 8 KN (800 kg) baino baxuagoa 55kg-tako pisuarekin.
- Erorketa kopurua: 5 baino gehiago 55kg-tako pisuarekin.
- Luzapen dinamikoa: %40 baino txikiagoa 55kg-tako pisuarekin.

SOKA BIKIAK

8-8,5 mm-en artean daude. Hauetan ere bi soka batera erabiltzen dira baina bikotzekin alderatuta, bi sokak aseguru guztietatik batera pasa behar dira, modu honetan talka indarra handituz. Honegatik aseguruak sendoak ez diren kasuetan hobe da mota honetako sokarik ez erabiltzea.

Bakarkakoen aurrean arinagoak dira eta errapel bat egiteko garaian sokaren luzera osoa aprobetsatzen dugu eta ez sokaren erdia  bakarkakoetan gertatzen den bezela.


Zer dio EN892 arauak soka hauen inguruan?

- Arimaren portzentaia: %50etik gorakoa.
- Alkandora (zorroaren) irristatzea: 20 mm baino gutxiago.
- Luzapena erabileran: %10 baino baxuagoa.
- Talka indarra: 12 KN (1200 kg) baino baxuagoa 55kg-tako pisuarekin.
- Erorketa kopurua: 12 baino gehiago 55kg-tako pisuarekin.
- Luzapen dinamikoa: %40 baino txikiagoa 55kg-tako pisuarekin.


Marrazki honetan hiru soka dinamikoak erabili beharko genuen modua ikusteko aukera duzue.



ZERI BEGIRATUKO DIOGU SOKA EROSTERAKOAN?

Soka mota

Lehenik eta behin, materialarekin orokorrean aholkatzen dudan bezela, soka zertarako erabili beharra dugun definitu beharko dugu, soka dinamiko edota semiestatiko bat erosteko.

Dinamiko bat erosi nahi dugula erabakitzen badugu, berriro ere zer erabilera eman behar diogun definitu beharko dugu: Deportibarako? Korridoreetarako? Eskalada klasikorako?

 Sokaren luzera

Guk normalean eskalatzen dugun eskoletako bideek edota eskalatzen ditugun ohiko ibilbideek sokaren luzera definituko dute. Gu eskalatzen hasi ginenean, deportibarako 60 metroetako soka batekin nahikoa zen. Egun, 70 metroetako sokak nagusitzen ari dira, pixkanaka irekitzen ari diren bide berriak 30 metroetatik gorakoak izaten dira eta. Guk erosi dugun azken deportibarako sokak, badaezpada, 80 metro ditu.

Sokaren diametroa

Honek ere buruhauste handiak sortzen ditu. Orokorrean deportiban erabili izan diren sokak 10 eta 10,5 mm tartekoak izan dira eta soka bikoitzen kasuan 8,5 eta 9 mm artekoak. Diametroa aukeratzeko garaian eskalatzaileen pisuek ere zer esana izango dute.

Pisua/metro

Honek sokaren pisua zenbatekoa den esango digu. Zenbat eta arinagoa hobe, gure motxila eta bizkarrek eskertuko dute.

Talka indarra

Zenbat eta talka indar baxuagoa hobe.

Erorketa kopurua

Zenbat eta erorketa kopuru handiagoa hobe. Talka indar eta erorketa kopuruak sokaren iraupen eta gogortasunaren ideia bat emango ditute.

Luzapen dinamikoa eta erabileran

Bi kontzeptu hauek sokaren elastikotasunaren berri emango digute. Gu eskalatzen ibiltzen garen moduak ere hemen zer esanik ere badu, luzapen handiko soka batzuekin erori ezkero "goma" efektua handiagoa izango baita.

Zorroaren irristatzea

Ahalik eta gutxiena bada hobe. Egun Beal etxeak sokaren arima eta zorroa bategin ditu (UNICORE® sistema deitu dio) zorroaren irristatzea 0 mm-etara jaitsiz.

Prezioa

Zenbat eta baxuagoa, hobe. Egun faktore hau izan liteke gehien mugatzen gaituena.

Sokak duen tratamentua

Fabrikatzaile ezberdinek soka ezberdinei tratamentu ezberdinak ematen dizkie: uraren aurkakoa, ertz-lerroen aurkakoa, talken aurkakoa, etab. Soka non eta nola erabili behar dugun badakigu, informazio hau ongi etorri daiteke. Ia kasu guztietan, tratamentu hauek sokaren bizi iraupena luzatuko dute, baina soka garestiago ere bihurtuko dute.

Soka eginiko urtea

Zenbat eta berriagoa izan hobe. Bost urte baino zaharragoa den soka oso zaharra da.

Puntu hauetan azaldutako ezaugarri hauek kontutan izanda buruhausteak bestelakoak izango ditugu, guri hobekien datorkigun ezaugarrien konbinaketa aurkitu arte. Adibide gisa, guk orain erosi dugun sokarako (deportibarako soka bat) zera egin genuen: taula batean zutabeetan sokaren ezaugarriak eta lerroetan soka motak jarri genituen. Ondoren ezaugarri bakoitzerako datu hobe eta okerrenak zituzten sokak koloretan markatu genituen (orlegiz datu hobeak eta gorriz datu okerrenak). Modu honetan bisualki soken konparaketa beste modu batera ikusten da eta soka aukeratzea errazten du.


SOKA NOLA ZAINDUKO DUGU?

