AZKEN 10 SARRERAK
punta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
punta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/12/08

ERLABELTZEKO PUNTA ETA TXINDOKI NEGUAN: "ARRASTRAKULOS" KANALETIK, 200 m, M3, 2017/12/06

Ebakuntza batengatik hilabete eta erdi "kietoparau" egon ondoren, zirujauak minik sentitzen ez nuen bitartean kirola pixkanaka egiten hasteko aholkatu zidan, kaiolaren barruan alde batera eta bestera ezinegonean izan den lehoiari atea irekiz. Ez naiz sekula horrenbeste denbora ezer egin gabe egon, lesioak izan ditudanean beti topatu izan baitut sasoirik ez galtzeko ariketa edo moduren bat. Oraingoan ez zen ariketa alternatiborik izan eta lehen egunean bizikletaren gainean jarri nintzenean sasoi falta nabaria nuela atzeman nuen.

Geldirik izandako denboran Desnivel argitaletxeak argitaratu berri duen Steve House eta Scott Johnstonen "Entrenamiento para el nuevo alpinismo: manual para el alpinista como deportista" liburua irakurtzeko aukera izan nuen. Blogean artikulu osoa merezi duen liburu honen ideia nagusiak erreferentzi bezala hartuz, 2018rako begiak jota dudan proiektuari begira datozen hilabeteetako entrenamenduak pazientzi eta kontu handiz antolatu nituen. Zirujauak alta eman zidanean entrenamenduei hasiera emateko irrikitan nengoen arren, badaezpada aste pare bat gehiago atseden hartu eta entrenamenduei hasiera emateko abenduaren lehen astea ezarri nuen.

Abenduaren lehen egunarekin batera udazkeneko lehen elurte "potentea" iritsi zen. Eta a zer nolako elurtea gainera!!! Aspaldian ez bezala, herriko kaleak ederki zuritu eta Aralar eta Aizkorriko harkaitzak elurraren azpian desagertu ziren, merengez estalitako pastelen moduan, itsura borobilduak hartuz. Elurteak hiru egun iraun zituen eta sare sozialak Euskal Herriko zoko zurietako argazki eta bideoz bete ziren, baita inguruko mendietara elurra belaunetik gora egindako igoera "epikoen" kontakizunekin ere, mendizaleon elur gosea agerian geldituz.

Gure aldetik egun hauek patxadakin hartu genituen. Gogoak piolet eta kranpoiak hartu eta Aizkorriko kanaleei bisitatxoa egiteko esaten zigun arren, buruak elurra gogortu arte bizpahiru egun itxaron beharko genituela esaten zigun. Zalantza Asierrek argitu zigun. Elurtearen bigarren egunean eskiekin Otzaurtetik gora abiatu eta Aldaolatik gora hasi zenean buelta hartu behar izan zuen elurraren pisuaz zuhaitzak erortzen hasita zeudelako.

Elurtea pasa eta hurrengo bi egunetan, lehen elur-jausiekin batera, agujetak zer diren gogoratu zidaten lehen entrenamenduak egin eta abenduaren hasieran batzuok izaten dugun zubia iritsi zen. 8tik atzera bigarren elurte bat datorrela iragarrita, 6 eta 7a aprobetxatu beharra nituen.

MATeko beste kideak lanean eta dudan sasoi falta kontutan izanda zailtasunik gabe bakarrik egin nezakeen irteera baten bila hasi nintzen. Baina, nora joan? Aizkorrira ala Larrunarrira? Hor zegoen koxka. Arratsalde osoan buruari bueltaka izan ondoren, etxeko terrazara atera eta eguzkiaren azken izpiek Txindoki nola argitzen zuten ikusi nuenean, erantzuna berehala etorri zitzaidan: "Larrunarrira".

Eguzkiaren azken izpiak Aralarren, 2017ko abenduak 5.


Hasieran Larrunarriren ipar hormari bisitatxoa egitea pentsatu banuen ere, anaiak bigun zegoela esan zidanean "Arrastrakulos"-etik igotzea erabaki nuen: "hemen atsalden eguzkik jotzen dunez, elurre transformauta eongo da", pentsatu nuen. Txarrenean, elurrik izango ez balu, "Plaka Gorrien" azpitik zeharkaldia egin eta Tximista bidetik gailurrera iristeko aukera izango nuela banekien.

Larrunarri azken izpiekin argituta.


"Arrastrakulos", Larrunarriko mendebaldeko horma tapizatzen duten eskalada bideetatik jaisteko erabilitako ohiko kanala da. Belar era harkaitzez estalitako kanal malkarra, kontu handiz ibili beharra dago, batez ere hezea dagoenean, izan ere, bere izenak dioen moduan, ipurdia lurretik oso gertu dugula jaitsi beharra dago bertatik ez amiltzeko. Lehorra dagoenean, eskalada erraza eginez, Erlabeltzeko punta eta Txindokiko gailurrera iristeko modu original eta ederra da. Larrunarri elurtuta dagoenean aldiz, gehien eskalatzen den bidea da, ipar horman ez bezala, bertako elurra azkar eraldatzen delako.

Teknikoki zailtasun handiko kanala ez bada ere, oso dibertigarria da eta kokalekua zer esanik ez, denbora osoan Ausa Gaztelu eta Aizkorriko mendilerroa gure bizkarrean zelatari izango ditugulako. Erlabeltzeko punta eta Larrunarri arteko gandorrak kontu ibiltzea eskatuko digu, batzuetan gainean duen elurra ezegonkorra egoten baita. Elurraren kalitatearen arabera, Larrunarriko gailurrera mendebaldeko gandorra bere osotasunean jarraituz edo ipar horman zeharkalditxo bat eginez iritsiko gara. Osagai hauekin guztiekin nolatan bide hau eskalatzeko motibatuta ez izan?

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 200 metro inguru "Arrastrakulos" hasieratik Erlabeltzeko puntara.
Zailtasuna: M3. Kanalean 65 gradu inguruko bi irtengune motz daude eta kanalaren amaieratik Txindokiren ipar-mendebaldeko gandorrara iristeko zatian III zailtasuneko pausu mistoak egiten dira. Dena den, pausu misto hauek guztiak ekidin daitezke.
Orientazioa: Mendebaldea. Goizean itzalpean dago, nahiz eta kanalaren irteeratik Erlabeltzeko puntara doan zatian eguzkiak jo.
Ura: Larraitzen hartu daiteke
Hurbilketa: Elurraren gogortasunaren arabera kotxea uzten den lekutik ordubete eta laurden gutxienez beharko dugu. Nire kasuan, oso poliki joanda ordu eta berrogei minutu pasa nituen.
Jaitsiera: Larrunarrira doan edozein bidetik, nire kasuan Tximista bidetik.
Eramandako materiala: Bi piolet tekniko, kranpoiak eta kaskoa.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: "Arrastrakulos" hasieratik Erlabeltzeko puntara ordu erdi pasatxo.

Ibilbidea "Wikiloc" web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Puntu zuriz Larrunarrira doan ohiko bidea, gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa. Argazkia duela urte batzuetakoa da.


Krokisa zehatzago. Argazkia duela urte batzuetakoa da.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Bidearen oinera iristeko Larrunarriko "Petrel" edo "Mailenka" eskalada bideak eskalatzeko jarraitu behar den bide bera da, baita Larrunarriko "Plaka Gorriak" sektorera iristeko jarraitu daitekeen bideetako bat ere. Deskribapen zehatz bat hemen irakurtzeko aukera dagoenez, hurbilketaren inguruan ez ditut azalpen zehatzik emango.

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpiak eta erdi jota Larraitzera iritsi nintzen. Eguna oraindik ilun, kotxearen termometroak kanpoan -1Cº markatzen zituen, hasiera batean iragarritakoa baino "bero" handiagoa. Kotxearen epeltasunetik ateratzea pixkat kosta zitzaidan, baina behin kanpoko iluntasunean, trasteak prestatzen berehala hasi nintzen, poliki baina gelditu gabe. Pultsometroa martxan jarri eta, erlojuak sateliteak topatu zituenean, goizeko zortzirak laurden gutxian martxan jarri nintzen.

Bota zurrunekin aspaldi ibili gabe egotea ederki nabaritu nuen eta lehenengo metroetan egindako pausoak oso baldarrak izan ziren. Honetaz aparte, bidea estaltzen zuen izotzak ere ez zidan pausoak "duintasunez" ematen lagundu. Baina hasieratik nire borroka bidearen izotzarekin baino bihotz taupadekin izango nuela ikusi nuen, entrenamendu ona izateko igoera osoa taupada baxuetan egitea nahi nuelako. Ausa Gaztelura doan bidegurutzea alde batera utzi ondoren, bizikletari piñoi pare bat gehiago igo eta, taupadak kontrolpean eramanez, poliki-poliki gora jarraitu nuen.

Ausa Gaztelura (argazkiaren  eskuinean ikusi daiteke) doan bidegurutzea atzean utzi ondoren dagoen indikazio postea.


Poliki igotzetik gehien gustuko dudana izerdirik ez botatzea da. Igoera lasaia egiten ari nuen eta eguzkiaren lehen izpiek Aizkorrin eragiten hasi zirenean, egunsentiaren majiaz gozatzeko minutu pare bat hartu, argazki kamera atera eta Aizkorriri argazki batzuk egin nizkion.

Egunaren lehen argitasun gorriak Aizkorriko mendilerroan, ilargia oraindik zaindari dagoela.


Gertuago... mendian goiz ibiltzearen plazerretako bat hau izaten da.


Urteak ziren Larrunarrira hain poliki igotzen nintzela, baina gutxienez hauspoa lasai zihoan eta gorputza epel, gehiegi berotu gabe.

Larrunarriko mendebaldeko gandorraren oinera zuzentzeko hartu behar den bidegurutzeko langara iristen.


Larrunarriko mendebaldeko gandorraren oinera zuzentzeko hartu behar den bidegurutzeko langa atzean utzi eta ohiko lokaztia zeharkatu ondoren, eskuinean uzten den pinudiaren ondotik jarraitu nuen. Harritu ninduen lokatza izoztu gabe egotea eta goian tenperaturaren alderantzikatzea izango ez ote zenaren beldurra nagusitzen hasi zitzaidan.

Pinudiaren ondoan.


Pinudia atzean utzi eta ezkerrean dagoen hesiaren amaierara iritsitakoan Larrunarrira doan ohiko bidea utzi eta, "Arrastrakulos" bidearen eskuineko monolito nabaria erreferentzi bezala hartuz, zuzen hasi nintzen goraka.

Larrunarrira doan ohiko bidetik egindako argazki honetan gutxi gora behera jarraitutako bidea marraztu dut.


Maldan gora hastearekin batera, ordura arte kontrolpean izandako bihotz taupadak gora hasi ziren. Ordura arteko abiadura "motela" ahalik eta gehiago moteldu eta, taupadak jaitsi nituen. Egia esan taupadak jarritako mugen barruan kontrolpean eramatea ez zitzaidan lan erraza egin, batez ere, maldaren lehen metroetan arrastoa irekitzen joan behar izan nuelako.

Poliki-poliki Txindokira doan ohiko bidea behean uzten, irekitako arrastoa ikusi daiteke.


Igoeraren eskuinean dagoen gandortxoan elur gutxiago zegoela ikusita, zeharkalditxo bat eginez pixkanaka bertara hurbildu nintzen. Elur biguna topatzen nuen bakoitzean taupadek gora jotzen zuten bitartean, elur gogor nahiz harkaitz gainean egindako zatietan nahi nuen mugen barrura eramaten nituen. Taupaden jolas honetan entretenitua, irabazitako metroak eta denbora pixkanaka pasatuz joan ziren, gandorrera iritsi nintzen arte.

Gandorretik egindako argazki honetan "Arrastrakulos" bidearen igoera ikusi daiteke.


Oraingoz oso ongi nindoan, nekatu gabe, izerdirik bota gabe, ingurutzen ninduen ixiltasunaz estali eta babestua. Metroak irabazi ahala, Ausa Gaztelu pixkanaka nire azpian gelditu eta honen atzetik Aizkorriko mendilerroa bere osotasunean azaltzen hasi zen.

Ausa Gaztelu eta Aizkorri mendilerroa.


Gertuago.. Hantxe gure Telera txikia, jejeje!!!.


Gandorretik gertu mantenduz metroak errazago irabazi nituen nire ezkerrean mendizale batzuek utzitako arrastoa ikusi nuen arte. Bitan pentsatu gabe arrastora hurbildu eta hemendik gorako metroak ongi zapaldutako bidetik jarraitu nituen.

Arrastoa jarraituz.


Arrastoek gandorra goitik behera mugatzen duten barratxoek osatutako ilaratik gertu mantendu ninduten, "Arrastrakulos" bidearen eskuineko monolito nabariaren oinera iritsi nintzen arte.

Barratxoetako bat, atzean monolito nabaria.


Monolito nabaria. Honen ezkerrean "Arrastrakulos" kanala dagoen bitartean, eskuinetik zailtasun bereko beste kanal bat ere eskalatu daiteke.


Arrastoek monolitoaren eskuinera zihoazela ikusita, orain arteko bidea utzi eta, eskuinera zeharkalditxo bat egin ondoren, "Arrastakulos" kanalaren oinera iritsi nintzen. Larraitzetik hona pasatako denbora? Ordu eta berrogei minutu lasai-lasai eta inongo izerdirik bota gabe.

Elur-jausiek utzitako elur bola handi batzuetatik igo eta, elurrik gabeko harkaitz bat lokalizatu nuenean, "alpinistaz" mozorrotzeko bertara zuzendu nintzen. Motxilatik kaskoa, eskularru iragazgaitzak, euritarako txamarra, eguzkitarako betaurrekoak, piolet eta kranpoiak atera eta orain arte erabilitako makulu eta jantzita eramandako eskularruak eta txalekoa gorde nituen. Trago luze bat ur hartu ondoren berriro martxan jarri nintzen.

Bidearen hasieran, "Arrastrakulos" erdi-erditik doan kanala da. Bidea aspaldi marra orlegiz adierazita zegoen. Egun, harkaitzaren batean, argazkian ikusten den moduan, oraindik marra horien arrastoak ikusi daitezke.


Hemendik aurrera bihotz taupadez ahaztuko banintz ere, ahal zen neurrian ahalik eta polikien eskalatzea erabaki nuen, inongo momentuan arnasestuan izan gabe. Lehenengo metroen ondoren, elurraren kaliltatea ona zela egiaztatu eta eskaladari gogoz ekin nion.

Kanalaren lehen metroen ondoren behera egindako argazkia.


Izandako elur-jausien ondorioz kanalean ez zegoen oin arrastorik eta honek izugarri poztu ninduen: "Ze ona!!!! Kanal osoa netzako ta gañea arrastoa irekitzen" pentsatu nuen.