Eskalatzen ari garen bitartean

- Soka egina dagoen funtziorako bakarrik erabili.
- Kontuz ibili soka ertz-lerro zorrotzetatik pasatzerakoan.
- Soka ahal den neurrian lurrean ez utzi. Honetarako, eta deportibarako batez ere, maindira bihurtzen diren motxila batzuk badaude lurra eta sokaren artean jartzen direnak. Lurrak eta hautsak soka mintzen du.
- Soka ez zapaldu. Soka sekula zapaldu ez duen eskalatzailerik ez dut ezagutzen baina funtsezkoa da soka ez zapaltzea. Soka zapaltzerakoan lurra eta hautsa sokaren barrura pasa genezake. Honetaz aparte ariman dauden zuntz eta hariak ere puskatu ditzazkegu.
- Soka ez busti. Bai, badakit korridore batean sartzerakoan ezinbestekoa dela, baina ahal den neurrian soka lehorra mantendu behar da.
- Soka bero iturrietatik urrun mantendu. Su bat egiterakoan edota hornilloarekin soka erre edota urtu daiteke.
- Ahal den neurrian eguzkitik babestu edota ahalik eta denbora gutxien izan.

Eskalatu ondoren

- Eskalatzen amaitu ondoren komeni da soka begiratzea ea egoera onean dagoen. Zorroa begiratuko dugu eta ea kozkorrik dagoen hala ez. Azken honek arimaren egoerari buruzko informazioa emango digu.
- Soka jasotzerakoan ahalik eta xuabena jasoko dugu, korapilorik gabe.
- Etxean jaso aurretik, eta batez ere zikina badago, soka garbituko dugu. Soka lehorrean hortarako prestatuta dauden eskuilekin garbitu daiteke. Bustian, urarekin bakarrik, xaboi neutro batekin edota sokentzat bereziki egindako xaboiekin garbitu daiteke. Behin garbitu ondoren, soka zabaldu eta, jaso aurretik, erabat lehortzen utzi beharko dugu.
- Leku fresko eta lehorrean gordeko dugu.
- Soka gordetzen dugun lekuan ez dugu ez gasoil, produktu kimiko edota gasak sortu dezaketen beste produkturik izango.

SOKA NOIZ ALDATUKO DUGU?

- Alkandora nahiz ariman zulorik edo kozkorrik badago.
- Sokak bost urte baino gehiago baditu.
- Erorketa handi baten ondoren, batez ere erorketa faktorea 2koa izan bada.
- Sokak gure konfidantza galdu badu.

Kontutan izan erabilera eta zainketa oker batek, sokaren bizi iraupena dexente jaitsiko duela eta egoera onean ez dagoen soka bat eramateak gure bizitza arriskuan jarriko duela.


2013/08/16

ALPEAK 2013: AMETS BATEN ATZETIK

Orain dela urte asko mendian ibiltzen hasi nintzen. Orduan batez ere Aralarrera joaten nintzen eta bertan "aralarrista" bihurtu nintzen. Denborarekin inguruko mendi altugoetara igo nahi eta Aizkorrira zuzendu nituen nire oinak "aizkorrista" bihurtuz. Aizkorriko ipar kanaletan piolet eta kranpoiekin ere lehen saiakeratxoak egin nituen. Urteak pasa ziren eta Pirinioetarako saltoa emateko prestatu, saltoa eman eta "pirineista" bihurtu nintzen. Hiru Erregen Mailara igo nintzen lehen aldian nire parean zabaltzen zen ikusmirak erabat hunkitu ninduen eta, oraindik ere, Pirinioteako mendi batera igotzerakoan, hunkitu egiten naiz.

2013an, 40 urte betetzen nituen urtean, nire ametsa Alpeetara joatea eta Mont Blanc edo Cervino bezelako mendi bat igotzea zen, honegatik, aurtengo udan aspaldiko amets hau betetzeko planak egiteari ekin genion,  Alpeetara joan eta bertako mendietan gora eta behera aritzea bi mendi hauek, edo gutxienez bietako bat, igotzeko.

Amets hau betetzeko asmoz Iker, Asier, Josu eta lauok igoera ezberdinak antolatzeari ekin genion. Maiatza eta ekainean botatako elurteen ondoren Cervino mendia eta Mont Blanc-era doan Miage-Bionnassay zeharkaldia zerrendatik erori eta gure helburu nagusiena Mont Blanc Goûter-eko bidetik bihurtu zen. Honela ba, plangintza osoa helburu nagusi hau lortu asmoz egin genuen.

"Baina, zergatik Mont Blanc?" Galdetzen zidan batek baino gehiagok, "altuena delako?". Mont Blanc niretzat mendi majikoa izan da beti. Alpinismoa bertan hasi zen eta bertara joatea Jerusalem-era doan sinisdun baten bidaia bezelakotzat izan dut beti. Mendi honen maldetan alpinismoaren historiaren lehen hitzak idatzi ziren eta bertatik pasa dira Lachenal, Terray, Bonatti edo Cassin bezelako alpinista handiak. Beraiek arnastutako airea, beraiek ukitutako arkaitza eta beraiek zapaldutako elurra nik neronek sentitzea izugarrizko zoriontasuna sortaraziko ninduela argi nuen.

Abuztuaren 12an etxera itzuli ginen. Alpeek orain arte izan naizen mendiekin zerikusirik ez dute. Chamonix-era bakarrik ailegatzeak oilo ipurdia jartzen du. Mendizaletasunean beste koxka bat igotzea dela esan izan da beti eta guretzat hala izan da, ez baitute gure Pirinio, Aralar edota Aizkorrirekin zerikusirik. Hemen goimendizaletasuna edonon arnastu eta bizi daiteke, ibiltzeko abiadura motelagoa da, altuerak gorputzean ederki eragiten du, herrietan beroa dagoen bitartean mendian zero azpitik egon zaitezke etab. Bertara "pirineista" moduan ailegatu ginen eta bertatik "alpinista" bezela etorri garela sentitzen dugu.