Igoerarekin ederki gozatzen nindoan. Kanalak duen lehen irtengune motzera iritsi nintzenean bertan elurra bigunago zegoela ikusi nuen. Lehen irtengune hau metro pare bat eskas izango ditu. Irtengunearen goiko aldean elurra oso gogorra zegoela ikusita pioletak sendo sartu eta hormatxoan oinekin maila pare bat egin ondoren irtengunea erraz eskalatu nuen.

Pioletak sendo lehen irtengunearen gainean sartuta.


Lehen irtengunea eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Lehen irtengunea atzean utzita, metro batzuk gora egin eta bigarren irtengunearekin topo egin nuen. Irtengune hau lehenengoa baino zertxobait handiagoa bada ere aurrekoaren zailtasun bera dauka. Hemen ere elurra zertxobait bigunagoa topatu nuen baina irtengunearen goiko zatian elurra gogorra zegoela aprobetxatuz, zailtasun handirik gabe eskalatu nuen

Bigarren irtengunea azpitik ikusita. Argazkian ez da oso nabarmen ikusten.


Bigarren irtengunea eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Bigarren irtengunea eskalatuta, maldak behera egin, goian dagoen hormara pixkanaka hurbiltzen joan eta eskuinera hartu nuen kanaletik ateraz. Kanaletik ateratzeko 3 metro inguruko hormatxoa (II-III) eskalatu nuen, baina hormatxo hau bere eskuinetik ekidin daiteke.

Kanalaren amaierara iristen. Kanalaren amaieran elurrik gabe ikusten den hormatxoa da eskalatu nuena.


Kanalaren amaieratik behera egindako argazkia, ezkerrean monolito nabariaren gailurra ikusi daiteke.


Kanaletik aterata eguzkiak gorputza ederki berotu zidan. Euritako txamarra eta eskularru iragazkaitzak kendu eta, hemendik gora elurrean baino harkaitzean gehiago eskalatuko nuela jakinda, kanala arte jantzita eramandako eskularru finak jantzi nituen. Geldialdi hau eguzkiaren beroaz gozatu, bertatik dagoen ikusmiraz gozatu eta trago bat ur hartzeko ere aprobetxatu nuen.

Aizkorriko kanalak, aurtengoa urte ona izango denaren susmoa daukat.


"Arrastakulos" kanaletik kanpo Erlabeltzeko puntara iristeko aukerak anitzak dira. Eskuinera zeharkaldi bat egiten badugu igoera errazagoa da. Nik gora zuzen jo nuen, elurrik gabe hainbatetan igotako bidea jarraituz. Igoerak zailtasun handirik ez dauka eta harkaitza trinkoa eta paregabea da. Denbora osoan II-III zailtasuneko eskalada misto entretenigarriak ditu eta gainera inongo momentuan ez dago bertikaltasun sentsaziorik.

Lehenengo eskaladatxoen ondoren.


Eskaladatxoen amaierara iristen, eskuinean Txindokiko gailurra ikusi daiteke.


Eskaladatxoen amaierarekin batera Txindokiko mendebaldeko gandorrera iritsi eta hemendik 30 metro eskas ibili ondoren Erlabeltzeko puntara iritsi nintzen. Kanalaren hasieratik Erlabeltzeko puntara iristeko pasatako denbora ordu erdi pasatxokoa izan zen.

Erlabeltzeko puntara iristen, atzean Txindokiko gailurra.


Erlabeltzeko puntan ez nintzen denbora luzean izan. Ikerri gailurraren argazki bat Whastapp-ez bidali, dena ongi zihoala esan eta argazki kamerakin argazki batzuk egin ondoren, aurrera jarraitu nuen.

Erlabeltzetik Larrunarriko gailurrera iristeko bien arteko gandorra jarraitzea besterik ez da. Dena den, elur kantitate eta kalitatearen arabera, zati batzuetan saihesbide ezberdinak jarraitzen dira, gandorraren ertzean egoten den elurra batzuetan ezegonkorra baita.

Erlabeltzeko puntatik Larrunarrira gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Kontu handiarekin, gandorraren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz, gandorrari metroak irabazi nizkion, Erlabeltzeko punta pixkanaka nire azpian geldituz.

Erlabeltzeko punta eta Larrunarriko itzal ikusgarria.


Oraingoan, gandorraren amaieran Larrunarriko gailurrera eramaten duen bloke nabaria zuzen eskalatu beharrean, honen ezkerretik Txindokiko ipar hormaren azken metroetara zeharkaldia egin eta bertako elur bigunetik igoz gailurrera iritsi nintzen. Erlojuak hamaikak hogei gutxi markatzen zuen.

Gandorraren azken metroak. Argazkian bloke nabaria eta hau ekiditeko Larrunarriko ipar horman egindako zeharkaldia ikusi daitezke.


Larrunarriko gailurraren aurretik dagoen bloke nabaria. Puntu zuriz normalean jarraitzen den bidea adierazi dut, gorriz aldiz, oraingoan jarraitu nuena.


A zer nolako harridura begirada bota zidan gailurrean zegoen gizonak, jejeje!!! Txundituta begiratu ninduen, "nundio azaldua tipo hau?" pentsatzen arituko balitz bezala.

Larrunarriko gailurrera zoratzen iritsi nintzen. Nahiz eta apala izan, eskaladak ematen didan pake sentsazioa berriro ere sentitzeko aukera izan nuen, mendiarekin berriro ere bat egiten nintzela somatuz. Poliki igotzeagatik indartsu sentitzen nintzen eta kanala izugarri gustatu zitzaidan, pena motza izatea. Etorkizunean ondoan dituen beste kanaltxoak eskalatzeko aitzaki galanta, bai jauna!!!

Gailurrean ez nuen denbora luzerik pasa. Kaskoa eta pioletak jaso, argazki batzuk egin eta, trago bat ur edan ondoren, kranpoiak kendu gabe beherako bidea hartu nuen.

Larrunarriko zaindaria.


Hasiera batean ohiko bidetik jaisteko tentatua izan banintz ere azkenean Tximista bidetik jaistea erabaki nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan jaitsieran ikusi nituen mendizale pilatik kranpoiekin 3-4 bakarrik ikustea. Makuluekin ere ez nituen asko ikusi. Nahiz eta etxe ondoan izan, eta beharbada horregatik, inguruko mendiek neguan duten arriskua gutxiesten dugula pentsatu izan dut. Inori ez zaio okurritzen Pirinioetara neguan kranpoi eta pioletik gabe joatea, baina Aizkorri eta Aralarren askotan ikusten den irudia kranpoirik gabeko mendizalea da.

Tximista bidean behera.


Tximista jaitsi eta ohiko bidearekin bat egin nuenean bideak zuen arriskuaz ohartu nintzen. Ehundaka mendizalek zapaldutako bidea erabat izoztua zegoen, ez dut imajinatu nahi mendizale askok jaitsieran pasako zituzten komeriak.

Tximistaren azpitik egindako argazkia. Argazkiaren erdi parean monolito nabaria ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean eguzkitan, Tximistan gora doazen mendizaleak.


Kranpoiak Oria iturritik nahiko beheran nengoela kendu nituen, igoeran ohiko bidea hau utzi nuen lekura iristear nengoela.

Martxan jarri aurretik gora begiratu eta "Arrastrakulos"kanalari "beste bat arte!!!!" bat bota nion, itzuliko naizenaren seinale.

Azken begirada...


Hemendik behera kontu handiz jaitsi nintzen, poliki-poliki, arrautzak zapaltzen arituko banintz bezala, nahiz eta lekuren batean baino gehiagoan irrist egin. Larraitzera hamabiak eta hamar jo berriak iritsi nintzen, bertatik atera nintzenetik ia lau ordu eta erdira. Ibilbidea luzea egin arren, denbora osoan poliki joateagatik oso fresko iritsi nintzen, indartsu, entrenamendu moduan nuen helburua betez. Bihotz taupadei dagokionez, ba zer esan, ez nuen helbururik bete, baina orain nagoen sasoian gorputza hestutu gabe zein abiaduran ibili beharra dudan ikasi nuen, jejeje.


2017/08/09

BERIAINPUNTA (IHURBAIN), ELKEZBIDE ETA BAZKALAITZEKO ARRAILATIK (2017/08/07)

Aurten lehen aldiz abuztuan bakarrik gelditu naiz. Asteburuan, MAT-eko besteak oporretan (Josu eta Leku familiarekin, Iker Iranen eta Asier Lenin mendian) dauden bitartean, inguruko mendietan zein irteera egin pentsatzen hasi nintzen. Aste beteko oporraldia aurretik, ez nuen ohiko biderik jarraitu nahi eta, ohiko bideetatik ihesi, bide alternatiboen bila hasi nintzen.

Photobucket zerbitzariak hartutako erabaki baten ondorioz (ez du merezi honen inguruan idazterik, Facebooken nahikoa idatzi nuen) blogeko kroniketako argazkiak eguneratzen ari nintzela, Beriainpuntako (Ihurbain) Bazkalaitzeko arrail edo arrakala aspaldi eskalatu gabe nuela ikusi nuen. Arrail hau, III zailtasunaren baitan egonda zailtasun handirik gabeko eskalada da eta, oso goiz jaiki gabe, bazkaltzeko etxean soberan izango nintzela kalkulatu nuen: "ez da igoera txarra astea hasteko" pentsatu nuen.

Bazkalaitzeko arrailaren oinera bide berri batetik iritsi nahi nuen, orain arte igotako guztietan Ubeiko Urjauzien azpitik doan bidea jarraituta bainuen. Honetan nengoela, nola ez ba, Gotzonen "Mendiak Bat" blogean sartu eta berak egindako aukerako beste ibilbide bat irakurri ondoren ez nuen zalantzarik izan: Elkezbidetik igoko nintzen. Gotzonen kronika ederra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue. Hau gutxi ez bada, kronika hau idazterakoan Gotzonek bertako toponimiaren inguruan izugarrizko laguntza eman dit: haundie haiz artistaaaaa!!!!!

Elkezbide Beriaingo hegoaldean dagoen paxa luze bat da, Elketz eta Aldai belaztiak lotzen dituena. Artzainek bide hau aspalditik ganadua bi belaztien artean eramateko erabilia izan da. Bide ikusgarria, gure ezkerrean Mearrako amildegia utziko dugu ibilbideari puntutxo bat emanez.

Jarraitutako bidea. Argazkia 2008koa da.


Igandean Itzi, Txapis eta Naroakin bazkaldu aurreko bermuta hartzen ari nintzela, Jordi, Amaia eta Elbereth ikusi nituen. Nire asmoen berri eman eta animatu ondoren, Jordi eta Elbereth etorriko zirela esan zidaten. Gauzak nola gertatzen diren askotan azaltzen zaila da eta, oraindik ez banekien ere, ihaz, egun berean, Jordi, Iker eta hiruok berak zuen Txindokira igotzeko ametsa bete genuen: mendebaldeko gandorra eskalatuz igotzearena, alegia. Irteera honetako kronika irakurri nahi izanez gero, hemen klik egin dezakezue.

Arratsaldean arrail honetatik igotzeko sekula izan ez nuen buruhaustea izan nuen: zer material eraman? Arrail hau beti eskaladarako materialik gabe igota nuenez, ez nekien zehazki zer beharko nuen, 30 metroetako soka, 60 metroetakoa, 2, 3 edo 5, express zinta, zintak, mosketoiak... Azkenean, etxeko armairuak behin baino gehiagotan ireki eta itxi ondoren eta batez ere bertako erresalteak motzak direla jakinda, 30 metroetako soka bat, hiru express zinta, bilguneetarako zinta pare bat eta arntesak hartu nituen. Kaskoak zer esanik ez, hasieran kaskorik gabe igotzen baginen ere, egun igoera honetarako kaskoa ezinbestekoa dela esango nuke.

Irteera aurreko gaua txarra pasa nuen, ziurrenik Txapis eta Naroarekin familia artean egindako barbakoan jandako arkume eta txokolatezko tartaren eraginez. Bueno, arkumea, tarta eta edandako sagardo eta konbinatuen eraginez. Bueno, arkumea, tarta, sagardo, konbinatu eta gero jandako palomita eltze bikoitzaren eraginez. Bueno...

Kotxea hartu, Ikerren etxera bere kaskoaren bila joan eta, Jordi eta Elberetz jaso ondoren, Unanuko bidea hartu genuen.

Bazkalaitzeko arrakalaren (Ihurbaingo pitzadura bezala ere ezaguna) inguruko zehaztasun teknikoak kronika honetan azalduta ditudanez, gaurkoan horren inguruan ez naiz arituko.

Unanu herria Beriainen magalean. Argazkia 2015ekoa da.


IBILBIDEA

Ibilbidea Iturtxiki iturrian hasi genuen. Beriainera doan ohiko bidea jarraitu eta, Aldai Belaztira iritsitakoan, ehun metro eskas gora egin, bidea utzi eta, Elorriagoako pagadiaren azken pagoak gure ezkerrean genituela, Elkezbiden sartu ginen. Mearrako amildegia gure ezkerrean utziz Elkezbide alderik alde zeharkatu eta, Beriainpuntaren muturra inguratu ondoren, Elketz Belazti eta Bazkalaitz arrakalaren eskuinean (Beriainpunta parez pare begiratzen badugu) dagoen lezera bisita egin genuen. Bisitatxoaren ondoren Bazkalaitzeko arrakalan bete-betean sartu eta goraino eskalatu genuen Beriainpuntaren gailurrera iritsiz.

Jaitsiera Beriainpuntara doan ohiko bidetik egin genuen Iturtxikira itzuliz.

Zuriz igoeran jarraitutako bidea eta gorriz jaitsierakoa. Argazkia 2015ekoa da.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 4,6 kilometro.
- Punturik baxuena: Iturtxiki iturria, 825 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta (Ihurbain), 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 650 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Iturtxiki iturrian.
- Zailtasuna: Bideak galtzeko zailtasunik ez dauka eta, Elorriagoako pagadiaren muga erreferentzi bezala hartuz, Elkezbideren hasiera erraz topatuko dugu. Hala ere, kontuz ibili lanbrorik badago. Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrakalan topatuko dugu. Bertako II+ eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskotik aparte ez da material berezirik beharko baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Guk "badaezpada" 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eraman eta azkenean dena erabili genuen.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi arrakalan soka atera genuela kontutan izanda .

Ibilbidea Wikiloc-etik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


ITURTXIKI ITURRIRA IRISTEKO

Iturtxiki iturrira iristeko jarraitu behar den bidea kronika honetan azalduta dudanez, ez dut kronika honetan honen inguruko zehaztasunik emango.

DESKRIBAPENA

08:30, Iturtxiki iturria, 825 metro. Kotxea Iturtxiki iturriaren ondoko zelaigunean utzi eta. Jordi eta Elberethi kasko eta arnesak eman ondoren martxan jarri ginen.