Esan bezela pirineista izatetik alpinista izatera dagoen koxka igo dudala sentitzen dugu. Eta koxka igoera honetan sentitutakoa ezin da hitzekin azaldu. Jerusalem-era ailegatu naiz, barrena guztiak mugitu zaizkit eta negar egin dut. Eta bertatik bakean itzuli naiz, mendi eta nire buruarekin bakean, nigan, mendizale bezela aldaketa bat eman dela sentituz.

Josu, Asier eta hiruok Chamonix-eko leku majiko batean: Horace-Bénédict de Saussure eta Jacques Balmat mendizaleei eskeinitako estatua. Jacques Balmat eta Michel Gabriel Paccard izan ziren 1786ko abuztuaren 8an Mont Blanc-era igo ziren lehenak. 1760 urtean Horace-Bénédict de Saussure-k 20 talero eskeini zituen Mont Blanc-era igotzeko igoera bat aurkitzen zuen lehenari.



Ametsak betetzeko dira. Honegatik zuetako bakarren batek amets bera izan eta amets hau nola bete daiteken jakin nahi badu, lehen artikulutxo hontan amets hau betetzeko egin genuen antolaketa eta jarraitutako informazioa azalduko dizuet, lagungarri izango delakoan.

EGUNEN ANTOLAKETA

Hasiera batean gure hasierako plangintza hau izan zen:

- Abuztuak 4: Chamonixera joan eta bertan lo egin.
- Abuztuak 5: Mont Blanc-eko tunela pasa eta Italiara joan, Pont-en kotxea utzi eta Vittorio Emmanuelle II aterpera lo egitera joateko.
- Abuztuak 6: Gran Paradiso mendia igo eta Chamonixera itzuli.
- Abuztuak 7: Petite Aiguille Verte mendira igo eta Chamonixera itzuli.
- Abuztuak 8: Mont Blanc de Tacul mendia igo eta Chamonixera itzuli. Aiguille de Midira itzultzeko kosmikoen ertz-lerroa jarraituko genuen (indarrez ongi egongo bagina).
- Abuztuak 9: Tête Rousse aterpera igo.
- Abuztuak 10: Goûter aterpera igo.
- Abuztuak 11: Mont Blanc igo eta Chamonixera itzuli.
- Abuztuak 12: Alpeetako irteerari amaiera eman.

Nahiz eta gure hasierako plangintza hau izan, abuztuak 7 eta 8an Chamonix-en euria bota eta bota aritu zen eta bertatik mugitu gabe egon ginen bi egun hauetan atseden behartua hartuz.

NOLA AILEGATU CHAMONIX-ERA?

Internet-en begiratu ezkero, Chamonix-era ailegatzeko bi bide azalduko zaizkigu: lehena, pirinioen ezkerretik Touluse, Montpellier eta Grenoble hirietatik doana, eta bigarrena Bordel eta Lyon-etik doana. Guk lehenetik joan eta bigarrenetik etorri ginen. Urtean zehar ez dakit baina uda sasoian bigarren bidea gomendatuko nizueke, Mediterraneoruntz doazen frantses guztien kotxe-ilarak ekidingo dituzue eta. Joaterakoan 12 ordu pasa genituen (atsedenaldiak zenbatuta -hirutan gelditu ginen-) eta etortzerakoan 11 orduetara ez ginen ailegatu. 

Bidea luzea eta gogorra egiten da eta zuen ipurdiek nabarituko dute. Guk hiru ordu t'erdi edo lau orduro "txoferra" aldatzen joan ginen.  

NON LO EGIN?

Plangintza hau aurrean izanda, gure lo egiteko lekuak hauek izan ziren:

CHAMONIX

- La Tapia aterpetxea: Aterpetxe hau gure lagun Javik gomendatu zigun eta baita bete-betean asmatu ere. Aterpetxe txikia da, konketadun bi eta lau pertsonentzako logelak, komun eta dutxa amankomunak (lau logelentzako bi eta bi), traste guztiak dituen sukaldea (bi bitrozeramikekin) sukaldean lasai asko aritzeko, sei kotxentzat aparkaleku txiki bat, WIFI-a eta 6,70 euroengatik gosaltzeko aukera. Gainera bertako nagusia, Marie, pertsona zoragarria da eta ingelesez hitzegiten du (gaztelerarik ez du hitzegiten). Gaueko 18,70 euro ordaindu genuen. Lekua hartzeko, Marie-ri mezu elektroniko bat bidali nion.

La Tapia aterpetxearen aparkaleku txikian.


MENDIKO ATERPEAK

- Vittorio Emmanuelle II, 2735 metro. Aterpe hau Valsavarenche haranean dago eta Gran Paradiso mendira igotzeko erabiltzen da. Lekua hartzeko 0039 0165 95920 telefonora deitu behar da. Bertako nagusiak italianoa eta frantsesa hitzegiten du, nahiz eta espainera zertxobait ulertu. Aterpearen kanpoaldean iturri bat dago eta bertako komun eta konketek ere ura dute. Pentsio erdian egoteagatik bi prezio dituzte: 31 euro logela handi batean lo egiten bada eta 37 euro lau-bost pertsonetako gelan lo egiten bada. Guk lehen aukera hartu genuen. Aterpe honen inguruko informazio gehiago dagokion artikuluan idatziko dut. Aterpea irailaren erdialdetik martxoaren amaierarte itxita egoten da, baina halare zona ireki bat uzten dute. Aterpearen egonaldia eskudiruz ordaindu behar da.

Vittorio Emmanuelle II aterpea.


- Tête Rousse aterpea, 3167 metro: Mont Blanc-eko Gouterreko bidean dagoen lehen aterpea da. Lekua hartzeko interneten bidez hartu behar da, honetarako izena eman eta kontu bat sortuz. Bertako nagusiak espainiera hitzegiten du eta egonaldia kreditu txartelarekin ordaindu daiteke. Dena den, kreditu txartela irakurtzen duen aparatuak "koberturarik" ez badu (guri gertatu zitzaigun bezela), egonaldia eskudiruz ordaindu beharko dugu. Nahiz eta konketak eta komunak izan, bertan ez dago urik eta litro t'erdiko botila bakoitzak 5 euro balio ditu. Honegatik komeni da ahal den neurrian ura Chamonix-etik ekartzea (guk Camelbag-a eta termoa urez beteta eraman genituen). Aterpe honen inguruko zirrikitu gehiago dagokion artikuluan idatziko dut. Telefonoa: 0033 4505 82497. Egonaldien prezioak hemen dituzue ikusgai.

Tête Rousse aterpea.


- Goûter aterpea, 3835 metro. Beharbada Mont Blanc inguruko aterperik ezagun eta bisitatuena inongo zalantzarik gabe. Aurten aterpe berria ireki dute eta aterpe zaharra desmuntatzeko asmoa dago. Lekua hartzeko interneten bidez hartu behar da nahi eta nahi ez, Tête Rousse aterpean gertatzen den bezela, kontu bat sortu behar delarik. Dena den, bataren kontuak bestean lekua hartzeko ere balio dezake. Goûter aterpea da lekua hartzeko gehien kostatu zitzaigun aterpea. Egonaldia gehienez 30 eguneko aurrerapenarekin hartu daiteke eta egonaldia hartzeko ordua goizeko zazpiretan irekitzen da eta lehen bi minutuetan leku guztiak hartzen dira. Lekua hartzeko denbora irabazi nahi badugu, izena eman, kontua ireki, eta gure kontua irekita dugula, goizeko zazpiretan puntu-puntuan lekua hartzen saiatu beharko gara. Baina esan bezela, azkar ibili, bi-hiru minutuen barruan leku guztiak hartzen dira eta. Goûter aterpean espainieraz hitzegiteko arazorik ez dugu izango eta egonaldia kreditu txartelarekin ordaindu daiteke. Tête Rousse aterpean gertatzen den bezela, hemen ere konketetan ez dago urik eta komunetatik datorrena ez da edangarria. Beste aterpeekin egin dudan bezela, honen inguruko zehaztasun gehiago dagokion artikuluan kontatuko ditut. Telefonoa: 0033 4505 44093. Egonaldien prezioak hemen dituzue ikusgai.

Goûter aterpe berria.


KONTUTAN IZATEKO BESTE GASTU BATZUK

AUTOPISTA

Ordiziatik Chamonix-era 78 euro inguru ordaindu genuen ordainsarietan, erregaia aparte.

MONT BLANC-EKO TUNELA

Joana: 40 euro.
Joan eta etorria: 51 euro. Etorria zazpi egunen barruan egin behar da.

IGOGAILU MEKANIKO ETA TRENAK

- Aiguille du Midi-ra doan igogailua: 50 euro joan eta etorria. Igogailu hau Mont Blanc de Tacul mendira igotzeko edo Kosmikoen ertz-lerroa egiteko hartu beharko dugu.

Aiguille du Midi igogailuari buruzko informazioa. Argazkia Chamonix-eko turismo bulegoan atera genuen.


- Les Grands Montets-era doan igogailua: 31 euro joan eta etorria. Igogailu hau Petite Aiguille Verte mendira igotzeko hartu beharko dugu.

Les Grands Montets igogailuari buruzko informazioa. Argazkia Chamonix-eko turismo bulegoan atera genuen.


- Tramway du Mont Blanc trena. 33 euro joan eta etorria Le Fayet-etik (lehen geltokia) Nide d'Aigle-ra (azken geltokia). Tren hau Goûter bidea jarraitzeko hartu beharko dugu.

Tramway du Mont Blanc trenari buruzko informazioa. Argazki hau ere Chamonix-eko turismo bulegoan atera genuen.


Trenaren ordutegia.


ERAMANDAKO BIBLIOGRAFIA ETA MAPAK

Antolatutako guztia aurrera atera ahal izateko honako mapa eta liburuak eraman genituen.

MAPAK

- Gran Paradiso. Carta dei sentieri e dei refugi 1:25.000 101garren zenbakia. Instituto Geografico Centrale-rena. 
- Mont Blanc (Gouter bidea azaltzen dena). 3531 ET St-Gervais-Les Bains, Massif du Mont Blanc, Institut Geographique National-arena.
- Mont Blanc de Tacul eta Petite Aiguille Verte azaltzen den Chamonix-eko mapa. 3630 OT Chamonix, Massif du Mont Blanc, Institut Geographique National-arena.