Iturtxikitik Beriainera egindako argazkia.


Kezkatzen ninduen gauzetako bat Elkezbideren hasiera topatzea zen, Elkezbideren azpitik Mearra amildegian amaitzen dela dirudien beste paxa bat baitago. Honegatik Iturtxikitik argazki batzuk egin nituen gero erreferentzi puntuak eduki ahal izateko.

Elkezbide Elorriagoako pagadiaren gainetik hasten zela zirudienez, Jordikin batera puntu hau erreferentzi bezala hartuko genuela adostu genuen.

Igoera lasai hartu genuen, mendiaz, bizitzaz (biak banatzerik al dago?) eta, batez ere, eguraldiaz hitz eginez, arratsalderako ekaitza iragarrita zegoen eta.

Aizkorri sakanaren gainetik.


Igoeran egindako argazkietako bat Elkezbide eta bertako puntu adierazgarriak identifikatuz. Elkezbide hitzek Mearra amildegia estaltzen dute.


Atsegina da Jordikin hitz egin eta, bizitzaz duen ikuspegiaz aparte, Elberethekin duen harremanaz gozatzeko aukera ere izan nuen. Elbereth bera ere, hamairu urte izan arren, nerabe arduradun eta pentsamenduz heldua iruditu zitzaidan.

Hiruok hizketan, Beriainera doan ohiko bidea jarraituz, konturatu ginenerako ordu erdi eskasean Aldai belaztira iritsi ginen.

09:00, Aldai belaztia, 1.120 metro. Gotzonek bere kronikan hemen bertan bidea utzi eta Elkezbidera zuzentzen zela azaldu arren, Aldai belazean gora Beriainera doan ohiko bidea jarraitu eta, Elorriagoako pagadiaren azken pagoen altuerara iritsitakoan ezkerrera zuzen jotzea erabaki genuen, Iturtxikin egindako argazkia erreferentzi bezala hartuz. Aldai belaztian gora 100-150 metro inguru egingo genituela esango nuke.

Aldai belaztian jarraitutako bidea. Argazkian Elorriagoako pagadiaren azken pagoen kokalekua eta jaitsierako bidea (puntu gorriz) ere adierazi ditut.Bi bideak elkartzen diren lekua da Beriainera doan ohiko bidea utzi genuen lekua.


Jordi eta Elberetz Aldai belaztian.


Esan bezala, Elorriagoako pagadiaren azken pagoen altuerara iritsi ginenean Beriainera doan ohiko bidea utzi eta ezkerrera horizontalean jo genuen ahal izan genuen bide erosoenaren bila: "bueno hemen hastea abenturea!!!" esan nien.

Gotzonek azaldu moduan, bidea hasieran ez da oso nabaria eta erlaitzik erosoenak jarraitu behar dira. Zenbait lekuetan erlaitzak estuak diren arren, inongo momentuan ez dago amildegi sentsaziorik. Lurra ere ez da oso egonkorra eta hormetatik eroritako harkaitz eta harri askez josita badago ere ez da zeharkaldi arriskutsu bat.

75 metro inguruko zeharkaldi estuaren ondoren, Elkezbiden sartzearekin batera, pixkanaka nabarmenduz joan zen bidexka jarraitzen hasi ginen. Hasiera batean bide hau ardiek egina ote zen pentsatzen hasi ginen, mugarri bat ikusi genuen arte:"Hau ez al da menditan jartzen diren harri hoitako batzuk?" Galdetu zidan Elberethek. "Bai, mugarri bat da, erderaz hito esaten zaiona" erantzun nion lasai, mugarriak bazeuden bide egokian ginenaren seinale baitzen.

Zeharkaldi estuaren ondoren, bidean ikusi genuen lehen mugarria.


Leku beretik atzera egindako argazkia, Elbereth eta Jordi pasabide estuaren azken metroetan.


Elkezbiden metroak irabazi genituen heinean bidexka geroz eta nabariagoa egin eta noizik eta behin beste mugarriren bat ikusteko aukera ere izan genuen. "Zemuz zoazte?" Galdetzen nien noizik eta behin, "oaingoz oso ondo" izaten zen erantzuna. Elkezbide ez da azpitik dirudien bezain bertikala eta oinez zailtasunik gabe ibiltzen da. Baina bertikala izan gabe ikusgarria da eta gozatuz nindoan denbora osoan, batez ere Mearra amildegia gure ezkerrean geroz eta nabariagoa egiten zen neurrian.

Noizik eta behin zeruari zeharka begiratzen genion: "ez al da ba ekaitze aurreratuko?" pentsatzen hasi nintzen

Zerua pixkanaka iluntzen.


Jordi eta Elbereth gustura ikusten nituen, gozatzen eta inongo momentuan estuasunik pasa gabe, eta hau ez da gutxi, biek bertigoa baitute. "Bide hau errexa da" esaten zuen Elberethek behin eta berriz. "Lasai, gero hastedie zailtasunek" erantzun nion.

Elkezbiden topatutako beste mugarrietako bat. Bidea oso nabaria dela ikusi daiteke, baita ezkerrean dugun Mearra amildegia ere.


Gotzonen kronikatik banekien bidean harri soltez osatutako bi kanal zeharkatu beharko genituela eta berak egindako argazkietan nahiko tenteak ziruditen. Honek zerbait kezkatzen ninduen ez bainekien Jordi eta Elbereth-ek nola zeharkatuko zituzten.

Lehenengo kanalera hurbiltzen.


Lehenengo kanalera iritsi nintzenean ez zitzaidan hain tentea iruditu. Hala ere, argazki pare bat egiteko aitzakiarekin korrika txikian aurreratu eta kanala zeharkatu nuen zer nolakoa zen ikusteko. Harri solteak izan arren harriek nire pisua ongi eutsi eta kanala arazorik gabe zeharkatu nuen. Elbereth eta Jordik ere ez zuten inongo arazorik izan kanal hau zeharkatzeko.

Lehen kalanalera iristen.


Kanala zeharkatzen, biek arazorik gabe pasa zuten.


Lehen kanala zeharkatuta, berehala bigarrenera iritsi eta, lehenengoan bezala, argazki bat egiteko aitzakiarekin aurreratu eta kanal hau ere dirudiena baino sendoagoa dela ikusi nuen. Elbereth eta Jordik kanal hau ere arazorik gabe zeharkatu zuten.

Bigarren kanalan.


Bigarren kanala zeharkatu ondoren parean horma bat azaltzen da, baina bidexkak zertxobait behera egin eta, bere ezkerretik, horma inguratzen hasten da.

Horma inguratzen.


Hormak sabai antzekoa egiten du eta argi ikusi genuen sabaia ardien babesleku ere izaten dela zoru osoa ardi kakaz estalia zegoen eta.

Hormak sabaia egiten duen lekuan.


40 metro eskaseko inguraketaren ondoren, Bazkalaitzeko arrailaren aurretik dagoen lezera iritsi ginen.

"Zer bisitatxo bat ingo al deu?" Animatu nituen lezera zuzenduz. "Ta barrun animalin bat badau?" Esan zuen Elberethek. "Lasai" erantzun nion "norbaiti erasotzekotan lehena dijonai erasotuko dio ta hoi ni naiz, jejeje". Harkaitz leuna duen eskaladatxo erraz baten ondoren lezera sartu ginen.

Lezetxoan sartzen.


Nahiz eta sarrerako zuloa handia izan, lezeak 4-5 metroetako sakontasuna besterik ez dauka: "Hemen notatzea ardik babesea etortzeiela" esan nien ardi kakaz estalitako zorua seinalatuz. "Gañea kanpokin konparauta tenperatura aldaketa nabaritzea, haizegatio babesen garelako".

Aita eta alaba lezetxoaren atarian. Sarrerari Afrikaren itsura hartu nion.


Lezean 5 minutu eskas izan ondoren bertatik jaitsi eta Bazkalaitzeko arrakalaren oinera iritsi ginen.

Lezetik jaisten.


Lezearen kokalekua Elkez belaztitik ikusita. Argazkia abuztuaren 12koa da.


"Oain hastea eguneko interesantena" esan nien irrifartsu. "Ay ama, esperoet zaile ez izatea" esan zuen Elberethek. "Lasai, errexa data, gañea sokak eta materiala izanda errexago igokozu" lasaitu nuen. Arrakalaren oinean kaskoak jantzi eta gorako bideari ekin genion.

Lehen metroetan.


Metroak irabazten genituen neurrian lanbroak estaltzen hasi gintuen, guk eskatu gabeko sasi-babesa emanez. Hau ikusita harkatiza hezea egongo ote zenaren kezka piztu zitzaidan, arrail honen eskalada harkaitz bustiarekin okertzen dela banekielako. Oraingoz igoera ongi zihoan eta arrailaren lehen metroetan dauden harri aske eta belarrak lehor zirauten.

Lanbroan estaliak.


Arrailan gora begiratu eta 20-25 metroetara nekez ikusten zen. Kotxetik atera ginenean lanbroa altxako zela uste bagenuen ere, geroz eta gehiago ixten ari zenaren susmoa genuen.

Arrailan gora egindako argazkia, hor nonbait lehen erresaltea ikusi beharko litzateke.


Lehen erresaltera iritsi ginenean zerbaitek soka atera beharra nuela esan zidan. Eskaladatxoetan esperientzi gutxiko bi mendizaleekin nengoen, lanbroa geroz eta itxiagoa zegoen eta harkaitza bustitzen hasteko arrisku handia zegoen. Gainera material guztia motxilan genuen eta, materiala izanda, hobe seguru jokatzea.

Hiruok arnesa jarri, 30 metroetako sokaren erdian zortziko korapiloa egin ondoren nire arnesera mosketoi batez lotu eta, sokaren mutur bana Jordi eta Elberethi eman nien.

Lehen erresaltearen oinean arnesak jarri ondoren.


Zortziko korapiloa nola egin, express zintak paraboltetatik nola zintzilikatu, bertatik soka nola pasa eta "reversoarekin" nola aseguratu erakutsi ondoren, bien begiradapean lehen erresaltea eskalatzen hasi nintzen. Lehen erresaltea babesteko, oinean bilgunea muntatzeko dauden bi paraboltetatik aparte uztaidun iltze bat dago. Parabolt eta iltzetik express bana jarri ondoren, lehen zailtasuna eskalatu eta, 14 metroren ondoren, bigarren erresaltexoaren (edo lehenengoaren bigarren zatiaren) oinean dagoen parabolta eta harkaitz zubi bat aprobetxatuz bilgunea muntatu nuen.
Lehenengo erresalteren lehen metroetan dauden parabolt eta iltzearen kokalekua.


Oraingoz harkaitza lehorra zegoen eta une batez gehiegi kezkatu ez ote nintzen ere pentsatu nuen. Bilgune ondoan uztaidun beste iltze bat ere badago, baina ez nuen erabili. Atentzioa deitu zidan leku berean harkaitz zubi estu batetik pasatako brida fin bat: "hemendio norbaitek bilgunea muntau edota zintzilikauko zen?" pentsatu nuen.

Lehen erresaltearen bigarren zatian dagoen parabolt eta uztaidun iltzearen kokalekua, baita bridarena ere. Brida kokatuta dagoen harkaitz zubi txikiaren ondoan handiago bat dago zinta batekin bilgune bat muntatzeko modukoa. Nik bilgunea parabolt eta harkaitz zubiaren artean muntatu nuen.


Elbereth lehenik eta Jordi ondoren berehala iritsi ziren nire ondora: "zemuz?" Galdetu nien. "Ondo, uste baño errexago" erantzun zidaten. Bilgunean aseguratu eta dena ongi zegoela ikusi nuenean bigarren erresaltetxoa (2-3 metro eskas izango dituena) eskalatu eta, 15 metro harri askez estalitako zatiaren ondoren, arrailaren erdian dagoen harkaitz handi baten ingurutik zinta bat pasatuz bilgunea muntatu nuen. Bigarren luze honetan harkaitza bustia zegoela ikusi nuen. Jordi eta Elbereth iritsi zirenean arrailatik behera haize gogor, hotz eta hezea zetorren, bazter guztiak, guk barne, hoztu eta bustiz.

"Hurrengo bi erresaltek eztie zailek" esan nien "ni aurretio jungo naiz eta bilgunea muntau gabe aseguraukoizuet, hola azkarrago ibiliko gea". Hirugarren erresaltea lurrean eserita eta laugarrena harkaitz baten ingurutik soka pasatuz aseguratu ondoren, arrailaren zailtasun guztiekin amaitu genuen.

"Ze iruittu zaizue?" galdetu nien erdi oihuka haizearen eraginez. "Motza" erantzun zidan Jordik irrifartsu "nik gehio nahi nun, jejeje". "Bueno, hurrengon Ataungo ertza eskalauko deu" zin egin nion. "Pena egualdie" esan nien "hoi da amorrazioa ematen ditena". Haize eta lanbroagatik hozten hasita, harkaitz baten babespean genuen arropa jantzi, materiala motxiletan jaso eta arrailatik ateratzeko prestatu ginen. Motxila jartzear nuela, Elberethek eskuetan biduta zuen Primaloft horiak alde egin eta, haizearen indarrez eta bere atsekabez, pilota bat egina bilduta egon aren, arrailan behera egan joan zen.

Bitan pentsatu gabe motxila lurrean utzi eta arraila destrepatzen hasi nintzen berokia topatuko nuenaren itxaropenez. Lehenengo erresaltera arte iritsi arren ez nuen berokiaren arrastorik ikusi. Hasiera batean lehen erresaltea destrepatzeko tentazioa izan banu ere, ordurako harkaitza erabat bustia egoteak atzera egin eta gorako bidea hartu nuen: "Sentitzet, baña eztet topatu" esan nien itzuli nintzenean.

Elbereth malkotan ikusi nuenean "lasai, horrek soluzioa dauke, materiala besteik ezta" saiatu nintzen lasaitzen "okerro izango zen gutako norbaiti zerbait gertau izana". "Hori nire karma txarra da" esan zuen behin baino gehiagotan malkoen artean.

Minutu batzuen ondoren eta, berokiaren galeraren atsekabea nolabait onartua, motxilak hartu eta Beriainpuntaren gailurrera zuzendu ginen.. 

Arrailaren irteera.


Arrailaren irteera eta gailurraren arteko zatian haizeak ederki astindu gintuen. Kotxetik irten gineneko 20 graduak aspaldi galduak ziren eta sentsazio termikoa ez dakit kalkulatzen zenbatekoa baina hotza zen.

Gailurrerako bidean.


11:15, Beriainpunta, 1.420 metro. Gailurrean ez ginen denbora luzean izan. Argazki bat azkar-azkar egin eta beherako bidea hartu genuen haizearengatik ihesi: "kotxea utzitako lekun hamaiketakoa ingodeu" esan zuen Jordik.