LIBURUAK

- "Cuatromiles de los alpes por rutas normales". Richard Goedeke. Gran Paradiso mendiaren igoerarako erabili genuen. Liburu honek Goûter-eko igoeran "bolatoki" arriskutsua ekiditeko adierazten duen bidea ez da batere gomendagarria bertatik igotzen diren mendizaleek harri asko botatzen baitituzte dagoeneko harriz josia dagoen "bolatokira".
- "Mont Blanc 4808 m, 5 vías a la cumbre". François Damilano. Mont Blanc mendira igotzeko ezinbesteko liburua. Bertako ordutegiak oso ongi jarriak daude.
- "Alpinismo fácil en el macizo del Mont Blanc". Jean-Louis Laroche eta Florence Lelong. Besteen artean Petite Aiguille Verte eta Mont Blanc mendien igoeren deskribapen ederra dauka. Liburu oso ona iruditu zaigu.

INFORMAZIOA NON LORTU DAITEKE?

EGURALDIA

Eguraldiaren informazioa aterpe guztietan dago eskuragarri. Chamonix-en turismo bulegoan, giden etxean eta botika batean ere irakurgai dago.


Iragarpenak internet-en bidez irakurri nahi baditugu, bi web orri hartu genituen erreferentzitzat.

- Frantziar Alpeentzako: Meteo france. Oso iragarpen fidagarriak eta mendirako propioak diren iragarpenak ere ematen ditu, bai Alpeak baita Pirinioetarako ere.
- Italiar Alpeentzako: Servizio Meteorologico Aeronautica Militare. 

MENDIAREN EGOERA ETA IBILBIDEAK

Mendiaren egoera jakiteko, onena aterpeetara deitzea da. Dena den, Chamonix inguruko mendien ibilibide eta eskalada bideen informazio zehatza Giden Etxean jasoko duzue.

Bestalde, interneten egin behar genituen eta egin genituen igoeren inguruko informazio zabala aurkitu daiteke, GPS-rako track-ak barne.

BESTE INFORMAZIO MOTA 

Chamonix herrian, elizaren ondoan dagoen plazan, turismo bulegoa eta Giden Etxea dago.

Iker eta Asier Chamonix-eko beste leku majikoan, elizaren parean dagoen plaza. Elizaren eskuinean ikusten den etxe grisa Giden Etxea da. Turismo bulegoa plazaren ezkerraldean gelditzen da (ez da argazkian azaltzen).Bi eraikin hauetan informazio ugari topatuko dugu.


Chamonix-en inguruko turismo informazio zabala web orri hontan topatuko duzue.

MONT BLANC-ERA IGOTZEKO TELEFONO ETA DATU INTERESGARRIAK

Argazki hontan Mont Blanc inguruko telefono eta datu interesgarriak ikusteko aukera izango duzue. Argazkia Tête Rousse aterpean atera genuen.



MENDIRA ERAMANDAKO MATERIALA ETA ARROPA

Segidan azaltzen den arropa eta material guztia mendiko motxilan eramaten nuena da, erreferentzi bezela erababili dezazuen.

MENDIKO MOTXILA

- 40 litroetako motxila bat

ARROPA

Burua

- Eguzkitarako txapela.
- Hotzerako "chullo" motako artilezko txapela.
- Eskaladako kaskoa.

Begiak

- Eguzkitarako betaurrekoak.
- Elur-bisutsetarako betaurrekoak.

Aurpegia

- Buff motako zapia.

Gorputza

- Manga motzeko lehen geruza aterpeetara igotzeko eta bertatik jaisteko.
- Manga luzeko lehen geruza lodia mendien gailurretara igotzeko.
- Bigarren geruzarako, geruza bakarreko 100eko forro polarra.
- Windstopper motako bigarren geruzarako txalekoa.
- Luma edo zuntz sintetikodun txamarra.
- Hirugarren geruzarako Gore Tex euritakoa eta haizerako txamarra arina.

Eskuak

- Gore Tex mintzadun eskularru finak.
- Negurako esku larru lodiak.

Hankak

- Negurako galtza lodiak.
- Galtzen gainetik jartzeko euritako galtza-estalkia.
- Polainak.
- Galtza motza arinak aterpeetara igo edota jaisteko.

Oinak

- Negurako galtzerdi lodiak.
- Neguko botak.

MATERIALA

- Eguzki eta ezpainetarako krema.
- Botikina.
- Mapa eta liburua.
- Piolet klasikoa (luzea).
- Kranpoiak.
- Arnes arina.
- Reverso motako jaitsigailua eta segurtasun mosketoia.
- Makuluak.
- Camel-bag motako kantinplora.
- Termo bat.
- Argazki kamara eta bateriak.
- Toalla txiki bat.
- Hortzetako pasta, hortzetako eskuila eta xaboia.
- Zeta zakua. Aterpe guztietan eta aterpetxean beharrezkoa da.
- Frontala eta pilak.
- Labana.
- Janaria: Barritak, gelak, ogitartekoak, etab.
- Aterpeetan aurkezteko erreserba orriak.

MATERIAL AMANKOMUNA (BIKOTE BAKOITZEKO)

- 30 metroetako soka bat Gran Paradiso, Mont Blanc eta Mont Blanc de Tacul-erako.
- 60 metroetako soka bat Petite Aiguille Verte-rako.
- Mosketoi eta express zintak.
- Bagak.
- Friend eta fisureroak.
- Bi izotz torloju.


Hurrengo artikuluetan Alpeetan eginiko eta bizitakoa azaltzen saiatuko naiz, espero dut gustuko izatea.


2012/12/17

ZEIN MOTXILA EROSI?

Aurreko batean motxilaren barruan zer eta nola eraman behar den inguruan aritu nintzen (artikulua irakurtzeko hemen klik egin). Baina, artikulu honetan azaldutako guztia eramateko edozein motxilarekin nahikoa al da? Zer da motxila batean erosi aurretik begiratu beharko duguna? Artikulutxo honekin galdera hauei erantzun bat ematen saiatuko naiz.

Mendirako erabiliko ditugun produktuen artean badira bi kontu eta pazientzia handiz erosi behar ditugunak: mendiko botak (oinetakoak) eta motxila. Bi produktu hauetan, ahal dela behintzat, duten garrantziagatik, prezioak ahaztu beharko ditugu, Bota eta oinetakoen inguruan artikulu propio bat idatzi daiteke eta bigarrengoaren inguruan hemen arituko naiz.

Nire ustez, motxila, botekin batera, mendirako erosi dezakegun gauzarik garrantzitsuena da.


Mendian ibiltzeko motxila on bat izatea ezinbestekoa iruditzen zait. "Motxila on bat" kontzeptuarekin ez dut garestia edota markakoa esan nahi, gure behar eta gorputzera hobekien egokitzen dena baizik. Eta hau ezinbestekoa da: normalean motxila bat erostera joaten diren mendizaleak motxilak dituen xehetasunei begira egoten dira, hala nola, kanpoko poltsikoak, pioletak eramateko zintak, eskiak eramateko zintak etab. badituen, zein itsura estetikoa (ea polita den) duen, etab. Hau gaizki iruditzen zaidanik ez dut esango, baina gauza hauek baino garrantzitsuagoak diren beste gauza batzuk badira, batez ere kontutan izaten badugu bizkarrean ordutan pisu handiarekin eramango dugun gauza bat izango dela, zenbait kasuetan, gure bizkarrezur, aldaka, belaun eta sorbalden kalterako.

"Zer eta nola eraman motxilan" artikuluan adierazi nuen bezela, motxilak egin beharreko funtziorik nagusiena pisua oinetara pasatzearena da, honetarako pisua sorbaldetatik bizkarrezurrera, bizkarrezuretik aldaketara eta aldaketetik oinetara pasa beharko duelarik. Prozesu hau argi edukitzea ezinbestekoa da, gure gorputzean prozesu hau hobekien egiten duen motxila guretzat motxilarik onena izango baita.

Motxila perfektuak pisua zuzenean oinetara eraman beharko luke, sorbalda, bizkarrezurra eta aldakak "kargatu" gabe. Motxila hau oraingoz existitzen ez denez, aldaketan gutxienez karga eramango duen motxila aukeratu beharko dugu, sorbalda eta bizkarrezurrari ahalik eta pisurik handiena kenduz. Honegatik, eta hau da honen inguruan idatzi duten askok (liburu, aldizkari eta internet-en) amankomunean dutena, motxilaren zatirik garrantzitsuena gerrikoa izango da. Baina gerrikoak bakarrik ez ditu mirariak egiten, honegatik motxilaren egitura (forma, tamaina eta armadura) eta xehetasunei (zintak, bizkarra, sorbaldak, poltsikoak eta gerrikoa) ere begiratu beharko diegu, motxilaren gerrikora ahalik eta pisu handiena eramateko pentsatua egon beharko dira eta.

MOTXILAREN EGITURA

Forma

Hemen motxilak duen zabalera, altuera eta diametroa kontutan izango dugu. Motxila luzea eta hestua bada (alpinismo eta eskaladako motxilak honelakoak izaten dira), pisua hobe eramango du aldaketara eta mugikortasun handiagoa emango digu. Dena den, oso luzea bada, eskaladan batez ere, ez digu burua ongi altsatzen utziko, honek sortuko dizkigun eragozpenekin.

Alpinismorako ez diren motxilak (treking-ekoak) zabalagoak izaten dira, batez ere gerrialdean. Honek trasteak motxilaren barruan banatzea erreztuko digu. Motxila zabal hauek eskalada batean mugikortasuna mugatuko digu, baina ez dira honetarako pentsatuta dauden motxilak.

Amaitzeko, gizonezko eta emakumezkoen motxilen formak ere ezberdinak izaten dira. Kontutan izan behar dugu morfologikoki gizonezkoak sorbaldak zabalagoak eta aldakak hestuagoak ditugula emakumezkoaka baino, honegatik motxilak ezin izango dute forma bera izan, eta badira gizon eta emakuzmekoentzat egiten dituzten motxila fabrikatzaileak.

Tamaina edo talla

Motxilaren kapazitatea litrotan neurtzen da, honela, zenbat eta litro gehiago izan, motxila ahalik eta handiagoa izango da. Dena den, litroak neurtzeko garaian fabrikatzaileek motxilak dituen poltsiko guztien bolumenak batzen dituzte. Modu honetan, litro kopuru bereko bi motxila bata bestearen ondoan jartzen baditugu, gertatu daiteke (niri gertatu zait) motxila batean bestean baino gauza gehiago sartu ahal izatea, batak besteak baino "konpartimentu" gehiago dituelako. Normalean, litro kopuru berean, konpartimentu gutxien dituen motxilan gauza gehiago sartuko ditugu.

Bestalde, beste produktu askorekin gertatzen den bezela, motxilek ere tallak dituzte. Motxilaren talla oso garrantzitsua da: motza bada, pisua ez da aldaketara ailegatuko eta pisu hau bizkarrezurraren azken ornoetan eramango dugu bizkarrean min emanez. Motxila handia badugu, bertako karga ere ez da aldaketara ongi eramango eta gure gorputzaren baitan asko mugituko denez errazago nekatu eta lesioak izateko arriskuan izango gara.