Jordi eta Elbereth Beriainpuntaren gailurrean.


Lanbroak estalita eta gure ikusmena 15-20 metroetara mugatuta, jaitsiera lasai hartu genuen: "hego-ekialdeko norabidea hartzen badeu, leheno edo berandugo Beriainera doan bidekin topo ingodeu" esan nien. Hasieran oso nabaria ez zen bidexka hartu eta, hego-ekialdeko norabidea jarraitu genuen Beriain mendira doan ohiko bidearekin elkartu ginen arte. Elkezbideren altueran zegoen lanbroaren muga eta hemendik behera arazorik gabe jarraitu genuen.

Aldai belaztira iristen.


Aldai belaztitik behera sare sozial eta whatsapp bezalako zerbitzuetan argazkien inguruan egiten dugun erabileraren inguruan aritu ginen, batez ere argazkietan azaltzen dena horretarako baimenik eman edo ematen ez duenean. Nerabeen artean ere erabilera oker hau geroz eta ohikoagoa dela hitz egin genuen: "erru haundi batek gurasoek dute, edo guk georrek deu" esaten zuen Jordik behin eta berriz. Goraka zihoazen hainbat mendizaleekin gurutzatu ondoren, eguerdiko hamabiak aldera Iturtxikira itzuli ginen.

12:00, Iturtxiki iturria, 825 metro. "Presa daukezu?" galdetu zidan Jordik. "Ez, zeba?" galdetu nion. "Fundamentuzko hamaiketakoa itteko" erantzun zidan irrifartsu. Motxilatik ateratako urdaiazpiko, fuet eta ogiarekin primerako hamaiketakoaren ondoren, gauza guztiak jaso eta etxerako bidea hartu genuen.

Hamaiketakoa egiten.


EGUN BATZUK BERANDUAGO...

Etxera iritsi eta Itziri pasatako abentura kontatu nionean Elberethek galdutako berokiaren anekdotak irteera nolabait itsusitu zuela konturatu nintzen. Irteera ederra izan zen, baina bide berri bat ikasi eta izugarri gozatu arren, Bazkalaitzeko arrailan Elberethek isuritako malkoak ezin nituen burutik kendu. Bai, badakit gauza materiala besterik ez dela, horixe esan nion berari orduan, baina malko haiek barru barruan nituen. Honetaz aparte eta, tontakeria badirudi ere, nolabaiteko frustrazio sentimentua nuen arraila destrepatu eta berokia topatu ez nuelako, ez dakit nola azaldu baina zerbait gehiago egin nezakeen sentsazio antzua nuen.

Ez, abentura eder hura ezin zen horrela amaitu eta amaiera borobiltzeko aukera bakarra Elberethen berokia aurkitzea zen, gutxienez bilatu.

Nolabaiteko antsietate puntua nuen eta Bazkalaitzeko arrailera ahalik eta azkarren itzuli nahi nuen. Baina eguraldia ez zen onbera izan eta euri eta hotzak bazterrak astindu zituen aste osoan. Astebururako berriro ere eguraldi eguzkitsu eta beroa iragarrita zegoenez, larunbata goizean Beriainpuntara itzuliko nintzela esan nion Itziri.

Larunbatean oso goiz esnatu eta, gosaldu gabe, ostiraletik prestatutako motxila hartu eta Unanuko bidea helburu bikoitzarekin hartu nuen: helburu nagusia Elberethen berokia aurkitzea eta bigarren mailakoa Bazkalaitzeko arraila eskalatzea.

Oraingoan kotxea herritik gora doan pistaren atakaren ondoan utzi eta, zapatillak jantzi ondoren, 07:40etan arin arin gora jo nuen. Nire helburua Bazkalaitz arrailaren oinera lehena iristea zen, honegatik Elkezbide bidea jarraitzea pentsatu nuen, bide honetatik azkarrago ibiliko nintzelako. 08:05etan Aldai Belaztian nengoen eta, Elbezbide zeharkatu ondoren, arrailaren oinera 08:25etarako iritsi nintzen.

Elkezbiden berriro ere.


"Bueno Smithy, oain lasaitu ta hemendio gorako bazterrak ondo begiratzen jun" lasaitzen saiatu nintzen. Goitik inor ez ikusi eta arrailean lehena nintzela jakiteak lasaitu ninduen, baina hala era ostiral arratsaldean bakarren bat hemendik ibilia ote zenaren susmoa nuen, eguraldi ona egin baitzuen.

Bazkalaitz arrailaren oinean.


Hemendik gorako bilaketa teknika honela planteatu nuen: bost metro inguru igo, gelditu eta igotako zatia ongi miatu, batez ere harrien azpian, goitik eroritako bakarren batek berokia estali ez ote zuen ikusteko. Lehen erresaltearen oinera iritsi nintzenean zalantzan izan nintzen gora jo hala ez: "astelehenen honen goraño iritsi ta ez nun berokik topau" pentsatu nuen. Hala ere, arraila ongi miatu nahi nuenez, lehen erresaltea eskalatu eta hemendik gora alde batera eta bestera dauden erlaitz guztietara (bakarren bat delikatu samarra) igoz arrailean metroak irabaziz joan nintzen. Bigarren erresaltea eskalatu nuen, baita hirugarrena ere, baina ez nuen ezer ikusi. Konturatu nintzenerako arrailaren amaierara iritsi nintzen.

"Ta oain ze?" Galdetu nion nire buruari. Berokia aurkituko nuela ziur nengoen eta arrailaren amaierara esku hutsik iristea ezin nuen sinetsi: "Igual atzo atsalden bakarren batek topau ta Arbizuko kanpinen utziko zun" pentsatu nuen hasiera batean. "Edo igual Elketz Belaztin dau" pentsatu nuen geroago. Gaurko buruan nuen bigarren mailako helburua betea banuen ere, helburu nagusia betetzear nuen oraindik, honegatik lehenengo pentsakera kartutxo guztiak erreta nituenerako utzi eta bigarren pentsakerari heldu nion. Honera arte iritsita ezin nuen amorerik eman. Ditudan akatsetako bat egoskorkeria da eta ezin nintzen etxera esku hutsik itzuli. Dena ongi miatu eta berokirik topatuko ez banu Ubeiko Urjauzien bidetik itzuliko nintzela erabaki nuen, hormen azpiko baso eta zelaietan azken miaketa egiteko.

Erabakia hartuta arrail osoa destrepatu eta, lehen erresaltetik behera eskuinera (jaitsieraren norabidean) gelditzen diren zelaiak miatzen hasi nintzen. Ez nuen emaitzik lortu eta, berriro ere, konturatzerako arrailaren oinera iritsi nintzen.

Arrailean behera, honen eskuineko zelaietan berokiaren bila.


"Bueno, Elketz belaztie, azken aukera" animatzen saiatu nintzen. Onartu beharra daukat Elketz belaztia miatzen hasi nintzenerako berokia norbaitek dagoeneko jasoa zuela sinesten hasita nuela. Kaskoa motxilan gorde, lurrean topatutako makil lehor eta oker bat makulu bezala hartu eta belaztian behera 40 metro inguruko "zeta" zabalak eginez jaisten hasi nintzen makilarekin oteen artean begiratuz. Ubeiko urjauziak dauden hormara arteko tartea piskanaka murrizten zihoan eta berokiaren arrastorik ez zegoen. Momentu batean zerura begiratu eta laguntza ere eskatu nuen: "behintzat hemen badau aurkitu dezatela" erregutu nuen.