Motxilaren talla jakiteko sorbalda eta lepoaren arteko loturatik (zazpigarren ornoa gutxi gora behera) aldaketara dagoen distantzia neurtu beharko dugu.

Erosi behar dugun motxilaren talla jakiteko modua.
Erreferentzi gisa, talla ezberdinen taulatxo bat utziko dizuet bertan talla, sexu eta pertsonaren altueraren arabera zein neurri izan daitezken jakin dezazuen:
Talla------------------- Bizkar luzera (zm)--------- Pertsonaren altuera (zm)
S Emakumezkoa ------------ 40 zm ----------------------150 – 160 zm
S Unisex --------------------- 42 zm ---------------------- 160 – 170 zm
M Emakumezkoa ----------- 45 zm ---------------------- 160 – 170 zm
M Unisex -------------------- 48 zm ---------------------- 170 – 180 zm
M Gizonezkoa -------------- 50 zm ---------------------- 175 – 190 zm
L Gizonezkoa --------------- 55 cm ---------------------- 180 – 195 zm


Motxilaren armadura

Armadura on batek pisua gerrikora ongi eramango du. Armadurari dagokionez, bi motatako motxilak daude, armadura kanpotik eta barrutik dutenak:
  • Armadura kanpotik duten motxilak. Duela urte batzuk alpinistek gehien erabiltzen zituzten motxilak ziren, gaur egun ordea, oso zaila da honelako motxila bat mendian ikustea. Motxilaren inguruan "L" formako kanpo-armadura bat eramaten dute eta harrigarria badirudi ere, karga goian eramateko aukera dutenez, pisua aldaketara hobe eramaten dute. Armadura kanpoan edukitzeak ere bizkar eta motxilaren artean aire tarte bat egoteak dakar, modu honetan motxila hauek "frexkoagoak" direlarik. Motxila hauen desabantailik handiena zuten izugarrizko pisua zen.

Kanpo-armaduradun motxila.

  • Armadura barrutik duten motxilak. Edo gaur egungo motxila gehienak. Motxila hauek bizkarrean material ezberdinetako xafla batzuk izaten dituzte (aluminioa, plastikoa, titanioa, karbono zuntza, etab.) bizkarrari sendotasuna emanez. Aurrekoekin alderatuz hauek duten desabantailik handiena da pisua ez dutela hain goian eramaten, ondorio, pisua aldaketara hain ongi eramaten ez delarik, eta gainera, bizkarraren gainean joaten direnez, bero handiagoa ematen dute, udan bizkarra blai eginda bukatu daitekelarik.
Pisuaren banaketa (astuna, ertaina eta arina) kanpo eta barne armaduradun motxila batean.



Motxilaren armadura orokorrean sendoa izango da eta gure bizkarraren formara egokitu beharko da. Armadura batzuetan egoten diren xaflak gure bizkarrera egokitzeko aukera ematen dute motxila hobe egokituz. Armadura motxilaren zati garrantzitsuenetakoa da, eta nire ustez, pisua eramango dugun motxila batean, ezinbestekoa. Kontuz "ultralight" diren motxila handi batzuekin ez baitute armadurarik izaten, eta hau, karga handia eramaten badugu, gure kalterako izango da.

MOTXILAREN XEHETASUNAK

Zintak

Zinten funtzioaren arabera bi motatakoak ezberdinduko ditugu: motxila hestutu eta motxila gure gorputzera egokitzen dutenak.

Motxila hestutzen duten zinten erabilgarritasuna handia da, batez ere motxila topetaraino beteta ez badoa. Zinta hauen eraginez helburu bikoitza lortuko dugu: Karga konpaktatu, modu honetan motxilaren barruan mugituko ez delarik, eta bestaldetik karga bizkarrezurrera hurbildu, modu honetan bere pisua aldaketara errezago pasako delarik.

Motxila gure gorputzera egokitzen duten zinten helburua, bere izenak dion bezela, motxila gure gorputzaren formara egokitzea da eta motxilaren leku ezberdinetan topatu daitezke, baina batez ere gerrikoan eta sorbaldetako zintetan. Zinta hauek motxilaren pisua bizkarrezurrera hurbildu edo bizkarrezurretik aldentzen lagunduko digute.

Motxila gure gorputzera egokitzen duten gerriko bateko zinten argazkia (zinta gris argi kolorekoa da).


Motxila sorbaldara egokitzen duen zintaren argazkia (gris kolore argia duena). Zinta hau bizkarrarekin 45 gradu eginez (argazkian azaltzen den bezela) eraman behar da motxila ongi eramateko.


Zintekin bukatzeko, badira motxilaren barnean zinta bat ekartzen dutenak. zinta hauek ongi etortzen dira bildutako soka bat lotzeko, modu honetan soka eroriko ez zaigularik. 

Iker Erlabeltzeko puntara ailegatzen soka motxilara lotuta duela.


Bizkarra

Motxilaren bizkarraren lodierak goxotasuna emango digu eta motxilaren barruan dauden traste gogorrek ez digute bizkarrean minik egingo. Dena den, zenbat eta bizkar lodiagoa, motxilaren pisua bizkarrezurretik aldenduko da,  eta beraz, pisua ez dugu aldaketara ongi eramango. Motxilen bizkarrarekin orokorrean gomendatzen dena bizkarraren goiko partean lodiera ez oso handia izatea da.

Sorbaldak

Motxilaren sorbaldei begiratzea garrantzitsua da batez ere motxilaren pisua banatu (lasak eraman ezkero pisua gerrian eramango dugu eta hestut ezkero pisua sorbaldetara pasako da) eta motxila gorputzean egonkortzen dutelako.

Normalean motxila bat erostera joan izan garenean sorbaldetako lodierari begiratu diogu batez ere, zenbat eta lodiagoa izan ahalik eta erosoagoa izango delakoan. Baina begiratu beharreko lehen gauza sorbalden zabalera izan beharko da, honela, motxilaren sorbaldak ahal den neurrian zabalak izango dira (kontuz honekin, sorbalda oso zabaleko motxilak ezerosoak izan daitezke eta) pisua sorbaldan zehar hobe banatzeko eta ez dira oso lodiak izango. Ikusten duzuenez, lodiera bigarren maila batean geldituko litzateke.

Kontutan izan beharreko gauza sorbalden artean bularretik pasatzen den zintarik baduten hala ez ikustea izango da (gaur egun ia motxila denek dute). Zinta honen helburua motxila ahalik eta gutxien mugitzea da.

Poltsikoak eta beste xehetasunak

Beti bezela, motxilari emango diogun erabileraren arabera komeni izango da poltsiko gehiago edo gutxiago izatea. Poltsiko eta zinta asko duen motxila bat errazago katigatuko da baso itxi batean, sasi artean edota eskalatzen ari garela.

Orokorrean, motxila handietan batez ere, niri motxila azpitik irekitzea errezten duen kremailera bat edukitzea gustatzen zait zakua atera ahal izateko. Bestela, beste bi sistema ere gogoko ditut: goitik behera kremailera duten motxilak edota alde batean dutenak. Azken  hauetan, kantinplora kremailera honen ondoan eraman ezkero ez daukagu motxila osoa ireki beharrik kantinplora hartzeko.

Dena den, motxilak zenbat eta kremailera eta poltsiko gehiago izan, ahalik eta errezen busti eta izorratuko da.

Bukatzeko, erdi mailako eta motxila handietan, niri bi porta-piolet edukitzea gustatzen zait.

Bi porta-piolet dituen motxila handia, gehienek hala izaten dute, baina komeni da bazpaere begiratzea.


Gerrikoa

Hasieran komentatu dudan bezela, beharbada motxilaren zatirik garrantzitsuena gerrikoa da, eta bere funtziorik garrantzitsuena motxilaren pisua aldaketara pasatzea da hemendik oinetara pasatzeko.

Gerrikoak orokorrean bizkar aldetatik ederki eutsiko gaitu eta behin lotuta ez dio motxilari erortzen utziko. Honetarako, motxila bat erosteko garaian, erosi baino lehen motxila jarri beharrean gaude eta ahal dela motxila pisuz bete. Behin pisuarekin, sorbaldak askatu eta pisua gerrikoarekin mantenduko dugu gerrikoaren sendotasuna frogatzeko. Hau egitea bakarren bati (niri barne) lotsa emango dionez, beste sistema bat motxila jarri eta lagun bati motxilati beheruntz tiratzeko eskatzea da, modu honetan pisuaren indarra imitatuz eta gerrikoaren sendotasuna ikusiz.

Nik motxila jartzen dudanean, lehenik gerrikoa aldaken gainetik ederki hestutzen dut sorbaldak erabat aske utziz eta modu honetan motxilaren pisu osoa aldaketan jarriz. Behin hau egin ondoren, sorbaldetako eta bularreko zintak hestutzen ditut motxila bizkarrezurrera gerturatu eta bizkarrezurretik gertu oreka mantendu dezan, baina ia ez dut sorbaldetan pisurik eramaten. Pisua sorbaldetara oso gutxitan pasatzen dut, baina gehienetan eskalatzen ari naizela eta ez pisu osoa. Dena den, eskalatzeko garaian, motxilaren barruan gelditzen den pisua ez da hain handia izaten ia trasterik gehienak arnesetik zintzilik eramango ditugu eta.

AZKEN XEHETASUNAK

"Mendiko materiala: benetan behar duguna erosten al dugu?" artikuluan idatzi nuen moduan, lehenik motxila benetan behar dugun eta zertarako behar dugun ongi definitu beharko dugu.

Behin beharrezkoa dugun motxila definitzen dugunean (batez ere tamaina), bat erosi aurretik ahal ditugun guztiak jantzi beharko ditugu eta asko frogatu ondoren gure gorputzera hobekien egokitzen dena aukeratu.

Badira gizon eta emakumentzat motxilak egiten dituzten fabrikatzaileak. Hau kontutan izatea garrantzitsua da, emakumezkoen motxilak forma ezberdina eta gerriko ezberdina (aldakak zabalagoak dituzte eta) izaten dute eta.

Motxila bakoitza gauza ezberdin baterako egina da, eta pisuari dagokionez, ahalik eta gehiago. Alpinismorako motxila arin txiki batean 20 kg eramaten baditugu, ziurrenik  dexente sufrituko dugu. Kontutan izan gehienetan hobe dela pisua ongi banatzen eta batez ere aldaketara ongi pasatzen erreztuko duen motxila astun bat, supertxatximegateknikoa den motxila arin bat baino.

Azkenik, kontutan izan motxila batek urte asko irauten dutela, eta motxila gehienak ederki "amortizatzen" ditugula, honegatik, prezioa alde batera utzita, zuen gorputzen beharretara hobekien egokitzen den motxila erostea gomendatzen dizuet, beti ere ekonomikoki erosteko aukera baduzue. Motxila txar batek (txarrekin ez dut merkea esan nahi) arazoak besterik ez dizkigu emango, bizkar, aldaka edota sorbaldak txikituz eta lesioak eraginez.