Modan egon ez arren behin baino gehiagotan sinisduna naizela aitortu dut. Makila haizea hartzera bidali eta etsitzear nengoela, ote batzuen gainean zerbait horia ikusi nuen: "ez da posible" pentsatu nuen. Makila bota eta korrika batean hurbildu nintzenean Elberethen beroki bildua zela ikusi nuen. Zerura begiratu, "eskerrik asko bihotzez" bat bota eta oihuka hasi nintzen: "Tomaaaaaaa!!!!".

Berokia topatutako lekua.


Izugarrizko zotiontasun batek hartu ninduen. Gaurko bi helburuak beteak nituen eta asteleheneko irteerak amaiera borobila zuen, ezin gehiago eskatu. Berokia eskuetan hartu eta, eskuetatik berriro ere ihes egingo zuenaren beldurrez korrika batean motxilaren azpira sartu nuen. Berokiaren kokalekua zein zen ikusita, astelehenean arrail osoa destrepatzea lortu izan banu ere ez nuela topatuko konturatu nintzen ordutik nuen frustrazio sentsazio hura aldenduz.

Berokia eskuetan


Argazki honetan  berokiaren kokalekua adierazi dut. Harrigarria arrailaren gainetik egin zuen hegaldia.


Eguneko bi helburuak beteak kotxera itzultzeko erabakia hartu eta Elkezbidera iristeko Elketz belaztian gora hasi nintzen. Orduan beste pentsakera batek hartu ninduen: "hemen ta kriston zoriontsu naunez zeatio eztiot irteerari ginga jarri eta arrailen gañetio beize ateatzen?".

Elketz belaztian gora arraila berriro ere eskalatzeko erabakia hartu ondoren.


Aurpegian irrifar bat azalduu eta, gehiago pentsatu gabe, kaskoa motxilatik atera, buruan jarri eta arrailean gora hasi nintzen tartean igotzen hasi berriak ziren bi mendizale aurreratuz; "¿Qué andabas buscando allí abajo?" Galdetu zidan bietako batek. Istorioa kontatu eta biek arraro begiratu ninduten, duela egun batzuk galdutako berokia bilatzen baino gauza arraroren bat egiten arituko banintz bezala. Mendizaleak agurtu eta lehen erresaltearen oinera iritsi nintzen: "ta oain gozatzea" animatu nintzen.

Inongo ardurarik gabe, zoriontsu, erresalteen helduleku bakoitza gozatuz eskalatu nuen. Arreta osoa harkaitza sentitzean jarrita bake sentsazio batek estali ninduen, esku eta oinetako mugimendu guztiak automatikoki eginez, arrail hau mila aldiz eskalatu izan banu bezala. Honelako momentu hauengatik mendira joateak merezi du eta honelako momentuen bila etortzen naiz behin eta berriz.

Bake sentsazio honetatik eguzkiaren argiak atera ninduen: "joer. dauneko goien nauta" esan nion nire buruari. Kaskoa motxilan jaso eta, ur pixkat edan ondoren gailurrerako bidea hartu nuen.

Beriainpuntaren gailurra.


Gailurrera iritsi, bertako buzoiaren ondoko harkaitz batean eseri, begiak itxi eta mendiaz gozatzen jarraitu nuen: "zorionekoak gu paraje hauetaz gozatzeko aukera eta ahalmena dugulako".

Jaitseira arin baina lasai (mendian ibiltzen zaretenok badakizue zer esan nahi dudan honekin) egin nuen. Kotxean gelditzen zitzaidan ur apurra edan, zapatilak aldatu eta etxeko bidea hartu nuen.

Gero arte Beriain, ea elkar berriro ere noiz ikusten dugun!!!


Iristear nengoela Jordiri deitu nion: "Smith jauna, zer moduz?" esan zidan. "Etxen zare?" galdetu nion "eske lengon kotxen poltsa bat utzi zenuten ta itzultzeko zan". Bost minutu beranduago bere etxearen azpira iritsi nintzenean "zuk primalofta itzultzea etorri zea" bota zidan. Motxilatik irrifar batekin atera eta bitan besarkatu ginen: "hau blogen idatzi beharko dezu" esan zidan "hola asteleheneko irteerak bukaera borobila izango du".

Arratsaldean facebook-en goizeko abenturaren laburpentxo bat egin eta Jordik bere istoriaren ikuspuntua eman zidan. Izugarri hunkitu ninduen eta hitz hauek blogean argitaratzeko eskatu eta baiezkoa esan ondoren, hurrengo lerroak bereak dira:

"La vida se compone de pequeños fragmentos que configuran nuestra existencia. Para mí, cualquier reto, supone un gran enriquecimiento y me aporta un plus de energía emocional, que me ayuda a afrontar el día a día.

Cuando nos encontramos por casualidad el domingo en el Sugaar y Xabi nos hizo la propuesta de subir a San Donato, creí que lo íbamos a hacer por otro sitio. El lunes, cuando nos paramos a la par del camping y nos dijo por donde íbamos a subir, sentí como si alguien me cogiera por los huevos y apretase hasta llevarlos a mi garganta. Siento un miedo terrible al abismo y la vision del itinerario estremeció todo mi cuerpo. Además, para más inri, Elbereth venía con nosotros (sintió lo mismo pero sin huevos).

He de reconocer que la confianza que tengo en Xabi alivió mi congoja. Mi mayor preocupacion era saber cómo respondería Elbereth a sus propios miedos. Afortunadamente respondió mejor que yo y caminaba cual gracil cabra durante la aproximación.

Armados con nuestros arneses y dispuestos a iniciar la trepada, llegó mi momento de éxtasis. El hecho de asegurar la cordada me hizo sentir responsable y medir cada movimiento. El cabrón de Xabi se tiraba para tensar la cuerda, moviéndome como un muñeco. Se reía. Cabrón.

Abrazarse a la roca y sentir la montaña es una experiencia unica que traspasa los sentidos. Disfruté tanto que no me dió tiempo ni de asimilarlo. La temperatura era fría y el aire corría por el canal haciéndonos sentir destemplados, acentuado por una niebla envolvente. Y así voló el beroki. Salió despedido sin ni si quiera tocar el suelo. Como si tuviera vida propia. Ese momento fue un poco frustrante. Estaba realmente emocionado por haber compartido con Elbereth ese reto. Ir detrás de ella, animándola, repitiendo frases que Iker Mujika me decía cuando subimos la arista del Txindoki. El encuentro final fue brutal. Una sensación que nunca olvidaré. Las palabras de calma que nos transmitio Xabi después del vuelo sin motor del objeto amarillo volante más que identificado, fueron cruciales para restar importancia al suceso. Grande Xabi!!!

Hoy me llama para decirme que me había dejado una bolsa en su coche. Y una mierda!! Yo lo había cogido todo. Él es testarudo y yo organizado!!!!! jajajajajajajajajajaja Le he dicho a Amaia: -Xabi viene con el Primaloft!! Y así ha sido. He sentido una gran alegría cuando me lo ha dado. No ha sido por el beroki. Ha sido porque ha ido a buscarlo y ha conseguido que el otro día fuera perfecto. Ha viajado al presente para restituir el pasado. Xabi Smithy Mujika eres una ángel!! Le he abrazado dos veces. Abrazos de verdad, de gratitud, de admiración. Tú ya nunca te moverás de mi corazón cabrón que se cuelga!!!!"

Milesker zuri Jordi!!!!!